Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 97

BIDAIAK 97

Jon Etxabe 2020/05/01 12:05
TXEKIA. MORAVIA. Trebic, Brno, Mikulov, Znojo, Austerlitz, Kromeriz, Prerov, Olomouc.

MORAVIA

 

Ez dugu jakin noiz sartu garen Moravian.

Gora-behera leuneko lurraldea.

Madariondo ilara da errepideko mugarria kilometro luze batean. Errepide-gurutze asko dago herrietako sarreran; bidegurutze asko herri barruetan: ez dira batere nabarmentzen, adi eta argi ibili behar da.

Argiago pintatuta daude Moraviako etxeak, ia zuriz; beste poztasun bat dute. Maiatza,  Moraviako ohitura edo erritoa ere bada.

Bailara berri bat dager gaintxo batetik Trebic inguruan, arboladi gutxiko lautada zabala, urrutiraino zeruertzarekin lotzen duen berdegunea, non gari-sail izugarriak nagusitzen diren. Ez soro, ez baratz, bien tarteko den lursailean ari da familia osoa, Mispillibarkoa gogoratzen didan aitzur txikiekin zerbait landatzen. Biltegi erraldoia, Gaztelako Francoren garaiko handi horietarikoa: non biltzen zen edo den gari-sail hauetako uzta; ze ekonomia mota gailentzen ote nekazaritzan?: benetakoa ezagutu nahi nuke, egiazkoa, propagandakoa ezagutzen baitut soilik, baita zerbait gehiago ere liburuetatik. Bada trenkada ikatz hustu eta kamioiez eramateko muntaia erraldoia ere, hamabost kamioi batera kargatzeko gertatua.

 

Trebic. Mendi kasko bateko arbola artean teilatu pikoko etxe txikikoz osatuta; baina bloke izugarriak datoz ondoren, ugariak dira tximiniak ere: herri industriala dugu hau; nuklear argindarra sortzeko zentral erraldoia dagoela inguruan dio gidaliburuak; dorre zuria metalezko teilatu berdez txapelduta ere deigarria da; bi solairukoak dira etxeak. Txabolatxo pila dago inguruan bere baratxoz inguratuta: hiritik ihes egin nahi dutenena edo jana sortu behar dutenenak.

 

Trenbidea daramagu gurekin,  eta halako batean trenarekin gurutzatzen gara: naturaren koloreko tren berdea. Gu geu gara atzerritar bakarrak lurralde honetan, hainbat langile salbu seguru aski: ez da bertakoa, ez den karabanarik ikusten, turisten ezohizko bideetatik gabiltza nonbait. Brnora hurreratuzko zonaldean ere lakuak daude, ez dira Bohemiako lakuak, txikiagoak baizik, eta ez hain ugariak.

 

Ez bohemiarrek ez moraviarrek ez dute bere lurraldeko mugarik markatzen errepidean, ez dago nonbait herritasun grinarik. Agian dago eta gu ez gara jabetzen gureak ez diren ezaugarri ezberdinak dituztelako. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroaren mugak argi berezituta daude!: guretasuna bizi dugu, harrotasunez gainera. 

Etxetxo hauetako biztanleek hiri nagusietako etxetzarretako etxebizitzak  ote amets?.

Estatuak egin du hemen gureetan baserritarrak egin zutena: pagadi, hariztiak bota eta izei beltza sartu lurrari etekin handiagoa atera asmoz. Geroak esango du etekina non zegoen edo zerk emanen duen irabazia.

Herriko jendea ez da seguru aski Mendebalean haina mugitzen, asteburu-pasako beste erabateko baliabideak dituzte: hala dirudi errepide hutsak ikusiz.

 

Ona da autobidea.

Nola ez, Txekiako autobidean ere berrikuntza edo konponketa lanak!!!.

Herrietarako norabidea hizki zurizko letrero urdinetan iragartzen da, puntazorrotz bukatzen dira ohi denez iragarki urdinok albora jo behar denean, baina, letreroaren gainean, erdi-erdian, triangelutxo forma duen gezia dute, zuzen aurrera-bidea adierazteko. Marra-modu berezia dute bide nagusia eta bigarren mailako errepidea zein den adierazteko ere.

Antena luze bat dager gaintxo batean Telcera bidean: Bohemian ez da ikusten telekomunikabideko antena parabolikoz jositako dorretzar horietarikorik. Paraboliko txiki bat ikusi dugu herritxo batean,  eta bakar batzuk Trebic handian. Tabernetan ez da ikusten telebistarik bezeroen ikusmirarako, ezta erakusleihoetan ere salgai.

Gidaliburuan irakurri dugu lurralde kutsatua dela hau, baina guk ez diogu horren antzik ematen, lurralde berdea baita aurrean duguna.

 

Heldu asko dabil bera baino Skoda zaharragoarekin, zaharkituagoarekin behintzat.

Herrietako errepide ertzeko farolek segurtasunerako halako obus itxurako plastikozko babesa dute, jarri zituztenean berriak zirenak.

