Mikel Larreategiren bloga
100 mendiak: 2017ko igoerak
2016 urte bukaeran Mendiak izeneko Android aplikazioa argitaratu genuen lanean (orain iphone bertsioa ere badugu). Alde batetik aplikazio hori probatzeko aitzakiarekin, udan egin genuen Mittagskogel 2000korako igoerarekin eta bestetik urte hasieran jakinarazitako erabakiaren ondoren beste zerbait egiteko gogoa sartu zitzaidan eta mendira gehiago joaten hasi nintzen. Lehen asko jota Kalamuara edo Arratera joaten nintzen batzuetan, ez askotan egia esan.
Ordutik aurrera gehiago ibiltzen hasi nintzen: Salbadorrera, Txontatik Ipuruara, Sosolara edo Asua Errekan gora. 2017an Eibarko Klub Deportiboko Mendi Taldearen irteera batzuetara joaten ere hasi nintzen.
Lanean Asierrek komentatu zuen 100 mendien lehiaketa egiten hasi zela eta aste honetan komentatu digu bere hirugarren urtearekin hasi dera Luzuero igoz.
Hori ikusita, nire 2017ko mendien zerrenda ateratzea erabaki dut. 20 baino gehiago igo ditut, batzuk errepikatuta gainera, baina beno 20 bakarrik kontatuko ditut (zerrenda guztia mendiak.eus webgunean ikusi daiteke):
-
- Milpiribil, 1277
- Kakueta, 927
- Luzuero, 309
- Aizkorri, 1523
- Tellamendi, 834
- Arastortz, 827.
- Gantzorrotz, 779
- Karakate, 756
- Gazume, 997
- Mello, 629
- Aratz, 1445
- Untzillatx, 941
- Beriain, 1493
- Ipizte, 1057
- Haltzamendi, 813
- Peña del Moro, 818
- Kamaraka, 797
- Burgüeno, 1044
- Trasmosomos / Espaldaseca, 696
- Esnauritzagana, 817
Asier, 2017an txartelak pare bat lekutan bakarrik utzi ditut, argazkiek balio didate froga gisa, ezta? 2018an zehar txartelak utziko ditut.
Bigarren bertsoaren perfekzioa
2017ko udazkenean zehar Euskal Herriko 17. Bertsolari Txapelketa Nagusia jokatu da Euskal Herri guztian zehar. Inoiz idatzi izan dut hemen nire bertso-zaletasunaz.
Aurten gainera, lana dela eta, Txapelketari lotuago egon naiz, www.bertsozale.eus eta www.bertsoa.eus atarietan lanean izan gara eta. Agian hori dela-eta zuzenago jarraitu ditut txapelketako saioak, dela telebistaz edo www.bertsoa.eusen bidez egin dituzten zuzeneko jarraipenei esker. Gainera Barakaldoko BECen jokatu zen final nagusian egoteko aukera ere izan nuen, azken orduan anaiak lagatako sarrerei esker. Lehenengo aldia izan zen bertan eta esperientzia polita izan zen. Norbaiti txapelketa ondorenean irakurri nion bezala, zaila egiten da bertsolariek inprobisatu egiten dutela sinistea. Benetan lan ikaragarria egiten dute hitzak, errimak eta doinuak lotuz ikus-entzuleen gozamenerako.
Aurtengo txapelketan zehar bertso eder asko entzun dira. Asko asko gustatu zaizkit eta beste batzuk gutxiago. Baina artikuluaren izenburura etorriz bigarren bertso batzuen perfekzioa nabarmendu nahi dut.
Txapelketetako ariketa bat izan ohi da bertsolari guztiak banan bana aurrekoaren lana entzun gabe gai baten aurrean kantatzen jartzea, kartzelako lan gisa ezagutzen den hori. Hiru bertso kantatu behar izan dituzte horrelako egoeran oraingo txapelketan.
Egoera horretan Maialen Lujanbiok txapeldunak kantatu dituen hiru bertso ekarri nahi ditut hona, beren perfekzio edo perfektutasuna nabarmentzeko. Asko gustatu zaizkit hirurak eta idatzita jasotzea merezi dute. Idatziz ere zaila ematen du horrelako bertsoak idazteak, ba pentsatu inprobisatuz egindakoak direla eta 13.000 lagunen aurrean. Hotzikara emateko modukoa!
Lehenengoa Irunen bota zuen, finalaurrekoetako lehenengo itzulian "Dena ondo zihoan argia piztu den arte" gaiari erantzunez:
Estali arte izan dugunak
nahiko irri nahiko broma
ahorik aho pasa dugunak
gin-tonic barruko horma.
