Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 98

BIDAIAK 98

Jon Etxabe 2020/09/21 09:13
BIDAIAK 98: HOLANA-ALEMANIA-DANIMARKA. Bidean

H O L A N D A - ALEMANIA_-  DANIMARKA

 

1998

 

Herrialdeak, hiriak eta herriak

- FRANTZIA. Bordele, Cognac, Saint, Niort, Poitiers, Loire, Tours, Orleans, Isle de France, Paris, PICARDIA, Saint Quentin, Cambrai.

- BELGIKA.

- HOLANDA. LINBURG. Monfort, Thorn, Weert, Grathen, Roermond, Teglen, Venlo.

- BRAVANTE. Eindoven, Evoluon, Maastricht, Margraten, Gulpen, Vijlen, Epen, Vaals,  Valkenburg, Heerlen, Brusun.

- GEDERLAN. Heumen, Hijhegen-Nimega.

- IPAR BRAVANTE. S. Hertogenbosch, Zalbommel.

- ARNHEN. Arhen, De Hoge Veluwe naturgunea, Veluwe basoa.

- OBERIJSSEL. Wezep, Zwoolen, Staphrst, Gietoorm, Steenwikk.

- FLEVOLAND. Zuizerdee, Urk, Kanpen, Leystad, Enkhuize, Deventer, Zutphen, Amerrsfort.

- IPAR BRAVANTE. BERGEN op Zoon, Halster, Thole.

- ZELANDA.  Vlissingen, Flesinga, Middelburg, Veere, Roosendaal, Etten-Leur, Breda, Alblasserdam, Kinderdijk, Dordrecht, Zierikzee, Willehstad.

- HEGO HOLANDA. Delf, Den Haag-Haga,

- Scheveningen, Vasenaar, Katwijk aan zee, Nordwijk aan zee.

- Rotterdan, Gouda, Leden.

- IPAR HOLANDA. Amsterdam, Loeden.

- UTRECH. Utrech

- Dugerdan, Uitdan, Marked, Monnickendan, Volendan, Edan, Hoorn, Alkmaar.

- IPAR ITSASOA.  Zandvoor, Ijmuden, Haarlen.   Purmerend.

- FRIESLAN-FRISIA.  Earnewald, Ondega, Nijega-Niyegen, Burgun-Bergun, Ee, Dokkun, Schutsluis, Skierhtunseach-Schiermonnikoog uhartea.

- GRONINGA-GRONINGEN. Snit-Sneek, Eegch-Heeg, Aldegea-Oudega, Hynlppen-Hindeloopen,Warkun-Workun, Makum, Boalsert-Bolsward. Leeuwarden.

- ALEMANIA: Bremen-Hamburgo-Kiel-Baltiko Itsasoa-Eckernförde-Schleswing.

- DANIMARKA.  JYLLAN-JUTLANDIA PENINTSULA. Kelstrup. AAbenraa, Klipev, Grasten, Als uhartea: Augustenborg, Sonderbog, Haderslev, Aller, Hejlispinde,  Fin uhartea, Chiztian-Feld, Skamligsbanker, Kolding, Kelestrup badia, Gram, Robe, Brons, Romo uhartea, Trosborg, Hogeltonder, Logunkloster,  Varde, Billum, Rom uhartea, Esbjerg.

- Vejle, Fredericia, Lisbjerg, Arhus, Djursland lurmuturra, Mols  lurmuturtxoa, Agri, Knebel, Ebeltoft, Hyllested, Rugard, Grenaa, Kattegat itsasartea, Hommed, Bonnerup Strand, Tustrup, Randers, Hammel, Scorup, Viborg, Silkeborg, Skanderborg, Horsen, Randers.

-  Holstebro, Sals, Ejsihg, Nissun Bredning, Herning, Ornhoj, Sund, Skive, Struer, Humlum.

- FYN-FIONIA UHARTEA. Middelfart, Blommenslyst, Odense, Arup, Gamborg, Sventrup, Middelfart, Skaastrup, Bogense, Sonders, Skamby, Bellinge, Glamsbjer, Assens, Bojden, Faaborg, Kaleko, Svendborg, Tasinge uhartea, Sio uhartetxoa, Langeland uhartea, Egezkov slot, Svindinge, Nyborg, Keterminde, Viby, Male, Ladby.

