BIDAIAK 97
HEGO BOHEMIA
Bere-bereari eutsi dion natu-gunea dirudi paraje guzti honek. Orriak galdu ondorengo buru borobilez karduek zeharo zuritutako zelaietan eta izei iluneko basoak zeharkatuz doa gaurko bidaia ere; bakardade osoan, errepide nagusitik atera ezkero ez baitabil ia autorik: gozamena da paraje hauetan inorako presarik gabe gidatzea, Saturraranen Iparramerikar Enbaxadako dokumentaletan inbidiaz, ia harriduraz, ikusten genituen bidaia fantastiko haietakoa da gaurko hau.
Lakua noiznahi eta nonahi, ez laku txikiak gainera.
Haritz asko dago, baina ez Sakanako enbor sendorik, ez dute zerikusirik haiekin.
Maiatza: Hego Bohemia osoko ohitura da; Alemaniaren eraginez ote?.
Txoriak uxatzeko txabolatxoak ere Hego Bohemia osokoak dira, baita errepide alboko hesola eta taula pilatuak ere aldats-gunetan, neguko irrista-guneetan: elur lekua nonbait.
Haritza jaiotzen da izeidietan: ez ote Gipuzkoan eta Bizkaian bezala hariztia eta pagadia zela lehen bertako basoa hemen ere, eta ondoren birlandatua dela izeia, etekin bizkorragoa atera ahal izateko basoari.
Konboi militarra, hemen eta gaur ere: aurrean dugu beti heriotza eta indarkeria, batez ere zer galdua dutenen zaintzan, dena galduta dutenen bizkar.
Ez da Mendebaldeko izen ezaguneko gasolindegirik ikusten, AGIP edo SHEEL bakarren bat ez bada. Agian Espainian bezala bertako gasolindegietan sartu dute muturra multinazionalek, izenik aldatu gabe jabegoa eta etekina eskuratuz.
Nova Bystrice. Herri hasia: bere zutabea du plazan.
Gereziondo ilara errepidearen hesi edo muga bezala pare bat kilometrotan: ale arrastorik ere ez dute oraindik.
Bigarren konboi militarra Slavonice aurretxoan: nonahikoak kakiok, kakia baita heriotza aktibo eta ofizialaren kolorea. Eltxoak laku ertzean baino errimeagoak dira kamioi militarrak Bohemian.
Ohiturak eta pentsaerak eginen du herri bat ezberdin, baina lurralde fisikoak eragiten du ohitura eta pentsaeran.
Moravia, bertan dugu edo bertan gara: paisaia fisikoa ez da ezertan aldatu, ez lurraldearen fisonomian ezta herriarenean ere; sarriagoak dira agian errepide ertzeko zutabe erlijiosoak eta noizbehinkako kaperak.
Eliza ere presente dago. Komunismoak ez zion kendu elizari bere presentzia, pribilejioak eta horiekin botere zati bat baizik, horregatik ziren elizgizonak hain haserre: eliza behin ere ez delako izan erakunde herritar soila, ezta elizgizonak herritar soilak ere. Boterearen atal indartsua baizik.
Slavonice. Gidaliburuak ez du interesgarritzat jotzen, bai ordea zonaldeko mapak. Gaur ez dabil turistarik, ezta herritar askorik ere, baina austriarren bisita-gunea omen, bertan baitago muga. Herri polita, Erdi Aroko herri petoa. Bere horretan utzia plaza ezik, dirua behar baita herria berritzeko eta urteen epea konpontzeko. Plaza: errenazentista, ederra eta potxoloa; arkupea du etxe askok: halako zirrara sortarazi digu bertara jo dugunean; atzo Prachaticekoak bezala esgrafiatu teknikaz dotoretuak ditu fatxadak, hori litzake ezaugarri nagusia, guretzat bitxikeria: zarpeatuzko masa bera lantzen dute, bigunean, erliebez marraztuz irudi eta apaindurak, ondoren zuri pintatzen dira irudi eta apaindurok, azpikoa berriz ilun. Badu kale bat ere esgrafiaz dotoretutako etxez osatua.
Tximinia baten goiko ahoan egin zuen nonbait habia zikoina batek, orain ahotik metro eta erdira jarri diote habia haga baten gainean, horrela tximiniari aterpea egiten dio eta habiak epelean irauten du; ez dakiguna da zikoinak nola jasaten duen kutsadura, epeltasuna izanen du gutxienez.
