Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 97

BIDAIAK 97

Jon Etxabe 2020/03/20 11:25
AUSTRIA: EKI TIROLA: Lofer, St. Joan in Tirol, Kitzbüel, Hallein, Vocklabrck AUSTRIA GARAIA: Linz, S, Florian, Stery, Kremensmüster, Wells.

Maiatzaren 16a. Ostirala. 11.a –A:7.a

 

“Argia sortzen den izartegia”. Juan Ramon Madariaga:

"Egunaren agonia": adindu naizelako agian, ez dut gustuko heriotzaren konnotazioa naturarekiko aipamenetan, heriotza bera naturala izanik ere; gustukoa dut eguna ahitzeari buruzko beste hainbat erreferentzia eta irudi polit.

 

Eki Tirola

 

Tirol Ekialdera dugu gaur bidaia. Gertuago dugu Salzburgotik Tiroleko hiriburutik baino.

 

Militarren konboaia: erabat militartua dugu Europa.

 

ALEMANIA 

Alemanian sartu gara tarte batez Tirolera bidea errepidez laburtu asmoz. Nortasuna ematen dio inguruari  tontor batean basoz inguratutako gaztelu kolorgetuak. Salzburgoko Saalach ibaia betea eta indartsua dator bere zabalera osoan, zuri-zikin koloreko marroixka.

 

Bad Reichenhal: autoz zeharkatu dugu alderdi edo auzo berria. Zabala, berdegunez oparoa, dotorea, herri sendoaren plantakoa, erosoa dirudi bizitzeko. Dorre berezi-berezia du elizak, zurezko txataltxoz eginiko arrautza formako teilatuagatik.

 

 

AUSTRIA

 

Filmetako bidaia erromantiko polita: ibaiaren albotik, aldizka ibar berde atsegina bere herritxoekin, mendi elurtuak beti aurrean, ia gainean sarri. Atsegina benetan. Tirol kutsua du inguruak.

 

Au. “h”a  jarriz izenordaina, bi hizkiengatik gure EA bezain izen motzekoa.

 

Mailu goria da gaur ere eguzkia.

 

Lofer: xarma duen herri sinpatikoa, tontor elurtuen oinean erreka ozen eta harrigarri garbiarekin: gaintxoko elurretik dator  ura baina zergatik hemen ez dator zikina beste hainbat lekutan bezala?. Osagai oro du: teleferikoa, eski-bideak, pinturaz dotoretutako etxeak, egur trokoteak etxeetako horma kontran tolestuak, baita oinezkoentzako bide-gorri atsegin ondo zaindua ere ibai kontra herritik kanpo. Eliza, jostailuzkoa dirudi; etxeak antzo pintatuta du kanpo aldea, barnea du baina kanpotik baino pintatuagoa: biziki polikromatutako santu-irudi ugariek alaitasuna eta bizitasuna ematen diote, pertxenta kutsua damaiote; erretaula ederra du, triptikoa ere bai, baita Santu baten hankezurra ere erakusgai, harribitxiz inguratuta.

Doako komuna eskaini digu udaletxeak.

Atzokoaren paretsua, kale erdiko taberna borobila aurkitu dugu hemen ere.

 

Asko dira eguzkitan ere argiak piztuta daramatzaten autoak: agian eguzkiaren kontrakarrean ere aurrean norbait doala ikusi ahal izateko segurtasun trikimailu egokia delako.

Arraina eskaintzen dute errepide ertzeko zenbait jatetxe edo ostatuetan. Amuarraina delakoan gaude.

Erreka apartsu garbi baten albo egiten dugu St. Johanera bidea: harri artean bitsetan zuri datorren ur askoko erreka. Errekarroak, baso arteko mendi-zuloak, bailara zabalak. Dorre ortodoxoak dituzte elizek hemen. Landetxeek berriz etxebizitza bera adinakoak edo etxebizitza dobleko kortak, etxebizitza halako bi diren kortak; inguru garbi-garbiarekin, txaleta dirudite kortok, dena da txukuna kanpotik: simaurra eta zikinak barruan gordetzen dira nonbait; ez dute antzik gure baserri eta granjekin, hemengoak ere baserri eta granjak izan arren.

St. Johanera ia sarreran, ordubeteko egonaldi edo joan astirotsua egin behar izan dugu, kilometroetako ilaran, galipotarien errepideko konponketa dela-eta, gidarientzako inolako errukirik gabe. Ez dira Espainian eta Euskal Herrian soilik horrelakoak gertatzen: denekoa da sare publikoko bezeroentzako errespetu gutxia.