- SEELANDIA-SEELAND-ITSALURRA. IPARRALDEA.  Ringsted, Gandlose, Kopenhage-Kobenhavn,  Soskilde fiordoa, Arreso fiordoa, Roskilde, Selso, Ostby, Frederikssund, Frederiksvaerk, Ramiose, Annisse, Hillerod, Slangerup, Sund itsas-pasagunea, Helsingor, Esrun aintzira, Frendensborg gaztelua.

- HEGOA. Tappernoje, Fakse golkoa, St. Elmue, Rodvig, Fakse, Dalby, Haslev, Naestev.

- FALSTER UHARTEA, LOLLAND UHARTEA, Maribo, Bandholm, Kong Svend Hos, Jaettestuen, Nakskov, Rooby, Roobyhavn, Nykobing, Far irlatxoa, MON UHARTEA, Harboll, Koge, Dalby, Borup, Ringsted, Fjenneslev, Slaglille, Bjernede, Soro, Bjerget, Tisso anintzira, Kalunborg, kekselo uhartea, Sejero uhartea, Havnso, Slagelse, Korsor badia, Ugerloaje, Holbaek, Oro uhartea, Nykobing, Rorving.

- VENDSYSSEL. Norresundey, Aalborg, Lonstrup, Lokken, Hune, Fjerritslev, Frostrup, Tommerby.

- WENDSYSSEL. Voersaa, Saeby, Frederikshavun.

- HIMMERLAND. Aars, Logstor, Livo uhartea, Ronbierg, Trend, farso, Vestervole, Gedsted, Hobro, Mariager, Assens, Hadsun, Rold Skov, Stroving, Rebild, Volsted.

- VEDSYSSEL.Sulsted, Brindeslev, Frenderkshavn, Skagen, Grenen, Hirstshals.

- THY. Thay penintsulatxoa-

- SALLING LURMUTURRA. Lihme, Hjerk, Harre.

- MORS UHARTEA. Nykobing Mors.

-THY. Thisted.

- IPAR ITSASOA. Hansthol, Klitoller, Veterving.

- HYLHON PENINTSULA.

- Ferring, Torsminde, Stadil fiordoa, Ringobing, Sonderving, Hvidesande, Tarm.

- ALEMANIA. Scheswing, Flensburg, Kassel, Saarbruckeen, Kappeln, Eckernförde Kiel

- FRANTZIA

 

 

Apirilak 26. Igandea. 1.a - F:1

 

Bidean

 

Egunsentiarekin hurbildu gara garajera karabanan azken prestaketak egitera. Bidean ginen goizeko 7ak eta erdietan. Kilometro kontagailu nagusiak 25.423 zenbakia ageri du, bukaeran egindako kilometroak zenbatzeko beharrezkoa dugu gogoratzea. Bigarren kontagailua hutsean jartzen dugu: hartu behar dugun goizeroko ohitura eguneko ibilia neurtzeko, kilometroetan bederen, ibiliak neurketa ezberdinak baititu beti, kilometroena izan ohi da errazena.

 

Bidaia hasera guztietako lehen sentipen urduria: zer izango ote!. Ez nederlandera ez danieraz dakigu hitzik, bidaiatzeko umorearekin soilik babestuta atera gara errepidera bi hilabetetarako. Iazko eta aurreko bidaietako gozoak bilduta bezala laster ginen izan  patxada osoan errepidean aurrera, bertan behera desegin da haserako urduritasuna.

 

Luze joan zaigu ordainketa muga aurreko gasolindegian erregaia hartzerakoan: txartel-gailuak ez omen zuen "tonurik": Europako ekonomia sarean sartzear dauden Euskal Herriko eta Espainiako teknologia aurreratua!.

Mugan ez dago poliziaik baina muga hor dago, Euskal Herria barnean gainera, lurraldea eta herria bitan banatuz, ugari ditugun bestelako banaketez gain.

 

Hegoaren parekoa ikusten dugu Iparraldea, garai batean ezberdinago nekusan, gaur egun pinurik eza litzaiguke desberdintasun nagusia. Badirudi itxuraz eta agerikoz txukundu dugula zerbait Hegoa. Herri bakoitzak bere baliabide eta erakusgarrien aldarrikapena egiten du errepide bazterrean, autobidetik herrira desbideratzeko eskatuz bezala: Frantzia osoko ohitura edo kultura, bisitariak erakartzeko amua bidaiariontzat herri ezberdinen berri jasotzeko era bat. Turismoari lotutako herria baita Frantzia, halaber bere baitako euskal zatia.

