Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 97

BIDAIAK 97

Jon Etxabe 2020/05/08 10:15
AUSTRIA BEHEA.Poysdore, Viena, Krems, Durnnstein, S. Polten, Tullin, Sta Andra.

Maiatzaren 27a. Asteartea. 23.a-Au:12.a

 

Agur Txekia baina ez betiko, aste batzuk barru izanen gara lurrotan berriro. Gorde egin ditugu txanpon hondarrak itzulerarako.

 

Badugula dakigu geurea den etxea, Euskal Herrian, nahi dugunean, bihar bertan, itzuli gintezkeela bertara. Horrek segurtasuna eta lasaitasuna ematen du. Baina errariak?. Bere izatea ibiltzea denak?. Gogorra behar du izan. Gureagandik pentsamolde ezberdina eduki behar du, gurea ez den beste ikuspegi batekin begiratu behar dio bizitzari. Arraz begi ezberdinez. Izugarri gordina iruditzen zait errariaren bizitza. Hala nahi dugulako gabiltza gu, baina erraria bere izatea ibiltzea delako. Ezin du ibili gabe egon, ezin da gelditu, beti aurrera egin behar du. Bere atsedena ez da gure atsedenaren neurrikoa, beste zerbait da. Gu ibiltariak gara, nondik dabiltzan dakiten errariak agian, edo zergatik dabiltzan dakitenak, tarte batez errari izatea erabaki dutenak. Ibiltaria ibili dabil, errariak ibili egin behar du, ezin du ibiltzea ekidin, agian hori erabaki duelako. Kairik ez duen itsasoko ontzia,  non lurreraturik gabe  airean dabilen txoria.

 

Dirua aurreratzeak zentzurik ez duenean, zer ederragorik gastatzea baino!.

 

Mikuloven izugarrizko ke multzo zuria botatzen du besteen fabrikak?.

Asteguna izaki, gaur ez  du peskaririk laku ertzak.

Militar konboia, Austriaren erasoaren zain edo erasotzeko prest baileude: berea du gerra giroa gure gizarteak, agian gizadiak berak.

 

Ondo aztertu dizkigu aurpegiak, baita argazkikoarekin parekatu ere mugan garitako polizia txekiarrak, ondoren baita sakon arakatu ere etxatoia beste batek: poliziaren zena eta esentzia beti susmo txarrez bizi eta aritzean datza; poliziak ezin du inor normaltasunez tratatu.

 

 

AUSTRIA BEHEA.

 

Nabarmen, erabat turisterri agertzen zaigu Austria lurraldea,  muga zeharkatu orduko.

Zabalak izanik ere, soro-sailak ez dira inola ere Txekiakoen adinako zabalak, baina handiegiak bakar batenak izateko hauek ere. Txekiakoen antzerakoak dira herrietako etxeak, baina pintatu berriagoak daude, distiratsuagoak, marguldu gabeak,  agian funtsezko premiak aseak dituztelako, agian premiok asetzeko turismoa erakarri behar dutelako. Bide bazterreko santu-irudietan berriz  ez dago desberdintasun handirik. Ezberdinak dira errepideko norabide ikurrak: hobe horrela, denok berdintzen gaituen berdintasuna baino; aberastasuna eta bizitasuna da ezberdintasuna, gainera ez da zaila herri bakoitzeko jite ezberdinera jartzea, ikurrok ulertzea.

Mahastiak ditugu lagun Austriara sartu bezain laster, ia Vienara bertaraino; txapel berdeko mahatsondo txanka-luzeak dira, ez Errioxako txaparro sendoak: ardan-lekua da nonbait Ipar Austria. Maiatza: lehenengo herrian ikusi dugu, Vienara arteko bakarra izan da. Handiak dira elizak hemen ere, etxeak txikiak izan arren: nor nor den ezagun, jaun ahalguztiduna bata, zerbitzari xumeak besteak. Auto gehienek argia piztuta eramatea litzake Austriako beste berezitasun bat: segurtasuna errepidean. Austrian ere, militarrak errepidean: gerra beti presente.

 

Poysdorf. Herri txukuna; Austriakoa ere bada plazetako zutabea. Beste grazia bat dute etxe-bueltek, zainduagoak dira, denbora eta dirua dago etxe ingurua txukuntzeko; agian kultura, izaera eta tradizioa dira etxe-buelta zaintzearen zergatia, besterik gabe.

 

Haize argindar-zentrala edo eolikoa: Wolkersdorfen ikusi dugu lehenengoa, ondoren beste bi herritan ere bai, bakarra beti bakoitzean: badirudi haizearekin konpontzen duela herriak argindar premia, gureetan, berriz, behin hasiz gero mendi lerro osoa betetzerainoko ilara jartzen da: noren negozioa?. Ugariak dira argindar-zutoinak Viena aurretxoan, zabalgune osoa betetzen dute, Maracaivoko petrolio-dorre eremua dirudi.

