Mikel Larreategiren bloga
San Francisco 2011
Urteroko ohiturari jarraiki eta Plone Fundazioak egindako deialdiari erantzunez, San Franciscon bildu ginen munduko Plonelariak urteroko Plone Konferentzian. Lau egunetan zehar, azaroaren 3tik 6ra artean, San Franciscoko State Universitik Market Street-en duen egoitzan, hainbat eta hainbat hitzaldi eta aurkezpen ikusi genituen.
Dexterity, Diazo, Transmogrifier, XML, ZPT, Python eta beste hainbat eta hainbat buzzworden inguruan aritu ginen. Zalantza gabe asko aprobetxatuko dugun konferentzia izan da aurtengoa ere, beste hainbat urtetan ezagututako aurpegiak berriz ere ikusi, kontaktuak egin, eta munduko Plonelariak zertan dabiltzan ezagutzeko aukera aparta ematen baitigu konferentziak. Gainera, komunitateari produktua erabiliz hartutakoa itzultzeko modua ere bada nolabait, Plone erabiltzeagatik ez baita inolako royalty edo lizentziarik ordaindu behar-eta.
Hala ere, harainoko bidaiak San Francisco ezagutzeko aukera ere eman zigun. Domusantu eguneko zubia-zela eta egun batzuk lehenago joan ginen Lur eta biok eta turista plantak egiteko astia ere eduki genuen.
Handia da San Francisco, agian handitasun hori ez genuen argi hasieratik eta lehenengo egunean sekulako ibilia egin genuen (bere garaian Erroman edo Washington-en egin bezala), hotelera iristean hankak egosita eta hurrengo egunean lurrean jarri ezinda edukitzeko.
Hiriaren handitasun horretan, portuan bertan dagoen merkatu bat ikusi genuen lehenengo egunean. Asko harritzen naute merkatuek, ez dakit zergatik baina nire barnean zerbaitek esaten dit hiri handi eta kosmopolita batean (dela San Francisco, dela Londres), kaleko merkatu txikiek tokirik ez dutela eta dena izan behar dela hipermerkatu. Ba ez, azkenean hiri handietan herritar xumeak ere bizi dira, eta merkatuek ere bere funtzioa betetzen dute.
ChinaTownetik buelta bat emateak ere hiriaren handitasuna garbi erakusten du, ChinaTown bera hiri handi baten barruan aurki daitekeen hiri bat baita: guztia txinatarrentzat pentsatuta eta euren bizimodua egitera egokituta. Turistak ere dexente bertan. Batman-en taberna deskubritu genuen lehenengo egun honetan. Eta bertara abonatu ginen zalantza gabe. Batmanez jantzitako kamarero batek atenditu gintuen, Oier Gorosabelen sekulako antza zuen gainera :)
Bigarren egunean Udaletxetik abiatuta eta Golden Gate Park-en zehar Ozeano Barera joan ginen. Ez nahastu, Golden Gate Park ez dago izen bereko zubiaren ondoan, ezta urrik eman ere! Parke horrek ere hiriaren handitasuna bere horretan erakusten du. 10 bat futbol zelai luze edo gehiagoren luzera eta 3 edo 4ren zabalera du markeak. Google Maps-eko satelite bistan bikain ikusten da. Asteburua zen eta jende mordoa zegoen bertan, polizien lasterketa benefiko horietako bat ere bai tartean. Taberna eder bat ere topatu genuen arratsalde partean: Zeitgeist.
Eta Ozeano Barera iritsi ginenean... behelainoa, barkatu gandua. Ohikoa omen da gandua San Franciscon. Berehala garbitu zuen ordea eta eguna berriz ere argitu. Ibili luze horren ondoren, autobusean egin genuen buelta.
Hirugarren egunean, lehenengo egunean hartu genituen Alcatraz-erako txartelak erabili genituen. Itsasontzia hartu eta segurtasun handiko gartzela mitikoari egin genion bisita. Hotelerako buelta San Franciscoko tranbia, hauek ere mitiko, horietako baten egin genuen.
