Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiak 68

Bidaiak 68

Jon Etxabe 2020/09/25 09:25
HOLANDA: Linburg, Thorn, Weert, Grathen, Roermond, Venlo

H O L A N D A

 

Ez noiz ez non aurkitu gara Holandan. Abian gindoazen eta Holandan ginen,  mugaz bestalde. Ez zegoen ez langarik, ez marrarik, ez poliziarik, ez txabolateriarik ez inolako muga aztarnarik. Halako batetan Holandan gauden, ibaiaz bestaldean ikusi dugu iragarpena.

Ez da ageri mugaren lorratzik, han dago patata frijituen etxola bat, muga egonen zen inguruan.

Ez dago lur landurik, behia, aldiz, errus  larrean, behi holandarrak, nola ez, zuri-beltzak. Aspaldi ikusten ez genituen fruta-arbolak, madariondoak eta bestelakoak, ugari. Hasi gara, sartuaz batera, euria euri, bizikletak ikusten.

 

Monfort herritxoan espero genuen kanpina aurkitzea, erraz eta berehala aurkitzeko itxaropena genuen gainera. Baina berrikuntza lanek erabat aldatu  dituzte kaleetako norabideak, desbideratu behar izan dugu eta nahastu gara mila aldiz galdetu arren. Labirintoak dira guretzako herriok. Oso adeitsu portatu zaigu jendea, kanpinaren berri emateko gogotsu, baina keinuak ez dira nahikoa izan gaur, ezta frantsesa zekien emakumearen planoa idatzi eta guztizko ahalegina ere. Ibiliaren ibiliaz, bide galduetan nondik joko bila, beste kanpin batekin egin dugu topo. Sikiera. Kanpin xumea da, zerbitzu gutxikoa, Espainiako eta Euskal Herrikoak baino merkeagoa.

Euriari ekin dio eta ez zaigu atertu arratsalde osoan: zuhaitz azpiko euri tanto lodien karabanaren sabaiko danborradaz eman diogu beraz hasera egonari eta aterkipean oinezko hilabeteko ibiliei.

 

 

LINBURG

 

Thorn. Turismo herria, dendengatik eta aparkalekuengatik ikusten denez. Kale txukun garbiak, lauki txikiz zolatutakoak: ai Iruñako lauza merke zatarrak!. Leihoak lorez edo zeramikazko ontzi zein irudiez dotoretuta daude barrualdetik; ate askok lorez eta belarrez eginiko koroa ihartuak dituzte zintzilikatuta, hainbatek hontzaren irudia dute koroaren ordez. Teilatu pikeek eta fatxada zorrotzek Alemaniako etxeak gogarazten dizkigute. 

Herri erabat ezberdina da, geroak esanen digu bakana den ala halakoak diren gehienak. Adreilu iluneko etxeak, eskuz landutako gortina politak leihoetan, kalexkak,  zokoak: herri atsegina,  euripean ere. Ez katurik ez txakurrik ere,  M. Luisa eta biok ginen, japoniarrek alde egin ondoren, bizidun bakarrak kaleetan.  Ilunera zihoan arratsa.

Emakumeen monasterioa, herriko ikusgai nagusia, eliza eta beste ezer gutxi gehiago  gelditzen bazaio ere; bitxia da, batez ere aldarapeko kriptagatik eta korupeko labirinto antza duen komentu zatiagatik: korura jotzen zuen mojen bizilekua zen nonbait   zati hau, presbiterio alboan; bada bigarren mojen bizileku bat ere. Eliza bera zuria da, zuriak  marmolezko santu-irudiak: santutzar koadrila. Bada  triptiko eder bat, lau kantoietan aurpegi tailatuta duen bataio-pontea, gizaki baten bi den Kristotzar gurutziltzatua, lehengo zaharrak behar duten irudi eta iruditxo xarmantak...; arrunkeria ugari dago bai, baina baita mila zirrikitu interesgarri ere.

Euripean ikusi dugu herria, guardasolpean paseatu dugu kaleetan. 

Dendak ez dira zenbait turisterriko lourdes edo kinkil-dendak, merketeria saltegiak; salgai polit eta atseginak dituzte. Fraidea da garagardoa iragartzen duen irudia hemen ere.