Tristura giroz bildurik, lainopean, egin digu agur Euskal Herriak, goibel eta lanbropean hartu gaitu Frantziak.

 

 

FRANTZIA

 

Bordele.

Inguru zabalean mezuak ereinaz lainope-beruna zulatzen duen  antena-orratza, mahastiak, zuhaitzak, lur landu ilunak, teilatu gorriak, makal luze bertikalak lurralde lauan, larrean ia behirik ageri ez den belar-sail izugarriak, zenbait behi makal kolorgetu bakanak tarteka landetxe itxurako eraikinik gabeko inguruan…

 

Cognac, mahastiak.

 

Zerua beltz, errepidea gurpilek harrotutako urez lainopean. Landetxe arre arrunt ilunak. Sail zabaletan koltza horia brist gari-sailen berdetasuna etenaz. Erditik zeharkatzen du basoa errepideak, hariztia dugu alde batetik, hariztia bestetik: animalien hainbat familia erabat banatuta geldituko zen errepidea ebakitzerakoan, errepidea zaie muga gaindiezin; hainbatek ere galduko du bizia delako muga zeharkatze ahaleginean. Berehalako erosotasunari edo irabaziari soilik begiratzen dio gizakiak, naturaren zati dela jabetu gabe, naturari erasotzean bere ongizateari erasotzen diola konturatu gabe.

 

Saintes.  Monasterioa iragartzen du, baina nik erromatarren eraiki ikusgarriengatik dut gogoan eta gogoko.

 

Lur gorrizka ilunak: berez ilunak ala mendeetako simaurketengatik ilunduak?.

Bordeletik gorantz ez da kamioi bakar bat ikusten errepidean: igandeko lanik eza ala ibiltzeko debekua?. Karabana asko dabil ostera: atzea dantzatuz dabiltzan gu bezalako jubilatu ibiltariak ala asteburuko jaizaleak ote?.

 

Niort.  Koltzaren horitasunak ematen dio bizitasuna berdegune zabalari.

 

Ateri eta lehor. Letrero handia eraikin erromanikoa iragarriz, letreroari jarraiki, errepidetik ikusgai, hiru monumentu eder, eraiki berriaren jitea dute, hain daude garbiak!, ilun-grazia  hori falta zaie, formetan soilik dute antzinakotasuna: iragarritako monumentuetara erakartzeko amu goxoa ote  argitasun hori, ala egitura da xarma dariona?. 

 

Zeru-marrarainoko lautada zabala Niortik Poitiersera bitartean, koltzak biltzen du lurra jantzi hori batez bezala. Herri zapal baxu ilunak, teilak ere gorri ilun kolorgeak, harri grisez jasotako etxetxoak, harlandu bloke astuna zirudien herri sendoa, lixibatutako bigarren behi makal taldetxoa, geroxeago behi gorriak, behi gehiago Poitiersera hurreratzean...

 

Ez dira ondo heziak  frantziar denak: komuna bertan izan arren berdegune erdian egin du pisa gure alboan bazkaldu duen batek.

 

Poitiers. Bizi gordetzen ditugu burmuinean oraindik iazko irudiak, hirikoak, lurraldekoak, eta Futurescopekoak. Zirko erraldoi horretako eraikuntza bereziak, esfera, prismak… ditugu ikuskizun errepidetik gaur,  barnean baikeunden begiratzen diegu errepidetik.

 

Sekulako artaburu pila burdina-hari sareko aletegi garaian, soro erdian. Normandiako etxeak gogoratzen dizkidan antzinako etxaldea: behe solairua besterik ez, teilatu pikoa, harrizkoa, iluna... petoa.

 

Loire. Gazteluak iragartzen dituzte errepidean: nola ez Loira inguruan!.

