Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 97

BIDAIAK 97

Jon Etxabe 2020/03/27 10:55
AUSTRIA: Eferdin. ALEMANIA: Passau. AUSTRIA: Schärding, Mauthausen, Kafermarkt, Freistad.

Maiatzaren 19a. Astelehena. 15.a – A:10.a

 

Behin adin batera ezkero, kamiseta jantzi behar genuke jendaurrean adinekook, estetika arrazoiz, hain daude maskalduak gure giharrok; egia den arren zahartuenak eta zaharkituenak ere baduela narru hutsik ibiltzeko eskubidea, eta gorputzen estetika-arazoa ohituren arabera dagoela.

 

Lakutik etorriak edo, ahateak dabiltza kanpineko belartzan, ehiza errazaren, gure apurren, bila, bere dotoretasunean ere eskale.

Gertutik dakusat zozoa bere mokokadarekin.

 

Danubio ibai zabala dugu gaurko bidaia-lagun. Astun eta indartsu, baina patxadan, doa; gu berriz tirtiri goaz errepide zakarra dela eta, urduri, baretu garen arte: lasaitasun sentipena eta sentsazioa sortarazten du Danubio ibaiak, ez zaitu menderatzen, ez zaizu gailentzen, lagun bilakatzen zaizu, bidaia-kide sentiarazten. Paisaia ere lasaia da, mendixka leunekin. Banku mugikorreko arraunlariak. Bere garaian bide-saria kobratuko zuen dorrea ibai ertzean.

 

Leonding, hiri handia da.

Wilhering,  ez gara geratu, mapan hiri interesgarriaren kolore horiz azpimarratuta badago ere. Eraikin handi arrosa:  santutegia, bainuetxea, agian gaztelua. Arbelezko teila ilunekoak etxeak. Txirrinduz ikusten da jendea kaleetan, kanpotarrak diren itxuraz. Ez dira handiak berotegiak, plastikozkoak bai, etxetxoak dirudite gailur garaiekin. Gaztelu polita goiko basoan, Frantziako Loirakoen antzerakoa.

 

Danubiotik barrualdeko lurretara jo du errepideak, lur berdeetan barrena nekazari herriak zeharkatuz. Trenbide estuko trenbidea doa orain gurekin, parez pare. Baso ertz baten kokatua eta basoak bildua, eski jauzietarako tranpolin garaiak erakartzen ditu gure begiak.

 

Pupping, gaztelu baten hondakinak.

 

Errepidez aldatu dugun arren trenbideak gurekin darrai, trena bera falta zaigu alboan, bidaiariekin agurka jolasteko txikitan egiten genuen bezala.

Belarra ebakita dago zonalde honetan; bada belarra lehortzen utzi duten sailik ere. Sarriak dira beherantz triangelua eginez bukatzen diren teilatu gailurrak.

 

Eferding. Herri lasaia, espazio zabalekoa, txukuna galtzadarri zoladurarik ez duen arren, gas, argindar edo auskalo zer bideratzeko zulatu ondorengo adabaki luzea duen arren kaleetan, gureetan bezala. Gure dago herri osoa, plaza ezik.  Lurraldeko herri askotan bezala plaza luze eta zabala du herriko bihotza, kolore argiko etxetxoz alaia; bertan berdea eta hezea dago oraindik Maiatza. Txirrindu zaleek bere bide-gorria dute herrian zehar.  