 

Autobuskada japoniar zebilen bai elizan bai kaleetan bai dendetan, presaka zebiltzan, dena ikusi nahiz, joan ere presaka joan dira.

 

Trinkoa da errepide sarea, batez ere nekazari barrutietako bide asfaltatu estuetan, herritxoz herritxo handik hona dabiltzanena; asfalto latzakoak, baina aldi berean berdina den zoru oneko errepideak.

 

Weert. Herri zabala, aratza; adreiluzko etxeak, tarteka zuritutako adreiluen eraginez, argiak. Aurrekoen garaiera berdinekoak dira eraikin berriak. Eskultura anitz eta ederrak kalean: bi dantzarirena izan zaigu deigarria, baina batez ere eliza aurreko txilina jotzen dagoen biseradunarena.

Mehetuz izugarri goratzen den eliz dorrea, adreilu ilunekoa.

Ez da garestia aparkalekua.

Itxita daude elizako ateak.

6etan itxi ditu ateak denda orok, bakarrik gelditu gara berriz ere M. Luisa eta biok kaleetako euripean.

 

Ez da giro euripeko errepidean!.

Jende adeitsua, berriz ere, aparkalekuko txartela jaso eta ordaintzerakoan. Badirudi halako dotoretasuna dutela, herriok ez ezik, herritarrok ere. Barne dotoretasun hori ezagutu nahi genuke baina muga zabala eta sakona da hizkuntza

 

Grathen. Kanpin bila ibilian jo dugun herria: ur-errota dute museo eta guzti, uraren bultzada jasotzen duten mila xafladun gurpil erraldoi beltza, presa ertzeko konportaz zainduriko aldapan.

 

Galduta ibili gara, berriro ere!,  kanpin bila. Frantses zekien gasolindegiko morroiak jarri gaitu herrira bidean, baina galdu egin gara berriro errepideko eta herri barruko labirintoan. Aurkitu dugu, azkenik, beti bezala,  alde egiten dugunerako bideak ikasiko ditugula amestuz.

Haize-errota bakarra ikusi dugu.

 

Egun gogorra lehenengoa: euria, hotza, umeltasuna, errepide sarean nola maneiatu ikasten.

 

492 kilometro, urduriak baina batez ere bustiak.

 

 

Apirilaren 28a. Asteartea.3.a-H:2.a

 

Eduard Bernsteine-ek esan omen zuen: "Ibilbidea da dena, helburua ez da hain garrantzitsua". Ba gu ibili ibiltzen gara, agian ibiltzea egin dugu helburu. Hurrengo bi hilabete hauetan. Gure ibilbidea herriak ezagutzea da. Hegazkina airean gelditu ezin den bezala  badirudi bizi iraupenerako gu biok ere ezin gintezkeela bidaiatu gabe gelditu: bidaia dela gure zahartzaro honetako bizi-motorra, bizipoz eragilea.

 

Zeru lainotsuak moteldu egiten du udaberriko berde bizia bera ere; trinkoa eta burugaineko behean dugu gaur ere lainoa, ura noiz botako mehatxupean gauzkalarik.

 

Egun busti baina aterian atera gara eguneko ibilira.

Adreiluzkoak dira etxeak, baita elizak ere. Oso zainduak daude etxeok herri orotan, ondobizien bizilekuak dirudite, mila xehetasunez giroturikoak, txakurra du batek marraztu edo irudikatuta fatxadako horman huntza taxuz inausiz; turistei begira zaintzen dituztela bururatzen zaigu, baina seguruenik berenez dira horrelakoak holandarrok, ohituraz, historiaz, kulturaz. Errepide orok du bere luzera osoan txirrindularientzako bidegorria, asfaltatua, erdiko marra zuri eta guztiz. Kanal zabala, zamaontziak.  Mosa ibaia dugu tarteka alboan, zabal, bere zikinean ere eder. Izugarrizko zirkulazioa, batez ere kamioiena, da deigarria. Zuhaitz asko, makala, urkia... errepide alboetan soilik, ez baitago basorik. Zelaia edo belartza nagusitzen da.

