Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 68

BIDAIAK 68

Jon Etxabe 2020/09/28 09:12
HOLANDA. Bravante: Eindoven, Maastricht, Margraten, Epen, Vijlen, vaals, Valkenburg, Heerlen, Brusun.

BRAVANTE

 

Amak konta ohi zigun Bravanteko Genoveva Santaren historia; inguru honetakoa izanen zen delako Doatsua. Barruti zabala da nonbait, Belgikan ere baitago izen bera duen lurraldea, lurralde bera agian,  bi Estatuen artean banatua, Euskal Herria bezala.

 

Eindoven. Europako futbol txapelketetatik dugu ezaguna hiri hau, hainbat aldiz telebistan aipatutakoa. Luze joan zaigu, non gelditu antz eman ezinik,  kale barruko ibilia, erdigunera heldu garen arte.

Hiri zabala, orain arte ikusitako herrien tankera eta jite berdineko kaledia. Gelditzen zaizkio oraindik aspaldiko etxetxoak, umilak, apalak, benetako altxorrak, politak erreparatu nahi dienentzat. Nahiko berria du erdigunea, baina antzinako egituraren itxura eta jite berdina gordez berreraiki dute;  badira bizpahiru saltoki erraldoi baina ez Alemaniako neurri gabeko izugarriak. Erdigunea bera da, osoki, saltoki erraldoia, eraikin garaiak ez diren saltoki handiz osatua; gaur azoka txikia egin da, jende asko dabil, bizi-bizi daude kaleak.

Saltoki erraldoietako baten aurrean ia teilaturaino heltzen zaion eskultura: lau oin ugertutakoen gainean kono mehe luzea, puntan, burdin-hari multzoz egina, Ikaro, agian aingeru bat irudikatzen duen gizaki bat. Sta. Catharina: Holandan zabalik aurkitu dugun lehenengoa, ez du ezer berezirik, baina eliza berezia da;  bi dorre luzeko eliza erraldoi gotikoa, dena adreilu, kanpotik zein barnetik, kolore ezberdineko eta pintatutako adriloz eginak, polikromatuak dirudite gangetako nerbioek; bi errosetoi eder; aldare polikromatu eder bat, baztertuta bailego, presbiterio ostean abside erdian; bankuteria sendoa; organua: forma ezberdinetako tututeria  handia du, musikarien iruditzarrak aurrean, kontzertua ere eskaini digu. Hiri inguruan edo sarreran parke zabala du non herritarrak txalupaz dabiltza aintziran, ardiak, berriz, larrean berdegunean: sinbiosia. Sartu garen aldetik kaledia besterik ez zuen hiriak; atera garen aldetik, aldiz, parkea, kale, hiribide eta ingurabide  luze eta zabalak ditu.

 

Evoluon: kostata baina azkenik jo dugu bertara. Gidaliburuari jarraituz edo berari sinetsiz zientzi aurkikuntzei buruzko museo edo erakusketa aurkitzea espero genuen: "hertsia dago" esan digu frantsesez harrera mahai osteko neskak ordenagailutik burua jasoz; "ze ordutan zabaltzen da?", "Duela 8 urte hertsi zen". Philis etxearen egoitza da gaur egun, bere munduko ordezkarien biltzarretarako darabil. Gure gidaliburua ez da gaurkotu.

 

Arabiarrak eta beltzak dabiltza kaleetan bere hizkuntzan elkar komunikatuz; hainbat emakumek, asko ez badira ere, buruzapi eta gainerako arabiar jantziekin janzten dira.

 

Belar lehortua, agian simaur pilatua, plastiko beltzarekin estali ondoren kotxe gurpilen neumatikoz zapalduta uzten dute, arnasarik hartu ez dezan, agian haizeak harrotu ez dezan: herri oroko sistema. Barrikadarik egiten ote hemen ere pneumatikookin?; Hegoafrikan etsaiari pneumatikoa burutik behera sartu eta su ematen omen zioten!.

Haize-errota bakarra ikusi dugu barruti honetan ere.

 

Kosta zaigu gaur ere kanpina aurkitzea, baina heldu gara.

 

176 kilometro, hotzak, baina ateriak.

 

 

Apirilaren 29a. Asteazkena. 4.a - H:3.a   

 

Sarriok: "Mugaldeko jendeak behelaino begirada du". Mugaldean gabiltza: arreta hartu behar diot linburgotarren begiradari; bi muga dute, Alemaniakoa Ekialdera Beljikakoa Hego-Mendebalera, bi aldiz behelainoagoa ote beraien begirada?.