Bi eliza ditu eta bietan moja karmeldarrak dira serora. Dotore jantzitako jendea atera da elizatik hiru ordu laurdeneko meza ondoren: hemen ere adin handikoak dira meza-entzule denak, ohituraz edo zerurako txartel bila. Spitalskirche: fresko interesgarriak ditu alboko kaperatxoko ganga gotikoan; hustasuna dario elizari berari, hustua bezala, ahalkea, tristea: badirudi gerra ondoren berreraiki zutela eta gelditu ziren pitxiak jarri dituztela hormetan; hilobietako estalki harlauzatzarrak daude batez ere, marmol gorrixkan tailatutako irudiekin; bada ur bedeinkatu ontzi makabro bat ere: harrizko garezurraren burugaineko zulotxoan dago ur bedeinkatua: ura hartzeko begi-zuloetan hatzak sartu beharra falta zaio bakarrik. Bada iruditxo tailatuzko harrizko koadrorik ere. Hipolitoren eliza, gotiko handia da; eliztar edo familia bakoitzak bere toki propioa du bankuterian, bere izena txapatxo batean jarrita. Pulpitua du ederra, zurezko 5 santu-irudi ederrekin. Karmeldar mojek jarri dute Teresa de Lixie Santaren guretzat ezohizko den aurpegiaren argazki handia aldare baten gainean.

 

Hacking: burututa dago garia, ugariak dira mailuki sailak, baita Alemanian usu ikusi genituen txoriak uxatzeko garitak ere.

Hilkering: zonaldeko herri-izen gehienak “ing” hizkiz bukatzen dira: badu ezagutzen ez dugun esanahiren bat, gureetako “aga”, “ibar” eta antzerako bukaeren esanahiren bat.

 

Garraio apal bat tontor batera, bertatik eskiz jaitsi ahal izateko. Trenbidea galdu dugu baina Danubio ibaia geureganatu zaigu, berriro gurekin bidelagun  oraingoan Passauraino.

Mendekoste atzo, Basko Bigarrena gaur: jai da Austrian, produkzioa gehitu beharraren eraginez gureetan galdu dugun jaieguna.

Tabako erretzaile gutxi ikusten da Austrian.

Baporeak, kanoak eta antzerako ibai-ontziak dabiltza txokolate koloreko Danubio zabalean.

Bada beste errepide bat ibaiaren beste aldetik ere. Alemania da bestalde hori.

Ehun metro goiti zabalera du Danubio ibaiak hemen, zubi bakarra aurkitu dugu zeharkatzeko baina ferry eta antzerako zerbait ere iragarrita dago. Ibai alboetan herritxoak: maiatza ia beti presente ibaiaren bestaldeko Alemaniako herrietan ere; S.Kristobal ere presente dago, bidaiari lekua da nonbait, edo ibaia zeharkatzea arriskutsua zen. Mendia eta basoa ia ibai ertzean bertan bailara mugatzen. Noizbehinka gazteluren bat tontorreko arboladian. Turismoarentzako taberna eta antzerako antolakuntzak. Zamaontzi bat. Kanoaz lepo, portu bat. Esklusa ahalbideratzeko  presa.

Alemaniako mugara hurreratuz, gero eta urriagoak dira herriak.

 

 

ALEMANIA

 

Passau, mugan bertan dagoen hiria, Bavaria herrialdekoa. Hiri zaharretako kale-sare atsegina zaigu erakargarri erdi-aldean, altu samar ibaien inguruan, bertatik aldaz behera doazelarik kaleak hiru ibaietara.

Danubio, Inn eta Ilz ibaien elkargune aparta, zabala, ikusgarria: bertan Danubiok urak ez ezik izena ere lapurtzen die beste biei: mantso egiten dute elkarbiltzea, zikintasun ezberdinen koloreek marra luzea egiten dute elkargunean; beteta eta indartsu datoz bi ibai nagusiak, agian urrutiko mendi elurtuen udaberriko desizoztea dela eta; zikin dator Ilz txikiena, zikin Inn indartsuena eta hirurak elkartu ondoren lehen zetorren bezain zikin doa Danubio ere.

Rathaus: udaletxeko, plenoetarako gela benetan ederra, gorri-ilun, freskoz pintatuta: sendoak beharko dute izan bertako erabakiak ere!.

Dorrea ere ederra da bere apaltasunean, pintura, erloju eta kanpaitxo piloarekin pintatuta dagoen fatxada dotoretuz.