Mendi elurtua da orain arte Austriako paisaia ohizkoa.

Nahiko sarria da lurralde honetan teilatu gaineko estalpetxo konikoa: kanpaitxoa dute batzuk. Ez dakigu ze helburu duten, zertarako diren, bere jatorrian, ez baitira apaindura soilak, betekizun bat zuten.

 

Oberhofen, Maiatza.

 

St. Johan in Tirol: udarako zein negurako opor-lekua, teilategal zabaleko etxe eta etxetzarrez osaturiko herri atsegina. Turistak soilik gara kaleko ibiltari. Nortasun berezia du. Tiroldar giroko etxe zurezko eta pintatuak; etxetxo bakarrak, albokoarengandik berezitakoak, baxuak, solteak. Tiroleko gotiko argia da eliza, estukoek argitzen dute; bi solairu ditu koruak, 12 apostoluak urrez hori agertzen dira beheko hesian; mongoliko aurpegi maitagarria du 1440ko Amabirjinaren Niñojesusak.

 

Nola ez, zolatze lanetarako zeharo harrotuta dago zati batean errepidea.

Lohia dator erreka.

Hamabietan bazkaltzen da Austrian.

Motorzale guztiak ateratzen dira bando luzeetan errepideetara astebururako ostiral arratsaldez giro bitxia emanez gure ibiliari.

 

Kitzbüel. Teilategal zabaleko etxeak, kolore ezberdinez koloreztatuak, herri koloretsua; irudi eta forma ezberdinak dituzten etxetzar ederrak ere baditu. Herri xarmanta, potxoloa, lasaia eta atsegina: ibili zein kafetegiko mahai batean eseri eta egoteko herria. Bi eliza berezi ditu. Sta. Katarina bata, ezohizkoa Tirolen ikusitakoetan: gotiko berantiar estiloko kapera handia, moinonoa, gotiko ederra elizpeko 3 santu-irudi naif samar apartekin: Amabirjina Niñojesusarekin,  Sandroke eta beste santu ezezagun bat; erretaula-triptiko txiki xarmant ederra. Bigarren eliza, Tirolen ikusitakoetan ezohizkoa hau ere: gotikoa da baina kanpotik begiratuz zaharragoaren kutsua du, aspaldikoagoaren egitura, dorretxea dirudielarik; urteen eraginez belztutako zurezko teilatuak nabarmentzen zaizkigu, harridura sortuz: zurezko txataltxoz estalitako teilatuak; barrutik  Tiroleko barroko edo rococô peto horietakoa da, kapritxo bat, bitxikeria, jauntxoen kapera dirudi, begiratzeko atsegina hainbat zer begiraturekin; bada alboan kapera bat barroko edo rococô estilokoa, kapritxozkoa hau ere, exboto edo eskerroneko bezala oparitutako koadrotxo pila dituela hormetan.

Ozena da kanpaien hotsa, baina gozoa. Tokatzen zitzaion teleferikoa ere herri honi, eta eduki dauka. Badirudi ez dela Tirolen gainalde elurtuetara eski-zaleak garraiatzeko tresneriarik gabeko herririk. Denek dute berea.

 

Errepide nagusietatik kanpoko bideetatik abiatu gara, gidaritza lasaian, belartza erdian bagindoaz bezala, kardu loratuz hori belardi osoa. Zikina, zikin plantakoa behintzat, dator errekatxoa, agian hasia datorrelako. St. Johan Fieberbrunn eta Waidrig arteko ibilbidean ikusi dugu, lehenengoz Tiroleko lurraldetan, hiru nekazal etxe aurrean, korta alboan pilatuta, simaurra. 855 metro garaierara heldu gara; gainalde nanotxoa aurreko tontor elurtuei begiratuta. Astebururako etxe solteko herritxoak ematen diote berezitasuna: "txalet bat mendian”, zorionez ez dago etxe garaiko  urbanizaziorik. Lakutxo polita, bai ur ertzeko bai txalupetatiko peskari eta guzti. Beherantz egin dugu, errekatxo garbi-garbi baten auzo eta lagun, gelditu eta hankak bustitzen jartzeko gogoa ematen duten horietakoa, gaurko beroarekin batez ere. Badira kanpoko eskailerape, teilape eta estai bakarreko hazienda-etxeak tolestutako trokotez betea horma edo horma bihurtuak, isolatzaile eginkizunean. Hiru koroako Maiatza. Ibaia piraguetan jaisten ari da hainbat kirolari: esperientzia polita behar du izan. Bigarren SEATa, orain artekoan. Presaka dabil autozkoa asteburuan Austrian ere, asteburuetako lakuetara lehenbailehen heldu nahian nonbait.