Luzera osoan Txekia erditik zeharkatzen duen Praga-Brno-Bratislava autobia, Txekiako autobia bakarra da, Txekiako bizkarrezur eta ardatz; badu Olomuceraino adar bat. Autogintzan marka eta modelo ezberdinen lehiarik ez badago, errepideak zertarako?. Mendebalean, Espainian behintzat, autogintza da ekonomiaren ardatz nagusienetariko bat, errepide, autobia eta autobideak egitera bultzatzen duen baldintzetariko bat. Herrialde hauetako Gobernuek egin zituzten hanka-sartze eta okerrak ekonomia arloan, baina baita ere egin dituzte Mendebalean gure agintariek, herriaren onerako baliabideen ordez baliabide interesatuak jarriz ekonomia bultzatzeko eginikoak. Herria ez baita ekonomia kapitalistaren edo neoliberalaren helburu. Herria ez dago behin ere politikoen helburu nagusietan, herria ez da lehentasuna beraientzat, helburu politikoentzat baliabide bat gehiago besterik ez zaie herria. Beharrezkoa ez den hainbat gauza  fabrikatu eta saltzen da gureetan.

Santu-irudi eta gurutze pila dago errepide bazterretan; aldiz, ez da kartelik ikusten, are gutxiago pintadarik; ez dakigu nola mamitzen edo zuzentzen diren hemen errebindikazioak, egon egongo baitira: agian isilaren kutxan hiltzen dira. Erlijiotasuna azaleratzen da, beste kezka edo sentipenik ez?.

Fedeak iraun du hemen ere hainbat urtetako gobernu ateoen gainetik eta azpitik: zerbaiti heldu behar dio gizakiak bizitza honetako ezbehar, ezin eta etsipenei eusteko, bide ertzean ikusi dugun amonatxo okertu ahituak bezala: makinatxo bat lan eginikoa zirudien.

Ez dago zikloturista edo antzerakotik, ez dugu ikusten behintzat Brno inguruko bakarren bat ez bada.

Zati hondatuak konpontzeko zulo pila eginak dituzte ia kilometroko luzeran herri batean, auskalo noiz etorriko diren galipotarien zain: autoek sigi-saga eta ezker-eskuinera biraka ere, ekidin ezineko ugariak dira zulo artifizialok.

 

Brno, Hego Moraviako hiriburua. Erraldoi ikusten da, etxetzar erraldoiak mendi gainean eta mendi maldan behera: ikusi gabe sinestezina, etxetzar basoa mendi osoa beteaz, beren arteko tartea zabala badute ere, 10 solairuko etxez osaturiko basoa bailitzan. Tximinia askoko industrialde zabala du: lehengo Txekoslovakiako ekonomikoki hiririk garrantzitsuena omen.

Tranbia du Brnok, hiri barrurako, zein inguruko auzoetarako garraiobide bakarra; kolore ezberdineko  tranbia politak: gustuko ditut tranbia duten hiriak. Mendebaleko firma guztietako,  marka guztietako gasolindegiak.  SEATa ere bai. Baita Mc.Donal ere. Eskailera mekanikoa, saltoki diren kale azpiko pasabideak, saltoki erraldoiak, kafetegiak, jatetxeak; erakusleihoetan denetik ageri da, tabernek telebista dute, denda-sarea ederra da, gaur ia dena itxita dago, baina bada larunbat arratsaldez irekita dagoen saltoki erraldoirik ere; antolakuntza berriek inguratzen dute hiria baina ez da oraindik etxe-orratz modernorik Leizipen bezala... Mendebaleko hirien itxura ematen dioten osagaiak. Hemendik hasi da nonbait Mendebaleko kapitala Txekiako merkatuaren bila, erroak bota nahiz txekiar herriari zukua atera asmoz, mardultzeko.

Hiria. Planoa eta gidaliburua hartu eta erdigunean ibili, hiri zaharrean: ez duzu beste munduko ezer zoragarririk aurkituko baina pare bat ordu atsegin beteko dituzu, hainbat zerikusi interesgarri aurkituz. Larunbatez dena dago itxita. Hiri iluna da, askotan beltza, seguru aski aire kutsatuaren eraginez. Zabalak dira kaleak, bada eraikin ederrik ere. Plaza nagusia, hiriaren erdi-erdian dago, bere zutabearekin: plazaren erdi-erdian kokatuak, eserlekuak dira deigarriak, tutuz egindako ezin xumeagoak direlako agian. Zelny Trh edo azaloreen plaza ere zabala da iturri ponpoxo eta zutabearekin. Badira jauretxe eta patioak, begiratu eta aurrera egitekoak. Antzokiek ere merezi dute begiradatxoa. Bitxikerietan bada Stara Radnicen jauregi bateko patiora pasabidean sabaitik zintzilikatuta kaiman erraldoi bat, benetako disekatutakoa dirudiena.

