Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 99

BIDAIAK 99

Jon Etxabe 2021/05/31 10:20
HUELVA. La Antilla... portua eta ingurua, La Rabida, Huelva, El Rocio...

Herrialdeak, hiriak eta herriak

 

Ayamonte, Huelva, La Antilla, El Terrón, Lepe, El Rompido, Nuevo Portil, Punta Umbria, Odiel Padurak, Huelva, La Rábida, Palos de la Frontera, Magazón, Matalacañas, Doñana, El Rocío, Almonte, Rociana del Condado, Lucena del Puerto,  Cartaya, Islatilla, Isla Cristina, Trigueros, S. Juan del Puerto,

-  NIEBLA KONTERRIA. Niebla.

- LA MINA LURRALDEA. El Andevalo, Valverde del Camino, Sotiel Coronado, Calañas, Villanueva de las Cruces, Tharsis, Alosno, S. Bartolomé de las Casas, Lepe, La Antilla.

- EL ANDÉVALO. Villa Blanca, S. Silvestre de Guzmán, Sanlucar de Guadiana, El Garnado, Villanueva de los Castillejos, El Almendro, Puebla de Guzmán, Paymogo, Sta. Bárbara de  Casa, Cabezas Rubias.

- Trigueros, Beas, Zalamea La Real, Aracena mendikatea, Aroche haitzak, Los Romeros, Aguafría, Aracena, Linares de la Soerra, Alájar, Peñas de Arias, Montno, Puerto de Adajar. Fuenteheridos.

- Castaño del Robledo, Jabugo, Amonaster La Real, Arroyo, Acebuches, veredas, Cortejana, Arocheko haitzak, Aroche, Encinasola, Cumbres de San Bartolomé, Cumbres de Enmedio, Cumbres Mayores, Hinojales, Cañaveral del Leon, Carboneras.

- EKIALDEA. Puerto Real, Calako mehatzeak, Cala, Santa Olalla de Cala, Zufre, Higueras de la Sierra, Mea esparrua, La Granada de Rio Tinto, Campofrío.

- La Dehesa, Cerro Colorado, Rio Tinto, Corta Atalaya, El Campillo, Zalamea La Real,Nerva.

 

 

HUELVA

 

Uztailaren  8a. Osteguna. 38.a – H:1.a

 

“Olerkiak”. Loramendi:

*  “Beti oi du ekaitzak irribarre-lorea”. Ez beti, ez denentzat.

 

Harrerako neskaren barretxoa, ateko gaztearen irribarrea eta azken txanponak utzi ditugun janari-dendako saltzailearen “Bon voyage” izan dira Portugalko azken agurra. Arrantzaleak arrantza tresneria gertatzen ari dira pita zuria luze kalean zabalduta, barku konpontzaileak oholak taxutzen.... Fuzetako azken irudia. Algarveko etxe zuriak,  Tavira ondoko zikoinen argindar posteetako habiak, eukalipto batzuk, mendia txara bihurtuz Iparrean harrera eman zigun sastraka, itsasgaineko lautada, padura… horiek dira gure azken irudi-flashak. Mugarago eta eremuago, mortuago, badirudi Portugalek  bere aurpegi idor eta tristeenarekin agurtu nahi gaituela.

Geldo joan arazi digu errepidean tarte batez bizikletan doan 90 urte edo gehiagoko agureak:  karabanarekin nahi nuke nik horrela 25 urte barru!!!.

Guadiana erdian, zubitzar gainean, bukatu zaigu Portugaleko abentura. Bidaia bera bukatu zaigun bizipena dugu, oraindik aurean 3 aste ditugun arren: Huelva eta Badajoz oso-osorik, Caceresko zati bat,  3 asteko ibilgu atsegina, falta bazaigu ere oraindik.

 

Muga zeharkatuaz bat errepide negargarri hondatua hasi zaigu, eta herrira hurreratuz txapelokerren kuartelarekin eta piperpotearekin egin dugu topo.