Laugarren eguna izan zen ederrenetakoa: bizikletak hartu eta Golden Gate zubian barna Sausalitoko etxe-flotagarriak ikustera joan ginen (25 kilometro guztira joanean eta beste horrenbeste itzuleran). Zalantza gabe aurten baino gehiago nekez ibiliko nintzen bizikletan: lehenengo Herbereetan eta ondoren San Franciscon. Eta Eibarren noiz? Lizarraldek bizikleta bat gomendatzen didanean :)
Bostgarren egunean, gehien gustatu zitzaigun zonaldea ikusi genuen: Haight kalea eta Haight eta Ashbury kaleen lotunea. Hor zegoen kale-bizitza benetan polita: erropa dendak, bigarren eskuko dendak, disko-denda izugarri bat, tabernak, musika, ... bizitza kalean. Handik bueltan, bazkalostean, Castrora egin genuen bisita, San Franciscoko gay komunitatearen auzora. Batman-enean garagardo bat hartuta goiz oheratzeko ordua zen, hurrengo egunean hasi baitzen Plone Konferentzia. Eta hangoak? Bada, hangoak CodeSyntaxen blogean aurkituko dituzu hemen baino hobeto azalduta. Gezurra badirudi ere Plone Konferentzietara lanera joaten gara. Hango kronika eta apunte asko ez ditugu argitaratzen, baina laburpen laburrak ez dizkiegu egiten CSko lagunei, luze eta zehatzak baizik!
Inork San Franciscora joan nahi badu, hona hemen Lur eta biok egindako ibilaldien mapa, azken egunekoa falta da, baina sartuko dut egun hauetakoren baten.
Argazkietako batzuk nireak dira eta beste batzuk Lurrenak. Seguraski onak bereak izango dira eta eskasak nereak :)
Ikusi San Francisco, USA mapa handiago batean
Abuztu hasiera Vlissingenen
Iaz Italian egin genuen bidaiarekin hasitakoaren bigarren geldialdia egiten ari gara egunotan Herbereetako Vlissingen herrian. Bertan 15. Hogeschool Zeeland xake txapelketa jokatzen ari da eta berau jokatu eta oporraldi lasaia pasatzeko asmoarekin etorri gara bost lagun bertara.
Vlissingen 45000 bizilaguneko kostako herri bat da. Hondartza eta portua ditu eta jende asko dabil bertan bizikletan, baina gaur arratsalde-iluntzean eman dudan bizikleta ibilaldian gehien harritu nauena etxeak izan dira. Etxe guztiak berdin berdinak, txikiak eta bi pisukoak dira. Ah, eta ez dute pertsianarik. Pertsiana gabe bizi dira holandar hauek!!
Goizean hondartzan izan gara batzuk Iparraldeko Itsasoko ur hotza probatu, eguzkia hartu (ederto berotzen zuen hemen ere) eta Vlissingen aurretik Antwerpera (Anberes) bidean edo hango portutik datozen itsasontziak ikusten. Belgikako portu handienetakoa izango denaren itsas-trafiko guztia hemendik pasatzen da.
Bizikletena ere aipagarria da. Lehenengo egunean tren geltoki ondoan astebeterako bizikleta alokatu genuen, bakoitza 37.50 €ko prezioan eta benetan garraiobide erosoa da herrian zehar ibiltzeko. Supermerkatura, hondartzara, garagardo bat hartzera, partidara, buelta bat ematera... edozertara bizikletan joaten gara. Benetan asmatu genuen bizikleta hartzerakoan. Hemen bizikletan ibiltzeak inbidia ere ematen dit, eta Eibarren nola ibiliko ote nintzatekeen ere pentsatu dut, hala ere hemengo lautadak (aldapa txikiena ere ez dago) eta Eibarko gora-beherak ez dira konparatzekoak, eta zer esanik ez bideak: hemen guztia dago prest bizikletentzat, bidegorriak kale guztietan, kotxeak gelditu egiten dira pasatzen uzteko... laneko bizikleteroak gustora asko arituko lirateke hemen.
Besterik ez, xakeak uzten badit idatziko dut zerbait gehiago hemendik edo Amsterdametik (hara goaz txapelketa bukatzean), bitartean argazki batzuekin uzten zaituztet eta baita Eibarko Klub Deportiboaren webgunean idazten ditugun kronikatxoekin ere. Lizak Vietnam eta Laostik dioen bezala: Biba gu!!
Bi "K": leiha baten historia
Eibarko xakelariontzat oso garrantzitsua den asteburu honetan (Sustatun ere konturatu dira), Leontxo Garcia handiaren Twitter kontuaren bidez enteratu nintzen atzoko Michael Robinsonen "Informe Robinson" telebista saioan xakea gai izango zuen erreportai bat emitituko zutela: Kasparov eta Karpoven arteko lehiari buruzkoa.
Erreportaiak dataz data, partidaz partida, bi xakelari handi hauen leiha nolakoa izan zen aurkezten du, gorrotoraino iritsi artekoa momentu askotan, azkenean laguntasun edo errespetu moduko batera iritsi dena, Putinen aurka manifestatzeagatik Kasparov kaleratu zutenean edo-eta orain gutxi Karpov Nazioarteko Xake Federakuntzaren lehendakaritzarako aurkeztu eta Kasparovek bere babesa eman zionean.