 

Roermond. Mosa alboan kokatua, harreman estua du ibaiarekin: portua du eta kirol-jolas-aisiauntzi anitz, yate eta motoredun ontziak, bertan lotuta. Industria hiria omen baina gehiago dirudi turisterria, hain txukuna ikusten baitugu. Adreilua da nagusi eraikuntzan, adreilu gorria zuriarekin nahasiz. Tarteka antzinako etxebizitzak, giro eta jite bere-berekoak, ezberdinak. Etxe oroko leihoen barne karelak, batez ere behe solairukoak, ontzi ezberdin baina batez ere lorontziz apainduta daude barrutik, agian barnea kaleko begiluzeengandik babesteko: nabarmena da apaingarriak jartzeko ohitura hori. Oso erakargarriak dira gortinak. Dendateria ez da beste mundukoa, baina gustuz eta guretzako ezberdin taiututa. Udaletxeko dorrea, tamaina ezberdineko kanpaitxo pila du, dorre-bueltan berriz hainbat irudi: ez dakigu noizbait irudiok mugitzen diren baina erdietan kariloi edo kanpaitxoteriak kontzertu paregabea eskaintzen du. 3 plaza: katedral aurrekoak kiosko deigarri ondo gordea du, plaza berean pinu zein ezki tantai sendoak bereziki zainduak, bertan ikusi ditugu Holandako lehen tulipanak. Opereta bateko brontzezko irudiak, oso politak dira batzuk. Komunikazio dorre handia, gaurkotasunaren sinbolo edo iraupenaren ardatz. Gotiko tankerako S.Kristobalen elizatzarra itxita dago. Katedrala: karratu sendoa, handia, austeroa, erromaniko-gotiko bitartekoa kanpotik begiratuta: itxita dago hau ere. Oinezkoen kaleak, saltokiguneak, herri orotakoak dira nonbait.

Herri txukunaren irudia eta sentipena utzi digu.

 

Bere txukuntasunean baina,  hemen ere ez da falta, Eibarko Toribio Etxeberria kalean bezala, kale-zorua itxuragabetuzko txikle zapaldurik.

Peskari bat zegoen arrantzan kanal zikinean.

Bizikleta ugari bazter orotan, -gehienak lotu gabe-; dotoretasunik gabeko funtzionalak, sendo itxurakoak, eskuleku garaiarekin patxaran bizkarrezurra nekatu gabe ibiltzekoak, katetik berna zein prakabarren babes-gailudunak, pinoi bakarrekoak beraz, gutxi batzuk ezik aldagailu gabekoak, balazta-danborreko galga onekoak, faroldunak.

Hasi gara gaztak ikusten: tamainia eta mota guztietakoak.

 

Herriarteko errepide txikietatik hartu dugu.

Etxetxo bakanak, solteak, dira herrietako eraikin gehienak, ilaran, kalea osatuz; lur zatitxoaz inguraturik denak, non lorategi edo aparkalekua duten gehienek; bada bi solairuko etxe berririk ere, baina hauek ere jite berdina dute. Badira pertsianak, baina baita lehio-estalki bereziak ere: barrukaldera triangelu zuri gorriak elkar nahastuz dituztenak: halako irudi geometriko deigarriak erakusten  dituzte irekitzen direnean, berez deigarriak izanik deigarriagoak bilakatzen dira kolore gorri zein zuri bizikoak direlako. Bada zuriz pintatutako etxerik ere; lehiobuelta ilunak dituzte hauek.

Zaldiak zelai batean, ahuntzak beste batean: animaliok herri barruan ikustea izan da gaurko ustekabea. Zelai bateko behi hankamotz iletsu tximadunak, ardi digante ilunak bailitzaz:  bitxikeria bilakatu zaizkigu hauek ere. Bestela, ohizkoak dira zaldiak eta behi aldrak larrean.

Ziklistek bere bidea dute herrietako kaleetan, marra zein zoru ezberdinez bereiztuta.

Mila nahasketa eder eta dotore lortu dute adreiluarekin.

 

Apar zikinez bilduta doaz gabarrak Venlo-ra bidean, brankak jasotakoaz aurre eta albotik, helizeak harrotutakoaz atzetik. Bere zikintasun eta guzti ibai bazterrean eseri eta begira gelditzeko irrika sortzen didate.

