Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik

Mikel Larreategiren bloga

Hotzetatik etorritako txapelduna

Mikel Larreategi 2013/11/22 15:25
Sven Magnus Øen Carlsen, 1990eko azaroaren 30ean Tønsberg, Vestfold, Norvegian jaioa da Munduko Xake Txapeldun berria, Chennain (India) txapela irabazita.

Magnus Carlsen Calviàko OlinpiadanJohn Le Carrék sortutako espia haren moduan, hotzetatik agertu zen Magnus Carlsen 2004ko apirilean Dubaiko xake irekian. 13 urte besterik ez zituela lortu zuen Maisu Handi bihurtzeko behar zuen bere hirugarren emaitza eta horrela eman zuen haren berri ChessBase webgune ezagunak, bere izenarekin hitz-jokoa eginez: "Magnificent Magnus".

Magnus Carlsen zerbait jaten Calviàko OlinpiadanSei hilabete geroago, Calviàn ezagutu nuen. 2004ko Xake Olinpiada jokatu zen bertan eta epaile lanetan aritu nintzen. Hoteletik jokalekura eramaten gintuen autobusean, lagun batek hitz egin zidan Magnusi buruz eta bere entrenatzaile Sigmen Agdestein entrenatzaileari buruz. Maisu Handi titulua lortu eta gutxira, 4 hilabete eskasera, liburua argitaratu baitzuen entrenatzaileak: "Wonderboy. How Magnus Carlsen became the youngest chess grandmaster in the world". Autobusetik jeitsi bezain laster joan nintzen argitaletxearen standera eta liburua erosi nuen.

Handik pare bat egunera, urriaren 28an, nire inguruan jokatu zuen Norvegiako taldeak eta Magnus han zegoen lehenengo jokalariari dagokion taulan jokatzen. Hantxe atera nizkion bi argazki horiek. Gerora txapelketa guztietan ikusi nuen laranja zukua dirudien hori duen botila aldamenean duela jokatzen. Arrakastaren arrazoia? Agian bai.

Liburuan azaltzen dituen partidak eta esperientziak ikusita jokalaria gero eta gehiago gustatzen hasi zitzaidan. Denetik jokatzen zuen eta partida eder askoak gainera. "13 urterekin, nola da posible!" nioen nerekiko.

Carlsenek niri sinatutako liburua2007an itsukako munduko kopa antolatu zuten Bilbon, han etorri zen Magnus eta bertan lortu nuen, antolakuntzaren laguntzaz, bere liburua sinatuta lortzea. "To Mikel" sinple baten ostean sinadura, besterik gabe. Tipo arrunta zirudien.

2008ko irailean munduko 6. jokalaria zela Bilbora etorri zen Magnus Grand Slameko Maisuaren Finalera eta klubeko guztiok zoratuta gelditu ginen bere partidekin. Txapelketa hartan sekulako gorakada egin zuen zerrendan, baina 2009ko urrian Nanjingo txapelketa era bikainean irabazi ostean 2010eko urtarrilean bihurtu zen Nazioarteko Federakuntzaren zerrendako buru 2810 puntu izugarrirekin, aurretik Kasparov handiak lortutako 2851tik gero eta gertuago.

Ez zen, baina, hor bukatu bere goraldia. Nazioarteko Federakuntzaren Grand Prix-ari uko egina zion 2008an eta ondoren jokatzen zituen txapelketa gehienak irabaztera dedikatu zen. Orduandik Wijk aan Zee, Bilbo, Nanjin, Errumania, Londres eta beste hainbat lekutan ibili da. Famatu egin zen G-Star arropa markaren modelo lanetan aritu zelako eta baita Garry Kasparov handia bere entrenatzaile izan zelako ere.

2013ko urtarrilean Garry Kasparoven marka hautsi eta 2861 puntura iritsi zen Nazioarteko Federazioaren elo zerrendan, otsailean bere marka hautsi eta sekula inork izan duen puntuaziorik altuenera iritsi zen 2872ra hain zuzen ere. Marka izugarria zalantzarik gabe eta guztion ahotan izan zen orduan ere Magnus, Euskadi Irratian esaterako.

Eta hori horrela iritsi zen 2013ko Munduko Txapelketarako Hautagaien Txapelketa. Aspaldiko partez munduko jokalari onenen artean jokatuz erabakiko zen nork zuen Viswanathan Anand Munduko Txapeldunarekin jokatzeko eskubidea. Xakearen mundua Londresera begira egon zen martxoaren 14tik apirilaren 2ra. Bertan, munduko 8 jokalari onenetakoak elkarren aurka itzuli bitan aritu ziren nor baino nor. Carlsen irten zen garaile infartozko azken txandaren ostean. Bezperakoa ere izugarria izan zen, Radjabovi partida sinestezin hura irabazi zionekoa.