Elizak: asko dira. Pedro eta Paulo dohatsuen Katedrala izugarri garaua da kanpotik, garauak diren bezala fatxadako Pedro, Paulo  eta han goiko Kristoa: hirurak kutsaduraz beltz eta buruak uso-kakaz zuri; barrutik ostera zuria eta argia da, ezer nabarmentzekotan beiradurak, ikusi egin behar aldare nagusia urrutitik bezain ederra den bertatik. Santixo: gotiko majoa da kanpotik ere, barrutik kolore berdineko zur landuko aulkiteria, organoa, burdina forjatuko jarlekuak, baina batez ere irudi pintatua urrearekin konbinatuzko koadro bitxia azpimarratu behar. Tomas Dohatsua, pulpitua du bere ponposotasunean kurioso xamarra. Jesuitena Austriakoen antzerako barroko petoa: han daude ia sarreran bertan korupean Loiolako Iñasio eta Xabierko Frantzisko; M. Luisak kantatu die "Iñasio gure patroi handia"ren erdia. Kaputxinoen kriptan momiak omen daude: nahiko momia gaudelakoan geu ere jadanik, bakean utzi ditugu.

 

Jelatuen eskaintza ere zabalagoa da Brnon, zapore gehiago dago aukeratzeko, barkilua, aldiz, berdintsua da.

Moravia Banca. Bankuarena da Moravia herrialdearen lehen izen aipamena, behar denean dirua ere nazionalista bihurtzen dela frogatuz.

Ez dugu gaur militar konboirik gurutzatu, baina bai hainbat soldadu Brnoko kaleetan.

Jende gutxik erretzen du tabakoa bai Bohemian bai Moravian ere; kalean badoa autoa Malvoro markaren propagandaz, Brnora autobidean eta gero hirian marka beraren propaganda ikusi ahal da.

COOP, kooperatibak dira herrietako supermerkatua. Gaur itxita daude herrietan.

Ikasketak bukatu dituzten ikasleen argazki-izenekin egindako koadro antzerako zerbait dago ikusgai   dendetako erakusleihoetan, herrietan; umoretsuak dira gehienetan, irudimenezkoak eta orijinalak sarri.

Fakturarik ez emateko jukutria ikasia dute kanpaleku eta hainbat lekutan: agian burokraziarik eza besterik ez da.

 

Auzoen berri ez, eta kartel bat jarraituz bi aldiz okerreko leku beretik ibili ondoren, jo dugu kanpalekura.

 

201 kilometro, Moravian utzi gaituztenak.

 

Lurralde zabalaren ikuspegiaz gozatzen dugu kanpalekua dagoen mendi kaskotik: lakua falta zaigu baina itsaso berde bat dugu begien atsegin, Moraviako lautada joria dugu ikuskizun.

 

Kaka egitea ere erromantikoa bilakatu zait: komunetan urik ez dagoenaren aitzakiaz inguruko arbolape batean egin dut egin beharrekoa gautu ondoren gaineko adar-aterpean txoriak nituela pioka gaueko kontzertu pianisimoan.

 

Bikote nagusiak dabiltza ilunabarrez erremolkera bildu aurreko ibilitxo lasaian. Beranduago bikote gazte ase-ezina, elkarri soa ken ezinez, besoak lokarri eta hatzak jolasti, gorputzari atseden emateko noiz berriz etxera urduri.

 

Alboko holandar familiak dendatxoa du erremolkearen alboan bi alabatxoentzat: bikote bakoitza bere bakardade independenteaz pozik.

 

 

Maiatzaren 25a. Igandea. 21.a-5.a

 

"Arian ari". Patxi Zabaleta:

Tristeegia litzake dena edukitzea, dena jakitea, akatsik ez izatea. Izaki hitsa, tristea, behar du izan Jainkoak, maitasuna dela esanez edertu nahi izan badugu ere.

 

“Belar zotalak” ia txikitatik entzun eta erabili ez dudan hitza darabil Patxik.

 

Kamuflaje teknikaz edo, hesola arre gainean zut eta adi birigarro arrea: hasiak ote arrautzak lehertzen, habiak biziberritzen?.

Bakarrak dira dakusagun enarak: hotzegia ote lurralde hau beraientzat?. Agian urrutiegi dago beraientzat lurralde hau, agian bere hegada bizkorra ez da bide luzerakoa. Baina uste dut Errusiako eleberrietan agertzen direla enarak, herri hura urrutiago egonik ere.

Bi ohe dituzten teilatu zorrotzeko etxolak edo zurezko etxetxoak daude kanpin honetan ere; arbola artean hauek: Udaletxeak edo Estatuak egindako udalekua izan zen, agian oraindik da, herrialde sozialistetako lantegietan langileei eskaintzen zitzaien haietako udalekua.

Alboko adineko hile-zuri alemaniarra hurreratu zaio M. Luisari nongoak ote eta ohizko abarrekin. Agureak autoari E hizkia falta ziola zehaztu dionean, gu euskaldunak garela esan dio Maria Luisak, ez espainiarrak; orduan agureak Pirinioak aipatu ditu eta ondoren barretxo maliziosoa atera zaio, "Nazionalistak" ziolarik: badu euskaldunon berri.

Ondoren kafeontzirako ura eskaintzera hurreratu zaigu alemaniarra: solidaritatea. Gure ulertezinean, guk geuk geurea eskaini diogu ur bila zetorrelakoan.

 

Trena da Txekiako garraiobide nagusia: azaldu bezain arin gordetzen zaigun sugandila, eten gabeko bagoi ilaren pasoa dugu mendixka barrenean, malda bukatu eta lautada hasten den unean.

