BIDAIAK 97
Maiatzaren 29a – Osteguna. 25.a-Au:14.a
Korpusti. Goizeko zazpietan hasi da goxo kanpai hotsa, alboko elizan gertu, inguruko elizetan urrutiago. Urte asko da Korpus egunez kanpotik ginela ere M. Luisa eta biok, baina orduan poliziarengandik ihesean.
Adineko jendea, helduak edo nagusiak ez ezik zaharrak ere bai, gabiltza kanpinez kanpin gure etxatoietan. Gure kanpin hau beteta dago ia beti, tira handia du Vienak.
VIENAKO HEGOALDEA dugu gaurko ibilia.
Izugarri handia ikusten da urrutitik Vienako komunikabide dorrea; gertutik ere hala da, barrutik ere bai: aurreko bisita gogoratuz begiratzen diogu: gaur egungo kanpandorre moderno mezularia.
Perchtols-Dorf: isurialde pikeko lau dorre karratu sendoak, oinarria santu-irudi piloak inguratzen duen zutabeak, eraikuntza gotiko zaharkituak eta kapera batek osatzen dute etxe erakargarriekin batera gune zahar xarmanta. Plaza ondoko eliza gotikoa sendoa da, Getsemani polikromatu ez dakit ederra baina bai landu bat du atarian; barruan aspaldion ikusten ez genuen Goenatxorentzat bezalako harri angeluzuzena itsulapiko bihurtuta: zaila dute lapurtzea baita burdinazko morroilo tzarra apurtzen ere. Spitalskirche, dorre segail karratu luzekoa da.
Gozo-gauza asko jaten du austriarrak.
Hainbat herri zeharkatu dugu norabidea asmatu ezinik: ernegazioagatik eta arretagatik ez balitz gozamen lasai geldoan begiratzekoak ziren: denek dute zutabe, etxe, eraikuntza, eliza ederren bat begiak ere edertzeko.
Mendiarte batean sartu gara ondoren, menditxo arteko parajean. Ezohizko parajea dugu hau Austrian, orain artean zeharkatu eta ezagutu ez ditugun inguruak. Gaur arte ezagutu ez dugun Austria menditsua, mendixkak besterik ez badira ere. Gora eta behera, urrutira ere errepidea mendi artean gora ikusten dela: ezberdina eta dotorea. Berdea hau ere. Udaleku edo bainu-herri ingurua.
Heilingenkreux, mendiarteko zulotxo batean kokatuta, gehiago da monasterio bat herritxoa baino. Igande-pasako jendea edo erromesa dabil erruz Arantzazu edo Loiola bailira. Prozesiorako jarritako urki eta haltz adartxoak, zuhaixkak antzo lurrean sartuta daude Gurejaunaren ibilbidea erakutsiz.
Monasterioa: izugarri zabala da, horma tzarrez bildua baino gotortua. Handia da bertako antolakuntza; elizan bertan ere ez dago aurrera egiterik; ordaindu egin behar da, komentua ikusteko txartel berean elizarako ordaina disimulatuz; klaustro zabal zuri-arrosa da doako bakarra, baina ez du ezer apartekorik. Erromaniko berantiarra da elizaren fatxada, gotikoarekin nahastuta; atetik ikusten den barnea oso austeroa da, erdian fraideen korua duela. Ikusgarria omen eliza erabat estali duen komentua: elizan austero, etxean oparo, gure fraideak.
Berriz ere mendi-zuloz mendi-zulo, errekasto baten albotik, horma zurien gainetik, zur iluneko goialdeak kontraste polita sortuzko etxetxo ugariak zeharkatuz: bidaia atsegina da. Kare-harrizko mendian zulatutako tuneltxoak, mendiarteko trenbide zubi-luze garaiak ematen diote bere xarma-ukitua ibiliari.
Zitalduta dabiltza igandezaleak, mantso samar goazenengatik, haserre, tutu joka.