Eta hori horrela, ia mundu guztiaren faborito joan zen Chennaira, bere aurkariaren etxera Munduko Txapelketako matxa jokatzera. Lehenengo bi txanda azkarren ostean, ia 6 orduko bi berdinketa etorri ziren. Joan zen asteburuan, ostiralean eta larunbatean, Carlsenek mahai-kolpea eman zuen eta, Radjaboven aurka Londresen egin bezala, bere abantaila apurra garaipen bihurtzea lortu zuen. Ananden aurpegia esanguratsua zen prentsaurrekoan: "ahal nuen guztia egin dut baina ezin irabazi" zioela zirudien, Leontxo Garciak ere horrelaxe deskribatu zuen El País egunkariko artikuluan "Ananden ezina".

Hurrengo bi partidak berdinketarekin bukatu ziren, Carlsenek laburbildu zuen prentsaurrekoan azken berdinketa: "Defentsa berlindarra jokatu dit, bariante solidoena jokatu diot, yada-yada-yada, eta goazen antidopina egitera". Horren ostean, gerta zitekeen modurik txarrenean galdu zuen Anandek atzo, huts handi bat eginda. Jokaldi batek ihes egin zion analisian, ez ordea Carlseni, ia makina baten gisa kalkulatzen duen jokalariari.

Eta gaur, ia 5 orduren osteko berdinketa burrukatu baten ostean sei puntu t'erdirekin Magnus Carlsenek Munduko Txapeldunaren titulua lortu du. 

Nigel Shortek 140 karaktere baino gutxiago behar izan zituen atzo Carlsenena laburbiltzeko:

End of an era... #AnandCarlsen

— Nigel Short (@nigelshortchess) November 21, 2013

 

Eta horrela izango dela dirudi. Atzetik ere ate-joka datoz gazteak. Fabiano Caruana (italiarra) eta Anish Giri (holandarra), Magnus baino 2 urte eta 4 urte gazteagoak hurrenez hurren, munduko 20 jokalari onenen zerrendan daude.

Aldatuko den beste gauza bat txapelketak jarraitzeko modua izango da. Kasparov eta Karpoven garaietan partidak herriko plazan jarritako taula mural handietan jarraitzetik, partidak internet bidez jarraitzera pasatu gara azken urteotan.

Baina munduko txapelketa honek, YouTube eta Twitterren erabilpen izugarria izan du. Partidak, komentario eta guzti, internet bidez jarraitu ditugu (bide batez, zorionak Lawrence Trent eta Susan Polgarri egin duten lan bikainarengatik) eta baita zuzenean komentatu ere. Jokalari eta xake-zaletu asko bakarrik ez, eliteko jokalariak ere aritu dira Twitterren partidak komentatzen. Hor ikusi ditugu , Hikaru Nakamura, Fabiano Caruana, Ruslan Ponomariov, Anish Giri edo Garry Kasparov bera ere bai, batzuk aipatzearren zuzenean egunerako euren iritzi eta barianteak ematen. Akabo paperezko aldizkariak, eta hurrengo eguneko kronikak. Egunkarian kronikak irakurtzen ditugunerako komentario guztiak eginda daude jada interneten.

Eta aldi baten bukaera beste zentzu baten izatea ere espero dut: Carlsenek txapela irabaztea mendebaldearentzat ona izan behar da. Aspertuta gaude FIDEren txapelketa guztiak ustelkeriaren inguruan hazitako jauntxoen herrietan antolatzen. Xakea Khanty-Mansisk, Sotxi, Taxkent edo Elistatik irten eta New York, Los Angeles, Berlin, Londres edo Oslora joan behar da. Horrela bakarrik lortuko dugu jendeak ezagutzea "hori errusiarren kontua da" gehiago entzun beharrik gabe.

Magnus Carlsen Munduko Txapelduna
Magnus Carlsen, Munduko Txapeldun berria

Argazkia Chessdom webgunetik hartuta dago

Zalantzarik gabe, datorren astean San Andres egunez 23. urtebetetzea ospatzeko inoiz imagina zenezakeen oparirik onena jaso duzu.

Zorionak Magnus eta urte askotarako izan dadila!

2013ko Munduko xake txapelketa jokoan Chennain... eta Interneten

Mikel Larreategi 2013/11/15 08:13
Azken urteotako oihartzunik handiena izaten ari da 2013ko Munduko Xake Txapelduna erabakitzeko Chennain (India) jokatzen ari den matxak, jokalarietako baten jaioterrian.
2013ko Munduko xake txapelketa jokoan Chennain... eta Interneten

Matxaren hasiera (FIDEren argazkia(

Aurrez aurre egungo Txapelduna, Viswanathan Anand, indiarra baina Madrilen bizi dena; eta Magnus Carlsen, norvegiarra, 22 urtekoa eta Nazioarteko Federakuntzaren zerrendaburua, sekula jokalari batek lortu duen puntuazio altuena izan duena (2872 puntu 2013ko otsailean).

