Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 97

BIDAIAK 97

Jon Etxabe 2020/04/17 08:55
TXEKIA. BOHEMIA. Jindrichuv, Hradec, Trebon, Ceske Budjjovice, Zlata Koruna, Ceske Krumlov, Prachatice.

TXEKIA

 

BOHEMIA

 

Hamar hamabost minutu egin ditugu mugako ilaran. Antolamendu apala da, baina, beste mugetan ez bezala, ordenagailuan sartu gaituzte hemengoan.

 

Lurralde debekatua zen duela gutxira arte mendebalekoentzat, baina, hemen gaude normaltasun osoz, Ekialdeko lurraldeak oraindik ematen duen morbo eta irrikarekin. Politikoek eta ahaldunen interes ezberdinek hondatzen eta gaiztotzen  dituzte herrien arteko harremanak.

 

Bere horretan bezala dago dena, naturak bere aurpegia erakutsiz. lurralde hesi gabea bailitz oraindik. Hesola eta oholtxoak daude, ondo tolestuta, errepideko aldats bazterreko estalpetxoetan; aspaldikoak dira, belztuta baitaude: badute neguko elur eta zola labainarekin zerikusirik, errepideak erabilgarri bihurtzeko erarik merkeena segur aski, elur-kentzeko makina garestien ordezkoak agian. Paisaia fisikoa bera ez da aldatu azken egunetakoengandik, urki asko dagoela litzake ezberdintasuna. Zainduak daude errepide ertzak, belartsuak, zola, aldiz, ez da inola ere leuna. Teilatu pikeko gris tristeak dira etxeak, etxe solteak, banakakoak, bakoitza bera, elkarren alboan egonik ere; etxe argitxoren bat ere bada; hormaz elkar lotutako bi eraikin paralelo dira nekazale-etxeak, horrela patio bat gauzatzen zaie erdian, etxebizitza izanen da eraaikinetako bat, korta eta bestelako nekazari tresneriarentzat gordelekua bestea. Landetxe txikiak dira. Zutik diraute elizak, elizaren aurkako ez dakit nolako jazarpenen berri eman baziguten ere gaztetan ez ezik orainago ere.

Sarria da azoka txikia, merkadiloa, ia herri guztietan aurkitu dugu, Elgoibarkoa izan zitekeen, paretsuak dira antolamenduz eta salgaiez. Denetik saltzen duten errepide bazterreko saltzaileak noizbehinka: etxola jarri berriak, mugikorrak batzuk, zurezko txosna edo txabolatxoakzenbait; tamaina guztietako Papa Noel irudiak dira bere gorritasunez deigarrienak txosnotan. Bada jatetxe, taberna eta antzerakorik ere, baina ez asko. Noizbehinka granjak, erabiliak. Zabalak dira hemengo lur-sailak, produktibitatearen arabera sailkatuak, herriarenak. Garia eta artoa, erne berriak oraindik biak, dira soroetan hartzen dena. Jite ezberdinekoak dira traktore guztiak, bakoitza bera, lau errubera gainean ibiltzea dute gauza komun bakarra, bera baino gurdi edo tresna handiagoa daramate atzean. Soroak ureztatzeko sistema ere ezberdina da: dutxa diganteak soroetan barreiatuta. Tirolen antzera zurezko txabola ilunak daude zelai berdean.

Duela urte mordo bateko Euskal Herrikoak dirudite industria guneek.

 