Baden: baden etorri gara eta Baden badela ziurtatu dugu: hotelak, ostatuak, parkeak, lorategiak, belar-guneak, urmaelak, ahateak, txori-kantua... inguru polita, mendipean gordeta bezala. Gerria 5 metrotik gora gizendu duen platanondoa ere bada parkean. Hiriburutik, Vienatik, datorren tranbiak ere erruz dakar arratsalde pasako bisitaria gaur, jaiegun eguzkitsu honetan. Bere ahalegin xumean, dotoretxo asko dabil. Vienar giroa du parkeak: musika banda baten kontzertuko sonek sorgintzen zuten jaiko jantzita dabilenengatik edo eserita entzuten dutenengatik bizi-bizi dagoen parke zabala. Lorategi, parke eta hotelez gain, herria bera ere txikitxo potxoloa da. Herri guztietakoak bezain txukuna eta gustatzekoa kale-gunea, ez da baina lourdes, ez da kinkila-herria.
Betowenek hemen konposatu zuen 9. Sinfonia eta ezagutzen ez dudan "Missa Solemnis"a.
Bokatarik ikusten ez dugunez eta ikusten ez denik eskatzen ez dakigunez, izozkia janez paseatu dugu gosea kaletxo eta parkeetan.
Haria emandako enborrak darabilen dolarea deneko berdina da, Badenen zein Garachicon.
Munduaren nondik norakoa aldarazi ezin dugunez, Carrarako harri-bola zuriaren eskarmentuaz, norabidea aldatu diogu urak jiraka darabilen marmol gorrizko bolatzarrari.
Etxerantz autopistan, dena da mahasti Badenetik gorantz, mendian gora ia gaineraino hemen ere mahastiok, Mosela bailaran bezala.
Wiener Neustadt: Etxe baxuz, Erdi Aroko kale-sare egitura duen herri zabala: plaza da kale guztien hasiera eta jopuntu. Izugarri zabala da izan plaza: handi itxura ez du galtzen gutxienez 100x100 metroko etxe multzoa izan arren erdian; arku sendoko etxeak ditu bueltan; erabat harrotuta dago zorua berrikuntza lanak direla eta. Dom, (garbiegia du dorrea): erraldoia izanik jostailuzkoa dirudi bere handian ere, plaza erraldoiak nanotuko bailu; zurezko santu-irudi pila du barrokoz aldatu zioten barrenean: zer begiratuko txikikeria eta handikeria franko du eduki.
Zimelduta daude arratsalde beranduan lurraldeko ohiturez, Korpus eguna izaki, erabili dituzten zuhaitz adarrak.
Ez dakit zeri edo nori laguntzeko sartu-irten handia zegoelako hurreratu, eta kanoniko botoi eta azpildura gorriduna buru zuen erreakzionario edo elizkoi itxurako jende multzo handiarekin batu gara apaiz etxeko patioan: ondo ordaindutako bokadiloa eta ardo itxurako edaria afaldu dugu patxadan arbolapeko jendartean.
Kamisetaren bular aldean gamma-gurutzea edo esbastika nabarmena zeraman batekin gurutzatu gara.
Iruzur egin digu autobiak eta gure senak etxerakoan, baina onik atera gara labirintotik. Ontzi batean zeharkatu dugu Danubio: uholdean bezala dator ibai erraldoia, indartsu: tamainako abiadura orekatuan egiten du aurrera ontziak, trabeska, alboka, uraren indarrak darama beste aldera. Fisikako klase praktikoa.
176 kilometro, nahastuak errepidean, gustukoak herrietan.
Maiatzaren 30a. Ostirala. 26.a-Au:15.a
Dendarekin dator jende asko kanpaleku honetara, txirrinduz datoz dendadun gehienak: gau batzuetarako behintzat gizarte honetako minimoetara zailduak.