Bular parea zut neukan eta
zuk eman didazu forma
galtza estuak nebilzkin arren
ez takoi eta ez gona.
Hau ta hura naiz, hartzen ari naiz
zenbait botika, hormona
gizona eta andrea nauzu
ez andrea, ez gizona
Nere inon ez egon nahia ote
da zure ezinegona.
Doinua: beste bateko inularretan
Bertsoaldi osoa ikusi
Donibane Lohitzunen jokatu zen finalaurrekoen bigarren itzulian hauxe bota zuen "gezurra esan duzu, baina merezi izan du" gaiari erantzunez:
Ume umetik aditu nuen
nik Europa bat bazala
desertuaz gain ba omen zela
itsaso uhinen kresala
agurtu nuen familia ta
gurtu egin nuen Ala
ia Afrika dena pasatu
aroak joan ahala
polizi andreak eskatu zidan
adina esan nezala
ez sinestuta miatzen dizkit
haginak eta azala
arretaz baina zaintzen gaituzte
animaliak bezala
Doinua: lurraren pean sar nindaiteke
Bertsoaldi osoa ikusi
Behin Barakaldoko finalean, goizeko kartzelakoan "atetik sartu zarenean isildu egin dira denak" gaia jarrita, hauxe kantatu zuen:
Jada ez dira ez larogeiak
baina neri errepara
azala zimel kolore zuri
ai inork ez nau anpara!
Badakizue ze hauts horizta
sartu ohi den zainetara
haren bila-ta harekin beti
berdintsu zein eratara
Hainbeste oker egin dut hemen
hau jakina ez al da ba?
Burua makur ta lotsaz gorri
jo dut etxeko aldaba
Amari hainbeste gauza lapurtu
nizkion lehen eta hara:
Zure pitxirik ez dakart baina
hemen da zure alaba.
Doinua: kintak jarrita ondorenian
Bertsoaldi osoa ikusi
Eta Aitor Mendiluzerekin egin zuen buruz-burukoan, "bada ordu erdi auto bera atzetik duzula" gaiarekin hauxe:
Miribillako rotondan
errekarriz errekarri
bezelaxe egin ditut
mila buelta errukarri.
Geratzen dira kotxeak
ta gu begira elkarri
beraiek "etorri" esan
ta guk "dirua ekarri"
Nahi bezelako bezero
atseginik ez da sarri
ta askotan gisan orain
autoan estu ta larri.
Ertzain auto bat atzetik
eta sirenak aldarri.
Baietz bera libre utzi
ta neri isuna jarri.
Doinua: norbere mundu intimo
Bertsoaldi osoa ikusi
Irakurtze hutsarekin egoera irudikatzea lortzen dut. Ikusi egiten dut mugako polizia haur bat miatzen. Ikusi egiten dut ertzain autoa segika duen kotxea. Igarri egiten da mahai horretako isiltasuna...
Uste dut ez duela merezi komentario gehiago egiteak, ezta? Bideoetan ikusten den publikoaren eta beste bertsolari batzuen aurpegiei begiratzea besterik ez dago. Adibidez Irungo bertsoaren ostean emakume bat agertzen da txaloka eta buruarekin ezetz egiten. Sinistu ezin izango balu bezala. Eta buruz-burukoan botatakoan ostean Aitor Sarriegiren aurpegiak ere horixe dio.
Aurtengo txapelketako ale ederrenak eta finaleko bertsoaldi guztiak Bertsoa.eus atarian dituzue. Zorionak Bertsozale Elkarteari egin duen lan guztiagatik.
2017ko eta 2018ko Xakearen Legeak euskaraz
- Xakearen Legeak 2014 Euskaraz (ODT formatuan)
- Xakearen Legeak 2014 Euskaraz (PDF formatuan)
- Xakearen Legeak 2014 Ingelesez (jatorrizko testua)
- Xakearen Legeak 2014 Gazteleraz (jatorrizko testua)
Itzulpenaren inguruko komentarioak, hobekuntza-proposamenak edo akats-zuzenketak egiteko erabili erantzunen formularioa edo idatzi mezu bat larreategi a-bildua eibar.org helbidera.
EITB Nahieran ikusi Kodin
Orain dela hilabete batzuk azaldu nuen hemen nola ikusi ditzakegun EITB Nahieraneko bideoak tvalacarta pluginaren bidez Kodin.
