Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 97

BIDAIAK 97

Jon Etxabe 2020/03/13 09:40
AUSTRIA: Salzburgo, ST. Gilgen, St. Wolfgang, Bad Ischl, Gmunde.

Maiatzaren 14a. Asteazkena. 10.a – A:5.a

 

“Argia sortzen den izartegia”. Juan Ramon Madariaga.

- "Pentsatu eta ez idatzi, bururaturiko bertsoaren edertasuna hortxe bailetzan". Agian hor dago egon.

- "Noizbahiko euria existitzen naizela guriro esanez". Ba gu eguzkiak bizipozten gaitu ibiltari egunotan.

 

Telebista antena parabolikoarekin dator hainbat kanpinera.

El Pais irakurriz jakin dugu Arretxe dela txapeldun buruz-buruzkoan.

El Pais irakurriz:  Felipe eta Aznarren elkarrekiko ausikiak dira Espainiako politikagintza. Zisneak eta txakurrak liskarrean diraute Espainian ere: zein da txakur, zein zisne?, berdin da!, ze axola du horrek?.

 

Gazteleraz otoitz egin izan nuen nire baitakoetan apaiztegira joan ondorenetik aurrera. Apaiztegiak erdaldundu gintuen.

 

Goldaketan ere nabari da nor den txukuna, nor axolagabea: batek errepidearen ertzeraino goldatzen du lurra errepidea eta inguru dena lurreztatuz, besteak, ordez, belar errenkada uzten du ertzean  errepiderik zikindu gabe.

Gizonezko helduak makinatzen zuen lurra traktorez, bere atzetik bi emakumek apurtzen zituzten zokorrak aitzur edo zokor-mailuz: Austriako nekazaritzan ere gizon gazteak fabriketan eta emakume zein adinduak nekazaritzan. 

 

Dorre-orratzak eta Maiatzak gailentzen dute elkarren ondoan baso baten goiko erdia, ostean herri bat dagoela iragarriz.

Eskertzen da autobidetik bazterrak ikusi ahal izatea tutu berde batetan gidatuz joan ordez.

Trikua errepidean zapaldua, seguru aski maitasun deiren bati erantzunez bestaldera zihoana, agian zer jan bila: zibilizazioa, animalien galmendia.

Maiatzak ez dira Alemanian bezain sarriak, baina badaude egon.

Gureganatu dugu berriz ere Inn ibaia: alaitu egiten du bidaia, ez zoaz bakarrik, urarekin batera zoaz. Berau ere elurrez ernalduta, Danubio, Donau alemaniarrentzat, ernaltzeko prest, laster bukatuko zaio bakarkako ibilia, Danubio sendotu eta puztuz, hemen inguruan elkartzen baita berarekin.

Kufstein:  gaztelu sendoa tontortxo batean, teilatuetan gandortuz eliza jaikiaren pope kapeladun betiko eliza-dorrea, eta udaletxea izan daiteken fatxada harroa.

 

 

ALEMANIA

 

Salzburgora lasterbidea.

Alemaniarrek ez dute Austriaranzkoentzako poliziarik mugan, ezta aduana antolaketarik ere.  Muga ondorengo lehen iragarpena Berlin da, 650 kilometrotara: denean bezala zentralismoa da nagusi, hiriburua da nazioaren zilborra.

Bakoitza bere herrialdean mugitzen da muga inguruko eremuetan, inor gutxi dabil mugaz bestalde, auzo izan, beste aldera egitea libre eduki, eta hizkuntza berdina izanda ere.

 

Zabalduz doa lurraldea, Tirol herrialdea bukatzean, mendiak nanotuz eta urrutiratuz; azkenez mendi-errenkadak mozten du zeru urdina urrutietan, ortzi-mugarainoko ordeka utziz begien aurrean. Innn ibaia da muga bide luzean eta hara non Madison zubia, luzea, zabala eta sendoa. Aldatu edo murriztu egin da etxeetako zurajea, baina oraindik bada noizbehinka balkonada ederrik baita teilategal zabalik zein balkoipeko egur trokote tolesturik ere.

Belardiak dira nagusi Salzburgora bidean, soro landu batzuk ere bai, baina, Tirolen ez bezala, jabego handiak dira hemengoak. Belarra ebakitzen hasiak daude. Zurezkoak dira kortak, ilunak, behien kolorekoak hauek ere, marroiak. Noizbehinka behi taldea larrean.