Urik gabe gaude atzotik kanpaleku osoan, uraren tankea noiz helduko; asteburua izanik gaur urik izango ez dugun susmoa dugu: konpetentzia eta irabazia giza funtzionamenduaren ardatz bihurtzen direnean zapalkuntza eta esplotazioa ere auzo ditu gizakiak.

Emakumeen garbitokian jarrita daude ontziak eta arropak garbitzeko harraska, beraz gizonezkook ezin dugu kanpin honetan ontzirik ez arroparik garbitu: hori ere matxismoa ez bada!.

Zer diegun badakigu, zer ulertzen diguten? auskalo!; auskalo ere zer esaten diguten; baina zer ulertzen diegun badakigu: horrela gabiltza eta horrela elkar konpontzen gara bertakoekin.

 

Izugarrizko hondar harrobia dager errepide alboan, lautadan: gure hondartzetako hondar hori gorrizka: harea da hemengo lurra,  metro askotako sakoneran gainera.

Lanean ari dira igandez ere autobideko belar-moztaileak; jai dute ordea autobidea 13 kilometrotan bide bakarrera murrizten duten galipotariek.

Erdi-erditik ebakitzen du errepideak laku zabala Mikulov aurretxoan, konporta batek lotzen dituela lakuaren alde biak.

Bertan zein inguruko belarra ebaki berriko zelaietan hainbat hegabera eta ahate dabiltza,   urtean urteko joan-etorriko bidaiariak; hegaberak airean, ahateak ur gainean, bateltxoak kulunkaz, igande-pasako peskari ugariak ertzean… bizi-bizia dago lakua. Elizatxo bakartia laku erdiko irlatxoan.

Brnotik hegora dagoen lehen mendi koskor nagusienean, kare-haitz tontor argiaren gainean, Mikulov inguruan, hor dago Txekian lehenengoz ikusten dugun komunikabide dorrea haritz amerikano ipurdia perretxiko horiz bezala gainaldea parabolikoz josia.

Ureztatze azpiegitura dager soroetan. Teila-gorri baxuak dira herrietako etxeak. Teila gorrikoak dira eliza-dorreak ere, teila-gorrikoak eta gailenak, herri orotan lez, paisaiari gorakako jitea emanez, teilatuen horizontaltasuna bertikaltasunez hautsiz. Milukov bertan hasi  gara ikusten Znojon ikustea espero genituen mahastiak.

 

Zameka eta bere dorrea nabarmentzen dira Mikulov aurrean, deigarri, erraldoi; badira beste bizpahiru dorre ere, berrikuntza lanetan, turismorako prestatzen.

 

Mikulov: berrikuntza lanetan murgildua. Igandea izanik txekiar bisitariak dabiltza soilik kaleetan. Hiri txukuna. Plaza: erregularra da, gainbeheran, namesti guztien osagaiekin; tuboz eta plastikoz bilduta dago zutabea garbiketa lanetarako. Bisitarien begiak bereganatuz bada fatxada esgrafiatu eder bat ere, zarpeatzerakoan irudiak marraztuta dute horietakoa; jadanik hainbat ikusiak ditugu baina gustuz begiratzen diogu honi ere. Herri gainean Gaztelua edo zameka, ia-ia fisikoki ere azpikoa edo menpekoa zapalduz: palazio itxurako gotorlekua, pribilejioei eusteko eraikia; zamekek dituzten osagai guztiak ditu: basatiagoa dirudi honek, oinarri zaizkion harkaitz biziak baititu agerian sarrera, dorre, etxe eta patio orotan; hainbat dolare jarri dituzte erakusgai patioetan, dolare sendoak dira, enbor erraldoietatik ateratako haga eta tako erraldoiekin, hizki tailatuak dituzte beraietako askok; patio nagusiko ertzean, sarreran,  gizairudiz dotoretutako kariatidea dirudien zutabetxo fina du. Gazteluko edo gaztelurako lorategi zabalean zurezko tailak, ohikotik nahiko ezberdinak. Ikuspegi zabala eskaintzen du gazteluko atariak: han aurrean auto eta kamioi ilara nabarmentzen da ordainlekua bailitzan muga. S.Vaclav eliza: presbiterioko alde banatan daude harri gris bihurtuta gazteluko jaun-andereak: bere garaian zuzenean sartzen ziren gaztelutik elizara, non atzealdean elizkizunetarako harri griseko koru propioa zuten; harri grisekoak dira pulpitua eta aldarea, sabaia berriz estukoz dotoretua dago seguru aski herriaren diruarekin; iluna eta landua da aulkiteria; Moreneta bat kapera batean: bene-benetan beltzak dira Amabirjinaren eta Niñojesuraren aurpegiak. Gari biltegia.

 

Bada herriko gaintxo batean, kare-haitz puntatxo zorrotzean,  "gaztelu zurtza"  deitzen dioten gaztelutxoa; bestaldeko tontorrean aldiz kapera bat dago: herriko indar nagusiak herria babesten edo zaintzen biak, jaungoikoa eta gudaloztea, gailenago eta gotorrago dagoen zameko jauntxoen menpe.

Goizeko 8etan zabaltzen da gazteluko museoa: goiztiarrak dira txekiarrak.

