Zero zabor: atez ateko bilketatik haratago
Apirilean irakurri nion Gariri Twitterren zero-zabor filosofia hartu zuen Californiako familia baten inguruko artikulua. Momentuan irakurrita harrigarria egin zitzaidan. Gu hemen zaborrarekin zer egin jakin ezinda eta hemen bultzatzen denaren izenarekin Californiako familia honek bere bizimodua egina zuen.
Abuztu hasieran, berriz gogoratu nintzen artikulu harekin eta liburu bat ere idatzi zutela nuen gogoan. Asko pentsatu gabe erosi eta Kindlera jeitsi nuen.
5-Ren filosofia darabil familia honek: Refuse-Reduce-Reuse-Reciclye-Rot, hau da, Baztertu, Gutxitu, Berrerabili, Birziklatu, Konpostatu. Baina ordena horretan. Hau da, Berrerabili bakarrik Baztertu edo Gutxitu ezin duzuna, Birziklatu bakarrik Baztertu, Gutxitu edo Berrerabili ezin duzuna, eta abar.
Liburuaren hasiera oso argigarria da beren bizimodua azaltzeko: erosketatik hasita, haurrek eskolara eramaten duten janarira, guztia zero-zaborrera bideratuta dute. Hasteko, erosketara euren kristalezko poteak eramaten dituzte, bertan hartzeko haragia, oilaskoa, arraina edo gazta. Dena soltean edo pisura erosten dute eta horretarako euren oihalezko boltsa eta kristalezko poteak eramaten dituzte. Dendatik janariarekin bakarrik irteten dira, ez plastikozko boltsarik, ez erosketa tiketik, ez ezer.
Uau! Hori eguneroko (beno, erosketa astean behin bakarrik egiten dute) bizitzarako kolpe handia da ogia edo yogur poteak erostetik haragia erosteraino. Jakina, horrek etxeko bizitza guztia aldatzen du: janariak antolatzeko modua, garbiketa egitekoa, gordeketa....
Liburuaren hasieran kontatzen dituen gauzak egingarriak iruditzen zaizkit puntu bateraino, bakoitzaren borondatearen arabera lor daitezkeenak. Liburuan aurrerago joanda aipatzen dituen kontuak, ordea, oso urrun ikusten ditut. Sekta baten saartu den pertsona baten tankera hartzen diot.
Hala ere, aukera ezin hobea iruditu zait azken aldian asko erabiltzen den zero-zaborraren kontu hau, zaborraren bilketatik harago heltzen den zerbait dela ikasteko. Zero zabor-aren kontua ez da atez-ateko bilketarekin edo 5. edukiontziarekin hasten, baizik eta 5-Retako lehenengoaren: Refuse edo Baztertu. Horrekin hasi beharko ginateke, supermerkatuko edo okindegiko poltsak baztertzen.