Domplatz, zabala baina xaloa, aldatzean, nongo iturrian eskuak freskatu eta ura edan ahal den behintzat. Inn alboko ibilbideak, non ontziak -txalupak batik bat-, lotzen dituzten, Innkai du izena, Inn ibaiko kaia, alegia. 1481eko dorretxo biribila txapel konikoarekin estrategikoki ibaia zaintzen. Dom, eliza, barrutik zoragarria omen den gotzainen egoitza erraldoiarekin lotuta, ia nahastuta, dago; handia da  fatxada, baina ez ederra, kanpotik gotikoa, barrutik barroko erraldoi izugarria; zutabeak dira apaindurarik gabeko zati bakarrak;  fresko deigarriak ditu gangak, eta estukoz egindako adornu trinko zuria da kapiteletatik gorako inguru dena: baina ez da antzoki bat; aulkiteria arrunta da, organoa berriz aparta, Alemaniako handienetakoa omen; berezia da modernoa dirudien presbiterioa; urre koloreko pulpitu handi deigarria; patio zabala bihurtuta dago kanposantua zitekeena, iturri moderno bat du eta buelta osoan aterpetxoa eta marmol gorrixkan kriston gizontzarrak tailatuta dituzten tapatzarreko hilotz tzar erraldoiko kaperatxo ugari.

Veste, gotzainen gotorlekua, goregi dago oinezkorako, baita Mariahil ere.

Niedenburk, biluzik bezala dago, zuri: tarteka, ia zutabeen ezkutuan, aldare zaharretakoak-edo, irudi ederrak ikusten dira: Maria Luisari pantyak kentzeko aukera eman dio aurrean bi mojatxo erreguetan zeuden bitartean.

S. Bartolo ere han dakusagu gaintxo batetan Abuztuko 24aren zain.

 

Eguzkia eta jaia elkartu direnez, ziklista eta oinezko kanpotar asko dabil, inguruko alemaniarrak, familiarteko jai-pasakoak; jaki eta jantzi ezberdintasunak ezberdintasun, igandezale hauen tipologia ere gureetakoen antzerakoa da.

Desizoztearena ote ibaiaren zikina, ala zaborreriaren ondorena?. Ingurua garbia dago baina ibaia bera zikin doa.

Dom osteko Residentz Platz jendetsuan bazkalduz eman diogu agurra hiru ibaik bildu eta inguratutako hiri eder honi. 

Bide-gorri asko dute bizikletariek Alemanian.

 

 

AUSTRIA

 

Alemaniatik itzuleran, geure herrira itzuli garela iruditzen zaigu. Lur barrutik, mila bira eginez, errepide nagusietatik at, gainez gain, gora eta behera, %14ko aldatzetan sarri, ia bidaiari bakarrak ginen nekazari lurralde berde trinkoan, nekazari herri txikiak zeharkatuz. Aldatu dira egituraz landetxeak: etxe, korta, belar zein lastategi eta tresneria biltegiak lekuz berezituetan daude, banatuta, baina elkarren hurbil multzo bat eginez. Linz inguruan patioa zuen eraikin karratua zen  landetxea, eta patio barruan, hormaren kontra, zeuden osagaiok. Elur labainkorrak baretzeko-edo saretxozko hesiak dituzte teilatu zaharrek, etxe berriek, ordez, teilatu pikeagoak dituzte, hesirik gabe.

Oilar dotore bat, Austria katolikoan monogamo bere oilo bakarrarekin, gurutzatu zaigu lasai errepidean, jai arratsaldeko paseoan nonbait hau ere.

 

Peurbach, herritxo polita dirudi baina ez zaigu ezer galdu bertan.

Kosta zaigu baina atera ahal izan dugu landetxe karratu horietako baten argazkia.

3. Au herria.

 

Egunotan ikusi ez ditugun menditzar elurtuak ditugu begien atsegin urrutira etxerakoan.