Partidak larunbatean hasi ziren eta interneten sekulako jarraipena izan zuten. Indiako 15:00tan hasten dira partidak, Euskal Herrian goizeko 10:30ak direnean, eta larunbatean sekulako ikusmina zegoen matxaren inguruan. Askoren iritziz, 1972an Islandian Bobby Fischer eta Boris Spasskyk jokatu zutenaren ostean garrantzitsu eta ikusgarria izango dena. Horrelako ikusminik behintzat ez da aspaldian sortu xakearen inguruan.

Indian bertan, Anand egungo txapelduna, heroi gisa tratatzen dute eta Indiako kirolari onenaren saria eman diote.

Norvegian, Carlsen ere antzeko zerbait da. Eliteko xakea nolabait normalizatu duen gazte bat da Carlsen. Sustatun bertan ere argitaratu zen bere berri 2004an Mallorcan jokatu zen xake olinpiadan egon baitzen. Ez da xakeagatik bakarrik famatu egin, G-Star erropa markaren modeloa izan zen 2010eko neguan eta orain dela gutxi iragarri dute aurten ere berriz izango dela marka berdinaren modeloa.

Txapelketa Norvegian bertan oihartzun izugarria izaten ari da. Bertako telebista partidak zuzenean eskaintzen ari da bertako jokalarien komentario eta guzti, VG egunkaria ere jarraipen handia egiten ari da eta joan zen astean Carlseni buruzko dokumental on bat eman zuen.

Asteburuan 700.000 ikusletik gora izan ditu Norvegiako telebistak txapelketa honi buruzkoak zuzenean eskaintzerakoan. Igandean %42ko share-a izan omen zuen partidak. VG egunkariaren audientziak ere gora egin du, eta asteburuan zehar 150.000 ikusletik gora egon dira egunkariaren webgunetik partidak jarraitzen. Horiexek dira ostiral goiz honetan, 5. partida hasteko ordu bi geratzen direnean Norvegiatik datozen albisteak.

GQ aldizkariak ere eman zuen honen berri eta tuit baten laburtu zuenez, bere webgunean agertutako xakeari buruzko albistea, Victoria Secreten modeloen 100 argazkiak baino ikusmin handiagoa sortu zuen

So this story about #chess is currently more popular on the site than our 100 shots of Victoria's Secret models... http://t.co/esJhxSrcQg

— British GQ (@BritishGQ) November 14, 2013


Baina partidak dirauten artean, xakelariak ere hor ibiltzen dira/gara partidak jarraitu nahian. Antolatzaileek webgune ofizialean eta YouTuberen bidez zuzeneko irudiak eta komentarioak ematen dituzte, horretarako lau gonbidatu dituzte: Lawrence Trent, Tania Sachdev, Susan Polgar eta Ramesh RBrekin. Guztiek Twitter erabiltzen dute ikusleen iritzi eta galderak erantzuteko, eta lehenengo egunean izan zen jada lehenengo polemika: antolakuntzak #FWCM2013 traola erabiltzea eskatzen zuten, ikusleok ordea #AnandCarlsen esanguratsuagoa erabili genuen. Gerra irabazi egin genuen ;)

Match hastag #AnandCarlsen vs. #FWCM2013 Organizers 0 - 1 Followers :)

— Europe-Echecs (@EuropeEchecs) November 10, 2013


Twitterren bertan, eta Norvegian, Munduko Txapelketaren matx hau TT izan da azken egunotan:

And check out which hashtags that just made it to the top Norway trends! #AnandCarlsen #nrksjakk pic.twitter.com/sZlF6lPs88

— Tarjei J. Svensen (@TarjeiJS) November 9, 2013


Zer gertatuko den? Nork irabaziko duen?

Ez dakit, jende askorentzat Carlsen faborito argia zen. Nik ez nuen garbi eta lehenengo 4 partiden ostean ez dut garbi oraindik:

Nork irabaziko duen? Ez dakit. Nik Carlsenek irabaztea nahi nuke, baina Anand oso gogorra da. Edozer gerta daiteke.

— Mikel Larreategi (@erralin) November 8, 2013

Baina lehenego bi partidetako berdinketen ostean jendeak matx hau aspergarria izango zela ere esan zuen, eta hirugarren eta laugarren partidekin lehenengo biak guztiz ahaztuarazi dizkigute. Borroka gogorra eta luzea izango da.

Txapelketaren inguruko informazio apur bat gehiago Euskarazko Wikipedian ere irakurri dezakezue.

Lehenengo lau partiden kronikak ere irakurri ditzakezue, adibidez The Week In Chess aldizkariarenak:

Sustatu.com-en argitaratutako artikulua.

Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.