 

Bereziak dira bailarako, herrietako, etxeak; ezer bestelakorik ez, baina grazia dute; teilatu pikeko etxeak hauek ere, ez da nonbait elur eta euri faltarik neguan; agian teilatuak harrizkoak zireneko kultura, pikoak behar zuten ura azkar irrista zedin itoginik egin gabe. Nortasuna du lurralde honetako etxegintzak. Etxebizitza eta korta horma batez elkar lotutako nekazal etxeak; etxarte itxia geratzen zaie tartean: lapurretak ekiditeko ala abelburuak ihes egin ez dezaten ote?. Zubi garaiak gainzeharkatzen du noizbehinka erreka-zuloa; zuloan, herritxoak.

 

Tours. Izugarrizko etxe-orratz eta etxe koadro erraldoiak katedraleko dorre eta hiriko etxe dotoreengatik desberdinduz.

 

Arbelezko teilatu pikeko etxe solte politak, antzinako etxeak, agian ez dotoreak, garaiko ohizkoak baizik, baina jite eta egitura bere-berekoak, etxekera petoa erakutsiz, gaurkoengandik arras ezberdina.

 

Hariztia zeharkatzen du autobideak, naturari jarri zaion muga. Bi biltegi berezi, etxetxo garai estuak bailitzaz. Etxeek bere nortasuna dute: ilunak, teila gorri-ilun eta teilatu pikokoak. Landetxeek teilape antzeko latorrizko estalkidun eraiki xume baina zabala dute alboan: agian korta.  Behi asko larrean. Otadiak eta sastrakak errepide alboetan: ezti usai nabarmenak biltzen du kotxe bidaiaria bera ere.

 

Orleans. Gaztelu asko iragartzen da: ahalmen handiko lurraldea izan zen nonbait, kokapen estrategikoaz gain aberastasun handikoa: zerbaitegatik ahalegindu zen Ark-eko Joana bere erregearentzat eskuratzen.

 

Perretxiko jaioberri ilunak, ontxo jaioberriak ematen dute etxeek gari-sailetan: txikiak, ilunak, lur gaineko solairukoak, elkarrengandik hurbil baina banatuta daude herria osatzen duten etxeok

Lurralde orotan beti daude presente argindarren burdinazko dorretzarrak eta hariteria, etenik gabeko luzean; herri eta herrialde oro lotzen duen zilborrestea, bizitza emanez baina aldi berean herioren aitzindari naturari eginiko erasoan oinarritzen delako. Orleans ondorengo bi tximinia beldurgarri handiak lekuko: zentral nuklear batenak behar dute, diruaren katedralaren dorreak; osatua du batek izugarrizko laino zuria, bestea bete-betean ari da lainoa gorantz zabaltzen zezen plaza baten adinako ahotik.

 

Ile de France.

Haize errota batek poztasuntxoa ematen die begiei zelai erditik; alegrantzia damaio bidaiariari gaztelutxo luzexka estilizatuak triangelu erako teilatu eta dorretxo konikoekin: Walt Disneyren ipuinetako marrazki baterako aukerakoa.

 

Erruz dabil autoa, igande arratsaldea eta "la rantrè" izaki. Paristik hurbil autobideak lau bide ditu norabide bakoitzean.

Abiadura bizkorreko bi tren gurutzatu zaizkigu. Presaka dabil kotxe oro ere hemen, biziki ibiltzera bultzatuz besteok ere: bere berezko legeak ezartzen baitu autobideak, letreroek besterik badiote ere

"Katedralen geziak" edo antzerako izeneko kristalezko eskultura dago ondo iragarrita, oso bistara iragarrita: prisma luze puntazorrotz piloa, norabide guztietara zuzenduak, kirikinoaren eztenak bezala.

Frantziako autobidetan, tarte egoki eta jakinetan, alboko segurtasun marra zuriek erakusten diote gidariari zein den aurrekoarekiko tarte arriskutsua eta ziurra. Ekimen interesgarria segurtasunerako, merkeagoa ere istripuak baino. Bizia benetan hain balio nagusia balitz, demokraten errepide orotan jarri beharko litzake ohar bera, tartea gordearazi buruzko beste hainbat balizko neurriren artean. Baina merkeak dira politikoentzat errepidean galdutako biziak.

 

Paris. Amaraun trinkoa da errepide sarea: norabidea garbi eduki, irakurtzen jakin eta tenplea dira behar diren baldintzak: onik atera gara gaurkoan. Txindurriak dirudigu autoek, ilara etengabean errepide beltzean.