Patata eskainiz nekazariak etxaurre eta errepide bazterretan: baserritarra bi sosa nondik aterako hemen ere; hauek ez dira soro-sail handi horien jabeak.

 

Viena.

Karabana, autoaren buztan luze-zabala atzean dugula sartu gara hiriko zurrunbiloan. Vienan ez dago M30, M40 edo ingurabiderik, baina osorik atera gara, ertzetik baina hiria Ekitik Iparrera zeharkatuz. Danubio ere zeharkatu dugu, ez dakit zenbatgarren aldiz bidaia honetan: ondo bideratuta eta hesituta eta hezia dago, erromantizismoari lekurik utzi gabe; indartsu eta sendo doa, baina aldi berean ibai lasaia da, lasaigarria ere. Mitoa da Viena ere: gauza bat da  turisten Viena erromantikoa den erdigunea, beste bat gurutzatu dugun hiri arrunta, hirigune zeharo ezberdina.

 

Kanpalekua. Ibiltzeko sena piztu eta garatzen du nonbait ibiliak: ezusteko bidea izan denez, herriko kale-sarea zeharkatuz heldu gara kanpalekura: zerbitzu onak ditu, baina pilatuta gaude, erremolkeen biltegia dirudi gehiago; non gure aurreko egunetako kanpalekuak!.

 

Kloster-Neuburg: parkea dirudi plaza xumeak; ez zaio falta zutabea. Agustinoen Monasterioa izan zen guk jauregitzarra uste genuena; Austriako barroko nagusienetarikoa omen: bi kupula brontzezko berdexkak ditu, errege eta erreginaren koroi erraldoiek ematen diote errematea, txapelaren txortena bailitzan; barruan mailadi luze zabalak  eta museoa. Monasterio aurreko plazan bada hildakoen farola  deitutako orratz gotiko polita; patioek badute begiratzeko zertzeladarik ere. Eliza bera gotikoa da kanpotik, barrutik berriz barroko loratu apaina.

 

Trenez egin dugu Vienarakoa, lasai baina indartsu doan Danubio ibaiaren albotik.

 

Viena. Dena da bertan zabala. Dena ederra den hiria. Maitemindu egiten zaitu. Bigarrenez gaude baina lehenengoan bezain liluragarri gertatu zaigu. Ezagutzen ditugun xehetasunetan pausatu gabe baina katedralaz gozatuz, ordu galduetan murgildu gara eraikuntza eder, jendetza kosmopolita, tranbia eta bizikleta artean. Nekatuta joan gatzaizkio eta lasaituta bidali gaitu.

Botozkoa deitzen dioten elizan bada gerraren aurkako erakusketa bat, eta erakusketan bada argazki hunkigarririk, baita bitxirik ere. Hunkigarriak dira fusilatzeen argazkiak; argazki bitxien artean sabaia erabat suntsituta erori zaion liburutegian hiru gizonezko liburu irakurketan ari dira, seguru aski gerra aurreko irakurtzeko ohiturari jarraituz.

 

Frantziako Kontsulatu edo Lizeoko patioko akazia baten gerriak erabat bildu du hesiko burdinazko barrote sendoa, sendotzen joan den heinean, enbor barnean gelditu arteraino; beste batek ere nahiko beretuta du beste burdina barrote  bat.

 

119 kilometro, ganoragabeko euria lagun.

 

Brnoko bakardade berde zabala dugu amets gogoan. Berantiarragoa eta gautxoria da kanpalekuko biztanleria.

 

 

Maiatzaren 28a. Asteazkena. 24.a-Au:13.a

 

Juango Olasagarre:

"Norbait ezagutzea infiniturantz bidaia omen da": Hala da harremana azalean geratu ordez adiskidetasuna sortzen denean, nahiz instante batekoa izan. Bidaia hauek ere  infinitura luzatzen zaizkigula dirudi, infinitura eramaten gaituztela, ez ibiliaren ibiliz, ibilitakoa eta ibilkizun duguna gero eta luzeagoa delakoz baizik, herrien ezagutzak mugarik ez duelako; bizitza berak muga jarriko dion infinituraino.

 

Bizikletak ere euritik babestu egin behar dituzte bizikletariek.

 

Aldapara pike eta bira biziko mendi kasko bat pasa dugu baso artean, ondoren lautada hartu dugu, berriz ere. Ohizkoa eta ezaguna zaigu Austriako paisaia, jadanik Maiatza ere ohizkoa zaigu lurralde honetan. Bohemia eta Moraviatik hona ez dugu hegaberarik ikusten zelaietan, lurralde hau ez zaie nahiko hezea nonbait; bela bat bai pausatu zaigu errepide ertzean: bele gutxi ageri da Austrian. Ugariak dira, ostera, militarrak, hiltzeko makinariaren kolore kakizko kamioi eta uniformeak egunerokoak eta nonahikoak ditugu Austrian, Moravia eta Bohemian bezalatsu.