Biziki gomendatzen dizuet erreportaia, ordu erdi ingurukoa da eta programaren bigarren zatian dator. Lehenengo zatian Movistar Team txirrindulari taldeak Giroan egindako lanari buruzkoa da eta txirrindularitzaren gogorra zuzen-zuzenean erakusten du. Hona hemen programa oso-osorik ikusteko lotura: http://www.canalplus.es/play/video.html?id=903874&media=PO877576&cc=PLTVOD
Ezin dut gehiago
Ez dut artea ulertzen
Lehenengo helmuga Louvre museoa izan da. Zer esan museo honi buruz? Ezin da adjektibo bakarra erabiliz definitu. 9 hilabete beharko omen lirateke bertako artelan guztiak ondo, idatzi denak irakurriz eta dena soseguz bisitatzeko.
Goiz baten zer egin daitekeen? Frantziar eskulturak, Napoleonen gela, Luis XVI.aren testamentua eta Maria Antonieta erreginaren azken gutuna irakurri, egiptoko hainbat eta hainbat oroigarri ikusi, Hamurabiren kodea ikusi, greziar zein erromatarren hainbat eta hainbat eskultura eta marmolezko irudi ikusi, Miloko Venus, Samotraciako Garaipenaren eskultura edo Leonardoren Mona Lisa ikusi, Canako Ezkontzen koadro handi eta zoragarria begiratzen orduak eman... Beste mila gauza ere ikus daitezke bertan, baina konturatu orduko ordubiak inguru ziren eta bazkaltzeko ordua ere iritsi da.
Saint Chapelleko kristalerak ikusi nahi genituen baina ilara luzeegia eta tenperatura baxuegia zegon. Aldameneko Convergerie ikustera sartu eta Maria Antonietaren zeldan bukatu dugu. Notre Dameko errosetoia eta bertako irudiak ere ikusgarriak dira. Dorreetara igotzeko asmoa gure muturrean atea itxi digun zaintzaileak kendu digu.
Handik berehala Panteoira joan gara. Bertan aurkitu dugun definizioak dioen bezala, Errepublikaren pertsona famatuak omentzeko tenplu laikoa da Panteoia. Bertan daude hainbat eta hainbat pertsonai famaturen hilobiak, hala nola, Marie eta Pierre Curie edo Voltaire eta baita Foucault-en jatorrizko pendulua ere.
Eta handik arte modernoa ikustera joan gara Georges Pompidou zentrura. Han bai ez dudala ezer ulertu. Edozer da artea. Edo sentsazio hori izan dut behintzat. Eta ez zait gaizki iruditzen! Hau da, orain dela 200 urteko margolan bat artea bada, paper baten egindako marra batzuk, edo argazki bat, edo Hiroshimako jendearen erropak errepresentatzen dituzten oihal zuriak ere artea dira. Edo baita musika baten bibrazioarekin musika eragiten duten beste instrumentu batzuk ere. Irteeran, museoetan egon ohi den bisita liburuan ohar bat uzteko gogoa izan dut, baina ez dut ikusi. Agian hori ere artea da.
Ze hotz egiten duen Parisen!!
Eskerrak hegazkina alde batera utzi eta Hendaian TGVa hartuz Parisera etortzea erabaki genuela. Eskerrak diot, ostiral eta larunbatean Espainiako aireportuetan gertatu zirenak ikusita, TGVan eguna pasatzea ondo etorri zitzaigulako.
Heltzeaz bat, izoztutako lurra ikusi genuen Montparnaseko tren geltokian. Bidebazterrak zurituta zeuden, larunbatean zehar elurra egin baitzuen. Hala ere eguerdi-arratsalde parteko eguzkia medio gehiena izoztu egin zen.
Gaur igandea izan da lehenengo eguna, ibilbide polita eta hotza, hotz handia egiten du hemen eta datozen egunotan ere hotza izango omen da. Tuilerietako jardinak, Orangerie museoa eta Moneten Les Nymphéas, Concorde plaza, Madeleine eliza, Opera plaza eta eraikina, Vendome plaza eta urrezko miliako dendak, Louvre museoa kanpotik, ... Hainbat gauza dago ikusteko Parisen. Gainera gaur, hileko lehenengo igandea izanda, museoetarako sarrera doakoa da, eta noski bai Louvre zein Pompidou zentruan sekulako ilarak zeuden. Bihar edo etzi ikusiko ditugu lasaiago.
Handik metroa hartu eta Sacré-Couer eta Montmatré-ra joan gara. Ederra eliza eta auzoa. Artisten auzoa omen da, baina turistentzat guztiz prest.