 

Eta horrenbestez lo egitera geratu gara, Paris atzean utzi ondoko berehalakoan, kamioi-arte bateko gaupasarako babesean, horrelakoetan ohi dugunez.

 

12 ordu, 941 kilometro, helburutik hurbilago.

 

 

Apirilaren 27a. Astelehena. 2.a- H:1.a

 

Ehunka kamioik du atsedenlekua gasolindegian, beti dago betea, etenbakoa da sartu irtena. Etengabeko burrundara zen gaueko hotsa, baina esnatuz gero, logura ere ematen zuen motor hotsak.

Euritsua esnatu zaigu goiza: eurizirin umela, pegakor tristea.

Ugari dabil kamioia gaur, Calaisera bidean batez ere; ia bakarrik gelditu gara errepidean Belgikara hartu dugunean.

 

Zabalak dira Frantziako ibaiak; lasaitasuna eta patxada sortarazten du ibai zabalak, lohia badoa ere. Baso kaskoak, berdeguneak, lur landuak... paisaia atsegina: Ingalaterrako Erdi Aroko jauntxoen pelikula haietako giroa gogarazten du. Atzo Niort aurretik bezala, sarriak dira gaur ere urmael eta aintzira txikiak.

Bere gaztelu jauretxe edo eliza iragartzen jarraitzen du herri bakoitzak errepide bazterrean

Euria, egun beltza.

Autobidea, trenbidea eta argindar poste ilara paraleloan goaz bailara zabala erdibituz. Bizitza aztarnarik erakusten ez duten tximinia luzeak, garai bateko ekonomiaren erlikiak  edo hondakinak: industria izan zen hemen.

Bitxia da nola lurralde bakoitzak argindar dorre ezberdinak jartzen dituen zeregin berdina betetzeko: arkitektoak, ingeniariak, konpainiak, ekonomiak edo negozioak, zerk erabakitzen du ezberdintasun hori, zerk erabakitzen ze poste modu erabili. Argindar posteen egitura ikerketa ere egitekoa litzake; batez ere ekonomia eta teknika aldetik dago egina seguruenik. Injinerutzan ala burdingintzan sartzen ote gaia?. Baina badu arte ikuspuntutik ere zerikusia, kokatuta dagoen lurraldea zein bere estetika propioa kontutan hartuz gero.

 

PIKARDIA

Alproja izena du lurralde honek.

Urriagoa da basoa hemen, baita zelaia ere. Lurlandu arrea  da nagusi, koltza berriz hori argia, goiz ilunean ere. Baso-kasko batzuk eta zenbait makal lurraldean barreiatuak dira zuhaitz bakarrak. Garia da uzta  bakarra. Tarteka lur goldatu iluna, koltzarik ere ez orain lur zabaletan. Iparreko etxe ilun teilatu pikekoak. Elizetako dorre gehienak prisma luze zorrotzak, ortogonalak asko. 

 

Izugarria da kamioien kopurua eta bakoitzaren tamaina. Atsedenleku oro dago kamioiez lepo, errepidea bera ere, gasolindegiak nola ez: Mendebalean kamioiez egiten da garraiogintza dena, Errusia eta Ekialdean ordez trenez, garai batean bederen. Kamioilariak azken pioiak besterik ez dira kamioiaren jabe badira ere: kamioigintza, errepidegintza, petrolio konpainiak... hor dago garraiabidea erabakitzearen gakoa. Kamioilaria langile autonomoa denez gainera, ekonomia buruek ez dute langileez arduratu beharrik, ez seguru eta ez inolako demontreez, langile bakoitza arduratu behar baita bere etorkizunaz. Kamioiek babesa ematen digute beraien artean lo egitera gelditzen garenean, baina errepidean errespetua eta itomena sortarazten digute.

 

Saint-Quentin. Eliza iragartzen du baina guri ez zaigu ezaguna elizagatik, guk txikitako eskolatik dugu ezaguna izen bereko bataila bat zela eta. Espainiako Felipe erregeren bat zen tarteko, bataila irabazi zuelakoan nago baina ez nago ziur, urruti gelditzen baitzaigu denboraz eta interesgunez. Gerra-gunea da lurralde hau nonbait, zeren "Sommeko batailaren gunea" bezala iragartzen baitute: gure gizartean, laidogarri ordez ohorezkoa da zerbait gerra-toki izatea. Gizarte muineraino bortitza da gurea.