 

Mugak aske zirela iritzia izan nuen aurrekoan, baina bada bai polizarik mugan: Alemaniarrek ez didate bere lurraldera sartzen utzi, pasaportea kanpinean gorde baitidate ordainketa segurtatzeko. Espainiar nortasun agiri ofizialak ez du deus balio Europa Batuko mugen zurruntasuna hausteko!. Altxa Pelipe trunlalai eta altxa Aznarren piparpotea!.

 

Bide luzeago batetik egin dugu Salzburgora itzulia, laburbide alemaniarretik ordez, lurralde berriak ikusiz, mendi barrenak eta errekatxoak auzo sarriak genituela,  mendi tarteak eta kardoek horitutako bailarak zeharkatuz: ez dago soro bat bera ere. Saalach  ibaia zabal doa baina zikin.

Poliziak aurkitu ditugu errepide ertzetan erdi gordeta, tripode gainean jarritako tramankulu batez autoon abiadura kontrolatzen edo: txakurra azeri, hemen ere.

Maria Alm: egur ebaki berriaren lurrin gozoa barneratu zaigu: bada zerrategiren bat.

Mendi tontor elurtuak beti goietan, ur zikineko erreka biziak behetan, Anboto elurtu bat  beti alboetan, Austriako edo Tiroleko labela bailitz. Liluragarria da aurrean genituen tontorren magaletara  heltzea, elurra eskura dugularik, are gehiago laino multzoek eta ilargi laurdenak edertzen badu zeru urdina. Errekak ez du hemen abiadura bizirik, ez apar zuririk. Ugariak dira gainalde osoan negurako kirol antolakuntzak. 1370 metroko garaiera du errepideak gorenean.

 

Ona da errepidea Salzburgo aldera, hiriburuko jendetza mendiko negoziora erakartzeko errepidea izaki. Isurialde berriko errekatxoa ere zikina doa, elurretik bertan badago ere: nonbait area darama, mendi maldako jauzi bortitz eta bizietan nahasten zaiona. Harrigarria eta bitxia egiten da hain goian errekatxo lohia aurkitzea.

Mila eta bi bihurgune: erreka-zulo sakonen gainetik jotzen dugu bailarara. Jadanik zuloan, autobidea bera ere ikustekoa da, goitik baitoa izugarrizko behatoki bihurturik bailara gainean. Gaztelu deigarria tontor batean: izugarria urrutitik, izugarriagoa bertatik.

 

Hallein. Lasaigarri bihurtzen dira oinezkoentzako plaza zabal eta kaleak, arratsalde beroko hondarrean. Jatorra, bere-berezko xarma duen herria, ezer nabarmentzekorik ez duen arren. Zabal doaz bertan ere Salzburgotik igaroko diren urak, baina herriak ez du harreman zuzenik ibaiarekin: bata doa, bestea dago; Salzburgon, ordez, bada harremanik ibaia eta herriaren artean, baita ikusi dugun hainbat herritan ere; herri honetan herria zeharkatzen duen errekatxoa bera ere alboratu  egin dute nolabait graziarik gabeko zementuzko ubide triste batean abandonatuta. Nahiko ezohizkoa da kale-sarea: kalexka mehar batean bi arkutxok lotzen ditu aurrez-aurreko hormak, bata bestearekiko horma-bular, Italiako hainbat herritxotan bezala. Eliza aurrean Stille Nacht gabon-kanta ezagunaren Gruber egilea bizi izan zen etxea dago museo bihurtuta. Zuri handia da eliza, marmol gorrizka irregular edo berdindu gabearekin egina; pulpituak diren bi balkoi zuri ditu erdi aldean, alboetan: ezohizkoa zaigunez deigarriak; bankuteriako ilara bakoitzak atetxo tailatua du.

Bigarren Seat garajea. Ez dut Espainiaren monorik, baina beti pentsa izan dut Espainia bazter hartan isolatua dagoen lurraldea dela.

Pneumatikoen doako puzkailua jarri du kale erdian bizikleta-denda batek: joan eta puztu, erosleentzako amu.

 

Gaueko 10etatik goizeko 5etara kamioiek ezin dute errepidea erabili Salburgoko lurraldean.

Izugarria da etxatoi eta etxautoteria errepidean, asteburu-pasa doazenak. Bete egin zaigu gure kanpalekua ere.

 

282 kilometro, mugako poliziek luzarazitakoak hainbat.

