BIDAIAK 99. CACERES
CACERES
Gizakiak jarritako mugak zatitzen du lurraldea bi herrialdetan, baina lurraldea bera ez da aldatzen, berdinak dirau. Zatiketak artifizialak dira, gizakien interesek eraginak.
Agertu da berriro sastraka likina.
Pikondo basoa, pikondo sail ikaragarria, kilometrotik gora du alde bakoitzetik. Arto-saila, lautada berdea, Carmonicara bidegurutze inguruan: salbuespen bakarra belar horia besterik ez den lurraldean. Mendizerra gurutzatu dugu 502 metro garaieran. Lautada horia bestaldean ere, arte eta artelatz bakar, bakan eta kaskarrak. Artelatzak betiko larre-lurretan.
Casas de Don Antonio. Etxe mordoxka eliza inguruan pilatuta, eliza-dorre ilun eta garai baten inguruan.
Zikoina bakarra argindar postean. Ehizan ote habi-kidea?.
Aldea del Cano. Gotorleku sendo garai peto-petoa da eliza-dorrea: ez da besterik ikusi ahal herrian.
Herrion inguruan ez da ageri ez baratzik, ez berdegunerik, ez olibondorik, ez mahastirik, ez ezer.
Argujuela. Bi gaztelu potxolo errepide ertzean bata bestearengandik ehun bat metrotara.
Bidezainak sega mekanikoaren inguruan, zutik baina geldi!, Caceres-en ere.
Valdesalor. Aspaldiko zubitxo luze baxua, hainbat begikoa, ia tatarrez lur gainean, garai bateko garraiobide eta garraio mota ezberdinen ezaugarri eta lekuko.
Bigarren mendikatea, ia erabat soildua, lur gorrikoa. Ez dakit inolako uztarik izanen den baina lurron jabetza osoa bakarren batena edo gutxi batzuena delakoan gaude.
Aurrez aurre dugu hiriburua mendiarteko hegitik; nahiko goian egonen da hiria, ez baita askorik jaisten errepidea.
Ikus-iruzur bitxia izan dugu: errepide gainean zerbait beltza era bitxi ezohikoan mugitzen zela uste izan dugu; aurreraxeago, ibiltari bat aurkitu dugu, oinez zihoan, bizkarrean makila eta makila puntan txanoa lotuta zeramala: errepidearen beheragune batean, une batez, txanoa soilik ikusi dugu zingili zangala, errepidean bertan bailebil.
Caceres: Alde Zaharra: joan eta ikusi, zahar osoa baita monumentu, metrorik metro, pausorik pauso. Etxeak, dorreak, jauregiak, plazak, burdineria, ateak, atetzar ikaragarriak, armarriak, leihoak, gargolak, mailukoak, kale, kalexka, kantoi, bebarru, komentu... harri landuaren jaialdia, erakusketa erraldoia. Pilatuegi dago dena, bata bestearen ia gainean sekulako eraikin ederrak, elkar joz, elkarren alboan. Sekulako harriteria, harrizko hormateri aparta, bata bestearen jarraian, gertuegi bata bestearengandik jauregi eta elizok: giro itoa sortarazten dute. Etxe behe-solairu soilekoak, txaparroak, baxuak ikusi ditugu herrietan, Caceres Zaharrekook, aldiz, oso garaiak dira, Isabel Erreginak moztu arazi zituen arren. Patioak dira argi-iturri eraikin gotor eta hertsiotan, arnasarik gabeko jauregiak baitira: bizimolde itxian bizi ziren, etxe barruko bizitzan. Lehen solairuko leiho baten burdineriak ataka du sarraila eta guzti: ze istorio ote sarraila horren ostean.
Zergaz ito behar izan zuten herria, herritxoetako biztanleak, pobretu egin behar izan zituzten herritxoetako biztanleak zergen bidez hiri hau eraikitzeko eta hain jauntxoki bizi ahal izateko. Hiriburuan pilatu ziren jauntxo eta agintariak, laiko zein elizgizonak, hiriburuan pilatu dira gaur egun ere politikarien bulego eta gainerakoak, egoitza ofizialak baitira gaur egun eraikin denak, jauntxo eta agintarien bilgune bihurtu da gaur egun ere alde zaharra. Burutik ere ez zaie pasa behartsuen etxebizitzarako moldatu daitezkeenik eraikinok. Aberatsenak ziren, aberatsenak dira. Hemen ez zen herririk bizi, hemen jauntxoak bizi ziren. Pilatuta. Elkarren babesa behar zuten nonbait. “Calle de la amargura” du izena kale batek: herriaren bizitza zen samin-kalea, jauntxoen hemen bizi ahal zitezen.