Ugariak dira gazte taldeak, Juanjo Olasagarrek lioken bezala, "berdea galdu gabekoak", ez dakit ezeren "kontra", seguru aski gazteak direlako soilik zer askoren kontra bai, baina ez "oro orokorraren kontra"; ortozik dabiltza komunetara, mahuka-hutsik haize fineko goiz honetan. Familiaka eta famili taldeka ere badatoz, nagusi gazte umeak, armonia gaztean; hiruzpalau familia ditugu atzotik auzo: gazte arrek denda berdinean egiten dute lo, gure etxatoiaren parez pare, munduan eurak bakarrak bailira, kontu-kontari bizian gauerdira arte ingurua bizituz eta gaztetuz. Ama bat etorri zaie gaztetxoei goizean denda maneiatzera: moldakaitzak ala utziak ote gazteok, ala amek errazegi hezitakoak. Arabiarra dugu kanpineko garbitasunaren eta erosotasunaren arduraduna, lana duenaren adeitasun irribarre atsegina du.
Adi zegoen gaztetxoa gure matrikulari begira; behealdeko "Bikain.Arbizu" ere irakurri du, azkenez sorbaldak jaso eta joan egin da, nongoak ote galdezka bere buruari seguru aski: espainiarrak ez garelakoz eta euskalduntasuna matrikulan aldarrikatu ezinean, anonimo tankeran gabiltza munduan, ia errari.
Denok atzerritar hitz egiten dugula irudipena berdetzen zait nire inguruko erretolika ulertezinaren zurrunbiloan, baina gu geu gara soilik kanpotarrak.
VIENAKO EKIALDEA da gaurko irteera, bihar eginen dugun bide berean.
Astuna eta luzea da, bai denboraz bai bidez, hiri bateko irteera oro, batez ere zeharkatu behar denean, gaur tokatu zaigun bezala.
Kloster-Neuburg. Mahasti zabalak ditu Kloster-Neuburg-ek, maldan zehar tontorreraino estaliz mendixka osoa, harro iragartzen ditu bere ardoak: monasterioak ohi dute, bai, ardoa edo likoren bat bere inguruan. Nonahikoa da azoka txikia Austrian ere, gaur Kloster-Neuburg-ri tokatzen zaio. Koheteak bailira bost tximinia luze kutsadura trinkotuz, geroxeago ONV petrolio markaren birfindegia, munstro itsusia tentakuluak luzatuz berdegunean. Tuterako zubia hiriko sarreran Danubio gainean, beti bertan baina behin ere zeharkatzen ez dugun ibaia. Kamioi handi horietako bat dago iraulita gurpilak gora errepide bazterrean: lan gehienen ordaina da istripua.
Bruck. Harresiak ditu errepide alboan.
Ekilore saila: bada nekazariren bat ekoizpen alternatibo baten atzetik dabilena, gariak artoak edo belarrak ez duelako nonbait behar adina etekin ematen. Agian hemen ere diru-laguntza baterako aitzakia besterik ez da, nahiz ondoren usta bertan utzi usteltzen, Gaztelan eta Andaluzian jauntxoek egiten omen duten bezala, bere urritasunean ere diru-laguntza hori probetxagarriagoa, zuku handiagokoa delako, beste laboregintza bat baino.
Kaskarragoa da errepidea eskualde honetako zenbait herritan, utziagoa, hondatuagoa: Ministerio, Diputazio eta Udaletxeen arteko zer nori tokatzen zaion lehia ote. Txirrindulari eta oinezkoek ostera bide-gorri alternatiboa dute.
Herri erdian dago herritxo bateko maiatza, errepidean bertan baina, etxe arrunt baten aurrean: ze errito ote hemengoa.
Rohrau. Jatetxe eta museo bihurtu dute jauregi gotortua, agian gaztelua.
Luzeragatik Ataun dirudien herri bat, behe-solairuko etxetxoek errepidearen bi alboetara kilometro batetik gora osatzen dutena.
Gaur bai deitu dakioke itsaso berdea lurralde osoari: garitza hazietan uhinak eragiten zituen haizeak, erreflexu berde ezberdinez ikusgarri kulunkatuz galsoroak.
Ez da jenderik ageri herrietan.