Eta metroari buruz zer esan? Bai, debilidade antzeko bat dut metroekin, gustatu egiten zaizkit. Londresen (eta ez Londonen) joan zen hilean ikusitakoak errepikatuko nituzke. Multikulturalitatea eguneko ogia da. Eta igandea izanda ere metroa goraino beteta. Musikariak edozein bazterretan eta tristeena: eskaleak eta etxerik ez dutenak metroan lo egiten. Kanpoan dagoen hotzarekin metroko geltokietako bazterrak bilatzen dituzte gaua pasatzeko. Hori bai, zikina iruditu zait metroa. Txiza usaina nonahi.
Bihar astelehena egun luzea izango dugu ea Louvre ondo ikusten dugun.
mikel map
London 2. eguna: merkatuak elkarrizketak dira
Mikel Lizarraldek behin baino gehiagotan esan digu CodeSyntaxen merkatuak elkarrizketak direla. Londonera etorri aurretik batek baino gehiagok esan zidan bisitatzeko bertako merkatuak, murgiltzeko bere giroan eta kontatzeko ondoren. Han eta hemen begira ibili ostean batzuk begiz jo nituen: Borough, Camdem eta Covent Garden (bale, norbaitek esango du hirugarrena ez dela merkatu bat, baina beno, dena-delakoa).
Borough
Larunbat eguerdian egon nintzen Boroughko merkatuan. Kalean dago!! Eta hemen zenbat zalaparta Errebalen inguruan... En fin. Erabat turistifikatuta aurkitu nuen merkatua, hau da, turistaz beteta. Baina zerbait ikusi nion merkatuari. Badu horrelako toke arrunt bat. Hau da, jendearentzat eguneroko merkatua balitz moduan.
Gure eguneroko erosketak egiteko erabiltzen dugun edozein merkaturen modukoa da zentzu baten, fruita dendak, arraindegiak, harategiak, ... baina horretaz gain beste hainbat gauza ere baditu, beste gauza batzuren artean Pierre Oteizak euskal txerriekin egindako txorizoak. Untxiak, ostrak, ostruka eta kanguro haragizko hanburgesak, kolore, zapore eta usan guztietako gazta eta mermeladak. Mmmmm, bazkaltzeko orduan hara bazoaz ezin irten ezer jan gabe...
Thames ibaiaren hegoaldean dago Borough, metro geltoki propioa ere badu, Borough, bertara agertu nahi baduzu.
Camdem Town Market
Iparralderago dago Camdem Town. Honek ere metro geltoki propioa du eta badirudi jendetza hurbitzen dela bertara, arratsaldean zehar ez baitu onartzen bidaiariak trenetara igotzea, trenetik jeisteko bakarrik balio du.
Borough turistifikatuta aurkitu banuen, Camdemgo merkatua hamar aldiz gehiago. Hortik zehar irakurrita, ez dakit merkatu arraro bat espero nuen, eta zentzu batean arraroa bazen, oso leku estuak, kaiola edo kaseta batzutan sartutako postuak eta antzekoak ikusi ditut, baina guztia turistentzat guztiz prestatuta. Bazter guztietan "I (bihotza) London" erako kamisetak (badakizue, aurtengo udan toki guztietan saldu denaren modukoa) zeuden, turistentzako kamiseta, disko, mapa, erropa eta horrelako gauzak toki guztietan. Antiguetate eta modaz pasatako hainbat gauza ere bai eta jateko txinatarrak, indiarrak, japoniarrak, mexikarrak, argentinar bat, jatetxe kubatar bat ere ikusi dut!! Baina benetan "merkatu" esango geniokeen toki bat ez. Eta hori Borough bada, baina Camdem niretzat ez.
Covent Garden
Hona bidean, aurreko metro geltokian jeitsi naiz eta, munduko mapa eta bidai-liburuen denda handienarekin egin dut topo: Stanfords. Tagzanoek asko disfrutatuko lukete bertan: mapa handiak, txikiak, zaharrak, bulegoko horma guztiak betetzeko bestekoak, Lonely Planet gida guztiak, ... Hiru pisuko denda, guztia mapa eta bidaietarako dedikatuta.
Eta Covent Garden bera, ez dakit merkatua den ala ez, baina itxura badu. Plaza baten erdian dauden eraikin batzuen artean, tabernak, dendak, ikuskizunak, eta nola ez Starbucks bat. Ah, eta Apple Store izugarri bat ere bai. Atzo ez nuen kontatu, baina jendeari Mac-ak nola erabili erakusten zebiltzan eta Garage Band tutorial bat ematen ari ziren eta jendea apunteak hartzen!! Oso ondo montatuta dute. Mikel sartuko balitz pare bat ipad erosita lituzke onez gero :)
Camdemgoa turistentzat prest bazegoen, zer esan honi buruz. Hau guztiz komertzializatuta dago eta ez du merkatu itxurarik. Baina postu bat edo bestek eta eraikinak salbatzen dute, horregatik sartu dut zerrendan.