Turista-lekua da nonbait Mikulov, Austria bertan dela eta: hiruzpalau supermerkatu daude, putikluba eta kabareta ere bai. Dendetako erakusleihoek bere xumetasunean ere mendebaleko jitea dute, era guztietako erosgaiak eskainiz, gureetako oparotasunez ez bada ere. Oraingoan Etxarriko UFESA da aurkitu dugun Euskal Herriko arrastoa, baina baita, berriz ere, ETA markako elektragailuak.

 

Ordainlekua da mugetako pasabide oro: auto pilaketa.

Auto gutxi dabil Znojora bidean, bakartiren bat besterik ez; dabilena, presati, gu baino bizkorrago behintzat.

Kilometroetako akazia-baso zabala. Gero eta sarriago eta zabalago ugaltzen doaz mahastiak: pertsona baten garaiera hartuko dute hesola eta eusgarrien arabera. Hemen dira berriz ere Moravian galduak genituen arto-sailak. Sarriagoak eta handiak dira lurralde honetan granjak, ez daude gainera utziak, erabiliak bazik; zikina dago, ostera, granja ingurua: ez dute Austriakoen txukuntasunik.

Errepide ertzeko pista batean, bi hegazkintxo horik bitxikeria lez astindu dizkigu begiak.

Buztana gorputza bezain luze katamixarra antzerako animalia luzeak trabeskatu digu errepidea bere hanka motxen gainean.

Fruta arbolak dira Znojoraino ia bide osoan errepideko muga eta istripuetarako babes edo eusgarriak; intxaur, almendrondo, gereziondo sartu berriak: fruta lortu eta errepideari hesia jarri, bi helburu betetzen dituen jokabide aurreztailea.

Zapal obalatuak dira etxeetako teilak, gero ikusiko dugunez azpitik bata besteari koska bikoitzez kateatuak. Esfera handiak zenbait herritan, tutu sendo baten gainean, zerbaiten biltegi, urrutitik ikuskizun.

Maiatza, herri askotakoa da, baina ez dago beti herriko plaza edo erdigune aipagarri batean, herriko albo batetan baizik; herri batean ia herritik kanpo zegoen, basoaren kontra.

Herri guztietakoak dira baratzak ere: nahiko mastratuta dago patata. Dena da gari-sail: bi hilabete barru horia izanen da lurralde gehiena, zuhaitzengatik ez balitz guk ezagutzen dugun Gaztela bezala. Udatiar bisitariek guk ez daramagun irudia eramango dute, ezberdina izanen da beraiena: gurea lurralde berde batena daramagu, beraiek lurralde lehor horiarena eramanen dute.

Znojotik gertu, mila bira ondoren, kilometrotako artez gunean sartu gara, han aurrean galtzen zaigu errepidea, errailak infinituan bezala, puntutxo batean. Orain arte izan ez ditugun goi-tentsioko argindar poste erraldoiak lerro zuzenean eta luze, Austriatik edo Austriara, mugaren inguruan dagoen zentral batera: ekarri dakarte edo eraman daramate argindarra.

 

Kasinoa ere ekarri du demokraziak Txekiako herri nagusietara, dirua joka dezan duenak, eta norbaitek jokoarekin irabazi dezan.

Moravian ere bozgorailuak daude herriko kaleetan: herri sozialistetako  ohitura, praktika edo jardun unibertsala da, orokorra.

 

Znojo. Dorre eta tximinia pila dager urrutitik, eliza eta fabrika, gizartearen zutabe. Mendi kozkor leun baten gainean kokatua, hiribildua izana harresi askorik gelditzen ez bazaio ere, iragan oso onekoa, etxe ederrez osaturiko kale zabal luzeak deigarri, gaur egun nahiko zimeldua… edertasun kolorgetua dario hiriari. Kanpotar bisitarientzat utzia dago gaur, igandea izaki: bizia izan behar du astegunez itxita dauden jatetxe eta dendek erakusten dutenez. Patxadan ibili eta begiratzeko herria, zer ikusi nabarmenik ez badago ere. Hainbat plaza zabal du, gehienak aldaz beheran: namesti klasikoa, eraikin nagusia, kolorgetua dago, hondakinetik gehiago du edertasunik baino, baina interesgarria da, nabarmena da hiriko bihotza izan zela, bere dotoretasuna gordetzen du: alde batean, goialdean, azken politikagintzako eraikuntza zatarra nabarmentzen da; dorreko bukaera bereziak alegeratzen du eraikina, baina “santu-irudiak” erabat hondatuta daude, balio ere ez baitzuten askorik balio: egun batean berrituko dute eta zoragarria izanen da. Bukaera berezia duen dorre bat dago plazatik bertan, gazte-talde bisitarien irrika, hiriaren ikuspegi ederra izan behar duena. Utzia dagoen beheko oin soileko etxez osaturiko auzune polit bat ere bada. Harresi gainean eliza bat: mundu borobil bat da pulpitua, esfera bat; orkestra bat ari da gauerako emanaldirako gertakizunetan. Domingotarren elizak ez du ez barroterik ez kristalik sarreran: aspaldi honetan barruraino sartzen utzi digun ia eliza bakarra: pintura eta irudiak metal urre kolorekoz koroatuta  dituen koadro horietakoa nabarmentzen zaizkigu.