 

Gurutzatu egin dugu abiadura handiko tren bat, aurreratu egin gaitu beste batek, mutur luzeekin ziztu bizian biak: Ardantzaren trena, gustukoak ditu Euskal Herrirako, nahiz lurraldea zatitu, hondatu eta banatu; aurrerapena eta ekonomia omen dira: agian, baina norentzat?. Hiriburuak elkartzen ditu, baina ez herriak, negozio-gizon eta politikoen garraiagailua da, ez herriarena. Denok dakigu zeinen zerbitzaria den Ardantza. Euskaldun denon lehendakari, aberatsen zerbitzutan, bera ere aberasteko agian.

Bide hirukoitzekoa da norabide bakoitzean Calais Ingalaterrako itsas aurrera doan autobidea, bide bikoitzekoa Bruselarakoa, ez bestea bezain zaindua: ekonomiak agintzen du errepidegintzan ere.

Belak ditugu errepideko bidelagun hurkoak edonon.

 

Cambrai.  Ikuspegi bitxia erakusten du urrutitik begiratuz: dena da teilateria gorria, tarteka zuhaitz berdeak eta dorre zuri lirain deigarria; lehen solairu soileko etxebizitzak izanik mota berdeko teilatua besterik ez zaie ikusten, xafla gorri bat mota berdeekin; adreiluzkoak etxeak.

Inguruko herri oro da antzerakoa: teilatu pikeko etxe soltez osatuak, zuhaitz berdeak tartean, eliza-dorre punta zorrotza da osagai bertikal bakarra.  Gordeta bezala daude herriok, ezkutatuta, lotsati, ageri nahi ezta baileude.

Gaztelu edo jauregiren bat gordetzen du: horma batez gordetako basoa, ate potxoloa duen izugarriko adreiluzko sarrera,  dorretxo eta bitxikeriez dotoretua,  bitxi-bitxia, jadanik nahiko zimeldua dirudien arren.

 

Zerumarrarainoko lautada antzematen da lainoak muga jartzen badio ere. Hau omen "Landa zabal frantsesa". 

Ardiak eta zaldiak elkarren konpainian larratzen dira zelai batean; ardiak ez dira gureetako latxak, ile sendo trinkokoak baizik; hemen ere Pazkoetan ez dituzte bildots denak jaten.

Hegaberak lur goldatu batetan zizare eta zomorro bila.

Tximinia erraldoi kutsakor bikotea berriz ere: batak izugarrizko laino zuria pilatu du bere aho erraldoitik botatzen duen ahokada zuriz.

Ubide edo garraio-ontzi ibaia, ontzi aztarrenik ageri ez bada ere; ibaiak ukitu berezia ematen dio beti inguruari, atsegina zait ontzien ibilbide den ibaia, gozatu egiten dut garraio-ontziekin zein gabarra erraldoiekin.

Ez dugu inor ikusi ere egiten. Nekazariak direlako biztanleak?. Zaharrak direlako?. Herri hazietara deserriratu direlako?. Herri txukun hauetan eroso bizi ote?. Lurralde idiliko hauetan alaia ote izana ere?. Zoriontsua ote bizitza inguru polit honetan?.

Hara non NA matrikuladun autoa ia Belgikako mugan: kotxe zaharra matrikulaz, baina joanez bizkorra.

Eta honenbestez bukatu zaigu Frantzia 190 kilometro inguru ondoren. Bi hilabete barrura arte!.

 

BELGIKA

 

Mugan bertan, atea irudikatuz-edo 20 metrotik gorako eskultura garai estilizatu txankamehea. Ez dago itxurarako poliziarik ere, txabolategia hondatu plantako zaharra, erdi utzia, kolorgetua, baina hor dago egon, abiadura geldiarazi egiten dizu zer gertatu ere. Kendu omen, baina mugek nolabait diraute.

 

Muga zeharkatu ondorengo atseden-gunean autobuskada bidaiari dago gosaltzen, ogitartekoa eta zurrutada, eguraldiari aurre egitekotan edo: herri xumearen edonongo ohitura, jarduna eta atsegina; jatea eta edatea, nondik dagoenean, edonongo herriaren legea, dastamena behintzat ezin digute kendu, apetitua ere ez, jana da sarri kentzen digutena; janari gozoak dira sarriago kentzen dizkigutenak,  garestituz.