 

Behingoz eguzkia!!!.

 

Badirudi Stugarkoan bezala etorkin eta langile asko bizi dela kanpin honetan ere. Hala dirudi etxatoi eta etxolei begiratuz. Etxebizitza merkeagoa eta aterpea dute behintzat.  Multzoka eratuta dago kanpina, baso barruan. Multzo bakoitzak bere zabalgunea du erdian; anarkia itxura du. Bertan finkatutako jendea dirudi. Pasokook berdegune zabal bat dugu, argindar entxufeak ertzeko biribilean, bakoitzarentzako kokagunetan; non kokatu asko dago egon, baina garbitoki eta komunik ia ez; ez da pasoko askorik heltzen nonbait, gu geuk ere galdutako baten eromenean  topo egin genuen berarekin; baina gustura gaude, gutxi baikara bezeroak.

 

Eguzki eguna dela baliatuz, zainzuriak ateratzen ari dira gaur nekazariak. Lehen egunetan belardia eta gari-saila zen dena, hemen, aldiz, lur goldatu edo aitzurtu asko dago, ortu-lan ugari; lur kolorea da nagusi. Beraz gariak nekazaritza pobrea adierazten badu, hemengo nekazaria ez da pobrea. Hegoaldera, berriz ere belarra da nagusi;  errape handiko esne-behiak dakusagu: gure baserritarrek ostera murriztu egin behar izan dute behi kopurua eta esne kuota. Nik jakin nahi zer gertatzen den Erriberako zainzuriekin eta hemengoekin: kopuru lehiaketarik ba ote?.

 

Kanpin aurrean, kilometro gutxira, bi tximinia luze ditugu aurrez aurre. Maastricht-ek berriz izugarrizko fabrika-gunea du 20 bat kilometrotara: 5 tximinia txaparro zabal erraldoiak konta ditugu, tximinia estu luzeek berriz basoa dirudite, kilometroetan barreiatuta; urrutiragoko bestalde batean keetan dago tximinia luze multzoa, Belgikakoak izan daitezke azken hauek. Agian Holandak Alemania eta Belgika tarteko lur tarte estu honetan jarri du eremu kutsatzailea, Holanda barrura ordez haizeak alboko herrialdeetara eraman dezan kutsadura. Edo Alemaniarekiko harreman industrial eta ekonomikoen hurbiltasunagatik.

 

Ez dago ziztu bizirik autobidean: orduko 100eko abiaduran dabil gehiengoa, ia inor ez 120koan. Semaforo franko gainditu behar da Maastricht zeharkatzeko, autoen ilara luzatu egiten da, ibilia mantsotu: praktikoak dira holandarrak, dirua premia gutxiagoko errepide lanetan xahutu ordez zeregin premiagokoetara zuzendu dute nonbait dirua; gureetan autoen abiadurak eta erosotasunak du lehentasuna. Patxada gehiagorekin ibiltzen ere ikasi dute nonbait. Bere lurraldetasun txikian Holanda indartsua da nazio arteko politikagintzan: Europako bankuko burua holandarra izanen dela dio gaurko egunkariak. Errepide eta ingurabide sare izugarriak eta garestiak egitea ez da nonbait ekonomia eta politikagintza sendotzeko nahitaezko baldintza, gureetan politikoek hori badiote ere: ez ote dira beraiek edo bere alderdiak aberasten ari errepidegintzari esker?.

 

Maastricht. Linburgo lurraldeko hiriburua. Mosa ibaiaren alde bat ezagutu dugu, alde zaharra. Eraikuntza garairik gabe, patxadako hiria, probintzia-hiria, atsegina, orain arte ikusitako herri eta hirien antzerakoa, baina handiagoa; ez dago makroeraikinik ezta makrosaltokirik. Aparkalekuak ez zaizkio falta zerupean zein aterpean, diru kopuru egokiaren truke. Etorri, ibili, begiratu eta ikusi: eraikuntza famatuez gain nonahi dago fatxada, estatua, leiho edo zerbait interesgarria; jendartean galdu eta jendea behatu. Goiz epelagoan baina batez ere aterian, atsegina zegoen hiria, hiritarrek lepo betetzen zuten kaledia joan-etorri etengabean edo kafetegi zein plazetako zumezko mahai-eserlekuetan zerbait hartuzko egonean.

