BIDAIAK 99. EXTREMADURA
Uztailaren 21a. Asteazkena. Ex:6.a - 51.a
Aske dira bart gaurtik Mahai Nazionalekoak. Herri ospakizunak galduko ditugu hein batetan, baina oihartzunak jotzen gaitu. Mayor Oreja nor balitz zoko ezkutuenean gordeta behar luke.
EKIADEA
Meridatik Ekirantz izanen da gaurko ibilia.
Artadi tristea lurralde harritsuan, mahastiren bat tartean; lur ureztatu berdea Guadianara hurbilduz: tomatadiak, arto-sailak, ekiloreak eta, lehenengoz gaur, tabako-belar sailak, arrosadiak eta piper-sailak. Lurralde aberatsa, ez dakigu norentzat aberatsa; landua, eman emanen du usta, zenbateraino den herriarentzat zenbateraino bakarren batentzat, hor dago koska. Herri hauetatik heldu zitzaizkigun uholdeka etorkinak Euskal Herrira, hemendik heldu ziren Penintsulako periferiako herrietara. Pobrea behar zuen orduan lurralde honek, herria ez da ogi bila atzerrira ateratzen berean behar haina badu. Ez dakigu gaur egun zenbatentzat ogibide diren lurrok. Agian kanpotarrak datoz lanera uzta jasotzera, bertan behar haina langile ez delako.
Medellin. Berez ez du interesgune handirik. “Aquí estuvo la habitación donde nació Hernan Cortes en 1485” dio plazan harri batek. Konkistatzailea gogoratuz bizi den herri handia, xumea baina ahalegintxoak eginez. Gaztelua: mendi tontor osoa betetzen duten hormak soilik geratzen zaizkio: Ameriketatik ere ikusi ahal izango zuen Hernan Cortesek. Elizak: 6 ditu gutxienez, bati, harrizko gorria bera, enara pila dabilzkio jiraka inguruan edo hormetan sartu-irtenean; halaz ere zikoina habiak dira deigarrienak: 6 habia simetrikoki tartekatuak gailurreko luzeran plataformatxoen gainean. Zubi luzeee…a: mahats dolarea jarri dute sarreran, erakargarri txukundu dute ibai ertza jantoki eta pedaloiekin, inguru atsegina bihurtuz.
Atetik zuzen pasilloa, bere alboetan gelak eta sakonean patioa: hori da zabalik ate batetik ikusi ahal izan dugu etxetxoon egitura.
Sasoiko gizakume asko ikus ahal da herriotan, edozein ordutan kalean, kontu-kontari plazetan edo tabernetan.
Erabat arteza da errepidea D. Benitoraino, zuzen-zuzen hiri batetik bestera, lur ureztatu berdeetan, alboan izaki Guadina.
Don Benito. Moderno itxura hartu nahi duen herria, baina bere nortasuna, fisikoa behintzat, galtzen ari dena. Ahalegintxoak egindako herria hau ere: sarrera dottorea, palmondo ilarak luze eta artezagoa egiten duen pasealeku luze eta zabala hiri erdian parke luzea bailitzan; aspaldiko plaza da nonbait ugariak baitira alboetako etxetxoak. Tartekatuta daude hirian etxe handi berriak eta etxe xume aspaldikoak. Erdirago eta galduagoa du bere aspaldiko jitea, kanporago eta petoagoa da hiria. Erdiguneak ez du ezer gogoratzekorik. Burdineriak lirateke aintzakotzat hartzekoak, edo elizaren harrizko horma-bularrak, handiak nahitaez elizatzarra bera ere tzarra delako. Guadiana irudikatuz eskultura plazan: ibai horri esker bizi dira lurraldeko nekazariak. Ur-biltegi garaia du, borobila, zutabe gainean: zabala izaki herria eta urak presioa behar.
Kale artetik zeharkatzen du hiria errepide nagusiak, nahaspila, etengabeak dira geldiuneak, luzapenak...: horretan ez dago modernotasunik. Sendoa eta trinkoa da zirkulazioa, baita hiriko auto kopurua ere: hori da agian modernotasuna. Hiri barruan ere nahasmena dago, non aparkatu ez duten autoz beteta hiri dena, ez da ez lurrazpiko ez ordainduzko aparkalekurik, nahi duena egiten du bakoitzak. Desesperoa da nagusi. Suerteko izan gara gu.