Ona da Pragarako errepidea, nahiko zabala eta zoru onekoa, ezki ederrak ertzean. Kaskartu egiten da, baina,  Brnora bidean, batez ere hiri eta herrietan. Euskadiko duela 30-40 urteko errepidea gogarazten digu: bihurguneak bere hartan diraute bai lur-barruan bai herri inguruan, bai herri barruan. Badira semaforoak baina betiko "eskuinak lehentasuna" arauarekin gidatzen da herri askotako bidegurutzeetan.  Hemen dabiltza Skoda eta antzerakoak, txikiak eta antzinakoak, bada auto berririk ere. Abiadura handiz  gidatzen dute batez ere muga aurreko kilometroetan: egon da errepidea gurutzatuz maniobra arriskutsua egin digun tipoa, polizien muturrean egin ere gainera, lasai. Austriako matrikula asko ikus daiteke: batzuk konkistari datoz bere auto dotoreekin ziztu bizian besteok aurreratu nahian. Lehengo zaharrak dira kamioiak, erremolke luzedun motz haiek; kamionetak, asko; mendebaleko kamioi handi berririk, berriz, ez da ageri: Ekialdeko herrialde askotan bezala hemen ere trenez eginen da garraioa. Gureetan baino tresneria xumeagoa dute bidezainek, horrek ez badu esan nahi ere gureetako modernotasuna eraginkorragoa denik.

 

Kirol edo aisia autoetan datoz hona konkistatzaile berriak, baina ekonomia darabil benetako menderatzaileak, azpitik, eraginkor, azalean ia nabarmendu ere gin gabe.

 

Mendirik ikusten ez den zeru-marrarainoko lautada ageri da gaintxo batetik; gora-behera bareak ditu errepideak. Urruti batean, ortzi bazterrean, hiru tximinia sendo ikusten da: bada zentralen bat bertan.

Penzione, Restaurace: erraz jakingo dugu behintzat nora jo lo eta jan egiteko. SPAR denda ere badago, baina ez da Eki Alemaniako saltoki erosorik nabari, erostetxe, firma eta bulego erraldoi itxurakorik. Bada propaganda kartelik ere, baina gutxi.

 

Budejovice inguru gertuan, Maiatza. Ez nuen zikoinarik espero hain goian eta hain ekian, baina ikusi dugu bat tximinia gainean.

 

Nortasun eta berezitasun handiagokoa espero nuen Bohemia, ezberdinagoa, antzinako jite handiagokoa. Nolanahi errepidetik ikusi dugu orain arte ikusi duguna: beste zerbait esango digu geroak.

 

Kanpalekua. Trebon herrian pausatu gara, laku polit baten aurrean jarri dugu gure etxe ibiltaria. Kanpaleku apala da, baina atsegina, zerbitzu guztiekin. Hemen dago kokatuta Euskal Herriko ehiztarien tiroketari ihes egindako hainbat hegabera ere.

 

Egoera bitxia bizi izan dugu karabana kokatzerakoan: ni estu eta larri nenbilen karabanari eutsi ezinik goitik beherako abiadan esku frenoa bota eta gelditu dudan arte, M.Luisa berriz bultza eginez erraz mugitzen genuela-eta pozik

 

Jindrichuv Hradec. Laku baten ondoan kokatutako herri xumea: jendea, erakusleihoak… apala da, baina polita. Gaintxo batean dago kokatua, gorenean plaza, dorre azpiko ate batetik du sarrera. Hiribildua, osagai guztiekin: sarrerako ateak, kalexkak, baina batez ere namesti-plaza, eta zamek-gaztelua. Namesti, bertan gustura sentitzeko plaza: karratu irregularra, hor ditu  bere zutabea, bere etxe koloreztatuak eta harrizko zorua, baita berritzen ari diren jauretxe erraldoia ere.  4 patio ditu gutxienez harkaitz gainean eraikitako zamek erraldoiak, laurak handiak; erakusgai dago sukaldea, ikustekoa baita izan ere: jauntxoek bazuten non ibili etxetik atera gabe ere; erakusteko dute estalki berezia duen putzu eder zabala ere; lakua du berezko babesa; Eliza: korupetik, ia atzeko atetik, ikus daiteke soilik, barrotez hesitua baitago; sarrail erraldoiak ditu.

 

Jauntxoak beti jauntxo; gu berriz nola bizi ziren ikustera gatoz, pozik etorri ere, askok gainera ordaindu egiten dute ikustea.

Taldeka dabiltza jubilatuak Bohemian ere, herriz herri, zein herri barruan: zabaldu da jadanik Europa guztian adinduok autobuskadaka aireztatzera ateratzeko ohitura.