 

Chien see, laku zabala; txalupa, bailandra eta antolamenduz gizatiartua, itsasoa dirudi, itsaso urdin barea.

 

Autoteria trinkoa dago Alemanian; zentzudunagoa eta bestearekiko errespetu handiagokoa da alemaniarren gidatzea. Berrikuntza lanak dira, hemen ere, nagusi, takian-potian zirkulazioa erabat moteldu eta oztopatuz.

 

 

AUSTRIA

 

Salzburgora hurreratuz Alpeen tontor erraldoi oraindik elurtuek eman diote bukaera lautadari. Eraikuntza bereziak noizbehinka: teilatu zabal piko-piko eta dorre lerden garaiko eliza.

Xumea da autobia: zorua, segurtasun-ertzak eta ezer guti gehiago, Frantziako zuhaitzez dotoretze-ahaleginik gabe.

Simaurtu berriko soro batean bele banda zebilen digeritu gabeko artale edo pentzu zatiren baten bila: hori ere bada bizimodu tristea, gizakion ikuspuntutik. Naturaren oreka da izan.

 

Eskola berdina dute politiko denek, dirua ateratzeko ikastaro berdinak egin dituzte: Salzburgoko sarreran lan handietan dihardute, kartel handiekin kanpalekua bilatzeko gure norabidea oztopatuz, berriz ere.

 

Kanpalekua.

Urduritasunak urduritasun, erraz topatu dugu kokaleku berria: gaintxo batean, makal lodien babes eta itzalean, inguru gertuan belartza, Salzburgo aurrez aurre -eliz dorreak ikusten zaizkion etxe-sail anonimoa besterik ez da hemendik ikusita-, hiria babesten duen mendixka, eta urrutira Alpe elurtuak. Kanpaleku lasaia eta atsegina.

 

Salzburgo

Autobusez egin dugu Salzburgora, mendi magaleko zelaia oinez zeharkatu ondoren. Iparretik Ase gara trolebusez hegorainoko ibilaldian, Baillibarko Justino zenaren “jirabelta Elgoibar bileta” egin behar izan baitugu ez dugulako behar zen tokian lurreratzen jakin. Baina jo dugu erdira.

35 graduko bero-sapa pean ere lasaia eta atsegina izan zaigu hiria. Zerbait hartuz edonon esertzeko aukera tentagarriak  eskaintzen duen hiri lasaia. Hiri kosmopolita, arraza orotako turistak gurutzatzen dituzu edonon. Gaztelera ere barra-barra entzun dugu, heldu da nonbait Espainiako autobuskadaren bat. Erakusleihoak ikusizko ibilian gozatzeko hiria. Bitxikeria eta lan ederrak gustatzen zaizkionaren gozamena. Turista asko gabiltza baina ez diogu elkarri estropezurik egiten, ezta itomenik sortzen.

Ibiltoki ikusgarria ibai ertzean, plaza eder eta zabal ugari katedral bueltan, patioak, pasabideak, eraikuntza ederrak, eraikuntza erraldoiak, gutizia oroko gaiak dendetan. Agerian daude aurreko bidaia batean neguko izotzen beldur estalita zeuden iturriak, ura eman aurreko prestakuntzetan oraindik. Katedrala, argi askokoa, barroko digantea; gurutzadurako lau kantoietako bakoitzean organoa du eta koruan bosgarren bat. Frantziskotarren eliza ezberdina da, non gurutzaduran barrokoa eta gotikoa elkartzen diren konbinaketa gutxienez berezian, bitxian, -Kristoaren aurrean debozioz ia joanda zegoen lodikote koloregorri bat-. Hilerri benetan bitxia, gurutzeetako irudi pintatuekin. Salzach ibaia, betea, oparoa, doa, baina uholde itxurako zikin planta du. Sapa leunduz, gazteak ibai ertzeko belartzetan eserita daude  taldetxoka arratseko ordu goxoetan.

 

Mortu gelditzen dira kale ederrak seiak-zazpietatik aurrera, gordetzen dituzte bai kale-musikariek  bai karikaturagileek  bere baliabideak: bi aldiz arrotz sentitzen zara, zure habiara itzultzen. Gautxorien ordua da, zulo gordeetako azkonarren unea.

Bukatu du bere lana kale-artistak kalea ibiltariz hustuz gero.