Herri orotan deitzen zaio “Plaza de España” plaza nagusiari, herriak berak sarri beste era batera deitzen badio ere. Frankoren ondarea ala agintari sozialisten espainolkeria ote?
Santixoetarako prestatzen ari da hiria.
“Zaldibar”tar batena da farmazia bat.
Erdiko plazako kioskora jo ezik ez da erraza egunkaria aurkitzea.
Kaxkada batean heltzen da D.Benitotik Villanuevara.
Villanueva de la Serena. Ahalegintxoak eginez bizi da herri hau ere, baina antzinako nortasuna galduz doa. Oinezkoen kaletxo bakarra besterik ez zaio gelditzen antzinakotik. Badu lurpeko parkinga, lepo beteta; ahal duena eginaz dabil auto bakoitza. Valdivia Konkistatzailea jarri dute Plaza de Españan, brontze bihurtuta, eroso jantzita, Kontzesio elizari espata luzatuz. Ederra omen eliza baina itxita dago; kapera bat soilik aurkitu dugu zabalik, baina bertan santu-irudi bat erosi edo konpontzeko tratuetan dabiltzalako lau tratulari. Ba omen dira 4 jauregi baina hobe bila ez hasi, are gutxiago jotzen duen beroarekin, ez baitago sailkapen edo informaziorik. Konstituzio Plaza, interesgarria: aspaldiko jarleku azulejozkoak, 2 musika-kiosko angeluzuzenak bata bestearen aurrez-aurre baina zentzu ezberdinean. Plaza de España, harri biziko arkupea du buelta osoan, eliza aldean ezik, baina ez du aparteko graziarik.
Santixoetarako oholtza jartzen ari dira.
Kale estuak direnez, auto asko dagoenez, bakoitzak nahi duena egiten duenez, kaosa da herri honetan autoz ibiltzea.
Lur-sail berdeak dituzte alde batera lautadako herriok, bestaldera aldiz mortu horia. Sekulako kontrastea. Herri motelak, hilak, iruditzen zaizkigu. Garia herri pobreen adierazgarria bada, ez da harritzekoa hemengo biztanleak alde egin izana ogi bila, kontraesana dirudien arren, ogi bila alde egin beharra uzta nagusia garia den lurraldetik.
Insalus: autoz lepo daude ospitale aurreak hemen ere. Gaixoak eragiten dituen gizartea da gurea; gaixoak sortzen dituen baldintzak gauzatzen xahutzen ditu diruak, ondorioz dirutza gehiago erabili behar du sortu dituen gaixook sendatzen edo hiltzen laguntzen. Baina bitartean bakar batzuk dirutzak egiten dituzte osasun-ezaren kontu.
Mengabril. Harrizko elizatxo txukuna eta txukundua herriko albo batetan, dorre motxeko eta harri gorrizko txikitxoa.
Don Benitokoaren antzeko pare bat ur-biltegi daude lautadan: presioa behar dute hemen ere lurrak ureztatzeko.
Canal del Zujar, tutu borobil erraldoian doa ubidea zati batean.
Guareña. Ohiko irudia: elizatzarra teilatuteria zapal-zapalaren gainetik.
Azal-azaletik zeharkatu dugu Guadiana ibaia, harri gotorreko errepide bilakatu den ibi batetik: guti bat hasiz gero erabat moztua geratu behar du errepideak.
Kartoletatik gora tomate kaxaz zamatutako atoi luze garaiak daramatzate bi traktorek.
Valverde de Mérida. Eliza handiko herri txikia.
FET y de las JONS pintada, gezi, uztarri eta guzti: hemen ere gautarrak ote txapelokerrak Sakanan bezala?, ala egunez egiten dituzte pintaketok?.
367 kilometro, atzokoak eta gaurkoak elkartuta.
Uztailaren 22a. Osteguna. Ex:7.a - 52.a
“Gauak eta hiriak”. Ur Apalategi:
“Zertaz idatz zezakeen?. ... Mezua, idazteko arrazoi bitala. ... Zer zen beretzat idaztea?”. Handiustea deritzot mezuarenari. Apalagoak behar dugu izan. Mezulari eta sermolari larregi izan du eta du herri honek. Niretzat idaztea oroimena gordetzea da, oroimenari laguntzea, bizipenak errotzea, zerbait edo norbait nire bizipenen partaide egitea, nire baitarekin topo egitea. Besterik ez. Baina hori dena.