 

Laburtu egin dugu kanpaleku honetako egonaldia, gaur egin baitugu biharko asmatua genuen ibilbidea ere.

Litro bana garagardo, oilasko erdi bana eta entsalada eder batekin eman diegu agurra Salzburgoko egunei. Garagardoa  edaten du jendeak tabernetako afaritan. Jendez gainezka dago alboko garagardotegia. Zer den ez dakigun jaki bat jaten da batez ere, haragia dela dakigu soilik.

 

 

Maiatzaren 17a. Larunbata. 13.a – A:8.a

 

Lurraldez aldatu behar dugu habiaren kokapena, Saalach uren bailaratik Donau zabalera goaz. Erruz doaz autoaz autobian, asteburu luzearen liluraz, hurrengo astelehena ere jai baita: santu-egunen bat, Austria ere katolikoa denez.   Goizeko ganduan ia ikusezin agertzen dira urrutira mendiak, argitasunik gabe, profil iluna besterik ez, aho zorrotzeko zerra dirudien zeru-marra. Mendi magaleko baso-arteko berdegunetan herritxoak koloreen berdintasuna etenaz, koadroa osatuz.

Doakoa da autobia Inbrecketik gora; xaloa da, triki-trakakoa zorua eta takian potian berrikuntza lanez trabatua.

 

Bi ke-multzo ikaragarria dakusagu urrutira, iaz Alemanian ikusten genituen antzerakoak: bada ingurua kutsatzen duen zentralen bat hemen ere guk argindarra eduki ahal dezagun.

 

Austrian ere herritar xehea, asteko etxezuloa utziz, zerbaiten bila dabil irrikan. Lakuren ertz baten bila doa seguru aski. Langile eta pobreen patua: atseden hartu beharra hurrengo astean ere inorentzat lan egiteko.

 

Vocklabruck. Nabarmen iragarrita dago: ez ginen herenegun bertara joan nekea eta berandua arrazoiz, baina badu nonbait Erdi Aroko plaza luzexka ederra gustura ikusi izango genuena.

Ibai zabala alderik alde hartzen duen zurezko antolakuntza berezia ikusi dugu gure joan bizkorrean: enbor eta egurrak ureztatzeko, agian garraiatzeko, zerbait.

Zoru iluneko tutu berdea bilakatu digute autobia  alboetako zuhaitzek. Linzera asko falta ez dela, petrolio putzua agertu zaigu belardi baten erdian, mailu-buru handi izugarria gora eta behera kulunkaz.

 

Linz aldera, aldatu egin da paisaia, geografikoa ez ezik, nekazari paisaia ere: mendiak desagertuz joan dira lautada zabalduz hein berean: oraindik burutu gabeko garia, arto erein berria, soro landu berri marroiak, sail zabaletan, Alemanian bezala. Giza paisaia ere ezberdina zaigu: etxebizitzak arruntagoak dira, xumeagoak, formaz ere ezberdinak: baxuak, leiho ilaratxoarekin, lauki edo patio laukia osatuz etxarteko tartean, kanpotik begiratuz uste dugunez; ez dute Tirolekoen nortasunik.

 

Oso gaindi baso marran, komunikabide dorre erraldoia agertu zaigu Linz hur dugula iragarriz. Gaurko jaungoikoaren ezaugarri eraginkorrak dira dorreok: garai batetan gurutzeek indar berdina zuen gure mendietan, mezua pulpitutik sortzen bazen ere. Gaur egun kalezulo bulegoetatik abiatzen da mendiotatik zabaltzen den mezua, eta dorretzarrotatik hedatzen.

Arraroa egiten bazaigu ere, gidaliburuak dionez, itsaso gainetik 480 metrotara gaude. 260 metrotara daude Salburgo eta Linz: lurralde baxua da, mapan goian, Europako erdigunean, Europa barnean,  mendiartean, kokatuta badago ere

 

 

AUSTRIA GARAIA

 

Linz. Austriako hirugarren hiri handiena omen. Zabala da, asko kosta zaigu behintzat hiri erdira sartzea, oraingoan ez norabide arazoengatik, distantziagatik baizik.