 

Trebon: ez dago tontorrean, etxeak zaizkio harresi, etxeek bildu eta inguratzen dute, lau ertzetara ditu sarrerako ateak. Parke dotore zabala, bere garaian zamekarena zena. Etxe eder asko du baina ez da gidaliburuak dion herri paregabea. Masarik plazan radnice-udaletxea, izurritearen ondoren eraikitako zutabea, iturria eta etxetxo politak, zeintzuen arkupeak zaizkigu aipagarrienak; Austrian ez ditugu antzerako plazetan horrelako arkuperik  ikusi. Sv.Jijil kalea ez da gidaliburuak dion hain bestelakoa, etxe politik badu ere. Kale zabalak ditu herriak. Kolore ezberdinez pintatuta daude etxeak herri honetan ere: zerbait ezberdina da guretzat. Korupetik ikusteko aukera soila eskaintzen du elizak: bi nabe ditu baina aldare bakarra, zutabe sendoko ilara grada erdian kokatzen denez, eliztar erdiek ez dute aldarerik ikusi ere egingo.

 

Karpa, herrialdeko arrain ugariena, afaldu dugu, gozoro, bertako plazan: karpa anoa eder bana entsaladarekin, mila pezeta baino gutxiagorekin egin dugu afaria jatetxe ederreko jantoki dotorean.

Kontuak ateratzen ibili gara diru aldaketari buruz hain afari merkea izan zitekeenik ezin sinetsiz.

 

Merezi zituzten gaur egindako kontatu ez dituan kilometroak.

 

Gauean ilargi ia betea lakuan bikoizten ikusi ahal izateagatik soilik merezi zuen etortzea.

Gazte multzo handia su handi baten inguruan edo mahaietan kontu-kontari, jendea tabernako aterpean eserita: ilargiaren magiak eraginda edo, giro bereziak betetzen du gau freskoa.

 

 

Maiatzaren 22a. Osteguna.  18.a-Cz2.a

 

Amets txar bat egin dut gauean: Mikel ilobari gurpildun jostailu bitxi bat erosi genion Insbrucken: ametsean kale pike batetan amildu zaigu mutikoa bere jostailuaren atzetik korrika abiadura bizian. Eskerrak ez dudan sinesten augurioetan

 

Zoragarria dago lakua, goiz bustian ere: zuhaitz eta txori-kantuz bilduta, alboko zuhaitzen irudia islatzen da bere uretan lakua berde bilakatuz, urki zuria dugula lehen planoan, ahate igerilari batek urratzen du ur azala gero eta zabalago doan marraz, hegaberek zeharkatzen dute airea… idilikoa benetan.

 

Arazoak ditut aurten gabiltzan herrien irudiak oroimenean gordetzeko: herrien irudiak eurak garbi ditut baina ezin ditut finkatu eta kokatu, ez baitute euskarririk, entzungabeak, ezezagunak,  zailak eta ahoskatzeko ere ezinezkoak zaizkidalako herrien izenok. Irudiek hitza behar dute, eta herrien nire irudiok ez dute hitzik.

 

Guretzat merkea bada hemengo bizimaila eta beraiek justu bizi baldin badira, ez dago dudarik beraien kontura bizi garela egunotan, nolabait esplotatu egiten ditugula: batak besteari etekina ateratzen dio bi gizarteen arteko desorekan. Ez dut moral arazorik, baina ez naiz eroso sentitzen: gizartea berdinduko, gizarte berdinduagoa bat behintzat, duen Iraultza da gizarteari geratzen zaion betebehar nagusiena.

Beharrezko ez diren, -“superfluo” deitzen diogu gazteleraz-, premiagabeko gauzetarako lekurik ez dagoela dirudi lurralde honetan; premia-premiako beharrak, lehen bizi-baldintzak bete eta kitto, da hemengo bizitza.

Errepidea banatzen duen erretenera arteko tartea txukuna dago etxaurretan, baina gehienetan edo onenean,  harri-txirta da lurzorua, espaloi, lora edo apaingarririk gabe: agian ohitura edo kultura arazo soila besterik ez da.