 

Mosa  ibaia, zabala, ur bizikoa, baina zikina; hainbat zubi arrunt, baina bat harrizko ederra, ertz batean irekitzen dena ontziei bidea emateko; erruz dabiltza txirrinduzkoak eta oinezkoak  Zaharretik edo Zaharrera, seguraski merkatu txikira: zenbait emakume zubi erdian elkarri erosketak erakutsiz. Zubiak ahalbideratzen du ikuspegi zabalaren aukera; grazia dute teilateriak eta eliza dorreek ez ezik  ibai ertzeko etxeen fatxadek, zuriz pintatuta, nork daki eguzkiak bete-betean harrapatzen duelako edo ibai ilunari aurre egiteagatik.

 

Ez zaio falta zerikusi konkretu interesgarririk. Markt: merkatu plaza, -gaur, asteazkena, merkatu eguna da hain zuzen-, plaza oso zabala, bitxikeriarik gabeko 1700.go etxeek inguratzen dute inguru atsegina sortuz. Udaletxea,  plaza barruko albo batetan, ia erdian, harri garbiko jauretxe handi sendoa, dorre galant iluna teilatu erdian: kanpaiteria ikusten zaio eta eman digu eman ere kontzertu ederra erdietan; plazako ertz batean brontzezko estatua handi batek gasez eragindako garra daron zuzia du piztua ezkerreko eskuan: hala dago gero gizajoa erabat belztuta. Plaza, bizirik dago gaur, saltokiz eta jendez beteta, ez dugu beraz iturri, fatxada eta estatuez gozatzeko aukera handirik izan,  bai ordea herria bere giroan ikustekoa. Saltokiak, salgaiak, zein saltzaileak azoka orotan ikusi ohi diren antzerakoak dira; hizkuntzak ezberdintzen ditu azoka txikiok eta azoka oro ere gaur egun zeren azokak ere uniformatu eta unibertsal bihurtu baitzaizkigu. Eroslea bera, azoka txiki orotan ohi dena, pobrea, zerbait eroso eta merkearen bila dabilena. Dinghuis, Justizia jauregia izandakoa, beraz auskalo zenbat jauntxokeria eta gehiegikerien gune eta lekuko, boteretsuen tresna eta babesleku; bere grazia du eraikiak leiho luze, teilatu ezin pikeago, dorretxo, erloju eta albotikako sarrera eskailerarekin. Eliza asko ditu hiriak: kanpotik denak ederrak, pare bat ikusgarriak, ilunak, batzuk harrizkoak; plazatik hurbil XV. gizaldiko S.Matiasek dorre sendoa erabat ezberdina du; Andre Mariarena:  oso aldrebesa da jatorrizko izena, eliza bera berezia eta bitxia, joan eta ikusi egin behar den horietarikoa: dorreek halako antxinakotasun eta gotorleku ukitua dute, fatxada, aldiz, harrizkoa  adreiluaren erreinuan, zabal sendoa zilindrozko kantoi eta estaldura konikoekin; bai elizpetik bai eliza barrutik du sarrera Andre Mariaren kaperak; debozio bizia dio herriak Amabirjina honi: uneoro kapera betetzen duten debotek kandelak pizten dituzte erruz, eskerronezko oroigarri eta medailoi pila dago hormetan zintzilikaturik; irudia bera handia da, mantu gorri nabarmen batek babesten du; baina kaperako zerik ederrena Amabirjinak atzean duen erretaula da, filigranazko iruditeria nano tailatu eta polikromatua; sarreran ere bada taila eta pintura hondakinik baina kandelen keak belztu du dena; Klaustroa, hilarri biltegia dirudi, artistek landu eta oinek leundu zituztenak: gu ere han ibili gara gotzaitzarren gainean; barrutik oso iluna da eliza: absidea, ikusgarria eta ezberdina: arkudun balkonada lehen solairuan, ganga berriz mosaikoz edertua: gustura botatako 20 duroz pizten da argiteria; konfesaleku asko eta sendoak:  bekatuak oso mortalak dira hemen edo apaizak oso mandoak; pietat taila zahar ederra; irudi erraldoiak; bi kripta, presbiteriopean bata, itxita, korupean bestea, zabalik baina biluzia; organoak merezi du begiak jasotzea: barandan ere tututeria du estalki bitxi batekin; ikuskizun bitxienetarikoa eguzkiak koruan jotzean sortutakoa izan da, doakoa gainera, dena ordainduzkoa baita hemen. Sint Servaas: santu honek letanietako Jerbasio izan behar du, Protasioren bikotea; eliza aparta, Holandako zaharrena omen; aldi ezberdineko ezarri asko du; elizpeko beirateria ostetik uzten dute nolabait sarrera ikusten, baina beiran iragaztean  irudia itxuraldatzen denez ordaintzen dutenek soilik dute argi eta garbi ikusteko eskubidea: gotiko polikromatua da delako sarrera, eliza jaso ondoren ezarria; klaustro gotiko berantiarrak ez du askorik balio baina ezin da sartu ordaindu gabe, elizak ere sarrera ordaindua du; klaustroan kanpai handi bat: begiluze ibili gara txartel saltzailearen ingurutik; Gurejaunaren kaperara soilik usten dute sartzen duan, kartel batek dioenez otoitzera soilik; atsedenalditxoa hartuaz erretaula paregabea ikusi ahal izan dugu bertan: taila txikitxoko triptiko antzerako mundiala. Aurrekoaren alboan Sint Janskerk, S.Juan nonbait, kanonigoen parrokia, gorriz pintatutako 78 metroko dorrearekin: ordaintzen duenak izanen du ikuspegi ederra, baina agian igogailurik ez. Plazak: Andre Mariaren aurrekoa, zabala, osoki zumezko mahai eta ezarlekuz beteta dago: leku atsegina etorri eseri eta zurrut batzuk hartuez egoteko. Sint Servaas eta Jans elizen aurrekoa hiriko zabalena da, handia izatea eta elizen abside eta dorreak alboan edukitzea beste erakargarritasunik ez du; ertz batean titiritero edo konpartsa extralurtarren eskulturak ematen dio bizitasun izpi bat.