Azken ibilaldia Badajozko lurraldean Meridan jarraituko badugu ere Extremadurako azken egunetaraino.
Kilometro-harri buru-borobilak, nekazari garraiorako motortxoak, asto-gainekoren bat, eta ezer gutxi gogoratzeko. Edo aipatzeko.
Villagonzalo. Kale zabaleko herria lautadan, inoren eta ezerengandik babestu beharrik ez zuena nonbait.
Zujar ubideak ahalbideratzen du ureztaketa, dena da soro berde.
Alange. Hegi-hegian dago eliza eta maldan behera alde bietara kaledia, kale estuko izugarri pikoa eta bihurria, non autoak ozta-ozta sartzen diren. Maldatsua, txukuna eta zuria. Adreilua nabarmentzen zaio, elizak berriz zarpeatutako hormak ditu. Cuesta du izena kale batek, kale orok 15 gradutik gorako desnibela badu ere. Mendi harritsuak berak dirudi gaztelua, eta gazteluak mendiaren gandorra. Ibilbide berri asko.
Erromatarren termak, nazio-monumentua izendatuta, oraindik hor diraute, erabil darabiltzate: horregatik ordutegi mugatua dute bisitariontzat, bezeroei jaramon egin ahal izateko. Oso bazter atsegina, xarmaz moldatua eta zaindua. Hiru harra-betetik gora sendoerako hainbat eta hainbat mahatsondok gauzatzen dute terma bertarainoko parrape gerizatsua: ez ote dira erromatarrek eurek birlandutako mahatsondoak!. Mailadi pike-pikeko tunel batez jaisten da iturburura, lurpean baitaude ur-berook.
Bilatzen eta aurkitzen zituzten ba erromatarrek halako urak eta halako bazterrak!. Herri kultua eta findua behar zuen izan erromatarra. Eta ahaltsua.
Meloiak dira egunotan jasotzen den uzta. Dozena-erdi bat asto soroetan, geldi-geldi, filosofatzen. Zezen-plaza antzerako bi ur-biltegi biribil, urak presioa izan dezan seguruenik, gaztelupeko magalaren goialdean, herrian bertan zutabe gainean jarri beharrik gabe.
Disko-bar bat eduki behar du zerbait dela uste duen herriak. Alangek ere badu berea, zerbait dela usteko du, inguruko herri patanegra. Bere burua patanegratzat duen herri orok du disko-bar bat.
30 graduko hozberoarekin gabiltza goizeko hamarretan. Goizeko 30 gradu horietako “freskuran” polita dager oraindik zeharkatzen dugun paisaia, lautada horiak ez dira oraindik hain urre kolore, arteak ez daude oraindik hain triste. “Baches - Conduzca con precaución”: hobeto egingo lukete zulook betez!.
Ez semafonorik, ez telefonorik…, begiz bideratzen dute zirkulazioa errepideko lanez oztopatutako 300 metroko tartean: elkarri eskuak jasoz eta keinuz egiten dute noiz nori bidea eman punta banatako morroiek.
Garai bateko sozialisten bide bera darama hauteskundeak irabazteko Extremadurako Lehendakariak: errepideak berritu!.
Zerri-granja: bi isurialde besterik ez diren latorrizko txabola pikoetan gordetzen dira zerriak; egosi egin behar dute zerri gizajoek hor barruan: gantzak urtuko zaizkie eta horregatik patanegra gihartsuak izango dira hemengo txerriak ere. Artaldea erabat kamuflatuta, inguruarekin bat eginda, inguruaren kolore eta itxura bereko: zaila da igartzea zer den ardi, zer harri.
Hurrean dabiltza neskame eta emazte izenak ez ezik izanak ere.
Paloma. Peto-petoa: zuria, burdinsare ugarikoa, kale zabalekoa, ... Ez dugu gizonezkorik ikusi kaleetan edo plazan.
Puebla de la Reina. “Arroyo Tamujaz”: oraindik diraute arabiar kutsuko izenek.
Lurralde guztia da larre-lurra, ordeka horia; olibondo eta garia nagusitzen da, aldiz, herri inguruetan. Euri asko egiten du nonbait neguan, izugarri ubide handia jartze diete azpitik ur-pasabideei errepidea berritzean.