Treboneko plazan bada fatxada harrizko eskulturekin apaindua duen sozialismo garaiko etxea. Ez da aurreko garai politikoko beste ezer nabarmentzen hirian. Nekazaritzan, aldiz, herri-granjak, komunalak, diraute, hala dirudi; saltokiak oso apalak dira, badirudi ez dela dendarien arteko nork gehiago saldu lehiarik. Firma eta kapital nagusiek irabazia usaintzen duten heinean irauliko dute gizarte hau ere bakar batzuen mardultzerako.

Fedeak ez dakit iraun duen, elizak behintzat diraute, zirenak eta bi kontatu bazizkiguten ere komunismoaren elizarekiko etsaigoaz.

Halako monumentu xaloak ikusi ahal dira herri banaka batzuetan, aurreko sistemaren ezaugarri eta hondakin.

Badaude egon auto kontzesionarioak: Mercedes etxeak Mendebaleko antolakuntza bera du errepide bazterrean, Ford-arena apalagoa da, eta marka irakurri ez diodan  batek zurezko garaje antzerako eraiki zaharra darabil auto berri pilo bat aurrean erakutsiz.

Erremolkedun kaxa txikiko kamioiak dira ugarienak errepidean.

Ez dago oraindik, gure begien agirian behintzat, gizarteak edo modak ezarritako jokabide nabarmen bat; itxuraz, aurreko sistemaren eraginak eta ohiturak zein bizimoldeak dirau oraindik.

 

Gari-soroetako erdian edo ertz batean, zut, gailentzen da ere txoriak uxatzeko txabolatxoa.

Beheko oin soilekoak dira herritxoetako etxebizitza gehienak, herri haziagoko zenbait etxek badu bigarren solairuko bizitza ere.

Atzo Erakunde ofizial batek –UNESCOk?- babestutako bi herri ikusi genituen, Jindrichuv Hradec eta Trebon, babestutakoak dira gaur ezagutuko ditugun hirurak ere: antzerakoak dira denak, jite eta osagai berdinekoak, baina aldi berean ezberdinak, bakoitzak bere ukitu eta kutsu berea du; askotan zer den igartzen ez diozun zerbaitek egiten du bakoitza ezberdin, baina ezberdinak ikusten dituzu.

 

Berdegune zabalean marrazten doan sugetzar iluna dirudi errepideak goitxo batetik hartuta, batera eta bestera erdi borobilean biratuzko ibiliarekin.

Dena da berrikuntza-lan eta desbideratzea kaleetan; moztuta dago bertara jo nahi genuen erdigunera daraman kalea:  senari jarraituz heldu gara herriaren bihotzera.

 

Ceske Budjjovice.  Oso zabala ikusten da urrutitik, lantegiak eta etxebizitza tzarrak dira inguratzen duten azken kanpoko zirkulua. Erdigunea da kanpotarrontzat erakargarria, bigarren zirkuluak, hiruretatik erdikoak, ez baitigu eskaintzen ezberdintasun erakargarririk: Zaharrera jotzen dugu kanpotar, paseko, bidaiari, denok. Herritxoetan ez bezala, kolore ezberdinez pintatuta daude etxeak, kolorgetuta motel xamarrak badaude ere: garaiak ez direnez etxeok eta  kaleak berriz nahiko zabalak, argia da erdigunea. Zaharra: oraindik ura joan doakion, baina  garai batean ibai edo babes putzu zabala zen ubide batek inguratzen du; Austrian ikusi ez ditugun etxepeko arkupeak ikusten ditugu bai kale nagusian bai plaza buelta osoan.