Espainiara sartzearekin bat hasi zaigu errepide-zoru zartatu, ez-leuna. Ez dugu berriro autobiarik ikusiko Tordesillasera arte. PSOEk ez du bozik jasotzen nonbait Extremaduran edo ez du autobia beharrik bozka diezaioten, eta PPk ez du dirurik gastatu nahi loriarik ematen ez dioten ekimenetan, Espainiako autobideak sozialisten ekimena  izanen baitira beti, edonork egiten dituela ere.

Sartu eta kilometrora, zapi gorriz ari dira zirkulazioa zuzendu eta mozten errepide-konpontzaileak: izugarrizko iritzi eskasa sortarazten du, hirugarren munduko gizarte batean  gaudela dirudi.

 

Lur gorriak eta olibondoek osatzen dute paisaia, olibadi trinkoak dira, ez Jaenen ikusi ohi diren olibondo ilara artezetako olibadiak. Pinua ere sarria da tarte batzuetan.

Zuri eta zabal ageri da Lepe. Lur horixka landua, gari-lurra dirudi. Berri-berria, zabala, da La Antillarako errepidea, baina zoru-azala zartatu zaio jadanik: Chaves-en lagunen batek egin du hemen negozioa, bidegintzan batzuk eta dirugintzan besteak, bidegintza da politiko askoren zeharkako negozioa. Euskal Herrian portugintza da oraingoz dirua ematen duena.

Parke naturala izendatu dute itsasertza, zorionez, dena da pinudi eta padura.

 

Istripu gertatu berri larri batekin egin dugu topo: anbulantzian zeramaten gizonezko nagusi bat, erabat hautsitako auto gainean zetzan gazte bat laguntasuna jasotzen, auto biak hauts egin da.

                       

La Antillatik gertu dago hartu dugun kanpina.  Ziri polita sartu digu kanpineko gidak: itsasotik 700 metrotara iragartzen du, hala dago egon padura zuzen-zuzen hegazkinez eginez, oso urruti gelditzen zaigu bidez, El Terron edo La Antillatik barrena;  mortu baten erdian, itsasoaren usainik ere gabe. Herri bat dirudi: 4 kale ditu, bakoitzari dagokion eremua zenbakiz izendatu eta berezitua, estalki luzeek geriza egiten dutela. Ia erabat beteta, uda guztirako etorritako familiez; ez dute antolamendu dotorerik baina etxebizitza bateko osagai guztiekin hornituta daude, telebista eta txakurra barne; ia denek dute telebista atariko toldopean edo toldopetik kanpo: iturrira edo edonora bidean programa ezberdinetako irudi eta ahotsak ikus-entzunez egiten duzu joan-etorria. Guk lortu dugu lurralde zabalera so jartzea gure mahai-leihoak. Haitz gainean, burua falta zaion haize-errota batek ematen dio arnasa paisaiari.

 

Ia ez dago eguneroko sartu-irtenik kanpaleku honetan, ez dator pasoko jenderik, ez da pausatzen gau baterako bezerorik; ez dago alemaniar edo holandarrik!!!, sinestezina badirudi ere. Aldi luzerako dator hona datorrena, uda edo opor pasa.

 

-Zer esan nahi du “ezkondua”?-, galdetu dio harrerako neskak bulego-kide bati. “Galdetu eurei” erantzun dio. Ondoren irribarrez argitu digu katalanez dagoela ordenagailuko programa eta ez dakiela garbi hitzaren esanahia. Huelvaraino heldu da Kataluniaren beso luzea.

 

La Antilla, itsasertzeko turista-herria, sortu eta hazi berria, hondartza luzea eta etxeteria berria hondartza gainean, udalekuaren ohiko osagaiez gain, hondartza eta eguzkia dira erakargarritasun bakarrak.

 

“Viva S.Fermin” aupada bota digu madrildar batek gure autoaren matrikulaz jabetzean.

 

El Terron. Itsasadar ertzean jaiotako arrantzale herria, txikia eta zuria, arrantza-ontziek ematen diote arrantzale jitea.