LA SERENA LURRALDEA
Menditsua, tarteka mendi leunak, tarteka pikoagoak, bailarak mendi tartean, gora-behera doa lurra, arte-gune luzeak sortzen dira goietan zein behe partean. Artea da nagusi baina eukalipto basoa ere azaltzen zaigu tarteka. Bada lur landu zabalik, baina lur harritsua da; jasota dago harria soro zelaietan, sail erdian zein arte ipurdi-bueltan pilatuz. Kortijo edo granjaren bat noizbehinka. Bada jabetza banandu eta babesteko harrizko harresi luzerik ere: soroa garbituzko harri pilatuak segur aski. Haitzek hartzen dute lur azala zenbait tokitan, haitz leun zabal zapalek, erabilezina eginez lurrazala; urria izan behar du harri arteko lurrak, lur geruza mehea harria estaltzen duenak ere.
Urik gabe daude zeharkatu ditugun zubipeak eta erreka-zuloak.
Mendi-muino lau eta leuneko lurraldea. Granja zuriak edo kortijo hondaturen bat tarteka; ez da aziendarik ikusten larrean, kortetan gordea daude nonbait animaliok. Jabetza handiak behar dute izan La Serenakoek, bakar batzuen lurrak.
Artalde ikaragarri zabala artaditik galsorora ibilian: jasotzen duten hauts-lainoagatik ez balitz, ez ginen jabetu ere eginen ardirik zegoenik ere, hain dira kolore berdintsukoak lurra eta artilea. Bigarren artaldea: handia da artaldea, handiak dira ardiak ere.
Lurralde bakartia, bakartia da bidaia ere, horregatik zaigu lasaiagoa, atseginagoa; bidaia bitxia gerta zaigu, ezberdina. Ez autorik, ez arimarik, ardiak, artzainak eta noizbehinkako bidezainak ezik. 3 bidezain gizen aurkitu ditugu bakardadeko egonean: karrera egina dute, gizendu eta kitto!.
Estepa bat da La Serena.
Valle de la Serena. Ez dago bailaran, tontorrean baizik, bi bailara arteko hegian. Herri arkitektura iragartzen dute sarreran, baina antzinakotasun jite guti ageri zaio: adreilu zuri zein gorri edo kolore ezberdineko azulejoz berri-berrituak daude etxaurreak; bat edo bi solairuko etxe garaiak bilakatu dira antzinako behe solairuko etxetxoak, karratu itxurakoak dira orain lehen baxu luzexkak zirenak; lehengo jitea erabat galdu dute, erabat aldatu zaio fisonomia kalediari. Baina lehengo jite petorik eman ez badiote ere etxeoi, fatxada berriok ematen diote herriari jite propioa, bere-berea, ezberdina, orain arte ikusi ez dugun itxura.
Donoso Cortes hizlari ospetsua zen herri honetakoa: graziarik gabeko burutxoa besterik ez diote jarri eliza aurreko plazan hizketan grazia eta gatza omen zuenari. Mendiko bakarrizketa bakartietan ikasi ote zuen oratoria, Demostenesek bezala. Ezin dut herritxo honetan hitz jarioan irudikatu gure gizona. Herritarrek badakitenez nor den, ez diote izenik ere jarri buruari eusten dion harrian.
Saltzailea dabil kaleetan etenak eginiko garrasian ulertzen ez diogun zerbait saltzen.
Futbol zelaia eta hilerria, herritik kanpo daude biak, nahiko alde batera, bata bestearen alboan, elkar ukitzen. Ibilbide txukuna egin dute futbol zelairaino, baina ez dute luzatu, metro batzuk arren, hilerriraino. Ahaztu samarrak ote hemen hildakoak?.
Herri apala da; emigranteek atzerrian irabazitako dirutxoekin eginak dirudite fatxada berrikuntzak eta apainketak fatxada berrikuntzak eta apainketak fatxada berrikuntzak eta apainketak fatxada berrikuntzak eta apainketak fatxada berrikuntzak eta apainketak, Amerika berrietako amerikano berriek eginak.
La Serena lurraldeko herrietan ere “de España” dira plazak.
“Vamos bien para Higuera?”. “A 8 kilometros le llega”: herrialde bakoitzak bere bitxikeriak ditu gaztelaniaz ere.
Tristea da Higuera-ra arteko tartea: harri-basoa, edo harri-saila. Paraje mortua, dena harri.
Berotu dira ardiak: pila borobil handietan elkartu dira.
Zikoinarik ez dago: harrarte eta mendi idorretan ehiza-gairik ez.