Ohizkoa zaizkigu argindar postetzarrak Viena inguru honetan. Txekiakoak baino argiagoak dira behe solairu soileko etxebizitzak, pintatu berriak daudelako; herri koskortuetako etxeek badute lehenengo baita bigarren estaia ere, herri bakoitzaren zenbaterakoaren arabera; denek dute baina inguru txukun eta zaindua. Ez dugu inor ikusten etxaurre eta inguruetan, ageri den gizaki oro adinekoa da, gaztea lantegietara alde egina da nonbait hemen ere.

 

Tulln herria auzo dugula, semaforo batek gerarazi gaitu Danubio gaineko burdinazko zubiaren erdian konponketengatik: ez dugu abestu "Danubio urdina" abesti ezaguna, jadanik laguna baitugu ibaia; zikina arren ibai ederra, zabala, sendoa, digantea, erakargarria; hain handia izanik ere ez du kezkarazten, lasaitzen baino. Goraxeago Danubio gainditzen duen Tuterako zubia, kableen lotura gune den zutabe nagusia erdi-erdian dela, tinko gora. Silo garaia zut inguru zabal guztiko urrutitik nabarmen etxe-orratza bailitzan. Zaldiak, Sakana gogoratuz. Ez dabil autoteria handirik. Herriak tarteka-tarteka, gutxi. Ez dakit ikusten dugun zenbatgarren SEATa: bitxia egiten zaigu beti ere.

 

Kremns. Urrutitik iragartzen du hiria ia mendixka tontorrean dagoen agian gaztelu agian jauregi agian biak den eraikin izugarri zabalak. Danubio ibaiak babesten du, baita garraio-portua edukitzeko aukera eskaini ere lur barrukoa den hiriari. Turisterria, turistentzako eta turistengandik bizi dena. Lourdes izan gabe, dotorea; dena da polita eta tentagarria erakusleihoetan. Bi dorretxok babestutako dorre azpitik hasten  den etxe baxuko kalea da herriko ardatza. Kale-sare mimatua, txukuna, atsegina, dena dago zaindua, gustuz jarria. Gustura paseatzeko herria jendetzak itotzen ez duenean. Baina bada kale zatiren bat Eibarko T.Etxeberriak bezala zorua txiklez txerriturik duena. Kale nagusian kapera kurioso batek gerarazten du oinezkoa: aldare ilunekoa da, pulpitua ia sarreran bertan du, baina batez ere zutabe kantoiko horma-zuloko armairutxoaren burdineria filigranatua nabarmentzen zaio. Badu  hiru zutabe txikiagoz osaturiko zutabea kale-gurutze batean. Badu maiatza ere, kale saretik kanpo arren. Bada ere alboko ikastetxeko eskolaumeak ezik ia inor ez doan zabalgunetxo lasaia, non multzo polita sortzen duten etxe arrosa tripadunak, leihoa ateratzeko arku zorrotzari giltzarria ez ezik arku laurdena ere kendu dioten bost arku garaiko palazio kolorgetuak,  eta aurreko biak lotuz giro berezia sortzen duen zurezko hormak: ipuinetako herria dirudi tarte osoak, turismo ibilbidetik at geratzen da baina.

S.Veit:  barrokoa, ez hain loratua, ez hain gorria; urrea edo urre-kolorea da nagusi: urre-kolorekoak ditu presbiterioan aulkiteriako eserleku bakoitzaren buruko tailatxoak ere, baina gehiago dirudi urre-kolorekoa baino purpurina-kolorekoa Santutegi osoak. Piaristenkirche: hainbat eskailera ditu,  eskailera pikoetako batek zurezko aterpea du Dorraoko elizarako horma kontrako espaloiak bezalatsu. Gotiko argia da eliza, hemen ere santuteria urreztatua baino  purpurinazko urrekara irudi; bankuteria aparta, santu-iruditxoak falta zaizkio aulkiteriari; presbiterioan zein elizako ezkerreko horman leihoteria zaharra da deigarria, komentua bailitzan; konpondu nahian dabiltza organo zahar ederra: turisten limosna baino  zerbait gehiago beharko dute. Eliza buelta osoan freskoz dotoretutako aterpeetan gurutze-bide zaharra da berezia eliza-horma kontran.

 

Eliza denetan aurkitzen da Antonio Donea, "el del niño gordito", irudi xelebreetan irudikatuta batzuetan.

Motibo erlijiosoa dute plazetako zutabe denek.