 

Hiritik kanpo, Eki aldera, egitura bereziko adreiluzko eraikuntza iluna, Gugenhein gogoratu diguna; MEC bat ere iragartzen da errepidean, Europako Merkatuko zerbitzuguneren bat-edo agian.

Musika eztia egiten zuten S.Petesburgoko musikariek  kale batean: entzule asko bereganatzen zuten, auskalo eskupekorik.

 

Espainiako egunkaria erosi ahal izan dugu: hango politika beti bezain aspergarria, arina, azalekoa eta inozoa, umekeria, hainbaten  sufrikario krudelaren eragile ez balitz.

Eliza eta udaletxeen bueltan daude plazak herri gehienetan..

Ez dago eskalekorik eliza sarreretan: ez dago pobrerik Holandan, ala galarazita ote pobreak badirela erakustea?.

Saltoki erraldoietako jatetxeetan bazkaltzen dugu egoki, bai jakiz bai ordainez.

Zumezkoak dira hirikoak ez ezik lurralde osoko kafetegietako mahai eta jarleku gehienak.

Zerbait interesgarririk eskaintzen duten herritxoek dohaineko aparkalekuak eskaintzen dituzte bisitaria erakarri edo bisita erraztu asmoz.

 

Nahastua gertatu zaigu arratseko ibilia, errepide nagusietatik kanpo, herritxoz herritxo; ez da beti erraza norabidea igartzea edo beharrezkoa zaigun letreroa bilatzea; galduz eta galdetuz moldatu gara. Kanpinerako bidea bera erraza izan zaigu gaur, ikasi ditugu inguruko errepide labirintoaren zirrikituak. Mendi mendian, arratsalde osoan, herri handietatik urrun, mendixka eta bailaretan, gora-behera leunean, tarteka aldapatxo luzexkak ere igo eta jaitsiaz; nekazari herriak, uda-herri eta udaleku bihurtu direnak, turismo-guneak, landetxeak eta hotelak elkarrekin bizi diren parajeak; hotel eta kafetegiek, jende kopuruak zein jendearen jiteak ematen diete udaleku kutsua herriei; mendikara gogoko duen jende pila dabil han eta hemen, erruz, oinezko ibilian, bizikleteroa ere bezero ugaria da; aparkaleku franko baso barruan bertan ere, errepidetik gertu, Alemaniarekiko mugetan, ez bazen askorik nabarmentzen ere gaur alemaniar bisitaria.

