Robert James Fischer (1943-2008)
Gaurko albistea da, milaka erreferentzia dago blogosferan, eta nire txoko honetatik azken agurra besterik ez diot eman nahi. 1972an egin zen famatu, aurretik jokatu zituen Estatu Batuetako txapelketa guztiak (8 guztira) irabazi ostean. Bere garaiko Maisu Handi gazteena izan zen eta 1972an Boris Spasskyri irabazita, Munduko 11. Txapeldun bihurtu zen.
Txapelketa hartan gertatutakoak gogoangarriak dira, mila gora-beheraren ostean eta hainbat alditan kexatu ostean irabazi baitzuen. Jende askok dio joku psikologikoa oso garrantzitsua izan zela txapelketa hartan, Fischerren eskaera asko eta askok Spassky bere onetik ateratzea lortu zutelako.
Edonola ere, mendebalde eta ekialdearen arteko borrokaren ikur bihurtu zen, xakean sobietarrei irabazi zien lehen Estatu Batuarra izan baitzen. Haren ostean, 1975ean FIDE Nazioarteko Xake Federakuntzak titulua kendu eta Anatoly Karpovi eman zion bien artean jokatu beharreko matcha jokatzeari uko egin ziolako. Orduandik Bobby Fischer handia desagertuta egon zen.
1992an agertu zen berriz, Spasskyrekin jokatutako Munduko Txapelketako partiden 20. urteurrenean, Yugoslavian agertu ere. Ordurako Yugoslavia, Nazio Batuen Erakundearen embargo edo blokeopean zegoen eta han irabazitako diruekin blokeoa saihestu izana leporatu eta gaizkileen zerrendan sartu zuen FBIk. Hura izango zen bere azken agerraldi publikoa.
Orduandik zurrumurruak besterik ez ziren entzun xakearen munduan. Fischerrek Interneten jokatzen omen zuela ere esan zuen Nigel Short Maisu Handi britainiarrak, eta irailaren 11ko atentatuak izan zirenean Estatu Batuek hura merezi izan zutela ere esan omen zuen Filipinetako irrati baten.
Berria, 2004ko uztailaren 13an etorri zen Tokioko Narita aireportutik. Hango muga funtzionarioek atxilotu egin omen zuten Bobby Fischer kadukatutako pasaportea zeramalako. Estatu Batuek berehala eskatu zuten xakelari handiaren estradizioa baina atxiloketak 9 hilabete iraun zuen, 2005eko martxoaren 21ean, Islandiako parlamentuak bertako hiritartza eta pasaportea eman zion arte. Hiru egun geroago, martxoaren 24an heldu zen Fischer Reykjavikera.
Ordutik ez da gauza asko jakin berari buruz, Leontxo Garcia kazetari irundarrak oso ondo laburbildu zuen bere historia eta izaera abuztuan El Pais egunkarian argitaratutako artikuluan. Leontxoren azken aukera izan zen. Baina ez zuen lortu Fischer elkarrizketatzea. Jakin zen gauza apurretako bat, Suitzako banku baten zuen diru eta urrea, bankuak itzuli egin nahi izan ziola izan zen. Diru eta urre hori, 1992an Yugoslavian irabazitakoa omen zen, eta bankuak Estatu Batuen presioa jasan behar izan omen zuen.
Baina orain joan da. Ez nintzateke harrituko benetan hil ez balitz, hau da, guztia muntaia bat besterik ez bada. Egia izan ala ez, bakean utziko dute Fischer eta mito izatera pasatu da.
Jokalari bat hil da. Jokalari handi bat. Pertsona bat hil da. Munduko xakelari onena izandakoa hil da.
Eguneraketa: 2008/1/19
Azken antxoak ere azken agurra eman nahi izan dio Bobby Fischerri, Berria egunkarian:
Oharra: artikulu hau idazteko hainbat eta hainbat artikulu irakurri ditut interneten, hona hemen irakurri ditudanetako batzuk eta Bobby Fischerri buruz gehiago jakiteko balio duten beste batzuk:
- Bobby Fischer dies in Iceland (Chessbase.com). Japonian atxilotu zutenetik gertatutako guztiaren jarraipenarekin
- Muere el genio del ajedrez, Bobby Fischer (Elpais.com)
- Bobby Fischer (Wikipedia) gaztelaniaz ere bai
- Top 10 Fischer accomplishments? (Susan Polgar)
- Bobby Fischer 1943-2008 (Mig Greengard)
- Bobby Fischer: ich bin ein Icelander! (ChessBase.com)
- Fischer se enroca en Islandia (Leontxo García)
- Rebelde en jaque perpetuo (Leontxo García)
- Bobby Fischer en la revista Life. David Lladaren artikulu sorta: 1, 2, 3 y 4