 

Pintada erraldoia Lepen alkatea salatuz  paduran portua egin nahi duelako, delitu ekologikoa leporatzen diote: Zumaiako arazo bera hemen ere. Seguruenik turismo-gune bilakatu nahi du herria, guti batzuen interesengatik herri osoa hondatuz. Turismoari buruzko eztabaida da sakonean gai hau, ia herriaren interesa den ala ez helburua, edo zer eta zein den herriaren interesa.

 

Lepe. Zutabe karratu, mailadi zabal eta gizairudiez taxututako plaza moderno bitxia du  Ekialdeko sarreran. Hilerriko ate-gainean egin du habia zikoinak.

 

Izugarri polita da Punta Umbriara arteko parajea

.

El Rompido. Uda-pasako herritxo petoa, paraje zoragarrian: itsasadar bihurtzen da ibaia duna eta harea artean, ontzitxo pila ainguratuta, buru zapaleko pinudiak, bukatzen ez den hondartza, baretasuna...

 

Gorriak daude errepide bazterrak, garbiak baina, garbitu egiten dituztelako garbiak: zakarrontzi pila dago errepide bazterrean eta gizakiak utzitako zarama pila jasotzen ari da gizakume koadrila ezten luzeez baliatuz; ez da emakumerik ageri garbiketa lanotan.

 

Nuevo Portil, turismorako sortutako herria.

 

El Portil.  Turista-herri hutsa gaur egun: etxetzar ilara, errepidea, txaletxo-saila eta hondartza; lau etxe ilara paralelok osatzen dute herria. Ozta-ozta utzi zaio herritarrari hondartzarako oinezko pasabidea.

 

Punta Umbria. Aurrekoaren antzerakoa, baino askoz erraldoiagoa. Ugariak dira aparkalekuak, autoz gainezka dago inguru dena.

 

Odiel padurak.  Igeltsuzkoak dirudite hegazti hankaluzeak, hankabakar gainean zut, uretan, geldi. Zubi luzeak zeharkatzen du padura hiribururaino, padura gain-gainean,  atsegina egiten dute erdiko argi-poste urdinek.

 

Huelva. Ez gatzaio erdiguneraino sartu, errebaleko kale artetik zeharkatzen du errepideak.

 

Portua eta ingurua: Ur-lautada ikaragarri zabala, padura dragatua, hustua, da segur aski. Ertzeko industria-gunea ere ikaragarria da erraldoitasunean, zabaleran eta kutsaduran. Birfindegi eta antzerakoak:  batek hauts eta ke gorrizka zabaltzen du inguru zabalean gorriz tindatuz lurra, ura eta likinak; zamaketa-moilak, moiletarako errepide bereziak, tutueria erraldoiak... Huelvaren aurpegi ezustekoa, ikusi gabe asmatuko ez genuena. Ontzi zamaketarako tren-moila gertatu zaigu bitxikeri: Rio Tintotik zetorren edo datorren trenbidea: ur gainean luzatzen da portu barru-barruraino burdinaren zamaketa trenetik ontzira zuzenean ahalbideratzeko; ez dirudi gaur egun erabiltzen denik, baina mehatzen monumentu harrigarria bilakatu da, oroigarri deigarria. Coloni Monumentoa portu ertzean, erraldoia, tutuz bildua dago garbiketa lanetan edo.

 

Portu ertzetik zein hiritik La Rabidarainoko errepidea ez da batere ederra, industria gune zatarra baizik; deigarria bai bada.

 

Tinto ibaia: zoru-gain konponketa lanetan ari dira zubi erdian, segurtasun neurri kaskarrekin lan egiten den sentipena uzten dizu,  hirugarren munduko baldintzetan lan egiten ari diren ustea.

 

La Rábida. Gune polita, edertua eta zaindua. Hispanitatea dario denari.  Colonen komentu xarmantak hainbat estilo ezberdin erakusten ditu; ate bitxia du sarreran; ez dugu barrenera egin. Aurreko zabaldian 4. mendeurrena ospatzeko zutabe garaia, azpialdea soilik du zizelatua. Colonen 3 karabelen bikiak edo errepikak ibai ertzean daude ikusgai diru truk. “Monumento a la fé descubridora, a los descubridores”, .... beste zenbait eraikuntza.