Petronel-Carnuntum. Inguru zabalean barreiatuta dauden erromatarren hondakinek egin dute ezaguna; zabala behar zuen erromatar hiriak aurkikuntzen kokagunearen arabera: etxadietako horma barrenak hemen, arku sendoa kilometrotara, beste aldera urrunago anfiteatroa, hondakin gehiago han urrutira.... Ez digute ezer askorik esaten guri hondakinok Ostia, Verona, Sagunto, Merida eta antzerakoekin parekatuz, jakintsuentzat balio handikoak badira ere. Ikuslea erakartzen du, batez ere gu bezalako jubilatu edo heldua; gaur gabiltzan apurrak autoz gabiltza, bizikletadunik ibili badabil ere.
Maiatza gertatu zaigu ezustekoa: han-hemenka herriko etxe edo kale-kontretan kokatuak, dozenatik gora urki txanka-luze zuritu gabe, berez zuri, arrama zoztuak zatar zuriz hornituak; bakoitzak bere karteltxoa du ulertzen ez dugun idazkiarekin, batek "komandant" jartzen du hizki handiz hizki txikien erdian.
Austrian ikusi dugun kapera erromaniko nahastu edo itxuraldatu gabe bakarra izan da gaurko bigarren ezuste baikorra,: belartza batean, borobila eliza bera, borobiltxoa ere itsatsita duen presbiterio edo absidea; arrailduta dago, baina zaindua; xarmanta.
Bad Deutsch. Alemaniarren bainuetxea ote; zuhaitz artean gordetako etxetxoz osatutako bainu-herria; harrobi ikaragarriak ia jan du mendi erdia: gorputzak osatu eta natura hondatu egiten da herri honetan.
Urki-maiatzak trapu zuritxoz loratuak bidean.
Haiburg an der Donau: hiribildu zaharra, sarrerako ate sendo gotorrez babestua; gure lagun Danubio ederraren oinetan dago kokatuta, baina ibaiari bizkarra emanda bizi da; garai batean ibaia zen herriaren hesia Ipar aldera, gaur egun trenbidea ere bai, pasabiderik utzi badiote ere. Badu ibai-ontziak pausatu ahal izateko gabarra beltz handi batez eginiko atrakalekua herritik albora. Eliza du plazaren erdian, iturria bere albo batean, iturria beste aldean ere. Petroneleko maiatzak dira hemengoak ere: batek "Mai"(maiatza) edo antzerakoa jartzen du, taberna bateko ataurrekoak berriz botila, edalontzi eta tabernako hainbat baliabideen marrazkiak ditu; plazan berriz ohizko maiatz ofizial garaia dago, gehienak bezala urrutira zuria horiaz itxuraldatzen delako, piparpotea dirudien banderarekin.
Hau izan da Austrian bisitatu dugun azken herria, gauza berak errepikatu beharrez deskribatzeko aspergarria, baina bai begientzako bai ibili lasairako aurreneko eta ondorengo guztiak bezala xarmanta, atsegina, txukuna, maitagarria eta erakargarria.
Txingorradapean zeharkatu dugu bihotz-bihotzetik Viena, txingor pean zuzendu dugu ibilia kanpinera, semaforoek etsai eta lagun, autoz inguraturik uneoro.
149 kilometro, Austrian handik honako azken kilometroak.
Gure egin ditugunean herriak, hirian berriak izateari utzi diogunean, ibiltzen ikasi dugunean, bagoaz. Bidaiari soilak gara gu hemen; ez gara errariak, nora eta noiz arte dakigulako, batez ere gurea den herri bat dugulako. Norbere herria nahi dugu bizitzeko, baina tarteka zeregin aukerako aparta da ibiltariarena ere.
Maiatzaren 31. Larunbata. 27.a-Ek:1.a
Norbait hurreratzean karabana azpian gordetzen ikasi dute zozo beltz mokohoriek: hiritartu edo zibilizatu egin zaizkigu, demokratizatu, besteez baliatzen ikasi alegia.