Duela ia hiru urteko ikustaldiko irudi eta oroimenak biziberritu ditugu, jelatu batez gozatuz; arratsaldearen ederra Salzburgoko karriketan, 35 graduko hozberoan ere, noizbehinka elizetako gerizpean freskatuz!.

Galeria batean umeek egindakoak zirudien koadro bizi-bizi minak, salgai, opariz ere ez nituzke hartuko: agian geu ere ohitu egingo ginateke horrelako batera. Goiko estaian berriz bada gauza politik, modernoak izanik linea marra eta kolore konbinaketa atsegina dutenak: 200 mila pezeta eskatzen dute bakoitzarengatik.

 

Azokan pikuak aurkitzeak harritu nau, baina sor eta gor utzi nau dozena erdirengatik 1.200 pezeta ordaindu behar izan dudanean: 200 pela piku bakoitza!!!. Bi tomate eta letxuga bat ere ia 500 pezetatik gora!!! ordaindu behar izan ditugu. 

Fatxadako balkonada gordetzen duen teilategal zabaleko etxe bat:  triangeluan beherantz zabalduz bukatzen zaio zorrotz bukatu ohi den aurreko teilatu gailurra, balkonadaren aterpe zabala bilakatuz.

Nonahi aurkitzen dugu militarren karabana, ia kaleetan bertan aurkitu dugu hemen.

Bata bestearengandik ze urrun gurutzatzen garen kalean hain elkarren ondoan gabiltzanok; agian bada neurtu ezineko, ageri ez den, kidetasuna: hiria ikusten ari garen zein oporretan gauden kidetasun ikusezina; saltzailearekiko erosle kidetasuna: arrazoiren bat medio, harremana sortzen denean azaleratu ohi da halako elkarrekiko adeitasuna.

 

35 graduek ekarri behar zuten trumoia lehertu da zaparrada ederrean; bota du giro beroak etxera bidean bete-betean harrapatu gaituen trumoi zaparrada, portale batean gordearaziz;  hiria ilundu zaigu, argiak piztu dituzte.

 

190 kilometro, etxe ibiltaria lekuz aldatuzkoak.

 

"Ez duk erraza konpai". Koldo Izagirre:

Gaueko hamabiak arte soilik bizi izan eta bizi garela liguke Heugek!. Ez da baina aukera txarra gurea ere.

 

 

Maiatzaren 15a. Osteguna. 11.a – A:6.a

 

“Argia sortzen den izartegia”. Juan Ramon Madariasga:

"Zuria ...oroimenaren margoa": gorria litzake nire oroimena, berdea edo horia, agian urdina, baina kolore fuertea.

 

Hurrekoak ez badira ez ditugu pertsonak ezagutzen berenez duten izaeran. Hurbiltasunak uxatzen ditu hainbat mito eta lilura.

Badute lilura gerorako itxaropen, amets eta asmoek, baina gu geroan luzatuko garelako plazerrari uko egiten ari gatzaizkio, aspalditik amestutako lurraldeak orain ezagutuz. Hobe gerorako ezer ez utzi. Gure adinak  geroa, oraina eta iragana gero eta elkarrengandik hurbilago baititu. Izan nuen gaztetan austriar lagun adineko bat, Carlos Cech, nire aitona zitekeena; orain bere jatorrian nabil, entzun nizkionak nire begiz egiaztatuz.

Asegaitz uzten naute neu ere lurraldeetara bidaiek, baina ez tristura ematen didatelako; kale etxadi berdegune eta turisterria bera sakonago ezin ezagutzeak pitzatzen nau ni.

 

Lakuen lurraldera dugu gaur ibilaldia.

Lautada da nagusi Alemanian antzo, Linzera bidean. Girnalda kiribilduz dotoretutako xaflazko hesia du kilometroetan autobiak, larrialdietarako ate sarriekin. 

Maiatz asko da zonalde honetan, hiru koroa dituzte Alemaniako bakarraren edo Tiroleko bien ordez.

Txapelokerren berde kolore antzerako polizia autobus ilara: presente dago indarkeria ofiziala Europa osoan.

 

Mendi tartera sartu gara berriro. Ezaugarri eta osagarri oro erakutsiz, Tiroleko lurraldearen antza hartu du hemengo bai etxe-sailak, bai lurraren erabilpenak. Bailara berdeak dira hemen deigarri. Agian etxeak, herri apaletakoak behintzat, ez daude hain landuak, orokorrean; teilatu gailurraren ertz biak zorrotz bukatu beharrean triangelu antzerako isurialde zabala dute bai atarira baita etxe ostera ere, babesgarri edo.

