Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibarko periferiatik / Administrazioaren informazioa publikoa da eta edonork eskatu dezake

Administrazioaren informazioa publikoa da eta edonork eskatu dezake

Mikel Larreategi 2019/07/05 23:10
2013ko abenduan "informazio publikoa eskuratzeari eta gardentasunari buruzko legea" onartu zuen Espainiako Kongresuak. Bide erraz bat irekitzen du lege horrek administrazioaren esku dagoen informazioa lortzeko.

Aurrekariak

Urtarrilean bazkide naizen Urkizu Gain elkarte gastronomikoaren zuzendaritza hartu nuen beste hiru lagunekin batera (beste baterako utziko dut kontu hau, ze oso interesgarria da nola elkarte gastronomikoek zuzendaritzen txandekin zein ondo funtzionatzen duten, eta nola kirol elkarteei ez zaien okurritzen funtzionatzeko sistema hori ezartzea).

Aurreko zuzendaritzak utzitako paperen artean, Eusko Jaurlaritzaren Elkarteen Erregistroaren idatzi bat zegoen, haren arabera gure eta beste hainbat elkarteren zuzendaritza aldaketak erregistroan inskribatzeko espedienteak bertan behera uzten ziren. Webgunean sartu eta ohar handi bat agertu zitzaidan bertan: "2018ko urriaren 2tik aurrera, izapideak elektronikoki bakarrik egingo dira". Webguneko dokumentazioa irakurtzen hasi nintzen eta han zioenaren arabera Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen gaineko 29/2015 Legeak bere 14.2 artikuluan ezarri zuen pertsona jurididiko guztiak derrigortuta zeudela administrazioaren era elektronikoan tramiteak egitera.

Hori ikusita Eusko Jaurlaritzaren webgunean tramiteak elektronikoki egiteko betebeharrak irakurtzen hasi nintzen: pertsonaren ziurtagiria, elkartearen ziurtagiria, borondatzeko ordezkaritza, ... eta beste hainbat hitz potolo aurrean izan ostean nola jokatu ikusi nuen: aurreko presidente gisa erregistroan inskribatuta zegoen pertsonak egin behar zuen zuzendaritza berria inskribatzeko tramitea. Hori horrela pertsona horrekin geratu nintzen, ea ziurtagiririk zuen galdetu nion eta ezetz esan zidanean azkar egiteko ziurtagiri baten bila joan ginen: Gizarte Segurantzak nabigatzailean zuzenean instalatzen den ziurtagiri bat ematen du FNMTk jaulkitakoa. Horrekin Jaurlaritzaren sistemara sartu ginen eta han lehenengo sorpresa: Jaurlaritzaren aurrean aurreko presidentearen ordezkaritza iraungita zegoen. Ez dakit nola demontre den hori posible, oraindik ere presidente gisa agertzen zelako... Azkenean pare bat idatzi egin genituen berak eta nik sinatuta eta guztia elektronikoki bidali genuen erregistrora. Orduan etorri zen lehenengo sorpresa, dena elektronikoki egin arren erantzuteko 3 hilabeteko epea zutela esan baitziguten. Oso ondo, eta bitartean bankuan sinadura aldatu ezinda? Benetan? Beno, azkenean astebeteren buruan inskribatu zuen Jaurlaritzak Zuzendaritza berria eta hortxe bukatu zen tramitazio elektronikoa.

Benetan guztiz deitoragarria iruditzen zait 39/2015 Legeak ezarritako derrigortasuna. Ezin da izan berdin tratatzea enpresa handi bat eta lagunen artean osatutako elkarte gastronomiko bat nahiz eta biak pertsona juridikoak izan. Nire kexa Arartekora eraman nuen, baina harek ebatzi zuen nire eskubideak ez zirela urratu azken finean tramitazioa ongi egin nuelako. Espainiako Herriaren Defendatzailean ere jarri nuen 39/2015 Legearen inguruko kexa, baina hark esan zidan Arartekoak nire gaiaren inguruan ebazpena emanda zuela eta ez zela sartuko ezer erabakitzera.

OHARRA: norbaitek laguntza nahi badu bere elkartearen (berdin zait kirol elkartea, elkarte gastronomikoa edo beste era bateko elkartea) zuzendaritza aldatzea edo erregistroarekin tramiteren bat egitea, esan eta lagunduko dizuet.

Informazioa eskatu

Itzul gaitezen baina artikulu honen jatorrizko arrazoira. Twitterren publikoki kexatu ostean ikusi nuen bazegoela horrelako tramiteekin guztiz nazkatutako jendea (bat, bi, hiru), eta beraz elektronikoki egindako tramitazioen inguruko informazioa eskatzea erabaki nuen.

Hasieran esan bezala Espainiako Kongresuak onartutako 29/2013 Legeak herritarroi administrazioaren esku dagoen informazioa eskatzeko eskubidea onartzen digu eta administrazioak derrigortzen ditu horrelako tramite bat prest izatera eta herritarroi eskaerak egin eta erantzuteko bideak ezartzera.

Jendearen kexak ikusita zera ikusi nahi nuen: ea tramiteak elektronikoki egiteko derrigortasunak tramitazioetan eraginik izan duen, hau da, ea orain lehen baino tramite gehiago ala gutxiago egiten den. Nire ustez erantzuna "gutxiago" izan beharko litzateke, baina datuak behar nituen horretarako.