Plaza du osagai nabarmenena Alde Zaharrak, plazak berriz erraldoitasuna,-130x130 metro-, Sansonen iturriarekin; maiatza; ez dut gogoratzen zutaberik plazan; udaletxea benetan da deigarria, urdin eta zuri pintatu berria; bada etxe ederrik ere, batzuk berritzen ari direnak barnea hustuz baina fatxadak berean gordez: plaza ederra, gustatzeko egina. Bere garaian katedralaren dorrea omen zen dorre beltza gailentzen da lerden-lerden, 400 metro garai, sekulako behatokia, hiri gainean. Jatetxea da gaur egun okelaren merkatua zena, hormaz banatutako salmenta-postuez osatua, erdian daude mahaiak. Katedrala,  otoitzera doan eliztarren sartu-irten handia du, orain arteko inon ez bezala: presbiterioa  da deigarriena, handitasunagatik batez ere; Austrian bezala, erraldoiak dira gurutze-bideak eliza guztietan; pulpitu barroko zuria urrezko dotoregarriz edertua; koadro handi bat da erretaula. Ama Doloretakoaren eliza: freskoak nabarmentzen zaizkio: gutxi dira eta lausotuak daude urteen eraginez, baina gorde egin dituzte hormak zarpeatzean, koadroa bailitza markoarena egiten diola zarpeatuko masak; sabairaino  heltzen den S.Kristobal erraldoia: bidaiarien lurraldea, pasokoa, da nonbait Europako Erdialde eta Ekialde osoa, denean baitago gure santua; pulpituak merezi du begirada bat; eliza askotan bezala, organo tutuak ditu koruko barandak balkoitxoa bailitzan; fresko naif politak ditu kristalez estalitako klaustroak, ia ezabatuak: utzia dago baina egunen batean ederra izanen da.

 

Giro nahiko motela dago gaur hirian, halakoa baita eguna ere.

Hiru zalditxorekin bizimodua ateratzen ahalegintzen dira bi neska gazte plazan: premia eta irudimena.

Peruko indioak ere bertan dira: premia eta ahotsa.

Hamaiketan jaso dituzte bere postuak baserritarrek: nagusiak dira denak, baita goiztiarrak ere nonbait.

Denetik aurki daiteke dendetan: Benettonek badu bere denda, baina ez da nabari firma ezberdinen arteko lehiarik, firma guztietako jeneroa heldu bada ere dendetara. Nabarmena da aldaketa, baina xumeak dira oraindik dendak.

Pavarotiren musika dago nabarmen salgai dendetan: honaino luzatu du negozioa.

Minifalda gutxi dabil, baina dabilena erreteneraino motz.

Banketxean ikusi dugu pezetaren balioa: 21 ezkutu 100 pezetagatik, guk atzo kalkulatutakoa baino garestiagoa, baina, hala ere merkea dago guretzat hemen bizimodua. Bertakoentzat ez seguru aski.

 

Banaka-banaka zorokilo asko ikusten da bere auto berriez behar ez den aurrerapena egiten errepidean: berria da oraindik autoaren kultura eta asimilatu gabe dute nonbait kultura hori, errepideko jabe sentitzen dira, autoa eta trebezia erakutsi edo frogatu beharrean, errepidean eta autoan kabitu ezinik. Skoda zaharretan ere bada zororik egon, bizkor dabiltza batez ere gazteak diren gidariak: pazientzia handia behar da errepide hauetan, bihurgune eta gora-behera asko izateaz gain kamioi asko baitabil.

Banaka banaka, ikusi ahal da auto-stop egiten  gazte jendea.

Militar kamioiak gaur ere: militarra da munduko jainkoa, nonahikoa.

 

Lakutxoz beteta dago ingurua.

 

Zlata Koruna. Iragarritako klaustroa ikustera joan gatzaio eta itxita aurkitu dugu; joan garenez eliza ikusi dugu, ordainduz, nahiz merke, besterik ez zegoen egon ere ikusteko herrian. Eliza: berreskuratzen ari dira, garaia eta handia, baina batez ere argia; horma zuri hutsak ditu; marmol zuriko gizairudi handiz beteta dago presbiterio barrokoa; marmol gorrizkoak dira aldareak; ganga eta bere alboak fresko eder berritutakoez edertuak; bada bata bestearen gainean lau kanpaitxo zituen hormako  txilin berezia, bera bezain polita zen eragiteko oihal zabal landua: txilinak behar zuen hemen argazkia baina fatxada mailakatutako etxea sartu dut argazki-makinan (argazki bakarra ateratzen dut lekuko bezala herri bakoitzean, gehiegizkoa delako etxean album pilaketa).