Eta elkarrizketena zergatik? Hiru tokietan era guztietako elkarrizketak ikusi ditudalako. Erosleak dendariekin, hauek euren artean, ... Hirikop biz
Egunaren gainontzekoaz zer esan? London ikaragarria dela. British Musseumera sartu naiz eta ikusi dudan lehenengo gauza, nahi gabe, Rosetta harria izan da. Hori izan omen zen egiptoarren hieroglifikoek ziotena ulertzeko erabili zuten harria, bertan hiru hizkuntzatan idatzitako testu bat baitago.
Greziarren ondarearen zati handi bat, Partenoiko hainbat harri ere museo horretan dago. Hainbat tirabira izan omen dira Greziako gobernuarekin eta sartzeaz bat, panel baten, azalpenak ematen dituen testu bat aurkitu dut. Zein dotoreak diren ingeles hauek arrazoiak ematerakoan. Eurek gizateriaren ondarea jende arruntari (urtean sei milioi bisitari baino gehiago) 1817 urtetik doan erakusten ari direla diote, eta nahiz eta Partenoiko ondarea gutxi gora behera erdi eta erdi Atenas eta London artean banatuta egon, Europako beste hainbat museotan ere (Louvre, Vatikanoan, Copenhaguen edo Viennan esaterako) badaudela diote. Beste ohartxo bat ere badu panfletoak, Greziako Gobernuak ere Partenoitik harriak kendu eta Atenasko museo baten erakutsi omen ditu.
Kaleko argiak piztu eta zerukoak itzaltzen zeudela, Buckingham jauregira iritsi naiz. Hori bai errege-erreginak bizitzeko jauregia. Ez dago hitzik.
Hona hemen nire ibilaldien mapa eguneratua:
mikel map
Zein handia den London!
Ez dakit noiz izan zen, 1997an edo izango zen. Izeba-osaba eta lehengusu-lehengusinekin (horiek bai blogaren jarraitzale finak), Londonen izan nintzen. Orduan kamara digitalik ez eta paperean egindako argazkiekin album bat egin nuen. Album bat !! En fin. Orduandik beti izan dut gogoa Londonera itzultzeko. Asko gustatu zitzaidan hiria. Handia, jende asko, jende mota ezberdin asko, erraz galtzeko modukoa. Horregatik idatziko nuen ziur aski Loreak malko artean.
Gauza da aurtengo Plone Konferentzia Bristolen izan dela, eta bidaia eta astelehena jai dela aprobetxatuz, asteburua Londonen emango dut! Eskerrik asko CodeSyntax bidaia patrozinatzeagatik. Eramango dizkizuet bonboi goxo batzuk!!
Noan harira. Ahaztuta nuen Londonen handitasuna. London Eye gailurretik begiratuta, bukatzen ez den gauza bat dela dirudi. Begiratzen duzun tokira begiratzen duzula etxeak eta parkeak ikusten dira. Eraikinak ere handiak dira, garaiak, itzalak. Jende kopurua ikaragarria. Arratsaldez Docklands Light Railway eta metroan ibili naiz eta bertan zebilen jende kopurua izugarria. Picadilly Circuseko Lillywhites denda gainezka zegoen, zer esanik ez Picadilly plaza bertako monumentua edo Regent Street.
Bertako Apple Storeari egin diot bisita. Aste honetan Applez inguratuta egon naiz. Ploneren komunitateko gehienek/ok Applek egindako ordenagailuak darabiltzagu. Ez dakit zergatik den, baina konferentzian egon diren ordenagailuen %90tik gora MacBookak ziren (bere kolore guztietan, arruntak, zuriak, Pro, Pro berriak, iPadak...). Iphone eta Android telefonoak ere bai, azken hauek inoiz baino gehiago gainera.
Oxford Street ere gainezka, jendea dendetatik sartu eta irten. Ehunka, milaka lagun ikusi dut. Kolore guztietakoak, fraka motzetan eta begiak bakarrik bistan zituzten emakumeak ere bai. Txakurrik ez. Ondoan txakurrik zeraman inor ere ez dut ikusi. Pare bat eskale izan ezik.
Eta metroan zer esan. Gogoan nuena, hori ez da aldatu. Jende pila, bakoitza bere rollora eta gizartearen ispillua. Hori bai, jende asko eta asko ikusi dut iPhonea atera eta metroan bertan lineen egoera kontsultatzen. Adi egon, asteburuetan Londonera baldin bazatoz metroan lanean dabiltza eta geltoki, ibilbide edo linea oso batzuk itxita aurkitu ditzakezu. Etorri aurretik bisitatu Transport for London webgunea eta informatu, edo deskargatu zure telefonorako aplikazioa.