Espazio zabaleko hiria. Atsegina, garbi plantakoa, itomenik ez duena. Danubio ibaitik bertan, plaza izugarria da hiriko erdigunea: gaur rastroa, azoka, zegoen bertan  bitxikerien eros leku,  Francoren 5 durokoak edo ogerlekoak tartean; plazan dago Maiatza, hiriko edo lurraldeko ezaugarriak adierazizko edergarri askorekin; enborra kiribilduzko girlanda eta bilduzko 3 koroak gorrituta daude, jadanik ihartuta, oso triste; xake-taula erraldoian ari dira bi gizonezko, buru-belarri murgilduta jokoan, talde handia dutela bueltan ikuslego interesatua. Oinezko-tranbien kale zabal luzea da hiriaren bigarren arnasbidea: saltoki erraldoi bihurtuta, denda txiki zein sekulako saletxerekin, administrazio gunea dirudi, dentista eta antzerakoen kokagunea, inor bertan bizi ez den kalea. Altstadt, Alde Zaharra: oso xumea da, beha-leiho xarmantekin; ez dira eraiki sekulakoak, deigarriak bai, ederrak bere apaltasunean. Hiri guztiek bezala bada eraikuntza ederrik: bat Hagak babestutakoa patio erraldoiarekin. Turistentzako ontzien pasealeku eta Alemaniako zamaontzien garraiobide, zabal eta gizen doa Danubio ibaia, abiadura bizian, bere mardultasunean  mantso itxura badu ere; baina zikin doa, ez du ibai urdin erromantikoarekin zerikusirik. Kolore biziko tranbia koloretsuek ematen diote ukitu erromantikoa hiriari, bere soinu atsegin ezaugarriarekin. Turista asko gabiltza, taldeka zein bakarka, jantzi aniztasun eta desaxola guztiekin.

Oasi bihurtu zaizkigu elizak gaurko zapan: Katedral Zaharra, urteek edo kutsadurak ilundutako gotikoa, apala; landu gabekoa kanpotik, handiaren sentipena sortzen du barrura sartzean; beirate asko du, handiak eta ikusgarriak, halaz ere eliza iluna da; mosaiko ederrak aldare nagusi ostean zein absideko kaperetan; gurutzadura erraldoia;  aldare nagusiko baldakinak merezi du begiradatxo geldi bat;  aldaretako marmol zurian tailatutako irudiek ere berea dute; lan handikoa da burdinateria; taila ederrez apaindutako kofesaleku izugarri eta ikusgarrietan, giltzez itxitako armairuan, sartzen da bekataria eliza honetan; begiratzekoa da sakristau siniestroa ere, ikusteko behintzat bitxia. Katedral berria: Beste elizak baino larriago, iztuku gehiagoz, apaindua; bankuteria  oso landua da baina esertzeko oso deserosoa; elizako ezerekin bat ez datorren pulpitu beltz erraldoia, urrezko apainduraz handi-mandia; presbiterioko  aulkiteria harrigarrizko zurezko tailekin dotoretua. Minoritien eliza, Hagako Konbentzioak babestua gerraldian: oso argia; ia sabairainoko punta luzeko aldare gorrixkak; naif itxurako Pietat berezia;  irudi zuri pila. Ursulinen eliza, argia da, bankuteria oso landuarekin. Karmeldarren eliza: gurutze-bidea itxura oneko koadro handietan pintatuta.

Industria astuna du ipar aldera.

 

Lixieuxko Teresaren argazkia dator liburu baten azalean: ez da erakutsi izan ziguten aurpegi txepel, biguna; begirada sakona du eta aurpegiera sendokoa da.

ABC soilik aurkitu dugu, ez dugu erosi, ez du merezi ernegatzerik.

MRTA pintada letra gorriz: kontsolagarria ez kartelik ez pintadarik ikusten ez den herrian.

Bada ehun xume eta prezio merkeko jantzirik ere dendetan, ekonomia eskaseko herria ere badagoela adierazgarri.

Lurrean finkatutako tutu luze batez ateratzen zuen soinu bitxia txanpon bila kale musikari batek: tresna eta soinua, biak ziren bereziak, jolea ez.

Beroagatik, agian ohituraz, garagardo asko edaten da Linzen, mahaitxoetan eserita. Ardo zuria ere edaten du hainbatek, saltoki inguruko tabernetan, bazkalaurrekoa bezala edo.

Bertan behera geratu da rastroa 12etan, ordu batetik aurrera denda gehienak hasi dira ixten, tranbia eta trolebusek ez daramate inor... mortu geratu dira ia kale denak: "nos han dajau solos" kantatu eta etxera jo dugu.

 

177 kilometro, aldaketakoak.

 

Kanpalekua. Laku batetik oso bertan.

 

Ehunka auto eta milaka herritar dago arratsalde-pasa laku bueltan. Eguzkia hartu dugu belartzako gerizpetik gertu, bainatuz eman diogu bukaera gaurkoari.