 

Maiatza-zuhaitza agertzen da noizbehinka zonalde honetan ere.

Estalkirik gabeko Madison zubi polita monasteriorako bidegurutze ondoan.

Txapela ere ez den hala-holako buru-estalki berezia darama eskorgadun agure batek.

Errepidea ona da inguru guzti honetan.

 

Ceske Krumlov. Etxetzar berri piloa du honek ere alboan. Ibaiak inguratzen du ia osoki, hiru zubi dira herrira igarobide. Zeri begiratu eta zer ikusi asko eskaintzen duen bere lehengo hartan iraun duen herri kiribildua. Ez dirudi, alderdi zaharra ikusiz, hiri industrialduna behar duenik. Dena da antzinakoa hirian, baina alde zaharra da xarmantena, amonatxo maitagarri horiek bezalakoa. Ikusten ari garen herrietako osagaiak errepikatzen dira, baina hiri bakoitzak jite, grazia eta dotoretasun propioa du eta ez zaizu errepikapena iruditzen. Zamek: gotortu handia, erdialdeko tontorrean, bi aldetatik ubidez babestuta - herriaren beldur?, herria menderatzeko bai gainaldetik bai barrutik?-, dorrea, pintatua,  ikustekoa eta aparta, patioa eta gazteluen betiko abarrak; hormak, irudi geometrikoz pintatuta ditu; sotoak, zeramika lan apartak salgai dituen denda bihurtu dira. Plaza, badu bere ukitua, baina grazia gutxikoa da, aldiz, zutabe handikoa. Kale-sarea du erakargarria: behin ere erre gabea omen da zati bat. SV. Vit: aspaldiko organo kapritxozkoa; fresko zaharrak; bataiarria, baldakino erraldoia jarri diote; lan politez dotoretuak daude zutabeen oinak.

 

Berrikuntza lanetan dago herri osoa, erruz dabil turista, zer izango ote da herri hau urte gutxi barru dena txukundu, dotoretu eta turistentzako taxutzen dutenean!.

Denda besterik ez dira kale batzuk, zeramika eta Bohemiako beira eskaintzen da nagusiki: oraindik ez da, baina Lourdes izango den traza guztia du.

Bada erloju-denda bat erloju denak 10`10ean dituena, 10`20an dagoen bat ezik.

Bada garagardo fabrika bat ere, eta bertako garagardoa edan dugu  garagardotegiko jatetxean bazkari ederra eginez.

 

Ez autorik, ez gizakirik, herritxoren bat noizbehinka… geuretzat dago gaur lurralde osoa. Paisaia izugarria da, berde-berde-berdea, koltza sail horiak soilik eteten du noizbehinka itsaso berdea. Zirrara bizia sartzen du berdegune zabal honetako gure bakardadeak: berde gordina da lasaitasuna hemen.

 

Prachatice. Bere plaza du, iturria ere, baina ez dugu zutaberik gogoratzen. Esgrafiatua deitzen dioten dekoratu dotorea dute bai plazako bai inguruko etxe askok: atzealde ilunean irudi zurixkak, ezberdinak, bereziak, bitxiak, plazari nortasuna eta berezitasuna emanez. Sortu berriko hartan mirariz iraun duen herria, aldaketarik gabe zahar bilakatu dena, bere jabe izan ziren jauntxoek aldakuntzarik egiteko interesik edo astirik izan ez zutelako. Eliza korupetik soilik dago ikusgai: gurutze-bide erraldoi tailatutakoa du,  aldare ponpoxoak,  eta erretaula barroko zaharra, berezia, naif itxurakoa, barroko ezohizkoa.

 

Viterjovice. Baratze edo sorotxo batean jartzen ari zen txorimaloak baino txorimalo planta handiagoa zeukan emakumeak berak.

 

Mendi elurtuek inguratutako berdegunea gogoratzen badugu Austria, zeru-marrarainoko berdegune gordina izango da Bohemia gure begi osteetan.