Eraikinok jasotzea orduko tailerrean lan egitea bezala izanen zen; jaso ondoren hainbat eta hainbat zerbitzarien ogibide izango ziren eraikinok..
Zikoinak zaharreko paisaiako zati dira.
Andre Mari eliza behintzat zabalik dago, bakarra seguruenik goizerdian probintzia guztian. Turista asko dabilelako seguruenik. Gotikoa, ia luze bezain zabala, Eibarkoa gogarazten digu zur iluneko erretaula ederrak, ederra da aulkiteria, ederra ur bedeinkatu ontzia, hilobiak lurrean eta alboetan…
Gaur ez nau aurrekoetan bezala liluratu Alde Zaharrak, izugarria eta paregabea izanik ere. Kontzentratuegiak daude eraikinok, gehiegizkoa da, ez du atsedenik eskaintzen, lotsagabekeria gordinegia da.
Baina gustura ibili gara, gaur ia inor ez zebilen kaleetako bakardadean. Talde gidatu bakanak eta auto ugari. Besterik ez. Badu bere xarma bakarreko ibiliak.
Eskale ugari dago eliza aurrean.
Beti dago geriza-guneren bat kale garai eta estuotan, kale barruko giroa jasan errazagoa eginaz. Dena da laba kaleotatik kanpo.
Bisita gidatuak: ze gogaikarriak diren, betiko azalpen arrunt begi-bistakoak eskaintzen dituzte, askotan soberakoak, nekagarriak; ahituta uzte zaituzte. Jendeak ez daki nonbait tokiko plano bat eskatu eta norbere kontu ibili eta bazterrak ikusten.
Harresiz kanpoko hiria: ohiko kaledia, hor bizi da herria. Hiru jauregi eder, eliza, komentua, eta txikle zapalduek zikin planta damaioten oinezkoen kalea. Bada S.Juan kalean azulejozko fatxada bat eta antzinako harrizko ate pila. “Uribarri” batek badu bere kalea. Zezen-plazak harrizko egitura du, jite berezia ematen diote leiho txikiek. Ohizko etxetzarrek osatzen dute alde berria, ez da erraza esatea etorbidea ala plaza den sarrerako gunea.
Malapartida de Caceres. Antzinakoa. Herri arkitektura du salgai bisitarientzat bisitari gehiegirik ibiliko ez bada ere: lehen solairuko etxetxoak non harrizko ateak diren deigarriak. Herri honetan soilik ikusi ditugu harrizko irtentxoak, bitxikeria nagusia dira guretzat: ia teilapean daude eta emakume batek argitu digu loreak eta abar jartzeko apaingarri hutsak direla. Eliza-dorrea ere bitxia da. Sendoak dira hainbat tximinia.
Batolitos: harri borobilen forma bitxiak; lurralde osoa dago harrioz beteta; izan badira bitxiak baina espero genuena baino arruntagoak.
Artile ikuztegia: bitxia. Aspaldikoa, museo bihurtuta. Bertara eramaten zituzten artaldeak, bertan mozten zitzaien hilea, bertan garbitu ere artilea, bertan sailkatu eta ondoren saltokira bidaltzen zen. Urtegia, laba, eraikinak eta hainbat tresneria eta antolamendu: berezia, guretzat ezohizkoa, berria.
“Arte conceptual” erakusketa dago ere leku berean kokatua, arte zaharra eta berria uztartu asmoz. Bitxia da baina ez dit sentipen berezirik sortarazten.
Zezen-zirikatzegunea edo tentaderoa: Hainbat larre-lur edo dehesa ikusi dugu, baina hau da ikusten dugun bigarren zenzen-plazatxo edo “tentadero”a.
Ohiko lautada. Gaztelutxoa galsoro erdian, monotonia hautsiz, ezustea. Mendira hurreratzean, betiko artea, artelatza, baita sastraka likina ere. Ez da biztanlerik kilometrotan. Inausiak daude artelatzak, indarge itxuran, adar ziztrintxoz hornituak, suak pasa balitu lez.