Han egindako lanetik abiatuta EITB Nahieranen APIa egin nuen eta EuroPython 2016n Bilboneta UEUk antolatutako Software eta Teknologia Librearen III. Euskal Mintegian Donostian aurkeztu nuen.
Azken honetan, Igor Leturiak galdetu zidan eta APIa erabiltzen zuen Kodirako pluginik bazegoen, eta ezetz esan nion baina APIak erabiltzen zituen tresna guztiak (HTMLa parseatzea, URLak sortzeko javascript kodea, eta abar) tvalacarta pluginean integratuta zeudela.
Hala ere interesgarria iruditu zitzaidan ideia eta asteburuan prestatu egin dut plugina. Pluginaren kodea GitHuben dago eta instalazio-argibideak ere hantxe jarri ditut: zip-a deskargatu, Kodira kargatu eta kitto. Kodi arduratuko da dependentziak instalatzeaz.
Momentuz oinarri-oinarrizko gauzak egiten ditu: telebista eta irrati-programa guztien zerrenda erakutsi eta ikusteko aukera eman. Momentu batzuetan geldo dabilela igartzen baduzu, APIa doako zerbitzari baten ostatatuta dagoelako da.
Plugina probatu edo hobekuntzaren bat proposatu nahi baduzu, eskertuko dizut! Idatzi hemen komentario bat edo ireki ticket bat GitHuben.
Eibar inguruan oinez: Untzaga - Urki - Lekamendi - Txonta - Arane - Errekatxu - Portalea
Untzagan hasiko dugu ibilaldi hau, jubilatu-etxearen ondoan. Bi aukera ditugu hemen: eskilara mekanikoak erabiltzea, ala oinez Txaltxa Zelaiko parkean zehar igotzea. Goazen tokitik goazela, Armagin kalearen hasieran dauden eskilara mekanikoetara iritsiko gara. Eskilara horiek ala arruntak igota Urki kalera iritsiko gara, Cepa taberna ondora. Han hilerriraino joango gara eta espaloiari jarraituz Jose Antonio Iturrioz kalean zehar Arrateko Amaren ikastetxeraino helduko gara.
Aldapari jarraitu eta Urki kurutzekuako etxeak eskuman utzita, autopista gaineko zubia gurutzatuko dugu. Hementxe hasten da Txontarainoko bide ederra. Lekamendi baserria pasatuta, beste pare bat txabola ere ikusiko ditugu eta baita Eibarren beste ikuspegi bat ere. Tekniker alde baten, Legarreko dorrea bestean, eta Jardineta-Urkizu-Azitain inguru guztia ikusteko aukera.
Pixka bat aurrerago, jada ia Txontan gaudela, pagadi txiki bat ikusiko dugu bide bazterrean.
Pistatik jarraituta, Txontatik Salbadorrera doan bidearekin bat egingo dugu. Bertan ezkerrera egin eta Txonta kaleraino jeitsiko gara. Han, ezkerrera egin eta Galizia pasealekuan zehar Arane kaleraino iritsiko gara. Han, zuzen jarraituko dugu Arane eta Errekatxu arteko errepidetik. Errekatxura iristean, eskumara egin eta Portalea kultura etxera iritsiko gara.
Eibar inguruan oinez: Jardineta - Sakun - Miraflores - Arrajola - Sosola - Amaña
Ignazio Zuloaga institutuan hasiko dugu ibilbidea, eskilara mekanikoen ondoan. Eskilarak igo eta Sakunetik zehar bidean gora eginda Arratera doan errepidera helduko gara.
Errepidea gurutzatu eta Miraflores kalean gora egingo dugu etxeetara iritsi arte. Bi etxeen artetik pasatzerakoan aurrera doan bidea hartuko dugu beherantz doana ezkerrean utzita. Pistari jarraituz Arrajola baserrira iritsiko gara.
Arrajola eta Sosola arteko bidea
Hesia gurutzatu eta handik gutxira beste hesi bat ikusiko dugu. Bidea utzi eta bigarren hesi hau gurutzatu egingo dugu, bidezidor hestu baten zuhaitzen artean errekasto batera iritsi arte. Bidezidorra jarraituko dugu basoan zehar, harrizko bide eder baten zehar. Euria egiten duen egunetan erreka urez beteta egoten da.
Iluntzea Eibarren Arrajola eta Aritxuleta arteko bidetik
Bidean zehar beste hesi batera helduko gara, Sosola baserritik gertu. Han baserrira doala dioen kartelari jarraitu eta eraikin baten ondotik pistara helduko gara Sosola baserria ondoan dugula. Pistan zehar Amaña auzora jaitsiko gara.
