Horrela eskegi dezaket erropa nire babes ofizialeko etxean
Irudiek hitzek baino gehiago balio dutela esaten da, ba hemen bi bideo. Ikusi.
Gure etxeek, fatxadan, bideotan ikusten den "zesto" bezalako gauza hori dute. "Zesto" horren istoria da dena azaltzen duena.
Ikusi hurrengo irudia, 2015eko otsailaren 24an ateratakoa da, etxeak eraikitzea bukatu eta bertan sartzen utzi zigutenekoa:
Ikusten den bezala, zestoa lehioaren erditik eskumara jarrita zegoen. Ikusi hemen Artzamendi enpresaren webgunetik ateratako etxearen planoak, eurek eraiki zituzten eta etxeak, eta euren webgunean oraindik han daude-eta.
Hor ere garbi ikusten da zesto hori nola jarrita dagoen (borobilaren barruan dagoena da nirea), sukaldeko lehioaren erditik hasi eta hormaraino. Horrela dago jarrita Iparragirre kalera eta Karmen kalera begiratzen duten etxeetan.
Ikusten denez, gauza guztiz dekoratiboak ziren zesto horiek, ez baitzen posible hormaren erdian dagoen muturrera iristea eta ondorioz han ezer lotzea erropa eskegitzeko sokak lotzeko.
Hori horrela, mugitu egin zituzten zestoan eta orain dauden moduan jarri, gutxienez lehioaren zabalera guztia hartuz.
Eta araudiak zer dio? Eibarko Udalak onartutako Herri-antolamendurako Plan Nagusia kontsultatu genuen, han zera dio gai honen inguruan:
9.13.19. Artikulua.- Esekitokiak
Debekaturik dago bide publikora edo sarbide publikoa duen etxe saileko patiora ematen duten lekuetan arropa zabaltzea, eta orobat espazio horietara ematen duten balkoi eta terrazetan.
Barne patio argituetara ematen ez duten etxebizitzetan, nahitaezkoa izango da esekitoki eginkizunak betetzen dituen lokal bat izatea, hiru metro eta berrogeita hamar (3,5 m) zentimetroko eremua, edo handiagoa, izango duena, eta zabalera berriz ez metro bat eta hogei zentimetrotik (1,20 m) beherakoa, espazio publikoetatik arroparik batere ez ikusteko moduan diseinatua.
Lokal hauek aireztapen naturala izango dute, eta garbigailuak eta lehorgailuak ipini ahal izango dira bertan.
Aurreko paragrafoan zehaztutakoa ez da aplikatzekoa izango komunitatea bakarrik zerbitzatzeko lokal bat eta garbitegi instalazioa duten eraikinetan.
Fatxadara ematen duen esekitoki itxiturak ez du haren jarraitasuna hautsiko. Itxitura hori fatxadaren konposizioan txertatzen diren husguneen bidez egin beharko da, arropa bide publikotik ez ikusteko moduan saretak edo behar direnak ipiniz.
Zesto hori ez da "lokal" bat, bertan ezin da garbigailurik jarri, ezin gara bertara sartu (dagoen egoeran, nahi ere ez dut nahi), eta 1.83 metro karratu ditu.
Baina, dirudienez, Babes Ofizialeko Etxeek ez dute jarraitu behar Hirigintza Plan Nagusia, baizik eta Babes Ofizialeko Etxeen araudi berezitua, 2009ko otsailaren 12ko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindua, eta han zera dio:
I Eranskina. 5.1 artikulua
Etxebizitza guztiek kanpoalderako arropa-esekitoki baterako zuzeneko sarbidea edukiko dute. Arropa fatxadan esekitzen bada, kaletiko bistak babestu egin beharko dira. Esekitokiaren neurriek aukera emango dute 5 m-ko edo hortik gorako esekitze-lerroa ezartzeko
I Eranskina. 5.2 artikulua
5) Arropa esekitzen bada fatxadan, erabilera publikoko eremuan edo uharte-patioan kokatutako terrazan edo balkoian, oztoporik gabeko tarte bat erreserbatuko da horretarako, honako gutxieneko neurri hauekin: zoruaren azalera: 1,50 m2; zabalera: 0,95 m; eta garaiera 2,00 m
Esekitokia soilik erabiltzekoa den gutxieneko tarte horrek bistetatik eraginkortasunez babesteko elementuak eduki behar ditu, eta toki egokian ezarri behar da, hain zuzen ere etxebizitzaren geletarako eskatutako utxieneko argiztapenerako beharrezko balioetatik eratorritako argi zuzenak oztopatu gabe.
6) Arropa esekitzeko sokak erabiltzen badira, etxebizitzaren barnealdetik esekitokira iristeko aukera bermatuko da. Esekitokirako itxitura perimetrala edukiko du, gutxieneko neurri hauek mugatua: oin-azalera: 1,00 m2; zabalera: 0,50 m. Leihotik iristeko modukoa izango da, eta zenbait elementuz hornituko da perimetro osoan bistetatik babesteko garaiera soan, etxebizitzaren geletarako eskatutako gutxieneko argiztapenerako beharrezko baoetatik eratorritako argi zuzenak oztopatu gabe.
Ah, jakina Babes Ofizialeko Etxeetan, erropak eskegitzeko etxe arruntetan baino eskubide gutxiago dugu. Agian erropak ere babes ofizialekoak eskatu beharko ditugu.
Eskerrik asko Etxebide araudiengatik. Garbi ikusten da araudiak beteta ere, erabili ezin daitekeen zerbait egitea posible dela. Ostiralean twitterren esan zidaten bezala:
Estetika vs erabilgarritasuna #HirigintzaGeneroIkuspegitik #LanErreproduktiboa lana da, #demontre! https://t.co/EiMjakUNA5
— Miren Vives (@MirenVives) febrero 12, 2016
Eskerrik asko ere bai Artzamendiri, sei hilabetetan zehar ezer ez esateagatik. Uztailean esan baitziguten zerbait esango zigutela eskegitokiengatik eta ia martxoan gaude jada.
Bitartean, lehioak egunero garbitu beharko ditut euriak dirauen artean eta erropak etxe barruan nonbait eskegi beharko ditut.