Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik / Azitaindik Urkora Santa Kurutzen zehar

Azitaindik Urkora Santa Kurutzen zehar

Mikel Larreategi 2019/02/24 20:25
Otsaileko arratsaldeko eguraldi epelak lagunduta, Azitaindik abiatuta Urko izango dugu helmuga, Santa Kurutzetik, Usartzatik eta Ixutik pasatuta.

Udaberria iritsi da ala?Azitaindik hasita bertako poligonotik zehar Santa Kurutz ermitaraino joango gara. Horretarako Arratera doan bidea hartu behar dugu Biriñao baserriraino, han Arrateko bidea utzi eta ezkerretik joango gara.

Handik, Gipuzkoako itzuliaren GRaren marka zuri gorriei jarraituz Usartzako atsedenlekuraino joango gara. Usartzatik Ixura doan bidetik Eibarko bista ederra ikusi dezakegu orain delako gutxi bota dituzten pinuek oztopatzen zuten bista.

Usartzatik Eibar ikusten da

Ixuan Urkorako igoerari ekingo diogu. Hemen aukera dago Urko igo nahi ez duenak ezkerreko bidea hartu eta geroago jaitsiko garen bidearekin bat egiteko.

Urko gailurretik gure inguruetako gailur guztiak ikusten dira. Atseden pixkat hartu ostean berriz ere bideari ekingo diogu beste aldetik jaitsiz. Pinudian sartzean adi egon behar gara, ezkerrerantz IXUA markatzen duen bidea hartzeko.

Bide horren lehenengo zatian, katea dago jarrita ibiltariari bere bidea errazteko. Katearekin lagunduta errez egingo dugu aurrera. Hortik berehala zuhaitz bat aurkituko dugu bide erdian, bere azpitik erraz pasatuko gara.

Urkorako bideko kateen pasabidea

Aurrerago zuhaitz bat aurkituko dugu eta han eskumara egingo dugu beheranzko bidea hartuz. Bidearen amaieran Amazabalegi baserrietara helduko gara eta handik berehala Iturburu ikastetxera. Errepidean behera egingo dugu eta beheko bihurgunean errepidea utzi eta eskumara egingo dugu Estixako antenara doan bidetik. Antenara iritsi aurretik eskumara egingo dugu Miraflores auzora. Handik pistari jarraituta Arrateko bidera helduko gara.

Errepidea gurutzatu eta sigi-saga egiten duen bidean Sakunera helduko gara, lehengo Ignazio Zuloaga institutoaren atzeko aldera. Iturria daukagu bertan zain, ur pixka bat edan eta freskatzeko. Eskailerak jaitsi eta Jardineta kalean egongo gara.

Ibilbidea Wikilocen deskargatu daiteke.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.