Errepidea ona da, Salzburgoko biztanleriari asteburu zein oporretarako irteera erraztuz.

 

Hof,  Maiatza.

Fuschisee lakua, ikusgarri ederra ageri da, urdin, berdegunez eta herritxoz bildua.

 

St. Gilgen. Mendi elurtuz inguratutako ur garbiko Wolfgan see laku ertzeko herritxoa; idilikoa. Etxe ederrak, balkonada luze eta sendoak, baina batez ere Mozart plaza,  zein baino zein ederrago, zein baino zein potxoloago, lehian bezala pintatutako balkoiak erakutsizko etxe ederrekin; bada bertan biolina jotzen duen brontzezko iruditxoa, Mozart agian, -eguzki gorira ez jotzeagatik ez baikatzaizkio hurreratu izen bila-: argazkian betirako gordetzera irrikatzen zaituen horietariko plaza da, baina ez diot argazkirik atera begi ninietan gordeko dudala eta. Uda-herri petoa, baina goiko elurtzara gora eta behera etengabeko joan etorrian dabilen teleferikoak erakusten duenez baita negu-herria ere. Lasaia, zaindua, orduak emango zenituzke bertan egonean zein ibilian. Maiatza du.

 

St. Wolfgang.  Laku beraren beste aldean. Udaberrian, bisitari gutxi denean, etortzekoa, ez baita giro izanen jendartean lekurik egin ezinik. Laku ertzeko paseatoki eta etxe ederreko kalexkez polita, agian horregatik dendateriaz gainezka lourdes. Batelak eta motorak uretatik at zintzilikatuta, gordetzeko zurezko itsas garajeak, kalexka bihurriak, plazatxo xume atseginak, hotel ederrak. Eliza ere paregabea eta berezia du, bakana, bai egituraz bai barruko giroz, ezohizkoa; agian ez polita ezta ederra ere: pintatu gabeko tartetxo edo puzketa bat bera ez du, freskoak ez direnean oihalean egindako pinturak dira; nabe handi bat, alboan bigarren txikiago bat; nabe nagusiaren erdi-erdian kapera handia, ostean bankua dutenei aldare nagusia begi-bistatik kenduz. Erretaula benetan zoragarria da: erdikoa taila polikromatua, tapakiak, berriz, pinturak; badu bestelako taila ederrik ere erretaula osoan. Hainbat kapera nabarmentzen zaizkio, baina batez ere albo batean, goian, dagoena, marroixka, ukituz leunduta dagoen harkaitz baten gainean: bertan dago, kapera barruko kaperatxo batean,  herriari izena ematen dion Wolfgan Sainduaren antzinako irudia hormetako eskerroneko diren koadro pilaz inguratuta. Bankuteria tailatu zaharra du, oholeria erabat gastatua, zenbatua eta metalezko txapatxoetan, noren?, izenak jarrita: eliztar bakoitzak, agian familiak?, eserleku propioa zuen edo du elizan.

Bada herri bertako propioa izan behar duen txalupa luzexka berezirik ere.

Lakua izoztuta dagoeneko argazki bat ikusi dugu,  baina gaurko beroarekin gerizarik geriza ibili gara freskotasunik ezean gutxienez eguzkirik eza eskertuz.

 

Uda-herriak dirudite herri denek: agian izatez, berenez, heziketaz edo tradizioz dira txukunak.

Teilategal zabalagoa dute etxe berriek, baina ez gailur punta triangeludunik.

 

Bad Ischl. Austria Garaiko lurraldean dagoen bainu-herri zabala, berrikuntza lanetan murgildua. Irudimenez  eta gustuz jarritako galtzadarriz du kale-zorua. Zenbait kaletan ibai ertza du pasealeku, uraren presentziaz erakargarriago. Bainuetxe dotore eta handiak ditu, bainuetxeok ohi duten parke izugarri zabalekin. Badu bere Maiatza. Ardi galduak bezala ibili gara eta nekatu egin gaitu jelatu gozoa eman badigu ere. Ez gaitu liluratu aurreko biek bezala, argazkia zeri atera gabe geratu gara ferra zaharrez egindako zaldiaren eskultura bitxia aurkitu dugun arte.