 

“Moulin Rouge” ere badute herri honetan.

Igandea arren fatxadagintzan ari da talde bat. Fede ezaren ala diru ezaren arazoa ote?.

Ijitoek nabarmentzen zuten bere presentzia plaza nagusian; haserre eta demandan bukatu dute.

Garagardo fabrika ere bada herri barruko albo batean.

Bada Napoleon izeneko jatetxea, jeneral nanoak bertan lo egin omen zuen Austerlitz bataila aurretxoan edo bezperan: bertako buru behar duenak Napoleonen janzkeran dihardu bezeroez arduratzen: zenbat pailazokeria egin behar den bizimodua ateratzeko.

Soldaduak baziren nonahi Milukov herrian, soldaduz betetako kamioiekin egin dugu topo hemen: bortizkeriak ez du jaiegunik.

 

Alpapa sail izugarriak goldatzen ari dira; traktorez nola ez!. Baina bada oraindik bi zaldik  tiratutako karro edo gurdi luze-zabaletan garraio lanetan ari den baserritarrik.

Ekilore saila, handia, zabala, zonalde honetako sail guztiak bezala.

Espejismo edo irudikerian ura ikusi ohi da errepideko galipotean, oraingoan aurreko auto gorria bera ere islatzen da, errepidea bera gorri bilakatuz.

 

150 kilometro, Austriako mugetan baina Moravian UNESCOk babestutako bi hiri ikusteko.

 

Hegazti hegalaria, oiloa bezain handia, puntutxo belzdun arrea, gurutzatu zaigu ibiliz gure aurretxoan, zelaian, kokoka ehizean. Zozo eta birigarroak ere auzo ditugu, baina ez lagun, kanpalekuan. Ile harroagatik eta gizenagatik untxia behar zuen: gure aurrean zeharkatu du belartza auskalo zeren bila.

Gautu duenean zeru-marra berde zuri gorriak biltzen du inguru bitxi hori lurralde ilunaren urrutiko borobilean.

 

 

Maiatzaren 26a. Astelehena. 22.a-Cz:6.a

 

Moraviako Erdigunea  dugu gaur ibilbide; aste batzuk barru izanen gara berriro bertan Iparraldea ere ikusi asmoz.

 

Brnok badu bere komunikabide dorrea atzeko mendi kaskoan.

Berrikuntza lanetan dago Olomoucera autobia ere, bide bakarrera mugatuta.

Hemengo politikoek ere ikasi dute obretan dagoela norberarentzat eta alderdiarentzat irabazia. Egia da izan errepide onak beharrezkoak direla barruko eta nazioarteko harremanetarako. Egia da ere hemengo autobideak ez direla zainduegiak izan autoa bera ez delako izan herriaren harremanetarako  nahitaezko tresna, ezta nazioko ekonomiaren zutabe nagusia mendebalean bezala. Autoak saltzeko errepide onak behar dira eta autoa da gaur egun Mendebaldeak hemen  duen merkaturik nagusiena. Hemengo errepideak berritzeak Mendebaleko autogintzaren eraginaren susmoa sortzen du, bertako premien eraginarena baino. Agian herria bera da autoa eta errepidea eskatzen duena: Mendebalaren eragin psikologikoa, komunikabideen eragina: hari ikusezinak ditu askotan Ekonomia sareak.

 

Emakumeek egiten dute batez ere baratzeko lana, bere umetxoa ere berekin du batek. Gizonezkoa fabrikan eta emakumezkoa etxe eta inguruko lanetan: ekonomia ahularen aztarna. Adineko gizonezkoa ere errime ikusten da baratze lanetan: egonezinak, grinak, premiak eragina da, edo baserritar gazterik ez dagoen ezaugarria.

 

Austerlitz edo Slavkov, Napoleonek bere bataila famatua irabazi zuen kokagunea: ba omen da inguruan oroitarriren bat baina ez dugu jakin aurkitzen.

Austerlitz ez da irudikatzen nuen lurralde laua, mendixka, muino, aldats, oste eta erreka-zulozkoa baizik, gorabeherok bigunak badira ere: beraz estratega behar zuen izan jeneralak bere soldaduak helburu zehatzak jarraiki hor zehar mugiarazteko. Baina jeinuaz aparte, batez ere jeinu horretaz baliatu ziren garaiko diru jabeek Napoleonen garaipena bultzatzeko, gerra finantzatuz. Gerora komeni izan ez zitzaienean hondatu egin zuen jenerala, galarazi egin zioten azken bataila. Nagusigo ekonomikoa dago beti kinkan gerretan: dirutzek nagusitu zuten Napoleon Austerlitzen, dirutzek hondatu zuten jeinu bera Waterloon. Jeinu bera zen, baliabideak ziren ezberdinak. Diruak baldintzatzen ditu baliabideak. Dirutza dago beti gerra ororen ostean.

Austerlitz: gerraren eredu, bortizkeriaren, indarkeriaren eta bortxaren goraipamen. Napoleon bera gerraria izan zen, kultura eta legedi aldetik hainbat aurrerapen aipagarri ekarri bazituen ere bere inperio aldian. Goretsi eta miretsi egin da gorrotagarri eta nazkagarri behar zitzaigun sinboloa. Napoleon, gerraren, bortxakeriaren, hilketaren mito arbuiagarria. Argia zela inork uka ezin badakio ere.