Ona da errepidea, zoru leunekoa, bidegurutzeak ikuspegi argi eta bide bikoitzekoak, ondo babestuak. Paisaia berdea, ugaria eta trinkoa basoa: pagoa eta urkia dira nagusi errepide ertzetan. Ikusten ari garenen tankerakoak dira itxuraz eta egituraz herriak, berenez dira horrelakoak; sendoak, handiak, patioa sortzen dutenak dira granjak, askotan auzotxo bat diruditenak, adreiluzkoak gehienak: badirudi hemen ere maiorazkoa gelditzen dela jabego osoarekin, ez baitago sail txikitan banatutako lurrik; bada zoladura iluna erakusten duen granja zuri ederrik;  granja ingurua txukuna, garbia eta atsegina, nekazarien barne dotorezia edo premia gorririk ez-eta bazterrak zaintzeko denbora eta ilusioa dute nonbait. (Etxera ondoren telebistan entzun dut Europako zenbait herritan Gobernuak ordaindu egiten dietela nekazariei ingurua txukun edukitzea: Gobernua zuzenean arduratu beharrean diru truke nekazariak eurak arduratzen dira inguruneaz: ez da ideia txarra).

 

Margraten. 8.301 iparamerikar dago bertako zelai batean lurperatuta; beste 1722 desagerturi ezin izan zieten lurrik eman. Hispanoak eta beltzak izanen dira hemengo hildako gehienak, Iparamerikarren azken gerra orotan bezala: gerretan hiltzen diren gehienak soldaduskatik libratzeko nondik edo nola ez zutenak, soldaduska irten bide bakarra zitzaienak, aberrikeriaz engainatzen dituzten gizajoak. Ikusi gabe ihes egin digu hilerriak, auturen batean endredatuta gindoazela. Bi bisitari gutxiago amerikarrentzat. Normandian ikusi genuen lehenengo soldadu hilen hilerriak zirrara sartu zigun, ondorengoek ere: antzerakoak izanik ere,  gerraren astakeria aldarrikatzen dute gurutze edo taket ilara bukaezinok.

 

Bazterrak, bai errepidekoak bai edonongoak, oso zainduak daude. Santu-iruditxoak agertzen dira noizbehinka errepide ertzetan, Kristoren bat, adreiluzko kaperatxo nano batean ezkutaturik auskalo zein santu, kapera taxuko eraikuntza...

Zenbait etxek, herritxootan ere, teilatua ezkutatuzko triangelu zorrotzean bukatutako fatxada dute, errenazentista deitzen dietenak: agian Alemania auzo dutelako; Alemanian ikusi genituelako dugu agian Alemaniako fatxadakera izan behar duenaren eritzia: baina bailara honetan, Alemaniako mugan egonik, ez dugu halako fatxadarik ikusi.

 

Gulpen. Ezagun du turisterria dela: denda, ibiltari asko parketxoan,  eta alferkerian gozo dagoen jende ugari.

 

Iaz arto-saila izandako soro handi bat; aurtengo arto-sailik ez dugu ikusi orain arte. Gari-soroak berriz ugariak eta zabalak dira: pobreak ote dira ala turismotik bizi ote  nekazariak?. Ebakita dago belarra, jasota ere bai, beste zenbaitzuk irauli egiten dute oraindik oso berde dagoela.

Mendian lasai egon edo ibili nahi duenak badu lurralde honetan aukera. Bertara datoz inguruko herri handietakoak: jubilatua da gehiengoa, praka motxetan asko, ibili lasaian: arratsaldea ere atsegina eta epela baitago.

 

Epen. Zur-egiturez adreiluari eusten dien etxe zuriak, erakargarria da zuraje agiriko eraikia; bada adreilu ageriko zenbait, baina horma zarpeatukoak dira gehienak; ez da besterik barruti honetan, eta ez da horrelakorik ikusten lurralde honetatik at; alemaniarren eragina ote?, garai batetako emigranteen eragina?, Alemaniaren menpe egondako lurraldea?, historia ezagutu behar.

 

Vijlen. Asko eta deigarriak dira zuraje iluna agirian duten etxe argiak.

 

Vaals.

Bere barrutian dago Holandako gailurrik garaiena: 321 metrokoa: bada errepide bat iragarrita seguraski goraino daramana.

Turisterria.  Alemanian aurkitu gara ustekabean kale baten bukaeran, errepide ertzeko letreroagatik izan ez balitz ez ginen jabetu ere eginen. Alemaniar asko dabil. Badira etxe-bloke handi merke itxurakoak, baina ez dugu jakin Vaalsekoak diren ala Alemaniakoak. Oesteko pelikuletako karromatoen antzeko gurdiak, zaldiek tiratuta, turisten aisia-garraio; basto xamarrak badira ere, poza erakusten zuten umeen begiek, baita ezpainen irriak ere.