Bere zeregina betetzen dute oraindik antzinako kilometro-harri buru-borobilek.
Bide txikietatik, mendiz mendi, egin ditugu Alisedatik bide-berrira arteko 24 kilometroak, auto bat bera gurutzatu gabe, pertsona bakarra ikusi gabe. Kortijo zaharren bat tarteka eta behi taldetxoren bat, besterik ez. Bide eskasa eta estua baina ze ibilgu xarmanta, biok bakar bakarrik naturaren erdian.
Bide-berrian ez da ingurua aldatu, auto gehiago eta bide zabalagoa dela ezik.
BADAJOZ
Puebla de Obando. Betiko sentipena, kanpandorrerik ere ikusten ez zaion teilateria zabalak sartzen duena: lurrari itsatsita bizi den herri bakarti hilaren sentipena.
Puerto del Zángano, 436 metro. Zabalgune berdea ikuspegian.
Ekilorea ugaritu da lautadan: begi-argiren baten negozioa, Europaren kontura eta politikoen babesean: erein, diru-laguntza jaso, eta usteltzen utzi.
Guadiana ingurura hurbiltzean nekazaritza berdea hasten da.
Torremayor, ikuspegi bitxia eskaintzen digu dorreak: errepidearen bukaera dirudi, bere atean bukatuko bailitzan errepide artez-arteza, aurrez- aurre bere ateraino bailioakio bezala. Ate bitxia da elizakoa, gutxitan ikusi ohi den harrizko edergaiz dotoretua.
Esparragalejo. Eliza da begiratzeko deigarria duen bakarra.
Herrien alde zatarrena erakusten du gehienetan errepideak: atzealdeak, tresneria lekuak, osteko zikinkeriak, hondakin pilatuak ...
Errepidetik aldenduz horiago, berdegunea urriago bilakatzen da lurra.
Rio Aljucen, izugarrizko zume sailak uretan, padura zabalean.
221 kilometro, Cacereskoak batez ere.
Parrastadan erortzen ari dira makal orriak, belar-gunea estaliz, goiz jaioak nonbait, bukatu dute bere zikloa. Lehenago hasiz ez doa bizitza urrutirago, bizitzaren zikloak berak erakusten du bukaera noiz. Hemen lurra bera da lehorragoa, zuhaitzak ahulagoak, eta bizitza zikloa motzagoa.
Uztailaren 24a. Larunbata. Ex:9.a - 54.a
Artalde izugarri handia gari-soroan, bi artzainek zaindua; gaztean ziren bi artzainak.
Goizeko hamarretarako behiak ere etzanda daude.
CACERES
Ez ziren Extremaduratarrak, ez Cacerestarrak gureetara emigratu zutenak, extremeñoak, eta kazereñoak baizik, mesprezuzko karga zuten hitzok. Gaizki ikusiak, errukirik ere ez genien, mesprezua baizik. Arrazakeria bizi genuen. Harropuzkeria ere bai. Gerra ondoren goseak tragatu gintuen arren ezin genituen ulertu. Zer egin behar zuten gizajoek hemen ez baitzuten nondik bizi, euskaldunek garai batean egin zutena, emigratu; gureak Idaho eta Amerikara joan ziren, lana zegoen tokira, nire osaba bat tarteko. Herritik alde egin eta bizimodua, ogibidea, bilatu, bere herri eta etxe duin eta ederrok utziz, hori besterik ez zuten egin. Dotoretxoak eta ondo-biziak izan balira, ondo hartuak izanen ziren gureetan ere, baina pobreak ziren. Gaur egun ere jeke eta alibaba guztiak onartuak dira Espainiako gizartean, baina emigranteei era guztietako eragozpenak jartzen zaizkie, mota osoko trikimailuz jazartzen.
Alcuestar. Bisigodoen kapera bat genuen helburu baina ez dugu nondik jo iragarkirik aurkitu. Herrikoek sustatzen ez badute bere altxorra, hobe bakean utzi.