Gogoratuak dira oraindik fama eman zioten Habsgurgtarrak, izenetan behintzat. Kaisser hitzak ematen dio izena hainbat eraikuntza, terma eta abarri.

Mostradore borobila toldo borobil erraldoiz estalia zen kale-kaleko taberna, kale erdian.

Errepideko  zubipean elkartzen da gurekin ekarri dugun elur ondorengo Ischier erreka azala beste erreka batekin Traun ibai dotorea sortuz.

 

Erreka kantari garbi eta aberatsak ematen dio freskotasuna baita auto-bidaiariari ere.

Bizkor eta zoro, egonezina kabitu ezinik, gazteak Austriako errepideetan. Bizitza gainezka!.

Loratuta daude fruta-arbolak duela aldi bat Euskal Herrian bezala. Beltza da nonbait negu zuria naturarentzat. Horregatik ernetzen da beranduago hemen. Negua bera ere natura denez ez da zuriagoa edo beltzagoa: egokitu egiten da bizi dituen baldintzetara naturako osagai bakoitza.

 

Bailara berri batean sartu gara, mendi-tontor eta basoz inguratuta, Traun ibaia lagun dugula.

 

Ebensee. Kolore gorria nagusitzen zaio marroiari, herri honetan  jotzen du gure ibai bidelagunak Traunsee lakura, non zabal, gizen eta sakon, ibaia laku bihurtu zaigun gero Gmunden aurrera jarraitzeko.

 

Laku ertzeko herriek badakite laku ertzak itxuraldatzen, baina laku honen bazterrak ez daude gizatiartuta, Traunkirchen  herritxoa laku ertzean badago ere. “Traun eliza” litzake herriaren izena. Gmunde inguruan bada ezohizko eliza bat, forma eta kolorez ezberdina, harri ilunekoa, dorre mozkote borobilekoa, gotorleku itxurakoa, kono batez bukatua, Erronkariko hainbat eliza gogarazi diguna.

 

Bide asko egin dugu laku ertzetan, laku ertzeko ibiliek ez gaituzte aspertzen baina; dotorea, atsegina da laku ertzeko bidaia.

 

Gmunde, Austria Garaian, lakuaren iparrean kokatua, hor hartzen du berriz Traun ibaiak bere bidea. Pasealeku paregabea du laku ertzean, luzea, zisne ugarien ikusmiran atseginagoa. UNESCOk babestutako herria. Aldatzean du kale-sare zaharra, guri hain atsegin egin ez zaiguna, agian arratsalde beranduko nekearen eraginez edo arratseko 7etan, hemengo ohiturari jarraituz, herria hila aurkitu dugulako. Zeramika da lakuaz gain ospea ematen diona, erakusleihoetan zeramikarik nabarmentzen ez bada ere: udaletxeko  ordulariaren kanpaitxoteri berdea laku ertzean litzake zeramikaren ezaugarririk nabarmenena, baita zeramikazko iturri eder bat ere goiko plazan. Nola ez, badu bere Maiatza.

 

Zirrara sartzen du, hain goiz biltzen direlarik etxera, herri bat erabat hilda ikustea arrats oraindik argitsuan: hor barnean, etxeon altzoan, ia argirik ere erakusten ez duten leihoen ostean bizitza oparoa ehunduko da. Gu berriz, bidaiari atzerritarrok, etxetik urruti, kaleetan eta laku ertzean azkeneko argiaz baretzen dugu eguneko nekea. Kontrastea.

 

Bi auto ikusi ditugu muturka elkar jota. Bidaian ikusi dugun lehen istripua.

Gozozaleak dira austriarrak, jelatu jaleak ere bai.

 

Noizbehinka Austrian ere harrobiak beldurgarrizko haginkada egiten dio mendiari, baso berdeko azala harri gorrian utziz. Kontrastez edo kontraesanez autobideko zubi batzuk irudi margotuez edertuta daude naturarekiko erasoa leundun nahian edo, agian gidariaren urduritasuna baretu asmoz.

 

Amaierarik gabeko belar-guneek bilduta          etxeratu gara bukaerarik ez duen galipotezko zinta beltzean irristatuz. Berriz ere beste laku bat dugu. Teilatu berez ilunak, beltz bilakatzen zaizkigu azken argi urrian.

 

170 kilometro, ura inguratuzkoak hainbat.

etiketak: Austria, Bidaiak 97
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.