Jostariak eta zaratatsuak umeak Austrian ere; beraiek bakarrik sumatzen dira 8etan hila geratu den kanpalekuan.

 

 

Maiatzaren 18a. Igandea. 14.a – 9.a

 

“Argia sortzen den izartegia”. Juan Ramon Madariaga:

" ... bidaia handik hona egiteko desira magikoa. Zeinen ederra den iparrari aitzi, flakuria giharretan, borondatea lagun bakarra duzularik partitzea berriz". Juan Ramon ez da gure bidaiagintzez ari, baina balio digu poemak.

 

Gero eta gehiago gara ontzi garbitzen gabiltzan gizonezkoak, baina gizaldiak beharko ditugu ur joanerako harriko zulotxoaren saretxoa hondakin hondarrez erdi estalita ez uzten ikasteko. Ez gizonezkook bakarrik. Agian giroa eta heziketa nahikoa izenen dira biozientzietan sartu gabe.

Harraska gehienetan falta da harriko hustubide zulotxoa estaliko duen tapoitxoa.

Bezero asko gauden arren, lasai dago konketa-gunea igande goizez: asteburuan norbere apainketa lanari ere jai ematen diogulakoan nago.

Txori lotsagaberik ez da nabarmentzen kanpalekuko berdegune eta zuhaitzetan, txori-kantua ozen entzuten bada ere inguruan.

 

S. Florian: Dena lehioz betetako horma argiko Monasterio izugarri handia, gaintxo batean; izen bereko herria du behean;  urrutitik ikusten den digantea, edonondik begiratuta ere. Bertatik eta barrutik ere ikaragarri handia da: sarrerako iruditzar laikoak, patio karratua, patio erdiko iturria, mailadia igo ondoren klaustro bueltako pasillo amaierarik gabeak, inolako apaindurarik gabeko horma zuriak, sarraila diganteak Austriako eliza eta eraikuntza handi gehienetan aurkitzen diren horietakoak. Lehen solairuko klaustroaren handitasunak  nanotxo sentiarazten du bisitaria, galduta lez; kilometroak egin daitezke barne ibilian, buelta bakarrean brebiario osoa errezatzeko adinakoa; ibilbide epela gainera, hotzik pasatzeko asmorik ez zuten nonbait fraideok, sei beheko-su handi kontatu baititugu alde batetan. Ordulariz josita dago monasterioa, kanpotik behintzat, orratz eta orduen zenbakiak urre kolorekoak dituzten ordulari horietako handiak.

Eliza. Nano sentitu bagara kanpoan zein patioan, nanoago oraindik  elizan;  ez erraldoitasunagatik soilik, antzoki dotore batean kontzertua entzuten bageunde sentimendua eragin digulako baizik. Sartu, begiratu, eta besterik gabe harritzen zaituen horietako eraikina: ganga erabat harrigarriro irudiz pintatuta, iztukuz dotoretua, marmol gorriztako aldareak, plateak elizan eta palko dotorea presbiterioan…; gehiago dirudi opera-antzoki dotorea; gaur gotzainak ematen du meza parafernalia osoz,  haur kantariek abesten dute koruan, orkestra batek jotzen eta Austriako organorik handienetakoa omen denak  ere eliza musikaz betetzen du. Seriotasun osoko jendez beteta dago eliza, denak txukun eta dotore jantzita, tartean bertako jantzi petoa daramanik ere bada, poxpolin jantzita agian ez daude baina ia ia; bada handiki kutsuz jantzitakorik ere, ibili harroan doazenak meza ondoren auto bila, bertanbilbo itxuraz.

Fraideek halako xingola edo zapi luzexka xelebrea dute abituan.

Organoak azken joaldian hainbat aldiz seminarioan debozio handiz abestutako Veni Sante Spiritus himnoa jo duenez Basko Eguna dela susmatzen dugu, bihar Basko Astelehena beraz, Austrian oraindik jai; Euskal Herrian, kulturarik gabeko kaletar bilakatutako baserritar arlote ezjakinek, enpresariek, eta beraien esanera politikoek, alajaina, aberatsago nahian, aspaldi laikotu zuten Astelehen Baskoa, asaben jaiegun polita.

Txanponak botatzen ditu jendeak patioan iturriko putzura: ohitura zabaldua Europa osoan, auskalo zeren eraginez baina eliza eskalea ez da ohitura horretatik urruti.

 

Lurralde laua da, altzo zabaleko olatu handiko itsasoa bezala, uhin berdez leuna.