Txondorra: txondor handia lur gorri zabalean, ketan, gureetakoa, borobila: auskalo nondik dakarten egurra!!!.
Higuera. Herri arkitektura iragartzen dute hemen ere sarrerako iragarpen karteletan, hori da salgai dutena bisitariontzat. Valle baino antzinakoagoa, herriagoa, da. Eliza, plaza, kaleak, ... Apal-apal dager, herri apaleko teilateria apalaren gainetik, umil, Higuerako dorrea.
Castelar izena jarri diote kale bati, Donosorekin lehian edo.
“Plaza dela Asunción” zen lehen gaur egungo “Plaza de España”. Elkarrekin bizi dira, haserretu gabe, azulejozko bi letreroak.
Meloi saltzailea dabil Higueran, auto bozina joz bere presentzia iragarriz.
Taberna aurrean daude plazan ordez gizonezkoak, errepideko ikusmiran, zerikusi gutxi baitago kale-arteko geldotasunean.
Bete-bete daude indipikuak.
Ze janik ez eta filosofatzen lez dago astoa, zutik eta geldi eremu idorrean.
Okerreko bidea hartu dugu!. Llerenako bailara ikusi dugu ondorioz: zubi zaharra eta zubi berria, elkarren kide, zulogune berdina zeharkatzen, agerian utziz lehengo eta gaur egungo garraiobideen ezberdintasuna. Zorionez garaiz jabetu gara norabide okerrekoan gindoazela.
Hara non orain etzanda dagoen gure lehengo asto filosofoa: etzatea erabaki du hausnarketaren ondorioz.
Hainbat BI matrikula ikusi dugu herriotan: emigranteak oporretan segur aski.
Zalamea. Lautada hori harritsuaren erdian, tontortxo huskeria batean. Bi plaza ditu, bakoitza ertz batean, udaletxe aurrean bata, behean alde zaharraren ertzean Alde Zaharretik ia kanpo; eliza aurrean bestea zaharraren bihotzean. Nola ez, Calderón de la Barca-ri eskaini diote udaletxe aurreko plaza, bere izenarekin bataiatu dute Eskola ere, irudi batekin eskerroneko oroitzapena borobilduz. Pedro Crespo Alkatearen etxea oso apala begitantzen zaigu gaur egun, ate dotoretxoa badu ere. Ate gotiko apainak ditu elizak: Elizaren alboan Trajanoren distiloa, bi zutabe sendo, 38 metrokoa garaiena. Gaztelua, Zuñigatarren jauregia izan zen, bertan idatzi zuen Nebrijak Gazteleraren lehen gramatika. Antzinako ateak, etxeak eta kaleak diraute, herriaren egituraketa ere lehengoa da, baina erabat itxuraldatuz joan da eta doa herria.
“Calle Cuartel”, hemen ere: herri errepublikanoa izan zen ba La Serenakoa nik ezagutzen ditudan emigranteek erakutsi didatenez.
Hiru gizakume heldu ikusi ditugu kalean, bata bestearengandik hurbil, hirurak berdin-berdin okertuta, soina ia gerritik aurrerantz kakotuta, hirurak behar zuten izan soroan zaildutako nekazariak.
“De donde son?” galdetu digu norabide eske joan gatzaion emakume nagusiak. “De Navarra”. “Zuazo somos nosotros, de allá salimos”. Garbi du nongoak dituen sustraiak. Txikitatik joan zen bera atzerrira, oporretara etorrita dago. Gutxi gorabehera daki alkate famatuaren etxea non den, 200 metro barruan bizi bada ere: “De pequeños no nos enterábamos”.
Zebrabideko arraia zurietan pintatu du, gorriz nola ez!, PSOEk “Vota PSOE” mezua. Nahi dutena egiten dute nagusi diren herrietan; kartelak jartzea bera ere debekatu egiten digute besteoi.
Hauteskunde kartel orok hormetan dirau oraindik, pankarta orok kaleetan zintzilikatuta. Zenbat aldiz aurpegiratu digute kartelez kaleak “zikintzea”, eta kentzera behartu nahi izan!.
Malpartida. Plaza ederra du. Gizakume gazte sasoikoa eta heldua daude kontu-kontariko egon itzaltsuan.
Ostruka granja. Harria da nagusi soro eta zelaietan. Errekatxoetan ur-negarrik ere ez.