 

BI matrikuladun autoa; “kaixo, kaixo”. Euskaldunberriak dira andre-gizonak, euskara berreskuratzen ahalegintzen dira behintzat, egin egiten dute euskaraz, gogoz egin ere. Isil egon dira bi semeak.

 

Ura dago denean, itsasoak itsasadar bilakatzen du ibai oro.

 

Palos de la Frontera. Lehen solairuko herri koskortua. Pinzon, Colonen pilotuaren jaiotetxea dute erakusgai. Mudejar jiteko adreiluzko eliza bat izan zaigu deigarri, dorre puntazorrotzekoa da, Portugalekoak ez bezala.

 

Jadanik ikusi ditugu hainbat eliza-dorre puntazorrotz,  Aljaraque herrikoa bat.

 

Izugarria da hiri batek ezartzen duen morrontza: bai denboraz bai bidez, izugarri luze egiten da Huelva hiria inguratzea.

 

37 graduko hozberoa.

 

225 kilometro, padura eta itsasbazter ederretatik azkenak.

 

Auto nafar bat eta bizkaitar bat daude kanpinean.

Komun-zulora botatzen da hemen papera, ur-biltegia ez da Portugaleko txiki-zapala eta ez dago komun turkorik ere.

Telebista da Karabana atariko denbora-pasa nagusia gauean; kontu-kontari asko dago toldopeetan, berbaro ozenak hartzen du ingurua gauerdian, jendea hitz-aspertuan luzatzen da berandura arte gaugiro atseginean; Portugalen ez bezala.

 

“Oroituz”. Arretxe:

Bidaztiak nonbaiten dio ez dela Indiara monumentuak ikustera etorri. Ba gu, horretara ere bagatoz bidaiara. Ba dut bestelako galderei erantzuna, beste arazo bat da  erantzunoi nire bizitza egokitzea.

 

 

Uztailak 9.  Ostirala. 39.a - H:2.a

 

“Olerkiak”. Loramendi.:

*  “Ta ara nola gaurkoan norbaitzuk dabiltzan / nere uztarri leuna kentzeko asmotan”. Elizak ezarri zigun uztarria ez zen inola ere leuna. Eliza zen Jainkoa, Jainkoa zen ere herriko apaiza!.

 

Meloi saltzaileak errepide ertzean; meloi txikiak daude barreiatuta soroan zenbait lur sailetan, hori-hori, mastra galduta.

Ugari egiten omen du euria Huelva probintzian, elurrik ostera ez. Urez oparo dator ubide zabala, seguruenik mapan agertzen diren urtegi ugarietako batetik; beharko dute ura laranjadiok, ura hartzeko prestatuta daude: erreten sakonek banatzen dituzte laranjondo ilarak, laranjondo bakoitzaren ipurdia, aldiz, oso goraino lurrez beteta dago, ipurdi bakoitza tantaz-tantako ureztaketaz ureztatua; israeldarren asmamena delakoan nago tantaz-tantako ureztaketa sistema, leku beroetan uraz baliatzeko erarik burutsuena bezala.

Kilometrotako mertxikondo sailak.

Bi tren-makina hiri aurretxoko errepide-gurutzeko borobilgune zabalean: Rio Tintotik portura zetorren trenarenak seguruenik;  presente daude meatzeok Huelvan.

 

Huelva. Zaharra eta zaharkitua, graziarik gabekoa, ez du inolako xarmarik. Lurrikarak hondatu omen zuen erabat, Lisboako lurrikara sonatu hark berak, monumentuz zurtz utzi zuen. Inguruan ibiliz gero, etorri etortzen zara bisitan, baina ez du bertara propio bidaiarik merezi. Andaluziako hiri polit bat espero nuen, hiri industrial jitea erakusten du ordea. Ez genuen espero hain hiri xumea, ezta horrelako portu-gune eta industria-gune erraldoi kutsagarririk ere.