Gaur ikusi eta egindakoa, ibilbideka banatu eta Tagzanian kargatu dut. Gomendiorik baduzu edo Londondik zerbait ekartzea nahi baduzu, utzi erantzun bat, astelehen arratsaldera arte egongo naiz hemen.
mikel map
Hamabost egun Italian: hondartza, xakea eta historia
Apirilean Donostiako Nazioarteko Xake Txapelketa bukatu zenean komentatu zuen Jonek: zergatik ez dugu abuzturako txapelketa bat topatu eta bidai bat antolatzen? Baten eta bestean bila ibili ondoren Italiako herritxo baten txapelketa interesgarria topatu genuen. Porto San Giorgio zuen izena herriak izena eta txapelketaren 21 edizio antolatuta aurtengoa 22.a litzateke. Euren atzetik hainbat denboran ibili ostean eman ziguten albistea: aurtengoan txapelketa Fermon jokatuko zen (aldameneko herrian) I Festival Internazionale de Scacchi del Fermano izenarekin.
Esan eta egin, datak begiratu ostean, oporraldi majoa iruditu zitzaigun: txapelketa abuztuaren 21etik 29ra zen, eta aurretik egun batzuk Erroman pasatzea erabaki genuen. Behin joango Italiaraino eta nola ez genuen bada hiriburu historikoa bisitatuko?
Klubean komentatu eta beste 4 lagunek berehala eman zuten baiezkoa, asko pentsatu gabe. Beraz, Italiarako taldetxoa prest zegoen: Haritz, Asier, Edu, Julen, Jon eta neu.
Hegaldiak hartu, Erromako hotela gorde, Fermorako apartamentua alokatu aldameneko Porto Sant'Elpidio herrian eta azkenik kotxea alokatu. Abuztuaren 16a noiz iritsiko zain geratu ginen.
Abuztuaren 16tik 20ra: Erroma
Booking.com webgunearen bidez Giorgina Hotela erreserbatu genuen. Prezioz ez zitzaigun garestia iruditu eta kokalekua bikaina, Termini tren geltokiaren ondoan. Berehala aurkitu genuen hotela eta gauez Koliseoa ikustera joan ginen pizza bat afaldu aurretik.
Hilaren 17an egunean monumentu zaharrenak ikusi genituen: Palatinoa eta Koliseoa barrutik eta zirkoa, eta baita inguruko beste hainbat harribitxi ere.
Hurrengoan Vatikanoraino joan, Kapera Sixtinoa, San Petri plaza eta basilika ikusi eta Erromako kaleetan barna, Navona plazatik Fontana di Treviraino joan ginen.
Gure Erromako azken egunean beste ibilaldi luze bat egin genuen, Espainiako plazara, Piazza del Popolora eta haren gaineko parke handi eta eder baten sekulako ibilaldia eguna amaitzeko.
Gure ibilaldiak errepikatu nahi badituzu, hona hemen egin genuenaren mapa:
Ver Roma - Abuztua 2010 en un mapa más grande
Abuztuaren 20tik 30era: Porto Sant'Elpidio eta Fermo
Termini geltokian kotxea hartu eta autopistan zehar 2 ordu t'erdiko bidaia genuen aurretik Porto Sant'Elpidioraino. Bertan hartu baikenuen ostatu Fermon jokatuko zen txapelketara joateko (bi herrien artean 20 minutu daude kotxean). Gure nahia garbia zen: ostatu hartzeko herrian hondartza egon behar zen. Beraz Nazionale Residencen hartu genuen ostatu aurreko Porto San Giorgioko txapelketaren antolatzailearen ostatuan.
Egunean bertan egin genuen bisita Fermora txapelketaren jokalekua ikustera: Astoria Hotela. Hotela Fermoko hiri-erdian kokatuta dago plazatik gertu. Historia handiko herri gotortua da Fermo. Muino baten kokatuta, inguruko herri guztiak ederki ikusten dira bertatik eta itsasoa ere bertan, guztia ondo kontrolatuz. Gorengo puntuan, katedral zuri-zuria, eta kale eta etxeak harrizkoak, estuak eta politak.
Hilaren 21ean hasi zen txapelketa. Egun bakoitzean partida bat (ez da arrunta hori aurkitzea, gero eta normalagoa baita egunean partida bat baino gehiago jokatzen den txapelketak aurkitzea), berau 6 bat ordu ingurukoa gehien jota (ordu eta erdi 40 jokaldi egiteko eta ondoren beste ordu erdi betiere egindako jokaldi bakoitzeko minutu erdi gehituz). Lehenengo egunean berdindu egin nuen.