Lurraldeak ez digu itxuraldaketarik eskaini: galsoroak tarteka, hurrengo artadiak... Trinkoago edo bakanago, mendikateak beti dira artadi. Inguru oroko lurrak erabat sailkatuta daude harri tolestutako harresi ilunez, halako ikuspegi berezia eskainiz lurralde horian; zabala da hainbat sail, jabetza ondo bereizita dago, aspalditik egon ere, harresiok erakusten dutenez. Bada burdin hariz gordetako larre-lur zabal-zabalik ere.
Montánchez. Tontor ez oso garai batean dago gaztelua. “Extremadurako balkoia” deitzen diote herriari; gaztelua ez ezik herrirako errepidea bera da izugarrizko behatokia Iparrerako ikuspegia ahalbideratuz. Gaztelutik berriz lau aldetara zabaltzen da paisaia, Extremadura osoa, Caceres zein Badajoz zenbateraino zabalak diren erakutsiz: berdegune ureztatuak, artadien berdegune ilunagoak, eta galsoro eta belartza idorren hori guneak.
Bisita merezi duen herria. Kaledi kiribildua: hain da labirinto ze “Salida” kartelak jarri behar izan dituzte kale-gurutzetan herritik nola irten jakiteko. Harrizkoak dira ateburu eta zutabe denak. Arku sendoko plaza. Dorrea, elizatik banatuta dago. Karratua da zezen-plaza. Herri osteko malda harri hesiz mailakatuta, ia zapaldetan. Alde Zaharra: zabala, aldatsua, gaztelutik behera magalean luzatuz eta zabalduz; gorde du antzinakotasun jitea kaleen egitura nahasian, harrizko ate sendoko herri arkitekturan, zuritasunean; izugarrizko altxor hau lehen mailako turismo-gunea litzake Europa aberatseko edozein herrialdetan; diru asko behar da hau dena konpondu, egokitu eta txukuntzeko: agian hobeto bizi dira herria dagoen bezala gordez turismoaren tiraniapean baino. Gaztelua. Mila aukera ditu ikuspegi aldetik, kokagune garai zoragarrian baitago, baina hondakina besterik ez da; bertan kapera atsegin bat, azulejoz edertua, andaluziar jitekoa; zilarrezko palio eder-ederra da kaperako altxorrik deigarriena.
Etxerik etxe ibili ohi den zurezko kaperatxo bisitaria besapean zeramala ikusi dugu emakume gazte bat: bere entrega egitera zihoan. Asto-gainekoa ere ikusi dugu: asto-gaina nahiago du motoa baino, edo astoa badu baina motorik ez.
Zaldizkoa zihoan tente eta haro goiko kaleetan, makila zuri dottorea eskuan zaldiari eragiteko; jauntxo jitekoa, motorra edo autoa izanen du honek, zaldia ere ez da erakutsi beharrekoa, zalduna dela baizik da erakustekoa..
Hain da pikua aldatsa, ze ohar batek hala dio bide ertzean: ”Gidari, sar lehena!”.
Erretiro on bat eskatzera joan zaio emakume bat Amabirjinari, neska gazte batek ez dakigu zer eskatzen zion baina debozio handiz eta seriotasun osoz eskatu dio eskatu diona, bertan egin behar zen ezkontza batera konbidatutako emakume bat ordubete aurrez igo da, arrosario errezatzera: “bide luzea eta pikua den arren oinez noa”.
Lautadaren ondoren mendikatea, mendikatearen ostean lautada... hala joan zaigu gaur ibili osoa.
Harri gris leuna tarteka lurrazala bera bailitzan, harritzar borobilak hurrengo: Caceres osokoa da nonbait harri mota hori, agian Extremadura osokoa: han-hemenka bidaia osoan aurkitu dugun harri mota, hedadura zabalean beti, artadietan gehienbat. Agian arteak gogoko duen lurrazala da. Agian horregatik da hain lehorra lurraldea, ez duelako ura xurgatu eta gordeko duen lurrik.
Torre de Santa Maria. Lautada horiko herria; harresiz banatuta ditu inguruko lurrak.
Mendi-tontor garaia jaso du harri eta lur hondakinez harrobi batek; lurzorua zulatuzkoa behar du nahitaez harrobi honek, ez baitago mendirik, eta harria da lur zoroa.
Burdina-hariaz bildutako larre-lur zabalak, ez dira hainbeste hemen harriz banatutako jabetzak. Erbia, jauzika lasaian.