Bi haize errota edo zentral eoliko ikusten da urrutira herri gaintxotik, bi koltza sail zabal urrutira ere hori distiratsu, hurrago etxe txikiko urbanizazio erraldoia, agian herri bat da.

 

Esne-behi holandarrak, etxeak bezala zuri-beltzak, -teilatua dute beltza, horma zuria etxeok-, holandarrek ez dute jaitsiko esne eta behi kopurua espainiar nekazarien mesederako. Lur soro txikia du baina ahalmen handia Holandak, Aznarrek bibotea soilik du handia, ahalmena berriz nanoa, euskaldunon aurka disimulatzen badu ere errepresioa eta ankerkeria erabiliz. Herrialde aberatsa taxutzea jakin zuten holandarrek kolonietan lapurtutako aberastasunarekin, Espainian, aldiz, jauntxoek xahutu zituzten aberastasunok, herria lehen baino pobreago utziz.

Neurri ezberdineko hiru antzinako bonbekin ze iturri polita egin daiteken etxaurreko urmaeltxoan!.

Harrizko eliza herritxo batetan!.

 

Valkenburg. Holandako turisterri garrantzitsuenetarikoa omen. Udaleku peto-petoa, edonongo udatokiaren osagai guztiekin; dendateria, turistentzako huskeria guztiekin kinkilateria ere bai, holandar etxeteria, pitzeria, eta jelategi italiarrak. Sarrerako ate sendo aspaldikoa,  tontor batetan gazteluaren hondakinak; nonbaiten hurrean ba omen da erromatarren koba famaturen bat ere. Jende asko dabil eta paseo atsegina izan zaigu kaleetan zehar ibiltzea jelatu italiarraz gozatuz.

 

Heerlen. Etxeorratzak eta etxetzarrak, alboko Alemaniakoak imitatu nahian edo, herri baten nortasuna eta ahalmena eraikuntza handian balego bezala: zerbait badakigu honetaz Euskadin.

 

Brusun. Herri zabala, errepideak hesitua: herri osoa inguratzen du errepideak, guri behintzat berriz ere galdu garen sentipen faltsua sortuz.

 

Holandan ere sartzen da errepidean hesolaz zamatutako traktorea, egundoko kotxe ilarak sortaraziz.

Oso geldiak dira autobidetik kanpoko errepideak: bide-argi asko dago eta kotxe asko dabil, badirudi autobidera bultzatu nahi gaituztela hemen ere.

 

176 kilometro, mendixka eta bailara estuetan.

 

 

Apirilaren 30a. Osteguna.  5.a – H:4,a

 

* Egia duk Joseba biziraun dudala eta nekatuta nagoela, Holandan etxatoiz bidaiatzeko umorea gelditzen bazaidak ere. Baina oraindik fidagarria naizela uste diat, agian saltsa gehienak utzi ditudalako.

* Neuk be lartxo erabiltzen diat "bezala" hitza, Joseba.

* "Oparot(as)uneko bidaiariak" gaituk gu ere; aurreko etxatoiko  langileak "miseriazko bidaiariak", Sarrio.

* "Hitzjokoan jardun baizik ezin duten poetak", Auden. Idazle askoren ezin gorria edo ahal bakarra.

 

Dutxa beroa nola erabiltzen den, dutxako ur beroa nola lortu, ikasi gabe goaz. Ez da txanpona botatzearen arazoa soilik.

Badira txoriak inguruan, baina ez kanpineko zuhaitz eta belartzan, auzo oparoagoaren bat aurkitzen dute nonbait.

Azken egunean katamixarrak agertu zaizkigu lasai zuhaitz ipurdietan jolasti edo jan bila.

 

Lieja ikustea irrikagarria zaigun arren Belgikara gatozenerako utziko dugu bisita. Bagoaz Holandan barrena gorantz.

Gaur ezin dugu kanpin alboko tximiniarik ikusi, erabat lainotua dugu goialdea, euri zirinpean atera gara. Zainzuri saltzaile bat dago egunoro bezala gaur ere errepide bazterrean  bere kamionetarekin, Iruiñako sarreran laranja saltzailea bezalatsu: honek bertako jeneroa saltzen du, hark auskalo nongoa.