Ba zen herrian bazkaltzera-edo geratu den folklore talde bat, bere jantzi bereziez berezia.
Oso sinple bizi den herria dela iritzia dugu, baina bizitzeko funtsezkoena badutela dirudi. Zoriontsu ote dira bere bizimolde xumean ala inbidiaz bizi ote mendebaleko beste herri batzuei begira?: hor dago gakoa. Erosleen merkatua hedatu behar duenean Mendebalak sartuko dizkie begietatik ere kontsumo-gaiak, bizipoza bera ere desorekatuz. Agian oraingoz hasi dira kapitalismoaren eta neoliberalismoaren ondorenak pairatzen, zuten ona galduz, lana eta oinarrizko baliabideak alegia; agian hainbat hasi da tentagarri duen erosgaiak ezin erosiz sufritzen.
Dacide. Onez dagoen herri hasiak dorretzar berezia erakusten dio pasoko bidaiariari, baita zerbait dela uste duen herri koskortu orok erakutsi ohi dituen osagarriak ere: zutabe handia eta tamainako iturria behintzat, lorategia den errepide alboko plazan.
Ijito jitea du zenbait jendek: ezin diogu igarri hemen ere nor den jatorriz bertakoa, nor etorkina.
Andre-gizon heldu bikotea ari zen aitzurrez soroa ez den baina baratza baino ere handiagoa den lursaila lantzen, bere lur propioa agian, ortuariak plazara eraman ahal izateko aukera sosa batzuk eskuratuz.
Gurpil gainean, txoriak uxatzeko txabolatxo mugikorra: nekazari injineru baten asmakizuna.
Telc. Etxe solte baxuko herria zabala hedatzen da erdigune edo zaharraren inguruko uretatik at; kanporago oraindik etxe-koadro arrunt berriak, lau solairuko ez tzarregiak. Zubiak igarobide, laku baten urez inguratuta dago herri turistikoa, herri zaharra. Austriako jubilatu autobuskadak datoz: denda asko dago, beraz. Nahiz kanpotik apal itxura izan, fatxadak errespetatzean du herriak bere grazia. Ez dago taberna, jatetxe, kafetegi girorik: etorri eta joaneko bisitariak gara denok nonbait. Ugaria da dendatxo eta saltzaile ibildauna: oraindik ez da Mendebaleko turisterrien antzera moldatu.
Sarrerako bi ate. Plaza da herri osoa, hor hasten eta bukatzen da herria; ederra da izan benetan namestia, izugarria: luzea, kolorezko etxe-saila, azpialde dena arkupe; Amabirjinaren zutabe oso landua; bi iturri: erlijiosoa bata, laikoa bestea; teknika guztietako apaindurak fatxadetan: bada behe-leiho nano berdexka borobil xarmanta fresko politez pintatutako fatxadako kantoi batean. Zamek bat, gidaliburuak batez ere goratzen duena; barrutik beharko du izan hain goraipagarria: sarreran, jauntxo bikotearen irudi tailatuzko hilobi karratu handia kolore anitz biziko burdina-sarez inguratuta Krumloven patioko putzua bezala, sabaia landua eta biziki pintatua, betiko patio eta balkoi-korritua. Dorrea eta bi eliza: batean sabairainoko S.Kristobal erraldoia pintatuta, pintatuak daude giltzarri gotikoak ere.
Zaharreko denda batean Solac-en tresneria dago salgai erakusleihoan, baina guretzat deigarria dira hizki handiz iragarritako ETA marka duten etxe-tresna elektrikoak, hizki handiz iragarrita kristaletan.
Turismo Agentzia handiek izango dute zerikusia eta eragina noiz eta zein gune turismoarentzako bideratzean.
Zurezko jostailu, irudi eta etxerako tresneria asko dago salgai lurralde honetako dendetan: eskulangile trebeak sos bila.
Jelatuak ere xumeagoak dira, txikiagoak, gozoak bai, baina ezberdinak zaporez; izozki-dendak: aukera gutxiko zaporeak dituzte, baina jan jaten da izozkia, erruz jan ere.
Herri askotan ikusten ditugu bozgorailuak, kale ertzetan hormari itsatsiak: oharrak emateko edo udaletxeak herriarekin lotzeko bidea izan daiteke garai batean herritxo askotan apaizok egiten genuen bezala eliza-dorretako bozgorailuekin.
