Eibar inguruan oinez: Azitain - Altzubarren - Agarre - Naiorbe - Asua Erreka - Barakaldo
Azitaingo gasolindegi ondoan hasiko gara, Barrena kalean zehar, Lidl supermerkatua dagoen etxeetatik aurrerantz sahiesbidera iritsi arte. Han, sahiesbide gainetik La Salle ikastetxera doan bidea hartuko dugu.
Behin ikastetxea pasatuta, ezkerreko pistatik jarraituko dugu industrialdera joan beharrean. Pistatik zehar Altzubarren baserrira eta haren ondoko frontoira iritsiko gara. Frontoia pasatuta, garbigunea ere pasatu egingo dugu eta berehala bidegurutze bat aurkituko dugu: eskumara beherantz doan bidea hartuta industrialdearen goiko aldera eta Arrateko bidera iritsiko gara. Ezkerreko bidea hartuko dugu, gorantz doan pista.
Pistari jarraituz, bidegurutze bat ere hartu gabe, Agarre gainekoa eta Agarre azpikoa baserrien sarrerara iritsiko gara. Bertatik Eibar luze-luze ikusi dezakegu Ego ibaiaren ibarrean.
Pistatik jarraituko dugu Azaldegi gainekoa eta Azaldegi azpikoa baserrietan zehar, Naiorberaino iritsi arte. Hemen, baserria pasatu eta berehala beherantz doan bidea hartu behar dugu. Gipuzkoako Itzuliaren GRaren marka gorri-zuriak ikusiko ditugu eta eurei jarraitu behar zaie. Bidea beste baserri batera helduko da, eta baserriaren bi eraikinen artetik doa beherantz. Txakur nahiko zaratatsuak aurkituko ditugu bertan, baina normalean lotuta egon ohi dira beraz, lasai pasatu ahal baduzue.
Mendi bidean zehar, inguru eder batetik Asua baserrira helduko gara. Hemen bi aukera ditugu: ezkerrera egin eta pistatik zehar Txarakua deritzon ingurunetik sahiesbideraino iritsiko gara. Baserria ezkerrean lagata beherantz doan mendi bidea hartuta (berriz ere GRaren marka gorri-zuriak dituena), Asua Erreka kalera iritsiko gara sahiesbidearen azpitik pasatuta, eta bertatik Barakaldo kalera.
Inguru hau oso ederra da, batez ere Naiorbetik Asua Erreka kalerako bide guztia. Basoa da, eta inguru benetan ederra herrigunetik bertan. Agarretik Naiorbera doan bidetik ikusten den Eibarren ikuspegia ere ederra da benetan.