 

Berak baldintzatzen duenez bidea,  berarekin garamatza Danubio ibaiak; branka apartsua korronte kontra batzuk, arin korrontearen alde besteak, garraio-ontzi beltzok ematen diote garbiagoaren itxura ibaiari. Ugariak dira mahasti  txanka luzeak ibaiaren alde bietara, mendian ia gorainoko zapaldetan tarteka,  Rhinen gomuta esnaraziz. Badute bere bide-gorria txirrindu zaleek.

 

Durnnstein. Danubioaren albotxoan, Erdi Aroko herritxo nano xarmanta, turismo agentzien sarean sartu dela dirudiena. Urdin bizia den eliza-dorrea du erakusgai edo bitxikeria nagusia, baina badu hotel bihurtutako gaztelua ere. Kaletxo irtirina eta ibai ertzeko pasealeku lasaia. Ibai zabala zeharkatu edo ibaian paseatzeko ontziak.

 

Bizikleta zale turisten gozamena da paraje osoa: dozenaka dabiltza bere ekipaia osoz, kanpin-denda eta abarrez zamatuta; helduak dira denak, zaharrak ere asko.

Korrontean gora hegan, enarak dabiltza ehizan Danubioren azal-azalean, ia uretan bustiz.

 

S.Polten: Etxe ederrez osatua, Austriako herri hasi peto-petoa, zaindua, baina ez turisterria, inguruko herritxoen salerosketa herria baizik, zerbitzu-herria; gustura paseatzeko herria, Roma kafetegiko jelatua gozatuz oraindik atseginagoa. Eskultura ugari dago kaleetan. Plaza zabal argia, herri osoa ere argia den bezala. Eliza kanpotik liso tristea bada ere, barrutik erabat argiztatuta aurkitu dugu: palioak erakusten duenez bihar Korpusti eguna da eta entseguetan daude; dena dago brist, santu-irudi urrekolorekoak, marmol gorriak, gangetako freskoak, bankuteria marroia, hormetako koadro tzarrak, zur dotoreko kofesalekuak... organoa oraindik zoragarriagoa dago.

 

Ilehoriak dira austriarrak, aurpegiera zabalekoak eta begi argikoak; handikoteak gorputzez.

Austrian ez dago Alemanian haina estatua eta eskultura hiri eta herrietan.

Elur-kentzeko makinak erabiliko dituzte Austrian: ez da ageri Txekiako taulateria edo sareteria errepide ertzetan pilatuta.

S. Poltetik bertan zezen-plaza zabalerako bi tximinia biribil erraldoi: bada hemen zentral termiko edo nuklearra.

 

Tulln. Goi solairu bakarreko herri nahiko koskortua,  ezer berezirik ez badu erakusteko ere  atsegina, gustuz zaindua, bazterrak txukun gordetzen dakiena, etorri eta ordu lasai bat botatzekoa, geratzeaz damuarazten ez zaituena; ez dute turismoagatik egiten, beraiengatik baizik: kultura, dotorezia. Inguruko buru eta salerosketa gune, merkatari herria. Sank Stephan elizan ere urre koloreko santu-irudiak dira deigarri, inguruko elizak norgehiagokan bailebiltza; primerako aulkiteria du; gertu dago biharko palioa ere. Minorikirche, elizatxo barroko irtirina; zuriak dira hemen santu-irudiak; irudi erlijioso txertatutakozko sekulako mahaiteria du sakristian; Moreneta kaperatxoa; dorre garaia den arren kanpaiei elizpeko sarreratik eragiten zaie soka batez.

 

Kospusti Egunerako, biharko, zuhaitz arrama-orri berdedunak banatu dituzte kaleetan, espaloian etxaurre edo denda aurretan utziz. Dendariek batez ere, adarrok leihoetan edo horman itsatsiz apaindu dituzte kaleak Korpus prozesiorako.

Bada autobusean zein bizikletan dabilen adin handiko talde bat: txirrinduak daramatzan atoia du autobusak, bidaiariak uzten ditu leku batean  eta zain egoten zaie beste toki jakin batean; nagusiok txirrinduz egiten dute tartea. Gaur  erreskada luzean heldu da taldea autobusa zain zuten Tulln-eko plazara.

 

Sei bat etxeko auzotxo edo herritxoak daude kilometro erditik kilometro erdira.

 

Sta. Andra: zein ote dugu herri honi euskal kutsuko izena ematen dion santa hau.

 

Badirudi argindar haize-orratzak granjarako argindarra lortzeko direla: granja bakoitzak baitu bere tantai eolikoa.

Pankartak daude oso zarratu jarrita kilometroetako luzeran: alemanez ulertzen ez dugun arren, badirudi errepidea zabaltzearen edo zerbait antzerakoaren aurkako protesta dela.

 

166 kilometro Danubio inguruetan eta nekazari herrietan zehar.

etiketak: Austria, Bidaiak 97
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.