Castuera. Teilaturik ere ez zaio ikusten ia, eliza-dorre xume karratu horixka agertzen zaio soilik. Hazia, inguruko burua den itxurarekin. Harrizko ate eta ateburu sendoak dira gehienak, ia denak, banan-banan harrizko sendoak, leihoak burdinadunak nola ez.
Bertako egiten dute Valdivia, Villanuevakoekin lehiatuz. Gurean Bergara eta Ordizia ibili ziren demandan S.Martin berea zela-eta bakoitza.
“Jakin ezazue lehenago edo beranduago zumardi hauek irekiko direla berriro, eta bertatik libre ibili ahal izango dutela gizakiek”, hala die herritarrei Allende txiletarrak eskua luzatuz, agian Valdivia gogoratuzko bustotik.
Quintana. Eibarrera emigratu zuen herria, Eibarren egonen da Kintanatarren agiritegi nagusia. Teilateria zabal-zabala ikusten zaio, uste genuen baino handiagoa da, harrizko ateak dituzte lehengo etxeek, harrizko euskarri eta ateburuak, ate sendoak, burdineria. Inguru hurrean etxe berri ugari ditu, kanpotarrenak, emigranteenak ziurrenik, agian bertako ondo-bizienak, harrobiokin dirua egiten ari direnenak.
“Granitoaren hiria” bataiatu dute. Harginak ere badu bere granitozko irudia. Harri hondakin piloak daude herri bueltan: mendirik ez dagoenez, dena laua denez, beheranzkoak dira harrobiak, azpitik ateratzen dituzte blokeak eta hondakinak alboko azalean pilatzen mendi-muinoak diruditen pilotzarrak sortuz.
La Guarda. Herri txikitxoa da tamainaz, baina eliza handi bat du, albo batean, errepideak banatzen dituelarik herria eta eliza. Jesusen Bihotzak “amaos” dio errepide ertzetik, ez dakigu herritarrei ala gidarioi.
Ortigas ibaia zeharkatu dugu, behin eta berriro, paraje ezberdinetan: berdea du ibilgua ez dakigu asunez ala ze belar motaz.
Basamortua, harritza eta artadiak bukatzen doaz La Serena lurraldea bukatzen doan heinean.
La Haba. Apartekorik gabekoa. Agian eliza-dorre txikia eta zementuzko kale-zorua lirateke aipatzekoak.
Bukatu dira muino harritsuak, mendi-muino mortuak. Galsoroen lautadan sartu gara.
Medellin. Bitxia da D. Benito aldetik begiratuz: gaztelua goian, bi eliza-dorre ia biki maldan behera sailkatuz, eta behean ezaguna zaigun elizatzarra. Inguru arre, siku, lehor, mortuan.
236 kilometro, Badajozko azkenak
Erabat beltz zegoen kanpin ingurua gu egon ginen garaian, sute baten ondorioz, gaur egun belar idorrez hori dago baina berde egonen da udaberrian.
Bihar oraindik Proserpina urtegia ikusiko dugu Caceresera bidean eta astelehenean Meridan eginen dugu erabat azkena izanen den ibilia.
Jauzi eginaz sartzen dira ume eta ez-ume gehienak igerilekura. Auskalo zeren itxura hartzen didaten eskaileran jolasean dabiltzan bi mutikoek, adi-adi so, belarri zuloak ez bustitzeagatik eskaileretatik sartu naizenean, geldi, uretara.
“Oiga, aquí cubre?” galdetu du batek. Nire albokoak erantzun nahi zionari: ”Calla, él sabra lo que hace”. Eta ito balitz?.
Uztailaren 23a. Ostirala. Ex:8.a - 53.a
Ur Apalategieren “Gauak eta hiriak” irakurriz: Bi gauza ezberdin dira zoriontsu izatea eta zoriona ematea. “Nemo dat quod non habet” genioen gaztetan, nolabait zoriontsu izan behar da zoriontasuna transmititu ahal izateko. Litekeena da, baina, zoriontsu izaten ez jakitea, bai ordea zoriona ematea, norbera lur jota arren
Asto arrantzak, ohi diren bezala ozenak, entzuten dira egunez zein gauez: gure animaliekiko harreman bakarra kanpin honetan, astoon mezua ulertu ezin badugu ere. Hor daudela jakinarazten digute gutxienez. Zerbait da. Desagertzear dagoen espezie omen. Asko dira jadanik astoa denik ere ez dakitenak.