Erabat bortitza da portu inguruko paisaia. Gaur ikusitakoaz jabetu gara atzo uste izan genuen baino zabalagoa dela portualde industrializatua, arrunt gehiago direla birfindegi eta lantegi kutsatzaileak, petrolio biltegiak itsasertz izugarri zabala bereganatzen dutela, badela airea kiratsez eta ura apar zikinez kutsatzen duen zelulosa fabrika erraldoi bat. Erabat gorrituta dago Tinto ibai bazterreko hondarra, erabat gorri azaltzen da inguru dena itsasbeheran. Badirudi Andaluzian ere probintzia gizagaixoenari ezarri  nahi izan diotela beste hiri harroxko historikoek beraiengan nahi ez zuten zaborreria osoa. Beraz Huelva esplotatutako probintzia edo itsasbazterra da, “el coponcillo de todas las hostias” Nafarroan esan ohi den bezala.

Hirira itzuliz: Oinezkoen kale nagusia izugarri luzea da, bertara jotzen duten bizpahiru kalek osatzen du oinezkoen barrutia: nahiko arrunta da baina jende asko biltzen du. Museotik at, elizetan daude artelan gehienak, baina itxita daude ikusi beharreko hiru elizak: Katedrala, dotore itxura du, okre kolorez pintatuta dago; S.Pedro eliza, pintatuta dago ere azulejozko dorrea, leiho erromaniko bat eta bestelako aztarna eta zatiak ditu begiratzeko; Kontzesio eliza, Zurbaranen koadroak gordetzen omen ditu eta aulkiteria ere ikustekoa omen.

 

Eskale franko kale jendetsuetan.

Izozki izugarri gozoak eta zapore nahastutakoak egiten dituzte.

Azoka-txiki digantea portu ertzean: hiri osoan denda haina postu bertan. Tamainaz dira ezberdinak azoka-txikiak,  eskaintza  antzerakoa da denean .

 

Erbestean gaudenean ohi dugun sentipen berezia sortarazten didate Espainiako diru-txanponek zein gaztelera entzuteak: Portugaleko zantzuak dirau gugan oraindik, hilabetez hangoetara eginak, erabat arrotzak zaizkit Espainiako hizkuntza eta txanpona. Eta ez da hausnarketa politikoa egiten dugulako.

 

Aldatu egiten da paisaia Magazonera bidean, pinudi trinkoa osatzen dute dunek eta dunetako pinuek.

Hor behar du itsasoak ere, oso hur, baina dunek estaltzen digute.

 

Mazagon. Uda-herria, uda-herriaren osagaiekin. Garbia, argia eta gustagarria, hondartza luze ederra du, Huelvako portu-muturraren albora. Gune nagusitik aurrera, berriz, utzikeria eta zikinkeria nagusitzen zaizkio, hautsa eta hondakina; aparkaleku bihurtuta du etxaurre eta duna ertz oro.

 

Ona da errepidea, baina herriaren onbideari ala turismo-negozioari begira egina dago?: lotuta doaz helburu biak baina helburu nagusia zein?, errotik ezberdinak dira ondorioak. Turismoa helburu ez balitz utzikeria letorke. Turismoa herriaren onerako dela hori zurikeria da.

 

Amaierarik gabeko pinudia bilakatzen da bidea kilometroetan: mendia diruditen duna garaiak, pinu-mendi bihurtuta. Ez dirudi hazteko edo mardultzeko aukera handirik dutenik pinuok, nahiko mozkote eta meheak baitira. Aspergarria, joan eta joan, ez dago pinua beste ezer, eta geu soilik errepide zabalean. Jendeak botatako plastiko hondakinez zuri dager ingurua tarteka.

 

Matalacañas. Itsas ertzean, Doñana parke naturalaren alboan. Turismo-gune erraldoia, era orotako etxeterian oinarritutako antolamendu digantea. Errepidetik soilik ikusi dugu.

 

Halako batean, zabortegi antzerako hareatza batean bukatu zaigu errepidea.

 

Doñana parke naturaletik goaz, errepidetik, hegaztiak eta gainerako animaliak ikustea baztertu dugu.