Salvatierra de Santiago. Harrizko askekin eginiko garbitegia zirudien antolaketa: ezin izan gatzaio gelditu bizkor gindoazelako: garaiz jabetzen ez bagara, tarteka galtzen ditugu horrelako bitxikeriak, errepidean geratzeko aukerarik aurkitu ezin dugulako edo zirkulazioak uzten ez digulako geratzen uzten.
Denbora, astia eta harria bazuten lurrok banatzeko, harginik ez zen behar harriok tolesteko, baina izanen zen jauntxoren bat agintzeko.
Mendizerra berri bat, ostean lautada berria.
Ruanes. Ezin gara herriko ezertaz jabetu albo-albotik igaro arren, eliza bera ere ezin dugu ikusi, dorre apalaren puntatxoa ezik, hain dira zapalak lur zapalean herriok.
Gogorra behar du izan lur hau lantzea: zerbaitegatik ihes egin zuten Erdi Aroan konkistatzaileekin Amerikara edo oraintsu Euskal Herrira: ogi bila denak, erregearen soldadu orduan, enpresarien menpeko orain, bakar batzuk konkistari zapaltzaile, gehiengoa langile zapaldu. Konkistari ziren Extremaduratarrak bere herrian ezer guti zutelako, beharrak aginduta, beste irtenbiderik ezak akuilatuta, irten beharrak bultzatuta. Goseari iheslari denak. Euskaldun emigranteak bezala.
Contreras. Gehienetan harresietatik izan ohi dugu lur zabalaren ikuspegia. Gaur lur zabaletik izan dugu berezia harresien ikuspegia.
Badirudi harria ekoizten duela lurrak.
La Cumbre. Zuria, zabala, eta lautadan, herriok ohi dutenez; kaledi zabala, tarteka nahasia, ikusi ahal zaio errepidetik.
La Cumbre izena zuen ere Artajo Francoren Atzerrirako Ministroaren Donostiako uda-jauregiak; delako jauregian eman ohi zien Ministroak urtero Conversaciones Catolicas de San Sebastian partaideei luncha; estudiante garaiko oporretan delako hitzaldiotan laguntzaile lanetan ibili nintzen eta han joaten nintzen ni ere lunchera.
La Cumbre Jauregi horretan bertan torturatu zituzten Lasa eta Zabala Almeriara eraman eta bertan hil eta lurperatu aurretik.
Zubi erromanikoa, alferrik galdutako txikia, umila, apala, isila, galdua, hirirako aldats aurretxoan; inork ez du aintzakotzat hartzen, hiriko artelanen gosez, presati.
Bada bidaian gaurko eta lehengo errepideak, gaurko eta lehengo zubiak alderatzeko aukera, bi gizarte ezberdinei buruz hausnarketa egiteko parada.
Trujillo. Urrutitik ikusten da, mendixka leun baten gainean zein maldan, bi tontorren arteko hegian. Gailen gabe oso baxu, dozena erditik gora eliza-dorre nabari zaizkio aldats gora hurreratzen gatzaizkiolarik. Bada urtegitxoa ere hiriaren oinetan, hegazti migratzaileak biltzen dituela inguruan.
Plaza Nagusia, arkupeak, jauregiak, elizak, leihoak, balkoiak, eliz zein jauregietako sarrerak, dorreak, pasabideak, dorreetako arkuak, txoko, bazter, kale-kantoi, labirintoa den kaledia... ez plano eta ez gidaliburu lagungarri, joan eta lasai ibiliz denera begiratuz bisitatzea merezi duen hiria. Caceres bera baino ikusgarriagoa, agian tartekatuagoak eta barreiatuagoak dituelako eraikuntza eta artelanok. Zapalak eta zabalak dira tximiniak, Portugalgoen jitekoak.
Jauregi, eliza eta komentuek ez dute akaburik: hemen dago harri bihurtuta Amerikako urrea, erruz ibili zen dirua hemen, Ameriketan lapurtutako aberastasunak epikaz eta abertzalekeriaz zuritu nahi badituzte ere. Agian eraikuntzok jasoz eta morroi lana eginez jan ahal izan zuten hainbat herritarrek, urrea lan eta harri bilakatuz.