 

Zabaleran zeharkatuko dugu Belgika,  Maastricht-eraino.

Autobidea; gauza bat du ona, doakoa izatea; argiak ditu tarteka alboetan baina batez ere bi norabideak banatzen dituen erdiko zingladan, bukaerarik ikusten ez diogun eta Liejako mugaraino ikusiko ez diogun zementuzko poste garai ilaran kokatutako argiak. Iragarkiek diotenez ziklistentzakoak dira ertzak edo autobideko arraia zuritik kanpoko zatiak, ez zainduak, ez garbiak, dauden arren; Frantziakoak berriz larrialdietarako gordeak daude, erabilpen mugatu hori dute; txirrindulari bat bera ere ez dugu ikusi, gaurko eguraldiarekin harritzekoa ez bada ere. Zoruak kamioi gurpilek sortutako erretenak ditu; Lieja aldean iragarri egiten dituzte kontuz gidatzeko gomendatuz. Ez dago segurtasun tartea neurtuzko marra zuririk. Hesi eta zuhaitz trinkoz mugatuta dago autobidea; inguruko lurraldeko ezer guti ikus dezakegu,   soilgunetan ez bada. Bada atseden-leku egoki eta jatorrik, Frantziakoak adinakoak ez badira ere; hemengoak ez dira gasolindegi zerbitzuz osatutakoak. Egon ez dago ia gasolindegirik ere, daudenak gasolindegi soilak dira, ez dute bestelako inolako zerbitzurik, dendaren bat ez bada, inguruak zabala dirudien arren. Agian gureetan bezala autobideko bidaiariak ez darama bidaia luzerik, beraz, geratu beharrik ere ez du. Doakoa izanik ezin eskatu zerbitzu oparorik, baina kudeatze publikoa edo zerbitzu publikoa gutxienez pribatua bezain ona izan beharko luke segurtasunean, tratuan eta zerbitzutan.

Aurkitu dugu Liejatik gertu segurtasun tartea aholkatzen duen marra: errepide erdian daude marrok. Zenbakiz soilik iragarrita daude autobideko irteerak, klarki, zenbaki handiz eta oso aurrez.

 

Laino erabat beltz baten azpitik pasa gara hasteko, ondoren sarriak izan ditugu zaparradak, Ur-errezel baten atzean joatea lakotxea da kotxe eta kamioen ostea: gurpilek Frantzian baino ur gehiago harrotzen dute, agian galipot oreak gutxiago xurgatzen duelako. Noizbehinka eguzki argia bizitu egiten da, baina eguzkia aurrez dugunez errepide  zorua ispilu bihurtzen zaigu marra zuririk ere ezin dugula bereiztu: tarteka oso arriskutsua bilakatu zaigu errepidea eta gidaritza. Kontuz gidatzeko iragarpen pila dago, egon ere benetan kontuz ibiltzeko bezalako giroa dugu gaur.

 

Lurralde erabat ezberdina da: landugabea, belarra ebaki gabeko hazia, behiak aldraka zelaietan, zaldiak… zaindu gabeko lurrak dirudite; Etxarriko “partzelaria”ren antza du. Lieja aldeko lurraldea, bai, lur landua da, ez da belardia, gari-soroa da nagusi, garia da ia uzta bakarra. Herri pobrearen itxura du: burges dotorezia hori behintzat ez da nabarmen, giza dotorezia dute agian, elkarrekiko portaeran nabarmentzen dena. Herritxo bat ikusi ahal izan dugu zubigain batetik: Iparraldeko betiko etxetxo gorri ilun polit solteen antzekoak. Errepide hesia zabaltzen eta giroa argitzen zaigunean lurralde zabala erakusten digu ikuspegiak, zerumarraraino laua, gaur ia zerurik ez badago ere, lainoa hasten deneino behintzat laua da. Etxe baxuak, solairu batekoak, teilatu pikeak, teilazko gorri ilunak zein arbelezkoak teilatuak.