Gorago eta soilago dago lurraldea, eukaliptoa agertu da baina ez du basorik osatzen, ilaretan dago lur landuen hesia bailitzan; lur landu itxura dute hondar-lur zuriok, baina lursail gehiena sastrakadi eta belar lehor landugabea da. Itsaso eta Guadalquivir aldera gerturatuz  padura izanen da  hemen hondarra den lurraldea.

 

El Rocio. Mendi edo baso baten babesean usten nuen, baina lautada batean dago. Elizaren alde batera, han urrutian itsaso edo ibairantz galtzen den padura izugarri zabala, itsasgoran itsasoa bera edo Guadalquivir ibaia bertaraino heltzen da nonbait: zikin planta izugarria du, berde likina du azala, lokaztu itxura denak, zaldi eta behi aldra larrean. Santutegi aurreko zabalgunea harea horia besterik ez da, non autoak sigi-saga egiten duen. Erromeria egunean, milaka erromes direnean bertan, zaldizkoak asko eta asko, ez du akaburik izanen hemengo hautsak, ezta lokatzak ere euri-eguna suertatzen bada. Herria zabaltzen da Santutegiaren beste aldera, eta Amabirjinaren inguruko negozioa, diru-iturri oparoa diruditen hotel eta bestelako osagaiak. Eliza aurrean betiko kinkila-dendak, pobreen negozio urriak. Dotorea, ederra eta polita ikusten da eliza, zuri-zuria, handikeriarik gabe. Eliza barrua, zuria, korua luzatzen zaio bi alboetan aurrera arte hiru nabe osatuz: zuritasuna da nagusi; presbiterio aurre osoa berriz urre-kolorea da, berez okrea denak ere urre antza hartzen baitu; Amabirjina dena da urre-zilar kolore. Amabirjinaren palioa, zilarrez brodatua, koruan dago, beheko begien ikusmiran.

 

Ez da bisitari elizkoirik nabari, ez dago inor errezoan, ikusmiran joandako erromes ukiturik gabeko bidaiari edo bisitariak gara denok, kanpoko zein bertako.

Irudi honek, eliza honek, inguru honek, izugarrizko jendetza iraultzeko indarra du, milaka jende astintzen du barru-barrutik zein azaletik, uholdeka dakar eta biltzen du jendea urtero.

Lastozko teilatudun jatetxe zuria, Europa Iparraldean ikusten diren teilatu zorrotz horietariko eraikina: bitxikeria, hemen ere polit eta bitxia.

 

Laranjadiak, olibadiak eta mahastiak, tarteka ekilore eta pikondo sailak, galsoroak tarteka, umel gunetan kanabera erruz, hori da Huelvara arteko paisaia. Aspaldiko eukalipto lerden sendoak azaltzen zaizkigu noizbehinka bide-gidari eta lagun.

 

Almonte. Galdu egiten zaio ia herri itxura, lur koloreko teilatuak nagusitzen zaizkio, zurbilagoa da etxeen zuritasuna.

 

Rociana del Condado. Aurrekoaren antzerakoa, lur kolorez kamuflatuta, egon ere ez bailego,  eliza-dorre lerden ederrak aldarrikatzen du han badela herri bat.

 

Liluratuta gauzka Hego-Huelva honek, lurzoru erabat landuak, gezurra baitirudi hondar zuri horietan ezer landu daitekeenik.

 

Lucena del Puerto. Lur barruko herritxo zuria, etxe baxuko luzea; kale batek zeharkatzen du alderik alde, trabeskako kale motxagoek osatzen dutela kale-zarea. Ez du ezer berezirik baina deigarria gertatzen zaigu. Zergatik jarri ote diote “puerto”  gehigarria Lucena izenari: Huelvako portua hur duelako,  nolabaiteko aldastxo batetan dagoelako, ala agian portuko itsasargia bertan zelako du izen hori?.

 

Cartaya. Gaztelu eta guztiko herri egina, baxua izanik zabala behar zuen eta da; bizpahiru eliza ditu.

 

217 kilometro, kale eta landetan.

 

Ilundu ondoren berbaroak, telebista hotsak, umeen jolas oihuek biltzen dute erabat ozen kanpaleku esparrua.

etiketak: Bidaiak 99, Huelva
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.