 

Behe solairuko etxeak dira Moraviakoak, xaloak, apalak, xumeak, ilunak, etxe dotore edo zameken bat han-hemenka agertzen bada ere: herrietako fisonomia ez da aldatu, paisaiarena ere ez. Haize zentral edo gurpil eoliko horietako bakar bat da bitxikeria inguruan: Olaztiko enpresa ote dabil hemen merkatua ireki edo hedatu nahian!. Hiru traktore dabiltza bata bestearen ondoren pagotxa ebakitzen sail berdinean. Errepide ertzeko fruta arbolak diraute: gereziondoek ale piloa dute, ale koskortua baino berdea oraindik; geriza urtea aurtengoa. Ez dago Maiatzik inguru hauetako herrietan, baina ugariak dira bazterretan Amabirjina eta santu-irudiak: hauek ez dira komunismoa erori ondoren jarritakoak, sozialismo garaian errespetatu zituzten-eta nonbait elizaren ikurrak. Herri koskortu orok bere baratzez inguratutako txaboladia du hemen ere. Ez dago ostera lakurik.

 

Zulo konpontzen ari dira bidezainak han-hemenka ia errepide osoan. Bere nazioarteko L ezagunarekin ugariak dira autoeskolak bai Bohemian bai Moravian, auto salmenta ugariaren ondorio eta ezaugarria. Herri hasietan europar markako autoa ikusten da, herritxo inguruetan berriz antzinako bertako zaharrak: egoera ekonomiko ezberdinen sinboloa.

 

Kromeriz. Herri gogotsu eta ondo-biziaren itxura du; iragan ospetsua du, baina oraina ere oparo bizi duela erakusten du. Etxe ederrak edozein kaletan, oinezkoentzako kaleak eta mendebaleko salgaiak dendetan. Mendebaleko jitea hartzen doa, batez ere denda eta erakusleihoetan. Herri zaharren egitura du:  plaza da hiriren ardatza: karratu eder zabala, ohizko osagaiekin, baina plaza honek horma-bularreko arkupe sendoak ditu lau aldetan, ezkiak zutabearen lau kantoietan, baita lorategi karratu bat ere; kafetegi eta dendaz oparoa: plaza biziaren itxura erakusten du. Jauregia da zameka hemen, gotorlekua izan ordez, parke eta guzti; bi esferako erlojua du dorreko hiru kantoietan udaletxeak: orduak eskaintzen ditu esfera handiak, txiki batek minutuak. Kale-gurutze batean bada bigarren zutabe ederra. Eliza, bere aldare handi, santu-irudi zuri eta marmol gorrixkako zutabeekin ere xumea da ikusi ditugun eliza barrokoen parean. Bada bigarren eliza bat ere, gotikoa, beraz garaia, aldare nagusia du berezi samarra, aldaretako koadro erraldoiak nabarmentzen zaizkiolarik.

 

Kromeriztik gora berriz ere lautadan sartu gara eta horrela jarraituko dugu Olomoucetik Brnora itzultzen garen arte. Bidaiari bakarreko hiruzpalau bagoiko tren berde zuria gurutzatu zaigu  pasonibelean. Gaztelan ikusi ohi diren zementuzko ur-biltegi borobila zementuzko zutabe borobilaren gainean aurkitu dugu herri batetan: ezberdina zen hemengoa. Metalezko sare-koadroak dira errepide bazterrean metatuta daudenak neguko elur eta izotzen zain, Bohemiako zurezkoen ordez: inguru gogorra izan behar du honek neguan.

 

Prerov: gelditzea merezi zuen herria; ibai zabala doakio albo-albotik; tximinia luze asko du inguruan, Olomouc eta hiri handi gehienek bezala. Autobia ere badu hurreko zenbait kilometroetan, Olomoucek bezala, hiri handi gehienek bezala: zerbait dela uste duen herri orok nahi du eduki bere autobia; agian trafikoaren eraginez da soilik, agian hemen ere partidu eta patrika pribatuen diru iturri da. Autobus pila dago tren eta autobus geltokiaren alboan, inguruko herrien buru, bilgune eta topagune dela adieraziz. Berdin gertatzen da Oloumucen ere. Bidaiako laugarren SEATa: Cordoba.

 

Zeharbiderik ez dago herrietan, kozkorretan ez ezik, handietan ere ez; trafikoa alboetako kaleetatik zuzentzen dute erdigunea ekidinez, baina semaforo eta abarrek geldoa bihurtzen dute ibilia; herriok hurragotik ikusteko aukeratxoa ematen digu kanpotar pasoko bidaiarioi.

Garagardogintzarako lupulu sail izugarria; jende multzoa bertan lanean: Europa Batuan sartzen direnean Alemaniatik ekarraraziko diete lupulua, bertako baserritarra langabezian utziz.

Argindar linea handia, ezohizkoa hemen.

 

Trafikoa zuzentzeko garita dago Olomouceko bidegurutzean, semaforoek huts egiten badute ere, agian, edo trinkoegia izaten delako auto uholdea zenbait ordutan.