Gazteluak ez du apartekorik; S.Miguel plazako komentua dena da harri hormetan, adreilu sabaian, gotiko ederra koruko sabaian: mojak ere herriaren begi-bistan esertzen dira korupeko koruan; Andre Mari eliza ederra da: arku, hilobi, zoruko kontaezin ahala hilarri zizelatu, koruko hesi aparta, kapera, arkuak, ganga, korupeko nerbioen junturak... baina batez ere triptiko jitea duen erretaula. 20 ogerlok argiz eta musikaz biltzen dutena.
Zaldi gainean, erraldoi, dago plaza nagusian Hernan Cortes; burua soilik jarri diote Orellanari: begibakarra zen. Zuñiga eta Zaratek bere jauregia zuten, nahiz handi-mandiena baino apalagoa.
Turista ugari dabil, bertakoa batez ere, asteburu edo egun pasakoa. Turista giroa nagusitzen da kale nagusian zein zaharreko kaleetan.
Trujillo ere Europako diruz ari dira berritzen: lehen Amerikara bezala orain Europara jotzen da diru bila: Europa, urrea darion errapea. Baina geuri kendutako txanponak dira, ez besterik.
Autoak dira herri guzti hauetako izurritea. Bertakoek autoz ibili behar dute, eskubide osoz, baina bisitariek, alferkeriaz, autoz joan nahi dute hiriko monumentuen oinetaraino. Guk erdigunetik kanpo utzi ohi dugu autoa eta oinez egin hirikoa.
Kolore horiak, harriek... diraute Zoritara bideko lautadan.
Herguijuela. Triku zapalduen errepidea, mendia izaki hurrean.
Bide-gorria egin dute errepide ertzetik Zoritaraino, kilometroetako luzea.
Zorita. Teilateria iluna da urrutitik ikusita, eliza txikiko herri handia bertatik.
Hemengoa ote zentral nuklear entzuna?. Ez dugu arrastorik ere ikusi, lurraldea zabala eta zapala den arren.
Alcoclarin. Erdi-erditik zeharkatzen du errepideak, dotoretxo datza, hesi berde eta baldosaz txukundua
Muino leunak. artadia, gora eta beheran...
Escurial. Tonu guztietako teilateria gorria, zapal-zapala, eta eliza handia: ia herri oroko estanpa. Jarraikian olibondoen berdegunea.
Soineko berdez jantzita, guardasol baten itzalpean, poltsa berdea eskuan... kolore ekologikoz zihoan emakume bat olibondo berde ekologikoen inguruan.
Hesiek diraute: jabegoa jabego da hemen oraindik.
Errimeak dira tximinia handiak lurralde honetan.
Bide-gorria egin behar dute Escurial eta Miajadas tartean.
Miajadas. Zabala da teilateria, zabala eliza ere nahiz ez garaia. Zikoinak, bi silo, traktoreak... herri bizia da nonbait. Nestlek ere bertan du fabrika.
Bertan hasten dira ureztatutako lurrak, Caceresko lurraldean oraindik.
BADAJOZ
Burdalo erreka da muga.
Conquista del Guadiana eta Torresfresneda Francok sortutako herri berriak dira. Ureztaketari lotutako herriak, egituran dute ezagun.
202 kilometro, bidaiaren laburpena eginez.
Polizia itxura hartzen diot igerileku, kale eta antzerakoetan ikusten dudan gehiengoari. Lurralde zehatz batzuetako jendearen aurpegierarekin lotuta dago euskaldunontzat polizia jitea, lurralde hauetako gaztez osatu baitute poliziateria.
Ikusgarria da ume txiki-txikiak, oinez ozta-ozta dabiltzanak, inolako beldurrik gabe igerilekuan ikustea, azaleragailua besoan edo bizkarrean jarrita, ur gainean ahaleginean edo uretara jauzika.
Apurtu... apur bihurtu: hitz gutxi batzuk daude azkenez hizkuntza bateko oinarrian.
Uztailaren 25a. Igandea. Ex:10.a - 55.a
“Harrien lauhazka”. Iñigo Aranbarri:
“Zaldi urdinak gauaren lautadan egun berriaren iragarle”. Hala behar du poesiak, sentipen eta gogoeta ezberdinen iradokitzaile.
Santixo, Ermuko jaiak.
Azken irteera, bazterrak ikusten. Udaberrian etorri beharko genuke belar eta gari gaztez berde direnean lurrok ikustera: sentipen ezberdinak lirateke gureak garai horretan.