 

Schärding: herri argia, koloretsua, eguzkipean. Herri osoaren egitura da ezberdina: plaza zaharrean egin ote ziren bertan dauden bi etxe multzoak?. Plaza luze-zabal irregularra, goialdean sarrerako dorrepeko atearekin. Herriaren alde batak  harresiak ditu, hortik hasita alboetan behera doaz pikoan kaleak. Eliza gris-argi arrosa, argia eta apala. Jelatu gozoa.

 

131 kilometro, Danubio parez-parezkoak, bere lagun, lasaiak, joanekoak, mendi gaineko nekazari lurraldekoak, berde eta lasaiak jinekoak.

 

 

Maiatzaren 20a. Asteartea.  16.a-11.a

 

Enns, ate bat geratzen zaion hiribildua, gaintxo batean kokatua. Plaza erdian txapel ortodoxo karratua duen dorre karratu lerdena eta plaza gauzatuz ohizko etxe koloretsuak, ederrak batzuk. XV. gizaldiko S.Lorentzo elizak  merezi zuen ikusteko gelditzea, ederra eta polita baita: pietat, taila ederreko santu-irudiak, freskoak, hilobietako harlauza tzar marmol gorrizkoak gizairudi tailatuekin bere nagusitasuna barrabila guneetan nabarmenki erakutsiz, koadroak... badu zeri begiratu; badu, baina, beste berezitasun bitxia: aldarea zegoen tokian 180. urtearen aurretiko eliza zahar ezberdinen hondakinak, oinarriak, bistaratu dituzte, eta hesi batez babestuta ikusgai jarri; kanpaitzarra ere eliza barruan dago xehetasun nanoz funditua. Hilerriak inguratzen du eliza hau,  ia eliza denak bezala: ur iturria eta kandelak salgai daude bertan: hildakoen kultua hezur mamitua du herriak; gizakiaren iraun nahia!. Kapera berezia du hilerri honek eta bertan Ecce Homo aparta balkoitxo batean, kanpora begira: ez da agian ona, baina bai polita, xarma du; harrapatu dut kamara barruan nire bildumarako.

Han goian, altuenez kanpai-joleak miresteko moldeatutako kanpaiak, eliza gotiko puntetako hainbat zizel-lan bezala!. Artistak bere gozamenerako, bere lorpenerako, bere gogobetetzeko egiten du askotan bere artelana; nork daki, agintzen dioten lana besterik ez da, bizimodua ateratzeko beretzat lan arrunta agian.

 

Museoa da eliza bakoitza Austrian.

Tabernak egon daude Austrian, bezeroa ere egon dago, zerbait jan edo edaten.

Gozoki zaleak ere badira austriarrak, alemanen tankeran.

 

Enns ibaia zeharkatu dugu: zabala da. Ondoren Danubioa aurkitu dugu berriz ere, urdin erromantikoa behar zuena, zabal eta eder, baina zikin.

 

Mauthausen:

Kontzentrazio-esparrua: astakeria izugarriaren testigantzarako gordetako oroigarria, basakeria ororen eredu; euskal armagintza onesten duten euskal bakezaleak salatzen dituen gerraren aurkako monumentua. Gain batean dago, gotorlekua da hau ere: Dachau eta hainbat kontzentrazio-eremu alanbradaz gordeta dauden bezala, harrizko hormatzarrez gordea dago hau. Itogarria  bilakatzen da museoa: bada txori kaiola eskuan bonbardaketa osteko hondakin artean sotopetik ateratzen ari den mutiko baten argazki zirraragarria. Hildakoen jatorriko nazioek jaso dituzte bere oroimen monumentuak, herrien izaeraren ezaugarri dira monumentuak eurak: Italiakoak plaka eta lore pila du; Espainiakoan, ordez, bi plaka daude soilik: Terueleko eta Castellokoena, beste denek ez dute merezi izan ezta zerrendarik ere, aipamen eta olerki bat besterik ez; izugarri handia da Errusiakoa; et ita porro, latinez esaten genuen bezala, eta beste hainbat...