Eguneroko martxa berehala hartu genuen, goizean erosketak eta hondartza. Bazkaria goiz, partidak 15:00tan jokatzen baitziren, eta partiden ostean ilunabarreko bainutxoa eta partiden analisia, afaria, mus partida, afalondokoa eta gainontzekoak.
Bigarren egunean ere berdinketa lortu nuen eta ez negoen gustura nire jokoarekin. Gainera hirugarrenean galdu egin nuen. Baina horixe izan zen galdutako partida bakarra, jarraian beste bat irabazi, hurrengoa berdindu eta hiru jarraian irabazita azkenengo txandara 5.5 punturekin heldu nintzen. Kalkuluak egin eta sailkapeneko lehenengo 12en artean geratzeko aukerak nituela ikusi genuen. Azkenengo txandan partida berdindu egin nuen eta azkenean, sailkapeneko 12. postua lortu nuen. Ez dut uste sekula holako emaitza onik lortu dudanik txapelketa ireki baten. Bale, "B Txapelketa" zen (Nazioarteko Federakuntzaren zerrendan 1900 puntutik berakoentzakoa), baina emaitza ezinhobea izan zen.
Gainontzeko espediziokideen emaitzak denetarikoak izan ziren (beste guztiek A txapelketa jokatu zuten), Haritzek 5.5 puntu lortu zituen hasiera irregular baten ostean; Asierrek 4.5 puntu lortu zituen partida asko berdindu ostean. Eduk ederto hasi zuen txapelketa eta 5. txandan 3,5 puntu zituen. Hortxe hasi zen bere gainbehera gainontzeko partida guztiak galdu baitzituen. Jonek aurkako bidea egin zuen, gaizki hasi zen eta azkenean 4.5 puntu lortu zituen. Julenek Benasqueko Txapelketa eta Espainiakoaren ondorengo nekea nabaritu zuen (agian Eduk bezala) eta 3 punturekin amaitu zuen txapelketa.
Abuztuaren 30a: bueltako bidaia
Goizean goiz kotxea hartu eta 10:30tan Erromako aireportuan geunden. Hegazkina hartu eta Madrilen hainbat ordu eman behar genituen. Azkenean, behar zirenak baino gehiago Iberiari esker, behar baino 2 ordu gehiagoan egon baikinen Bilborako hegazkinaren zain.
Eta datorren urtean...
Esperientzia ezinhobea beraz etxetik kanpora oporretan xake txapelketa bat jokatzea. Eta ezinhobea ere hondartza ondoan genuelako. Datorren urterako hainbat proposamen ere bota ditugu, Kreta, Tromso edo Kopenage esaterako. Beste hainbat xakelari-bidaiarirekin komentatu beharko dugu. Animatzen zara? Gu prest gaude!
Argazkiak ikusi nahi badituzue, Flickr-era kargatu ditut batzuk, bai Erromakoak eta baita Fermokoak ere. Eibarko Klub Deportiboaren webgunean txapelketan zehar ateratako argazki guztiak argitaratu ditugu.
Open Street Mapeko mapak nire Garmin GPSan
Iazko abuztuko bidaia prestatzen ibili nintzenean, aurretik hackeatuta nuen nire GPSan TomTom-en mapa berriak sartzen saiatu nintzen. Ezinezkoa egin zitzaidan, orain jada mapak softwarearen bertsio berrirako egiten dituztela, software berria nire modeloan ez zebilela, aparatu berria erosi behar nuela... eta antzekoak irakurri nituen foroz foro ibili ostean.
Azkenean bidaia jatorrizko mapekin (nahiz eta errepideren bat markatuta ez egon) ondo joan zen eta hantxe gelditu zen GPSa kajoian, eguneroko bidaietan ez dut GPSaren beharrik izaten, askotan kotxea bakarrik ere joango litzateke-eta.
Hala ere, aurten ere GPSaren kontuari bueltak ematen hasi nintzen eta laneko adituei galdetu nien. Mikelek berehala eman zidan erantzuna: "erosi Garmin bat. OSMko mapak sar dakizkiokeenetako bat. Nüvi serieko hauek merkeak dira". Esan eta egin, Pixmariara sartu, aukeratu eta hiru edo lau egunetan etxean nuen.
Lehenengo probak Garminen beraren mapekin izan ziren, eta dena ondo zebilela zirudien. Bigarren pausua, Mikelek aipatutakoa Open Street Mapeko mapak erabiltzea. OSMren wikian sartu eta pare bat artikulu interesgarri irakurrita berehala abiatu nintzen lanera.
Garminen mapen formatua ez da irekia, baina atzerako ingeniaritza erabiliz formatuaren inguruko datuak atera dituzte eta OSMren datuetatik abiatuz Garmin formatuko mapak sortzeko programa bat ere sortu dute, mkgmap.