Ugaria da urkia Bohemia osoan.
Herritxoetan ez da etxe loturiko gunerik ikusten, erdigunerik, nukleorik, etxe solteak dira herriko etxebizitzak.
Solte dabiltza oiloak; etxe bakoitzak du bere baratza eta badirudi bakoitzak bere etxerako egiten duela.
Hasi dira telefono mugikorrentzat errepikagailuak jasotzen.
Pagoa da orain, pinudiaren kontra, errepidearen aurrean, hesiaren betebeharretan dagoen zuhaitza: pagadiak izandakoak ote pinudiok?. Hori guneak dituen berdegunean bukatu dugu gaurko ibilaldia ere.
Kilometroak. Ez ditut zenbatu gaurko kilometro berdeak.
Hego Bohemiako azken ibilaldia. Etorri ginekoan baino esperientzia handiagoarekin eta lasaiago goaz.
Holandar asko sartu da gaur kanpinean.
Azken egun-argi izpira arte ilunpean iraun dugu gure etxolan lakuko azken irudi goxoa jaso ahal izateko, arrats ederrez agurtu baikaitu Trebonek.
Maiatzaren 24a. Larunbata. 20a-Cz:4.a
Kardantxiloak ditut gaur bisitari leiho aurrean kardo haziak jaten. Euskal Herrian izanen ditugu bideko udazkenean. Mutriku eta Deba arteko Alkolea inguruko itsas kontrako gainetan harrapa ohi zituzten likaz kardantxiloak, agian oraindik ere harrapatzen dituzte, kaiolan sartu eta saltzeko.
Hegazti arrapalari handiak dakusat, lainorantzago, hegada pausatuan.
Espainiako laranjak jaten ditugu Bohemian ere.
Natura behintzat biziki bizi dugu kontsumismoak oraindik itxuraldatu ez duen lurralde honetan, nahiko berean dirauen herrialdean. Baina bizimodua hemen ere latza izanen da gureetan ere latza den bezala. Norberarengan soilik dago zoriona.
Zer da "bohemioa" izatea?. Arrasto ohizko edo jakin batean lerrotuta ez bizitzea?. Nondik dator esamolde hori?. Agian lotugaitzak ziren herri berrietako bizimoldera bohemiar atzerriratuak?. Askatasunik eza da bizitza, ez da loturarik gabeko gizakirik ez izakirik: ia orain ere lortzen duten bohemiarrok Mendebaldeak ezarri nahi izango dizkion merkatuaren hesi eta kate burdinazkoetatik libro izaten.
Nongoak dira hegazti migratzaile hauek?: Bohemiakoak udan eta Afrikarrak neguan?. Nor da nongoa?. Gu euskaldunak gara, baina zer da hain harro jartzen gaituen hori, bizia emateraino borrokatzera eramaten gaituena?. Misterio asko du naturak, baita gizarteak ere, natura baikara.
Txoko hau utzi egingo dugu hegada berri bati ekiteko, kardantxiloek eta hegaberek udazkenean bezala. Baina aldaketa ez da oraingoan erronka berri bat izanen ezta abentura ere, herri honen lagun egin baikara. Kanpokoak gara baina ez gara arrotz sentitzen, bertako eta bertara egin gara.
Moravia dugu helmuga, gaurko helbidea, imajinazioan zirrikitu exotikoak zabaltzen dizkigun herrialdea. Antzinatera itzuliko gara, baina Bohemian ordez Moravian
Larunbata izanik, errepidean ia ez dabil autorik, kamiorik bat bera ere ez Brnorako errepide nagusia den arren. Bakarrik utzi gaituzte errepidean. Militarrak ere ez dira ateratzen gaur. Baina bai ari dira errepideko berrikuntzetako lanetan.
Bien artean esparru karratua gauzatzen duten etxebizitza eta korta eraikinak paraleloan, osagai biak hormaz lotuta. Etxetxoetako askok, belarra ebakita, lorategitxoa bailitzan dute etxaurrea.
Telce, azoka txikia zegoen gaur.
Errepidea bera ona da baina adabakiz eta zuloz josita dago herri barruetako errepide zorua: gure erremolkeak daraman dantzarekin gure gauzak ere trikitia dantzatuz joango diren ustez egin dugu bidaia.