Eibar inguruan oinez: Azitain - Altzubarren - Agarre - Naiorbe - Asua Erreka - Barakaldo
Azitaingo gasolindegi ondoan hasiko gara, Barrena kalean zehar, Lidl supermerkatua dagoen etxeetatik aurrerantz sahiesbidera iritsi arte. Han, sahiesbide gainetik La Salle ikastetxera doan bidea hartuko dugu.
Behin ikastetxea pasatuta, ezkerreko pistatik jarraituko dugu industrialdera joan beharrean. Pistatik zehar Altzubarren baserrira eta haren ondoko frontoira iritsiko gara. Frontoia pasatuta, garbigunea ere pasatu egingo dugu eta berehala bidegurutze bat aurkituko dugu: eskumara beherantz doan bidea hartuta industrialdearen goiko aldera eta Arrateko bidera iritsiko gara. Ezkerreko bidea hartuko dugu, gorantz doan pista.
Pistari jarraituz, bidegurutze bat ere hartu gabe, Agarre gainekoa eta Agarre azpikoa baserrien sarrerara iritsiko gara. Bertatik Eibar luze-luze ikusi dezakegu Ego ibaiaren ibarrean.
Pistatik jarraituko dugu Azaldegi gainekoa eta Azaldegi azpikoa baserrietan zehar, Naiorberaino iritsi arte. Hemen, baserria pasatu eta berehala beherantz doan bidea hartu behar dugu. Gipuzkoako Itzuliaren GRaren marka gorri-zuriak ikusiko ditugu eta eurei jarraitu behar zaie. Bidea beste baserri batera helduko da, eta baserriaren bi eraikinen artetik doa beherantz. Txakur nahiko zaratatsuak aurkituko ditugu bertan, baina normalean lotuta egon ohi dira beraz, lasai pasatu ahal baduzue.
Mendi bidean zehar, inguru eder batetik Asua baserrira helduko gara. Hemen bi aukera ditugu: ezkerrera egin eta pistatik zehar Txarakua deritzon ingurunetik sahiesbideraino iritsiko gara. Baserria ezkerrean lagata beherantz doan mendi bidea hartuta (berriz ere GRaren marka gorri-zuriak dituena), Asua Erreka kalera iritsiko gara sahiesbidearen azpitik pasatuta, eta bertatik Barakaldo kalera.
Inguru hau oso ederra da, batez ere Naiorbetik Asua Erreka kalerako bide guztia. Basoa da, eta inguru benetan ederra herrigunetik bertan. Agarretik Naiorbera doan bidetik ikusten den Eibarren ikuspegia ere ederra da benetan.
Eibar inguruan oinez: Txonta - Salbador - Sautsi - Iparragirre
Agiñazpi tabernaren ondoan abiatuko gara, Txonta kalean zehar, kalea bukatu arte. Han Salbadorrera doan pista hartuko dugu eta pistari jarraituko diogu bidegurutze bat bera ere hartu gabe Salbador ermita edo baselizara heldu arte.
Baselizaren aurrean dagoen hesia gurutzatuko dugu iparralderantz, eta Gipuzkoako Itzuliaren GRaren marka zuri-gorriei jarraituz Sautsi gaineko Gisastu-depositu etxeraino. Jeisten ari garela, justu Gisastu baserriaren gainean gaudela, Eibarren bista ederra ikusi daiteke, herri guztia, Urko, Lindari eta Ermua ere ikusten da (mapan agertzen den bidea gutxi gora-beherakoa da, ez da bidea ondo apreziatzen-eta, baina bideak ez du galbiderik: marka zuri-gorriei jarraitu besterik ez da egin behar).
Hor bi aukera ditugu: ezkerrera eginez Gisastu baserria zegoen lekuraino iritsi gaitezke eta han pistari jarraituz Txontara jeitsi. Eskumara eginez, Eibar gaineko begiralekuan egongo gara, depositu-etxearen terrazan. Bertan Eibartik igarotzen den Gipuzkoako Itzuliari dagokion azalpenaren kartela ikusi dezakegu.
Pistari beherantz jarraituta, Sautsi auzunera iritsiko gara. Autopistaren zubia azpitik pasatu eta ezkerrera eginez, Iparragirre kalean zehar Urkusuko parkera jeitsiko gara.
Eibar inguruan oinez: Txonta - Salbador - Asurtza - Unbe - Txonta
Agiñazpi tabernaren ondoan abiatuko gara, Txonta kalean zehar, kalea bukatu arte. Han Salbadorrera doan pista hartuko dugu eta pistari jarraituko diogu bidegurutze bat bera ere hartu gabe Salbador ermita edo baselizara heldu arte.