Erremolkeko leihopean ditut orain belarrari mokoka: araba-zozoak dira, hainbat aldiz Marinen tirokatu nituenak nik neuk ere Pilarika inguruko uso-pasa egunetan. Pazientzia behar dugu gaurko ehiztariekin ere, baina baita harrera irmoa, tematia ere.
Gurasoen erakutsi eta portaeraren arabera dira seme-alabak partaide edo begirale soil familiako eginbeharretan: tesi horri buruzko ikastaroa eman digu denda-txirrinduekin auzo izan zaigun koadrilak.
Alegrantzia dakar bereiz edo multzoan, taldeka, bere kasa, bakoitza bera, bizikleta garraiobide edo denda aterpe, neska-mutilak kanpinean ikusteak.
Kanpinarena ere beste kultura bat da, bizikletarena bezala.
Ziklistek hartzekoak izaten dituzte bai errepidean bai hirietako bidegorrietan: tinko eta protestari defendatzen dute bere eskubidea oinezkorik bere gunean sartzen bada edo autoak ezegoki aurreratzen badituzte.
Etxetzar erraldoiak ere ikusten zaizkio Vienari: bere erraldoikeriak egin ditu aldi bakoitzak, miresten ditugun jauregiak eta elizatzarrak ere erraldoikeria besterik izan ez zirelako.
Bada dorre berezia, uste genuena: komunikabide dorrea-edo, koloretsua, ezberdina eta dotorea; gaur ketan aurkitu dugu, airea sasten: itxurak, askotan ustel.
Kartel komertzialak ari dira jartzen: Austrian ez da ikusten kartel errebindikazio edo politikorik: Euskal Herriko hiri eta herri gehienetan irabazi ziguten borroka hori, isildu zuten beste hedabide-baliabiderik ez zutenen protesta, txukuntasunaren aitzakiaz agintarien aurkako salaketa isilaraziz: demokraziaren immunitatea; paperez garbiagoa izanen da horrela hiria, biziagoa ez: kartelik gabeko herriak, bizitzarik gabeko mortuak.
Mutil-koskor bat darama alboan gizon batek autoan, atzeko jarlekuan ume txiki bat eta umearen bi den txakur handia: hirugarren umea ote txakurra ala umeen zaindaria?.
Vienak badu bigarren komunikabide dorrea, bestea baino mozkoteagoa.
Vienak ez du Danubio inguruan turismo eraginik, nahikoa du kale-sareetako eraikin eta dendateriarekin. Pobreen jolastokia da gehienetan Danubio ertza, herritarren egun-pasakoa. Ikusi dugu turista-ontzi bat: bada nonbait guk ezagutu ez dugun zokoren bat non erromantikoak ontzietan erabiltzen dituzten.
Bukatu zaigu Viena: nostalgiaz bota diogu azken begirada; arratsalde eder bat bota genuen bertan baina pasoko hiria izan zaigu oraingo honetan.
Urdin eta eguzkitsu argitzen zaigu eguna azkenaldian, baina badaki ere goizerdirako lainotu eta iluntzen.
Bada mundua ezagutzeko ibilera lasaia bizikleta.
Mahastiak berriz ere muga inguruan.
Dolare zaharrak erakusgai jatetxe inguruetan, bidaiariak erakar amu.
Ez dakit zein herritan lurpeko upelategi ilara luzea errepide kontra, sarrerako horma zuri zabalekin: bereziak.
Muga aurretik zenbait kilometrora hotzak gorritutako soldadu bat dago fusilez armatua guardia egiten auskalo nori edo zeri, lautada garbi batean: komunista zeritzotenak arerio zaizkie oraindik austriarrei, gerra giroa nabari da oraindik.
Kanpandorre luzexka berdeko eta maiatza nanoaren ostean bildutako etxe koloretsuko azken herriari nostalgiaz begiratuz eman diogu azken agurra Austriari. Bukatu zaigu Austria, hilabeteko ametsa.