 

Belgikak ere badu bere tximinia erraldoi kutsakorra: norbaitek esportatu zuen argindar teknika hau. Zikinak daude errepide bazterrak, edonon baina batez ere atseden-leku inguruetan: pobreak zergatik izan behar dugu zikinak; garbia izateko ere adorea behar da eta ozta-ozta bizi denari adore gutxi gelditzen zaio, nahikoa du biziraupenaz; aberatsak ere ez dira garbiak, nork garbitu ordaintzeko dirua dute, hor datza aldea; bada errepide alboetan sarri errepikatzen den iragarkia: zakarrontzira zikinak botatzea eskertzen du: bazterrak zikinak daudelako ote ala zakarrontziak jarri berri ondorengo propaganda; badirudi, Euskal Herrian bezala, berria dela hemen ere zakarrontzien kultura.

Aspaldiko adreiluzko lantegi zaharra: oso erakargarriak gelditzen dira gaurko uralitazko eraikiekin alderatuta: eraikuntza sendoak ziren, ganorazkoak, langileen esplotazioa berriz gaurko berdina edo ankerragoa, langileek ez baitzuten indarrik eta borroka tresnarik, gaurkoek bezala, gaurko sindikatu zenbaitek norabidea desbideratu badu ere.

Ubide, putzu, laku eta ur-azpiegitura ageri da hego-mendebal aldera, lurralde lehorra da nonbait udaldean Europako goialdean egon arren. Larrera edo behira jarrita dago nekazaria; behi asko da nonahi, haragira jarrita ote? Izanen dira industriguneak nonbaiten: ezer gutxi dakigu langile belgikarrari buruz!.

 

Hain ilun jarri zaigu eguna, non errepideko argiak piztu egin dira, argirik ezak edo ilunak eragin diolako nonbait zelula fotoelektrikoari. Hainbesterainokoa zen lainope beltza.

 

Ondo, argi eta sarri iragartzen dute Belgikako errepidean polizia habia edo kuartela non dagoen eta non aurkitu; presente dago polizia, poliziarik ikusi ez badugu ere. Ejertzitorik ere ez dugu aurkitu, ez atzo Frantzian, ez gaur Belgikan. Alemanian, Txekian, Slovakian... berriz ....

 

Atseden-leku batean gelditu gara. Txukunak daude komunak, baina gizonezkoenek ur faltan daude eta kiratsa darie; emakumezkoenak garbiak ei. Gizonezko bat preso gelditu da komunean ateak heldulekua hautsia baitzuen; aupadaka eta atejoka zegoela M.Luisak erreskatatu du. GeBoa zen, ingelesa.

Burdinazko kartola garaiak dituzte kamioek; zatarrak baina sendoak dira kamioiok.

 

Belgika oro ez baita laua, bide-zubitik ikusten dugu noizbehinka bailararen bat, herritxo politak dager zulogune berdean mendiek bilduta, Maitagarrien ipuinetako herritxoak.

Zezenketa iragartzen dute Liejan zenbait monumentuekin batera: gora heriotza eta tortura, nahiz animaliena.

Mosa ibai zabala Belgikako zeharkaldia bukatzeko. Zama-ontzia edo garraio-ontzia ikusi dut aparrez zuri branka: gozamena zait ibaiko garraioa. Bete betea dator ibaia. Ederrak dira etxeak Belgika aldean, zainduak, ez pobreenak. Dorre politeko eliza eder bat polita dirudien herri batetan.

 

Belgikan bai izan dugula sobera gaudenaren sentipena, gazteleraz "de prestado" esan ohi dena. Hemen bai bizia dela pasoko hegaztiak garen bizipena, zeharkatu besterik ez baitugu egin lurralde hau. Hala egin dugu Frantzia ere, baina han ez gara horrela sentitu,  agian maizago egon ohi garelako, bertan pausatu izan garelako sarri eta luzaro. Belgikan berriz pasoko hegaztiak gara soilik. Bidaia bera astuna izan da, eguraldi aldetik ere. Agian Holandan zegoen jadanik gure gogo nekatua, lehenbailehen egon nahi zuen han behintzat. Gaur Belgika zirrikitu batetik ikustera ere ez gara heldu: bizpahiru urte barru itzuliko gara bertara lasai egonez  lurraldea hurbilagotik ezagutzera. Ezkorregia nago agian Belgikari buruz, gaitzespen larregi egiten dut, baina zer eginen dut, horrela ikusi badut!. Baina etorriko gara bai Belgikara.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.