Ardi baten gainean datza txori edo hegazti bat, garbiketa lanetan segur aski, ikusi izan ditugu txoriak zenbait animalien gainean, sekula ere ez ardi gainean.
Santa Amalia. Berotegi asko eta handiak, banaka-banaka sarriak.
Nekazariek ez dute jaiegunik, Santixo eguna bera ere ez: kartola garaiko atoitzarrak, tomatez gainezka, soltean zein kaxetan, doaz errepidean soroetatik biltegi edo fabrikaren batetara. Hasi da tomate uzta.
Hernan Cortes, Valdivia, Zurbaran... ureztaketa inguruan sortutako herri berriak, herri zuriak: antzinakoen jite berdineko etxeak, behe solairuko etxetxo txaparroak bere patio, leiho, ateburu bereziekin; teilateria zapalean karratu estu garaiak dira eliza dorreak.
Kilometrotako zabal zein luze diren arroz-soroak, behin ere ez dut ikusi hain arroz-soro zabalik, ezta Valencia aldean ere. Begia heltzen ez denerainoko arroz lautadak. Ikuskizun honek berak merezi zuen soilik bide txikiotako ibilia.
CACERES
Ez dakigu non edo noiz aldatu dugun probintziaz, bide txiki hauetan ez dago muga-seinaleztapenik.
Oso txarra da errepidea.
Orellana ubide albotik egiten dugu bidea, aspaldiko errepidea berau, hau ere hondatua; pribatua da gaur egun, baina bertatik dabil hainbat bertako eta bertatik goaz gu ere; bertatik bidali gaituzte bertako batzuk. Atsegina da ubidearen ibilagun joatea: ur bizkorrekoa, oparoa, atsegina da, ingurua berriz erabat idorra.
Txirrinduz doa jabea, sokatik darama zaldi zuria: burumakur geldi-geldi geratu da ugazaba zaldiaren albotxoan autoarekin gurutzatu ditugun unean, zaldia izutu ez dakion edo.
Miajadas. Erdi-erditik zeharkatu dugu errepide nagusi bila. Herri oso zabala da, etxe zapaleko kale luzez osatua.
Herri-bideetatik egin nahi dugu bidea, baina ez dago bide txikietatik ibiltzeko modurik: galdetuz ere ezin dugu jakin biderik dagoen, dagoenetik joaterik den, ondo dagoen… galdetu diegun denek errepide nagusira bidaltzen gaituzte, ez zaie burutik ere sartzen norbaitek bide txikietatik ibili nahi izatea.
Estepa horia, hona ez da ubideko urik heltzen, lainoetakoa ere gutxi. Ganduak lausotzen ditu aurreko mendiak eta bestalde urrutiko zeru-marra ertza.
Luzeak dira azalpenetan kazerestarrak, badirudi galdetuz edo argipenak eskatuz zeuk egiten diezula mesede. Oso abegikorrak, berbatsuak eta argibide eman zaleak zaizkigu.
Zorita. harri tolestutako hormak hasi zaizkigu berton: aitatu beharrekoa berriro, hain dira deigarriak eta nabarmenak harri erreskada luze ilunok lurralde horian!.
MA edo B auto-matrikula asko dabil herrietan eta errepidean: emigrante asko etorri da oporretara.
Behe-lainoari jarraituzko errepidea egin dugu Logrosaneraino, mendikate baten oinetan.
Logrosan. Mendi magalean gora eginez heltzen da bertara. Badu diskoteka, herri egina dugu beraz. Kalean bertan, zenbait etxe aurretan harkaitz tontortxo leunak, harkaitz bizian jasotako herria da. Nahasia, korapilotsua, kale-kantoi bakoitza labirinto galzoriko bihurgunea; plaza txikitxoa, bertan egoneko arren asper koadrila. Eliza bitxia: egitura soilekoa, baxua, zabala, horma-bular sendokoa, harri gorrixkakoa... txabola erraldoiaren jitea du. Pikota, Extremaduran ikusten dugun lehena, harri karratuzkoa, latza, sendoa, xumea. Baseliza bat ere iragartzen dute, ikusgai, baina ez diogu berezitasunik aurkitu: erromanikoa du agian abside atzealdea baina erabat itota dute osteko etxeek.