 

Teglen. Esklusak, ez dira nolanahikoak. Elizadorrea, izugarria da: arku gotiko tankerako lauzpabost solairu garaiez osatua, gandor lez prisma hexagonal luzea duena eta bera nabarmenagotzeko tarte zuriko adreilu gorriz eraikia eta deigarritasuna borobilduz zenbaki urrekoloreko erlojua. Auzo xumea dirudien batean hiru solairuko merke itxurako etxebizitza-blokeak.

 

Antzerakoak zaizkigu jadanik herri guztiak, galdu dute lehenengoen xarma, baina denek dute zerbait ezberdin, aurkitze jolasean aritzeko zerbait berezi; denak dira kaleartean paseatzeko atseginak, mila zehetasun eskaintzen diote bidaiari kuxkuxeroari edo begiluzeari, herri orotan da fatxada bitxi edo dendaurre bereziren bat.

 

Venlo. Mosa alboan. Ibai ertzean kokatu dute aparkaleku zabala, herria auto itomena arinduz. Udaletxe dotorea, autorik ezak are ederragoa egiten du aurreko plaza. S.Martin: elizatzarra, dorre eskergarekin: urrutitik begiratuz teilatua ere berezia du; elizak ateak itxi dizkigu, baina  oparitu digun  kontzertu bikaina gozatu dugu; igeltsero batek txistua joz egin dio jarraipena, baita kanpaitxoek bukatu ondoren ere. Elizaren aurrez aurre etxetxo benetan xarmanta, beste bat kale berean, biak antzinakoak.

 

Herri honetan ez dugu aurkitu komun publikorik.

Industriagune erabat zabala dauka, pabiloi baxuko industrialdea: ez dira lantegi handiak, baina bai ugariak.

Etxeko sentitu gara herri honetan. Egin gara Holandako herrietara eta girora.

Ez dabil jendetzarik, baina bizi-bizi daude kaleak; ez da turista aldrarik, baina ez gara kanpotar bakarrak: horrek ematen dizu halako segurtasun bat, ez zara kaleko bitxikeria.

Buztanetik helduta, zintzilikatuz, ahoratu du arraintxoa trajedun gizaki dotore batek plazako saltoki-etxola aurrean, ondoren horretarako jarritako aluminiozko iturritxoan garbitu ditu eskuak.

Kaliforniako intxaurrak, Siziliako hurrak eta Brasilgo almendra itxurako "paraponte"ak zituen salgai dendari batek.

Holandan ere herri oroko kontua da kale zein plaza berritzea, baita jubilatuen begiratuzko injinerutza ere.

Botila luzexka ezberdinak edari ezberdinekin beteta daude salgai dendetako beirateri osteetan.

Ugariak dira okindegi eta gozodendak.

Titanic filmea dago pantailaratuta herri honetan ere.

 

Holandan ere bada gidari pitojole urduririk!. Izugarria da Venlo inguruko kamioiteria, agian Alemaniako muga bertan dagoelako. Sartu-irten etengabea du autobideko sarrera bakoitzak.

Erabat laua da Holanda, zapala, plater axal bat bezalakoa; lur landua, lur iluna, gizaldiz gizaldi simaurtutakoa, agian basoa izan zena eta mendeetako orri ustelduek ilundutakoa; simaur likidoa Sakanako teknika bereaz sororatzen da Holandan ere, kirats berdina zabalduz. Plastikozko estalki zuria du hainbat lursailek. Ikusten ditugun lehenengo tulipan sailak, loratu gabeak edo burua  zabaldu gabeak oraindik.

Behi aldrak larrean eguerdiko epelean etzanda. Herritxorik ezin dugu ikusi autobidetik, baina begiztatu ahal izan dugun bakarren bat orain arte ikusitakoen tankera berdinekoa da.

Eliza dorreak ditugu urrutira begi-bistan. Eraikinen teila kera ezberdina da, teilok  jartzeko era ere bai. Euskal Herriko teilatuetan borobilera berdina dute teilek sakoneran edo gaineko hegian, teila berdinak dira gaineko ahurrak zein azpiko ganbila, teila berdinez eginak daude erretena eta estalkia; hemengo teilek, aldiz, irtentxoa dute ertzean, ertz horietatik lotzen dira elkar teilok, teila arteko hegia edo lotura estua gertatzen delarik.

Auto poloniar ugari dabil Holandan ere, matxuratutako autoak garraiatuz. 

etiketak: Bidaiak 68
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.