Kokoteraino gaude eguzkiaz, aspertuta beroaz, Euskal Herriko euria dugu amets.
Meridak moto-kros-pista du urtegira bidean.
5 eta erdi bilakatu dira errepidean agindutako lakurainoko 3 kilometroak.
Proserpina Lakua: Erromatarrek jasotako urtegia. Harritzekoa erromatarren ahalmen teknikoa. Ez da duela urte asko alboko kanpinean egon ginenetik gogoratzen genuen. Harritzar handiko horma txikia genuen gogoan biok, baina honek hormatzarra du, sendoa eta luzea. Gogoratzen duguna agian Cornalbokoa da, hura ere erromatarrena baita. Proserpinaren hau jendearen egun-pasarako gune bihurtu da, jende asko dator, ingurua oso atsegina baita, ikuspegi paregabea eskaintzen du, baina ez du inolako geriza-gunerik.
Badajoz
Gogoratuko duguna edo bizi-bizi daramaguna:
Galderak:
a.- Norenak dira soroak, jauntxoarenak, jabego handienak ala nekazarienak.
b.- Ze biztanleria du, herri guzti horietan zenbat jende bizi da?. Herriak hutsik daude, emigrazioak dirau?.
d.- Zer dira herrietako kale-plaza-tabernetako gizakume helduak: jubilatuak, langabezian daudenak, “peonada” edo antzerako kobratzen duten lanik gabeko nekazariak?.
e.- Zer egiten dute emakumeek, non daude?. Ez da emakumerik kontu-kontari kale eta plazetan.
f.- Ze alderdiri bozkatzen dio gehiengoak, nola banatzen bozak?.
Beroa:
Bero ikaragarria, sapa.
Eguzki errea.
Adeitasuna:
Harremana izan dugun jendearena: galdetzean, dendetan...
Herriak:
- Xumeak: etxeak, dendak, jantziak, janzkera, igerilekuko zein asteburuko jokamoldeak… etab
- Behe solairuko etxeak, kale eta herriak, Ipar Afrika bailitzan. Andaluziako eragina, beroaren eragina, arabiarren eragina...
- Kale bihurriak, linealtasunik gabekoak
- Herri zuriak.
- Herri zabalak, handiak diren sentipena edo ustea sortuz.
- “Plaza de España” du izena plaza nagusi orok, herri txikienekoak ere. Baina askotan herriak ez du izen horrekin ezagutzen, izen hori bera ere ez du sarri ezagutzen. Extremadura herri errepublikarra eta ezkertiarra izan zen. Berrikuntza sakonik egin ez den plazetan lehengo izenak dirau berriarekin batera, plaka berria jarri zuten zaharra kendu gabe. Izan zen izen berri hori jartzeko kanpainaren bat, ez zen egon izen berriok jartzeko arazorik, herria beldurtuta egon zen, edo espainiar sentitzen dira bizi-bizi.... ?
Plan Badajoz: Guadianaren inguruan: artoa, tomatea, arroza, tabakoa, ... lursail oparoak.
Barros Luraldea: elizak erre eta arpilatuak izan ziren lurraldea: marxistak!!!. Bada beraz jende ezkertiarra, herriak mendeku egarria zuen, bazen nonbait esplotazioa, zein zen herriaren jokabidea gerra aurretik... Ondorengo mendeku eta pertsekuzioaren arrastorik ez da inon ageri ordea.
La Serena: lurralde lehorra eta harritsua.
Larre-lurrak, artadiak, artelatz basoak, jabego harresiak: bakoitzaren lurra gotorleku bihurtuta.
Burdinateria: Balkoi-leihoetakoak, Andaluziako jitea.
Elizatzarrak:
- adreiluzko mudejarrak, kolorgetuak, itxita, gailenak herri zapaletan, eliza urrutitik nabarmentzen dituzten dorre garaiak, dotoreak herri pobrean...
- Itxita daude elizak, arrats beranduan soilik zabaltzen dituzte elizkizunetarako.
Motortxoa, sororako garraio-tresna, gizakume nagusiak kaskoekin mozorrotuta, ...
Hilerriak: zainduak, hain zuriak direnez zerbait dotoreagoaren sentipena sortzen dute.
Kilometro zedarriak: aspaldiko kilometro-harri hiru aurpegiko buru-borobilak errepide bazterretan, noizbait izan zuten zeregin bera betez oraindik.