Kanpaia jo dute goizean goiz herriko dorrean, etengabeko joanean etxatoiak errepidean: jai eguna behar du izan gaur, Gorpuzti agian; duela 29 urte ihesean ginen M. Luisa eta biok Gorpuzti egunez Leridan nire 600 txikian. Aurtengo honek zubi luzea dakar berarekin. Badirudi familia holandar bakoitzak duela bere etxatoia eta denak atera direla gaur errepidera, etengabeko etxatoi ilara da errepidean gurutzatzen duguna, ez dakit norantz doazen. Gu geuk ere ez dugu ezohizkotzat edo bitxitzat jotzen geure burua askotan baiTxekian bai Eslovakian bezala; han etxatoidunak ginen, hemen berriz bat gehiago. Jokinek aitatutako Iparramerikar etxatoi sistema gurutzatu zaigu: furgoi irekiaren kaxa gainean ezarritako kendu eta ipinizko etxetxoa daramana.

Berotegi sailak, italiarrak deitzen diegunak Italian ikusi genituelako, etxetxoak diruditen kristalezkoak.

"Asperges", zainzuri sail eskergak: nekazari edo sasoirako langileak ez dute jairik; errepide bazterreko etxe anitzetan dago zainzuriak eskainizko iragarkia, gureetan eztia, gazta edo etxeko ekoizpenen bat bezala.

Tulipan sailak ere ageri dira, nahiko zabalak baina oraindik loratu gabeak, lorok lehertu diren zatirik egon badago ere: agian goizegi gatoz tulipanak loran ikusteko.

Pinudi edo pinu sail banaka batzuk: Etxarriko basoan oholtxoetan "pinu gorria" deitzen dioten horietarikoa, Mediterraneoko pinu azal gorrixkako txankaluzeak.

Kanpin banaka ugari dago iragarrita.

Haize-errotaren bat ere agertzen da noizbehinka, ondo zaindu eta gordea.

Antzina oso modan egon ziren bi Citroen haietakoak, oraindik bizirik eta liluratsu. Atzo aireplano txiki bat zegoen erakusgai errepide ertzean Hegoko ez dakit zein herritan, gaur gerrako ehiza-hegazkin bat, txikia berau ere, ez dakit saltokiren baten amu erakargarri ala etxejabearen apetaz.

Zerrak saltzen dituen denda baten aurrean lehenengo, arotzeria batetan gero, metrotik gorako diametroa zuten enborrak, eskultura lez jarriak, apaingarri edo agian iragarki. SEAT kotxe zein garajeak ikusten dira, banakak; egia da gureetan SEATa ez ezik atzerriko beste hainbat auto-izen dela ezagun, agian nagusi, baina ezohizkoa iruditzen zait SEATa inguru hauetan. 

Atzo, Hegoan, gune borobilek zuzentzen zuten zirkulazioa bidegurutzetan, trafiko-argiek betetzen dute zeregin bera Iparrerantz.

Motorista banda pare bat, betiko parafernaliarekin: badira hemen ere.

Holandar bandera ia etxe gehienetan dago eskegita, kanpinean ere badugu bat bere etxatoian duena; errota batek ere jarria zuen. Jai nazionala ote,  ala  Gorpuzti delako. Etxe denek dute jarrita etxeko horman, ate alboan zein leiho ertzean, masta edo bandera girtentxoa ezartzeko burdinatxo biribila. Harro daude bere banderarekin.

Altzolan, txikitan, izara zuria edo harizko ohazal zuri dotorea,jartzen zen Korpuzti egunez; Francoren diktadura zenez bandera espainola ere jarri ohi zen, ez gogoz, beldurrez baizik. Paperezko Jesusen Bihotz koloretsu handia eransten zitzaion.

Hainbat heriotza, kartzela, isun, borroka, mobilizazio eragin zuen gure ikurrinak: erdi ahaztuta dugu dolorez lortu genuenetik 20 urtera; ez du ia zirrararik sortzen, Aberri Egunean ere ez du balkoirik edertzen, ezta fatxadarik nabarmentzen eraikin publikoa ez bada eta halakoetan ere piparpotearen alboan, bere mende. Ikurrinaren aldeko lehia hasi behar dugu berriz, ez zapiarengatik, ahaztu dugun euskaldun ohoreagatik baizik.

etiketak: Bidaiak 68
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.