 

Olomouc.  Tranbia du: bere alde jartzen nauen zertzelada. Aldaparan espero nuen baina lauan dago. Txekiako hirugarren hiria, 100 mila biztanletik gorakoa; hiri handiaren egitura edo estrukturaketa du, kale zabalekin. Bai egituran, bai dituen plaza eta edozein kaleko eraikuntza ederretan ezagun du Moraviako Administrazio Hiriburua izan zela gizaldietan.

Horni namesti: ohiko osagaiz eratua, izugarri erraldoia da eta ederrak ditu osagaiok, neurritik kanpokoak; plaza erdian udaletxea bere ordulari famatuarekin, eta eskailera zein dorre dotoreekin; handia izanik udaletxea, halaz ere handi sentipena sortarazten jarraitzen du plazak: orekatua, proportzionatuak daude; zutabea handia izateaz gain izugarri ederra da, belztuta badago ere; erruz dago jendea bere harmailetan eserita. Dolni namesti: aurrekoarengandik gertu, irregularra eta ajetuxea; bestearen osagai berak ditu, baina apalagoak dira osagaiok: ze domontre egiten dute bi plazak hain gertu bata bestearengandik?, izanen du arrazoi logikoren bat, jauntxoren baten handi-mandikeriaren bat agian. Biskupske namesti: gotzainen plaza, dena da elizgizonen palazio lau aldeetara, zein baino zein ederragoa eta handiagoa bakoitza, zeinetan apaizak edo sotanadun eliz funtzionarioak dabiltzan palazio batetik bestera: Elizak gorde egin ditu bere ondasunak komunistekin ere.  Republiky namesti: eraikuntza ederrak ditu, jesuiten komentua batez ere, kolorgetua eta itxuraz itxita badago ere: konponduko dira loiolatarrarenak. Vaclay katedrala: belztuta dago kanpotik; barrutik hain da handia presbiterioa, ze berak dirudi eliza; beirategi atsegina; paper pintatuzkoak dirudite hormek, izartxo eta loraz; organo entsegu-kontzertu ederrez gozatu dugu. S. Michel eliza: sabaia dena da fresko, zutabe denak marmol gorri, santu-irudiak denak zuri, urre kolorea edonon eta kontzertu atsegina zoragarrizko organo batean. Jesuiten eliza: eliza barroko ederra, non oraingoan gazteen koru batek eskaini digun entsegu-kontzertua. Maurizio Donea: gotiko garaia: beiradura eder itxurakoa,  erretaula triptiko antzerako erraldoia, pulpitu landua... deigarriak dira baina merke plantakoak, berri itxurakoak; organoa du izugarria, bere aingerutxo zuriekin; horma batean bada Adan eta Eba arbolapean dauden irudi polita; alarmak jo dit ze itxura zuen jabetu nahian bataiarrira gehiegi inguratu naizelako: han izan ditugu berehala poliziak.

 

Izan zuen bai boterea Elizak lurralde honetan. Komunisten garaian ere. Gaur egun ere.

Erretolikan etorri zaigu aguretxo bizkorra katedral aurrean ingelesez eta alemanez apur bat bazekiela eta, nongoak ote: "baski" guk, "espainol" berak, ezetz guk nire nolabaiteko ingelesean: keinuka hasi zaigu, baietz, bazekiela eta horrelako adierazpenez. Berarekin gurutzatu gara geroxeago kale batean, "baski" bota digu.

Mojatxo zaharra atera da Gotzaintegiko jauregitik. Apaizen neskamea seguru aski, eskerrak emanez gainera Jainkoari gotzainaren galtzontziloak garbitzeko ohorea eta aukera eman diolako bizitzan.

Erdi ezkutuan, Mallorcarako bidaia eskaintza dago bidaia bulegoko erakusleihoan, andaluziar dantza argazkiarekin. "España va bien" dio Aznarrek.

Olomoucen bilatu dugu kafeteraren loturazko goma.

 

Simaur zirinari Moravian ere kiratsa.

 

Bertakoentzat ohizkoak izanen dira baina gasolina marka bat beraren izenik ez dugu oraindik ikasi, hain dira ezberdinak.

Eguneroko armada, Brnora bidean gaurkoa, helikoptero kaki eta guztikoa gainera.

 

Kilometroak. Ahaztu zait zenbatzea gaur ere. Txekiako azkenak oraingoz. Itzuliko gatzaio.

 

Izugarri ederra dago gaua kanpinean dagoen mendi kaskotik: Brnorantz begiratuz badirudi lurrean kokatu dela lainoek estali duten izartegia, diganteek txingar gorri biziko sutzar erraldoia piztu dutela lautadan gau hotza berotzeko, edo bertan lurreratu direla  martiztar pelikula guztietako ontzi oro. Hiru bezero soilik geratu garenez kanpinean, elkar ikusi ere egiten ez dugula, gauean hiru aldetan sakabanaturik, ikuskizuna ederragoa da bakardade ilunean.

etiketak: Txekia, Bidaiak 97
Serafin
Serafin dio:
2020/05/01 12:57
Zer kontakizun politak Jon! Ez haiz gutxi ibili horraittiok eta ibiliak ederki kontatzen.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.