Ibili badabiltza bizikletan, baina gutxi dira; antzinakoak dira ia bizikleta  denak, helduak dira ziklistak  gehienak eurak ere.

Lakuetan ikusten ari gara Gabonetan Elgoibarko S.Migelen tiroei ihesi pasoan ikusi genituen hegaberak.

Nonahi aurkitzen ditugu Maiatzak Trebon aldera ere; ugariak dira santu-irudiak ere: errepideko harrizko elizgizon irudi tzarra bere bonete-sotana beltz eta eliza-atorra zuriarekin zubi erdian: jesuita.

Harrapari handia errepide ertzeko hesola batean, gabiroi erraldoia agian, disekatuta bailego geldi, errepideko auto pasea ikusten bezala.

 

Ez ditut zenbatu Erdi Aroko berdegunean egindako gaurko kilometroak.

           

Ilargia azaldu zaigu laku osteko zuhaitzen gainetik, borobil eta gorri, lakua marra zabal gorriz sorginduz, lainoek begien gozamena lapurtu diguten arte; gero eta gorago agertu zaigu beranduago, oraingoan hori, gure etxatoiko leihoa koadro zoragarria bihurtuz

Ispilu argia da lakua gure etxetxoko leihotik ilargiaren argira.

 

"Arian ari". Patxi Zabaleta:

ETAk PCErekiko Francoren garaian erabilitako taktika eta eztabaida: hori da  eleberriko  ekarpen niretzat interesgarriena. Gutxi aitatutako gaia, nahiko berria eta positiboa niretzat.

 

 

Maiatzaren 23a. Ostirala. 19.a-Cz:3.a

 

Geldoa da denbora laku ertzean, barea gure egona.

Oilarra dugu lehen argitik alboan, Pavaroti kukurrukuka; basoz inguratuta egonik ostera  soinu urrikoa da txorien orkestra, agian gari sororik ez dagoelako, bizibideak edo ogibideak eragiten baitu hegaztien zein gizakien migrazioa eta kokagunea.

Hostoak ez dira hemen poetaren "hegazti berdeak"; oilarra, hegaberak, ahateak, zozoak eta geldo erori ordez aurrean ziztu bizian doazen txoriak dira hemen dakusagunak.

Behar zuen eta lakuak badu bere zisnea: urruti samar paseatu du bere zuritasun harroa lakuaren berdea dotoretasunez osatuz.

 

Argindarrarekin genuen arazoa konpondu dugu, pozik gara Coriako tentela bezala: hari mehearekin ehuntzen da zoriona.

Zurezko etxolak alokatzen dira kanpaleku honetan, zelai zabal batean borobilean kokatuak  daude: umeentzako jolastokiak ditu: kanpin-lekuan egoteko era ezberdina, agian herritarragoa, komunala. Neska bat gurdikada izararekin doa etxetxoon eremura, lanbas eta erratzarekin beste emakume bat.

 

Hizkuntza kantaria da txekiera, alemanera baino leunagoa behintzat.

 

Kirten kurboko sega berezia ikusi nuen atzo; itxura deserosoa dirudi kirten zuzenetara ohitutakoontzat; gurekoengandik ezberdina da kanpalekuko segalariaren gailu mekanikoa ere: herri bakoitzaren ekonomia eta baliabide ezberdinak. Sortzen den kulturaren eta asma-gaitasunaren ezaugarri ezberdinak dira tramankuluak.

Komunek ere erakusten dute herri baten jite ezberdina: horman itsatsita daude hemengoak lurrean fikatuta ordez, ezberdina dute forma ere. Deposituko ura jaregiteko tramankulutxoa non ote ibili naiz aurkitu ezinik, betiko sokarekin tiratuzko bonba dela jabetu naizen arte. Betiko gailu errazenak bilakatu zaizkigu bakan zailenak.

 

Ugariak dira laku zabalak herrialde honetan, jauntxo baten lana izan omen zen urek hartua zuten lurraldea lehortu eta urak lakuetan hesitzea.

etiketak: Bidaiak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.