Hutsik eta hits dago sarrerako hormatzar gainean argazki batean harrotasunez jarri zuteneko arrano erraldoiaren kokagunea: umilak izan eta sinboloak erlatibizatzea erakusten duen argazkia.

Museoko argazki batean, erreten sakonean tolestutako gorpu biluzien ilara luzean hilkutxa bat dager, gordin, gorpuen ilara etenez: pribilejioa edo dirua tartean hemen ere!.

Zenbat sufrimendu esparru honetan!: gaurko gazteek pairatzen dituzten Espainiako kartzelak gogarazten digute. Ez dakit hemen dabilen etengabeko bisitaria jabetzen den gaur egungo presoen eremu ankerretaz. Zenbat izen abizen zehatzeko kartzelarik lan egin zuen sufrikarioaren tenplu honetan: horiek ere egin zuten posible eremu hau. Hainbatek ere aitortu behar dugu hainbat pauso eta bide oker. Baina hemendik 50 urtera euskal mutilak, askatasun borrokagatik preso dauden hainbat eta hainbat kartzela bisitatuko dira guk eremu hau ikusten dugun harridura, amorru, nazka eta higuin berberarekin, hainbat politikoren argazkiak begiratuz eta beraien basakeriak gogoratuz. Duela 50 urte ere nazi hauek egiaren jabe uste zuten beraien burua, gerra galduko ez zutelakoan zeuden. Historia errepikatu egiten da hein handi batean, ez dugu ezer ikasi: GAL, Israel, Palestina, Zaire...

 

Artaldea edo ahuntz-taldea bailira larrean daude basahuntzak edo oreinak

 

Atzo Passautik itzuleran izan genuen paisaia berdina, errepide eta nekazari giro berbera, izan dugu egun osoan.

Arto-sail izugarri zabalean artajorran dago zazpikotea, aitzurrez, ilaran, gure umetako zein gaztetako euskal garaiak gogaraziz

Txoriak uxatzeko garita banaka batzuk ikusten dira.

Errepide ertzetan soilik ikusten den urki piloa zegoen sutarako trokote borobil luzeetan ebakita: norbaitek egina du hemen ere astakeriaren bat.

 

Kafermarkt. Erretaula ikustera joan gara, merezi zuen merezi: zuraren kolore berean dagoen triptiko izugarri erraldoia da, taila ederrez josia, S.Kristobal euretariko  bat. Pietat-en Amabirjinak tamaina naturaleko ezpatatzarra du sartuta, baina eskuin aldean, ez bihotz gainean, nonbait eskuin aldetik ezkerrera,  trabeska bihotza zulatzeraino sartuzkoa. Zonalde osoan ohizkoak diren arrautzek nabarmentzen duten hilobiko tapatzar marmol gorrizkoa;  alde bietan Kristoa duen gurutzea aldare batean non 4 santu-irudi ere dauden binaka elkarri bizkarra emanaz: bitxia.

 

Apaiz zahar ilezuria  ere ikusi dugu, txikia eta ajetsua baina egonezina, bera baino Mini aspaldikoagoan: ikusgai biak ere, apaiza eta autoa, eliza bezala. Paisaia atera dut argazkian herri honetan baina dorrea zen desberdin interesgarria.

Giza irudia bailitzan pintatuta dago suhiltzaileentzako iturri sendoa: norbaiten asmamena, irudimena eta gustu fina.

 

Fabrika bateko tximinia luzearen puntan du habia zikoniak. Bera da oraingoz ikusi dugun lehengoa, bakarra.