Nekazari etxeak dira atzo ikusi genituen etxe baxu karratuak, lur gaineko solairu soilekoak: alde bat edo bi behintzat korta eta nekazaritza gorabeherekin lotuta dago; batzuetan kanpotik ere xumeagoa, apalagoa, da zati hau; beste zatia etxebizitza da; erdian patioa osatzen zaio baina ezin izan dugu patiorik ikusi. Batzuk apartak dira: hemen ere batzuk aberatsagoak dira, txiroagoak beste batzuk, aberats eta txiroak, bi zatiotan banatutako gizartea; izango da ezer ez duenik ere. Landetxeoz gain bestelako etxeak nahiko ohizkoak dira, bakarrak, solteak.

 

Ia ez dugu orain arte industria-gune handirik ikusi Austrian, hiri inguruetako industria-gune txikiak bai. Stery-ra heldu garen arte.

 

Stery. Erdi Aroko herria; hila dago heldu garenean, guretzat utzia bezala; eguerdi-arratsalde aldera suspertu da. Industria-herri bada ere, ez da kanpotar turistarik faltako hemen. Ezin esan industria-herria denik antzinako kale-sarea ikusiz; gehiago da turista-herria, baina ez da Lourdes. Ur hots ozenak betetzen du zati zabal batean airea. Plaza du bere ardatza, bertara lotzen direla alboetako pasabide eta kalexkak; hiri zabala baina batez ere luzea, zokotxo eta estilo guztietako etxe eta fatxadez osatua; bada bat, hobekien iraun omen duen Austriako etxebizitza gotikoa dena; iturria berriz hain da erraldoia non ezin daiteken eskurik ere busti, aska izugarri garaia baitu: zertarako ote ziren iturriok?. Maiatza!. Bi ibai zabal elkartzen dira ozen eta nabarmen hirian bertan: urdinxka garbia dator bata, morokildua bestea, marra batez nabarmentzen da elkar joz biltzen diren gunea, zikin doa ondoren ibai bateratua. Bada patio ederrik: xarma du bere utzikerian ere patio gotiko batek, balkonada luzexkarekin hari luzea emanez irudimenari bertako hainbat ipuin eta istorio amesteko. Bada gaztelu arrosa bat ere, hiriaren gainean, herriaren babes baina aldi berean erasokor; gazteluari tokatzen zaion adinako erraldoia da gazteluko patiotzarra; patioaren erdiko arbolapean putzua, ipotxek inguratua; putzu erdian  iturria eta iturrian ahotik ura botatzen duen txakurra. Ikusgarria  ikusten da urrutitik kaleko ateburu baten gainean bi metro zabalera eta orratz-zenbaki urre-koloreko erloju borobila; bertatik, baina, txatxar merkea besterik ez da. 

Eliza asko ditu herriak: Stadtpfarrkirche gotikoa; hilerria zen kanpoaldea, baina ibil-leku bihurtu dute; hormetan eta alboetan jarri dituzte hilarriak; harrizko eskailera duen ohizko kaperak dirau. Oso austeroa da sarrena nagusia, alboko sarrera, aldiz,  ederra da, tailatxo interesgarriekin; alde bateko irudiak soilik iraun dute. Barrutik handia da,  hotza: badirudi hau ere gerratean hondatu zela eta ondoren berreraiki zutela, elizan ziren bitxikeriak hormetan jarriz. Bankuteriako  ilara bakoitzak bere atetxoa du, bakoitza bere giltzarekin: arrantxoetan abereak banatuta gordetzeko kaxateria dirudi. Eliza erdiko gangako plafon edo nerbioen loturan, apaindura lez, orratz-zenbaki urre-koloreko ordulari beltz handia du, oraindik orduak zuzen esaten dituena: lepamin asko sortuko zuelakoan nago elizkizuna noiz bukatuko zegoenari. Bada hain zaharra ez den irudia baina neurrietan eta espresioan ikasi-berriren batek egina dirudiena: amak ipotxaren aurpegia du eta niñojesusak amaren aita dirudi. Pietat bat ere bada, zeinen Amabirjinak sufrimendu aurpegia baino gehiago nazka aurpegia duen. Marienkirche, eliza guztien antzerakoa, sabai zuriarekin; baina baditu alde bietara Kalbarioko imajina benetan bitxiak. S.Michaelerkirche, Austriako barroko petoa, eliza zuria aldare gorriekin: ez du baina pinturarik gangan.

 

Isiltasuna urratzeko kezkaz ere ibili gara une batzuetan patxadan bizitzeko dirudien herri honetan.

Stery-n ere banketxeak jabetu dira eraikuntza ederrenez. Aberatsak eta diruak bereganatzen du beti herri oroko zerik ederrena, aukera ematen die gainera agintari eta jauntxoek. 