Beraz, edo mkgmap erabiliz mapak sortu edo jendeak sortzen dituenak erabili besterik ez da egin behar. Hona hemen mapa horiek deskargatzek helbide mordoxka bat, herrialdeka banatuta. Espainiakoak deskargatu nahi badituzu, Alternativas Libres webgunetik egin dezakezu, egunero eguneratzen dituzte eta Frantzia hegoaldeko datuak ere badaude bertan (beste webgune honetan Europako herrialde bakoitzeko mapak dituzue).
Baina gauza txar bat ere badu kontu guzti honek. Ezagutzen ez den arrazoiren bategatik ezin da kaleen bilaketa erabili OSMn oinarritutako mapak Garmin baten badarabiltzazu. Egia esan bilaketa egin daiteke, baina ezin da bilaketa hori gure bidaiaren helburu gisa erabili. Ederto, GPSa horretarako erabiltzen da eta bere oinarrizko erabilera ezin aprobetxatu.
Azkenean, leku baten eta bestean gauza asko irakurri ostean, Garminen MapSource programa erabiltzeko gomendioa irakurri nuen nonbait. Hori ez zen batere erraza izan, Garminen webgunetik MapSource-ren eguneraketa bakarrik deskargatu baitaiteke. Baina lasai, hori erraz konpondu daiteke-eta. Garminen webgunetik deskargatzen den fitxategia zuzenean exekutatu beharrean, deskonprimatu WinZIP edo antzeko beste programaren bat erabiliz. Behin hori eginda, deskonprimatutako karpetan dagoen Setup.exe fitxategia exekutatu eta instalazioa egin.
Horrekin lehenengo pausua prest. Orain MapSourcen mapak erabiltzea ahalbidetu behar dugu, horretarako gutxienez mapa legal bat izan behar dugu. Nahiz eta OSMkoak guztiz legalak izan, MapSourcen bere mapa bat instalatu behar dugu. Horretarako, Garminen beraren TrainingCenter programa instalatu dezakegu. Honekin oinarrizko mapa bat instalatuko dugu gure sisteman eta MapSourcek ondo funtzionatuko du.
Hori ere baldin badugu, mapak OSMtik MapSourcera pasatu behar ditugu. Horretarako erregistratu egin behar ditugu. Horretarako MapSetToolkit erabil dezakegu. Honek ondo funtzionatzeko, aurretik cGPSmapper instalatu behar dugu (dohaineko bertsioarekin nahikoa dugu) eta nahi badugu GMapTool ere bai. Behin programa horiek instalatuta ditugula, ireki MapSetToolkit, eta ezkerrean behean dauden aukerak erabiliz konfiguratu non dauden cGPSmapper eta GMapTool.
MapSetToolkit prest dugunean, deskargatu Garminerako OSMren mapa bat, Espainiako hauxe esaterako (aukera sinpleago bat ere badago, batzuk MapSourcerako prest dauden mapak ematen dituzte eta MapSetToolkit honetan inportatu bakarrik egin behar dira, adibidez Alternativas Libresek ematen du aukera hori), eta aukeratu Select IMG botoia. Hor aukeratu deskargatutako mapa dagoen karpeta. Ondoren aukeratu mapa eta sakatu Add, eskumako leihora pasa dadin. Behean Create MAPSET dioen tokian, aukeratu karpeta huts bat, horra idatziko ditu behar dituen fitxategiak, jarri izen bat (Mapset name), eta jarri zenbaki batzuk Family ID bat (edozein, adibidez 1234). Hori guzti hori egindakoan sakatu START botoia, eta mapak sortzen hasiko da. Sorketa bukatzen duenean, eskumako zerrendan elementu bat gehiago agertuko da, hor badago jada MapSourcen instalatuta edukiko dugu.
Ireki MapSource eta goian ezkerraldean agertzen den laukian mapa aukeratzen utziko digu. Aukeratu kargatu berri dugun mapa eta pantailan agertuko da. Erabili "Mapa" tresna (Herramientas -> Mapa), egin zoom atzerantz, eta aukeratu mapa guztiak (MapSourcerako mapa osatzean, lehen deskargatutako mapa handia fitxategi txikiagoetan banatzen du MapSetToolkit programak, erabilgarriagoa izan dadin). Denak aukeratuta daudela aukeratu Transferir -> Enviar a dispositivo, eta aukeratu hor GPSko memoria txartela. Datuak GPSra pasatuko ditu fitxategi bakar bat sortuz.
Eta zer lortu dugu pausu guzti hauekin? GPSaren "Puntos de interés" aukera erabiliz kaleak bilatu ahal izatea. Aukera hori erabiliz erraz-erraz bilatu ditzakegu OSMko mapetako kaleak GPSan.