 

Freistad. Erdi Aroko hiribildua hau ere, polita eta atsegina, baina ez gaztelua ez hiria  ez dira Gaztelako edo Italiakoak bezalakoak: harresi, lubanarro edo foso, ate, arku, plaza eta kaleak zabalak dira. Plaza, irregularra da, bertan bada, ia ezabatuta badago ere, freskoz dotoretutako fatxada bat. Gaztelua: dorre karratu sendoa bere ordulariarekin; patioak xarma du, irregularra, ohi den mailadi eta horiz koloreztatutako balkoi-korrituarekin; bi etxeko teilatuetan Strasburgoko teilatuen begiak diruditen teilatuko bi leiho. Nekazal tresneriaren erakusketa da hoteleko patioa, patioa, bera ere begiratzekoa, baita erakustoki bihurtutako alboko patiotxo batzuk ere: mila zoko xarmant.  Plaza alboko Done Katarina eliza gotikoa, tokatzen ez zaion dorre karratu sendoarekin. 3etan hileta meza dago eta korupetik ikusi dugu eliza: triptikoa, ederra dirudi; beiradura, benetan ederra da; fresko dotorez pintatutako ganga dute kripta diruditen alboko nabe baxuek. Harresiz kanpo,  Liebfrauen  eliza: presbiterioan bertan, aldare hegalean sabairainoko zutabe gotiko estua putzu ikusgarri bat da; moinonoa da koruko  organoa, koruko  burdineriak ere iruditxo pintatuak ditu; pulpitu landua alemanerako hainbat  esaldirekin, harrian eginiko tailak; metro garaierako harrizko itsulapikoa.

 

Bidaia honetako 3. edo 4. SEAT bat  ikusi dugu. Toledoa hau ere. Arraroa egiten zaigu, badugun nonbait, halako iritzi ezkorra Espainiako produktuez.

Nekazari lurraldea denez, landetxeak dira nagusi Linzera bidean, karratuak: era guztietakoak, zura nagusitzen zaienak, zurezko silodunak, adreiluzkoak, kolore ezberdinekoak, dotoreak, xumeak, apalak, ate ederrekoak, zainduak, ugazaba aberatsegirik ez dutenak... ikerketa lana egiteko egundoko aukera.

 

Txekiako mugara doan errepideko paisaia orain artekoaren berdina da, errepidea bera da zabalagoa,  trinkoagoa autotza. Herriak, txukun zainduak, ugariagoak auto zaleentzako tentabide jatetxe eta tabernak, baina ez dago turismo antolaketarik.

 

Erronka berria dugu bihar: hemengo berri ikasi orduko bagoaz egoera berriekin tematzera.

 

135 kilometro, berdegunean, bidea gora, bidea behera, bira eskumara, bira ezkerrera, inguruaz gozatuz.

 

 

Maiatzaren 21a. Asteazkena.  17.a-Cz:1.a

 

“Argia sortzen den izartegia”. Juan Ramon Madariaga:

"Naufrago guztiak ez dira irleetara iritxiko....". Nongo naufragoak?. Europa Erdiko marean harrapatuta Bohemia irlan ainguratzea espero dugu guk, euskaldun naufragook.

 

Atera ezin ditudanak dira argazkirik politenak: errespetuz, pertsonak daudelako tartean: fatxadako Kristo handiaren alboko leihoan gortina alboratuta zegoen amonatxo pertxenta Hall in Tirolen,  txakurtxo nanoa sokatik zeraman amonatxo dotoretxoa Passaun, dorrepeko pasabidean arabiar jantzitako emakume heldua ilobaren kolore biziko plastikozko jostailua besoan Schardingen, trotamundo-ibiltariak, ezin dotoreago jantzitako gizonezko emakume edo bikoteak,  egoera bereziak, tipo bitxiak... hainbat.

 

Abiatu gara Txekiara, lurraldez aldatuz.

Horixka izanen da uztailean Austria berde hau.

Ez dago baratzik, ez berotegirik, bat bera ere ez: nondik dator ortuaria Austriara?. Errepide nagusietan hain sarriak diren gastof-ostatuak-, ez dira ia ikusten bestelako errepideetan.

Bi ehiza-hegazkin edo kaza ikusi ditugu ziztu bizian, konboi militar baten erdian aurkitu gara ondoren: gerra presente dago beti Europako edonon.

etiketak: Austria, Bidaiak 97
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.