Baselizaren atzean dagoen hesia gurutzatu, eta txabola eta baserriaren artean dauden bi mendi-bideetako eskumakoa hartuko dugu (ezkerrekoa Topinburu gainera iristen da pinudian zehar) Gipuzkoako Itzuliaren GRaren marka zuri eta gorriei jarraituz. Uneoro marka horiei jarraituta, Asurtzako bidera iritsiko gara. Une horretan, Bergararaino joan garela esan dezakegu :)
Bidera iristeaz bat eskumara egin eta beherantz doan mendi bidea hartuko dugu. Bidean behera eginda, Unbe gainean amaituko dugu. Han aurrerantz egin eta Altamira goikoa baserriraino iritsiko gara. Bideari beherantz jarraitu eta Txontatik Salbadorrera doan pistara helduko gara metalezko txabola baten ondoan. Bertan ezkerrera egin eta Txonta kalera iritsiko gara gure ibilbidea bukatuz.
Eibar inguruan oinez: Txonta - Unbe - Ipurua
Azkenaldian, denbora libre gehiago dudalako-edo, lanetik irtenda ibilalditxo bat egiteko ohitura hartu dut. Egunero ez, baina sarri egiten dut ibilalditxoa. Udaberritik udazkena bitartean behintzat, ilundu aurretik etxera bueltatzeko bezalako ibilalditxoak egin nahi ditut, eta hemen azalduko ditut egindako batzuk.
Hemen aipatuko ditudanen artean denetik dago, batzuk gora beheratsuak dira aldapa asko dutenak, beste batzuk agian lasaixeagoak. Nire helburua ordubete edo ordu eta erdi inguruko bueltatxoak egitea da eta kotxerik hartu gabe egitea, guztiak etxetik abiatuz egin daitezkeenak.
Urkusutik Ipuruara Unbetik zehar
Maparen arabera, ordu eta erdi inguru eta 5 kilometroko luzera du ibilbide honek. Hasiera Txonta kalearen hasieran du, Agiñazpi tabernan. Txonta kalean zehar aurrera egingo dugu bukaerara iritsi arte, bertan Salbadorrera doan pista hartuko dugu. Pistan zehar Mertxete baserrirako bidegurutzeraino joango gara. Bidegurutzetik metro batzuetara, pista bitan banatzen da eta eskumako bidea hartuko dugu, Unbe dioen kartelari segika.
Aldapak gora egiten du eta pista Iraegi txikia baserrira helduko da. Han gorantz doan mendi-bidea hartuko dugu, BTT ibilbideen kartela duena eta Altamira goikoa baserrian bukatzen dena. Han 180 graduko itzulia egin eta segi egingo dugu, hurrengo bidegurutzeraino.
Bidegurutzean 3 bide bereizten dira: ezkerrekoa Azurtzara doa, erdikoa Galdaramiño puntara eta eskumakoak beherantz egingo du Unbe kirolgunera arte; azken hau hartuko dugu. Unbe kirolguneko goiko zelaira heltzean, ezkerrerantz doan pista hartuko dugu. Erreka gurutzatzean pista mendi-bide bihurtuko da eta aldapan gora jarraituko dugu.
Unbe eta Ipurua arteko bidea
Hemendik aurrera, bideari jarraitu besterik ez dugu egin behar, ez baitago bidegurutzerik. Mendi bidea amaitzen den tokian bidegurutze txiki bat dago: txabola bat dago eskumatan eta haritz handi bat haren ondoan. Ezkerreko bidea mendian gora abiatzen da, eta eskumako txaboletara doa. Erdiko bidetik jarraituko dugu Ipurua gaineko ur-arazgailura iritsi arte. Han pistari segika Elgetako bidera irtengo gara, eta han espaloitik, kiroldegi atzetik futbol zelaira iritsiko gara eta ibilbidea bukatuko dugu.
Eguneraketa 2016-10-7: Eskerrik asko Aimar Goenagari azken bidegurutze horren informazioa sartzeko gogoraratzearren.
@erralin Araztegira iritsi baino lehen, nahiz eta pista bideari segitzea den logikoena, alde banatara mendibide bana dagoen (1/2)
— Aimar Goenaga (@aimargoenaga) October 5, 2016
@erralin bidegurutze esanguratsu bat aipatuko nuke. Primeran deskribatua gainerakoan (2/2)
— Aimar Goenaga (@aimargoenaga) October 5, 2016