“Kai” izena du ibai ertzeko pasealekuak: hiztegiak argitu digu “kai” alemaniar hitzak moila edo nasa esan nahi duela, euskaraz bezala: nork nori prestamoa?. 

 

Lagundu asmoz hurreratu zaigun neskatila ilehoria pinpirin zihoan kaleetan ortozik oinetakoak motxilatik zintzilikatuta.

Oinutsezko neskatoak bazekien bagarela euskaldunak Espainia eta Frantzia tartean.

Antikuarioak gerrateko jeepa darabil bere joan-etorrietarako.

Indiako indiar koadrila heldu da gure aurretxoan herrira, familia bakoitza bere autoan: bilkuraren bat dute, agian elizkizunen bat beraien artean baitzen apaiz bat ere.

Gaztelera, Espainiako hizkuntza harro inperial inposatzailea, ez da agertzen iragarpen bakar batean ere Austrian, ez jatetxeetako kartan, ezta turismo bulegoetan, ez esku-paperetan ere.

 

Steryn, Austria osoan ere, eraikuntza askok dute Hagako Konbentzioak gerra garaietarako eskainitako babesa, gerra lehertzean inork ezeri errespeturik balio bezala.

Austrian ez da gerra garaiko hondakin, oroipen edo ezaugarririk nabaritzen, -ezta Alemanian ere-: ezta herriak edo elizak zenbateraino hondatuak geratu ziren gogoratuko dituen argazkirik ere.

 

Herritxoak zeharkatzen ditugu gure ibilian baina ezin dut aurkitu bertako etxe horietako bat argazkian bere osoan harrapatzeko gaintxo edo aukerarik.

 

Kremensmüster. Urrutitik nabarmentzen da. S.Florian baino handiagoa oraindik,  urmael edo ur hornidura propio eta guzti. Gutxienez 5 patio erraldoi ditu. Barroko petoa da eliza, zutabe sendoak tapiz ederren erakustoki bihurtuta. Antzoki-dekorazioa du gangak. Presbiteriora sarreran, eder biak marmol gorrian, Benito eta Eskolastika anai-arreba dohatsuak Erromako Basiliketako santu-irudiekin nor erraldoiago lehian. 10 dira aldareak, bakoitzak bere koadro handiari eusteko bi aingeru dituela, Benito eta Eskolastikari nor erraldoiago konpetentzia egin nahiaz bezala. Armairu erraldoiak dira aitorlekuak, landuak, zonaldeko gehienak bezala.

Abitua soilik daramate hemengo fraideek. Erromesa ez dator uholdeka, baina etengabe dabil bisitaria igandeko arratsalde-pasan.

Bataioa ere ikusi ahal izan dugu: denak dotore, umea berriz negarrez kontsolagaitz.

Eskuan eliza duen errege bat dago sarrerako ateburuan: sinboloa ez ezik errealitatearen adierazle.

 

Nekez ikusiko da asteburuan motorista bakarra errepidean, nekez mantso ere.

Auto gidariak ere presatiak bilakatzen dira igandetan, estresa abiaduraren joanean baretu nahi bailute.

Tximinia luzea dakusagu urrutian, eraikuntza garaia.

 

Wells. Kosta egin zaigu barnera sartzea; herri industrializatua, inportantea; etxetzar asko du baina baita Erdi Aroko Alde Zahar ederra ere, erdigune atsegin eta lasaia. Dorrepetik sarrera duen plaza zabala eta luzea da hemengoa ere, aukerako etxe-sailez osatua; bere garaitasunean, urik ez ukitu ez ikusi dakioken 1583ko iturria; bitxiki pintatutako etxea: bertan gozatu dugu gaur jelatua argiteriapeko oholtzan ari zen musika-taldea entzunez. Badu bigarren plaza zabal luze  bat, Erdi Arokoa hau ere baina gaurkotua, non egunotan iraun duen zeramika erakusketa gaur bukatzen zen: emakume batek girotzen zuen erakusketa Oesteko baladen antzeko abestiak goxo kantatuz.

 

Zeru urdinean,  oso baxu, 5 antzar pasoan, kontra-pasoan edo heldu ondoren non kokatu bila.

 

216 kilometro, gozoak

 

Lakarrik gabe sartzen da litro erdiko garagardo pitxerkada eguneko ibilbide luzearen ondoren.

 

Gauerdi aldera lehertu du askenez euria, trumoirik jo gabeko baretasunean.

etiketak: Austria, Bidaiak 97
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.