Beraz Eusko Jaurlaritzaren webgunea erabiliz bi eskaera zuzendu nituen bata Elkarteen Erregistro Nagusira eta bestea Kirol Erakundeen Erregistrora (laburbilduz: bigarrenean kirol arloko elkarteak inskribatzen dira, eta lehenengoan elkarte arrunt guztiak). Erantzuteko epea bukatzen ari zela (uste dut 20 egunekoa dela), ostiral arratsalde baten Elkarteen Erregistro Nagusiko arduradun batek deitu zidan telefonoz. Esan zidanez, jaso zuten nire eskaera eta azaldu nion zergatia. Esan zidan guztiz ados zegoela nire kexarekin, berak egunero ikusten dituela erregistroan horrelako kasuak eta gauzak erraztu beharrean zaildu egin dituela elkarte askorentzat 39/2015 Legeak. Nik eskatutako informazioa (azken urteotan paperean eta elektronikoki egindako tramite kopurua) ez zuela esan zidan, baina informatikariekin hitz egiten eta informazioa ateratzen saiatuko zela, galdetu zidan ea ardura zidan informazioa taldekatzea bere lana errazteko eta ezetz esan nion. Handik pare bat astera jaso nuen erantzuna (word dokumentua hemen) eta hemen laburpena:

URTEA

PAPEREAN IZAPIDETUTAKO ESPEDIENTEAK

ELEKTRONIKOKI IZAPIDETUTAKO ESPEDIENTEAK

GUZTIRA IZAPIDETUTAKO ESPEDIENTEAK

2015

5931

28

5959

2016

5692

115

5807

2017

5232

954

6186

2018

2735

3717

6452

20191

0

1306

1306

1 2019ko datuak urte horretako urtarrilaren 1etik otsailaren 15era bitarteko aldiari dagozkio, bi egun horiek barne hartuta.

Nire harridurarako, eta hor agertzen den erritmoak jarraitzen badu, 2019an zehar aurreko urteetan baino tramite gehiago egingo dira, eta gainera guztiak elektronikoki egingo dira. Nere ustea beraz, Elkarteen Erregistro Nagusiari dagokionez ez zen zuzena.

Kirol Elkarteen Erregistroaren erantzuna, aldiz, bestelakoa izan zen (hemen PDF dokumentua): laburbilduz zera zioen: ez dutela datu hori, horretarako informazioa berregin egin behar dutela, Legeak dioela horrelako kasuetan ukatu egin dezaketela informazioa ematea, eta horixe egingo dutela. Gainera lan asko omen dute eta langile gutxi eta informazio hau emateak beren lana oztopatuko omen du.

Erantzunak atsekabetu egin ninduen, baina bere aurka erreklamazioa aurkeztu nuen Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordean. Nere erreklamazioaren muina zen Kirol Erakundeen Erregistroak ezin zuela esan elkarte asko dituela inskribatuta eta ezin duela informazio hori eman aldi berean elkarte gehiago inskribatuta dituen Elkarteen Erregistro Nagusiak informazioa eman didanean. Niri berdin zaidala langile asko dituen ala ez, ez da nire arazoa, baina erregistroa publikoa dela eta informazioa ere publikoa izan behar duela.

Erreklamazioa jarri eta ia hiru hilabetera, ebazpena jaso nuen. Bertan zioen baietz, nolabaiteko informazioa emateko gomendioa egingo ziola Batzordeak Kirol Erakundeen Erregistroari, nahiz eta osoa ez izan, gutxienez zerbait, baina Erregistroak emandako arrazoia ("ez dut informazio hori, informazioa berregin egin behar dut eta horrek nire lana oztopatzen du") legezkoa dela eta beraz nire erreklamazioa ukatzen zuela. Hala ere, Erregistroak emandako alegazioak bidali zizkidan eta bertan informazio apur bat ematen zidaten, azken urteetan Kirol Erakundeen Erregistroak egindako tramite kopuruak, hona hemen:

Urtea2015201620172018
Espediente kopurua 705 1086 615 706

2016ko kopuruaren harira "2016an Federazioen hauteskunde-prozesuak egin ziren, eta lau urtero gertatzen den gisa, Errregistroaren izapidetze kopurua areagotu zen" zioen erregistroak.

Laburbilduz, Elkarteen Erregistro Nagusiak hilabete eta erdian, Kirol Erakundeen Erregistroak urtebetean baino espediente gehiago kudeatzen ditu.

Hala ere ezin izan ditut nik nituen zalantzak uxatu: nik uste nuen espediente kopurua gutxitu egingo zela elektronikoki jarduteko derrigortasunarekin, baina badirudi ez dela horrela izan, edo behintzat datua ez da hain argia.

Eskatu daiteke, beraz eskatu

Ikusita administrazioaren informazioa denon informazioa dela, beste hainbat eskaera egin ditut azken hilabete hauetan kirol federazioen hainbat gairen inguruan: euskal kirol federazioi egiten zaien ikuskaritza, kirol federazioen aurrekontu defizitarioak, Euskal Xake Federakuntzaren aurrekontu eta aurrekontuen likidazioak, Euskadi Basque Country markaren inguruko kontratu baten espedientea edo Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiek eskola kirolaren barnean emandako baimenen ingurukoa, hemen Bizkaiaren erantzuna eta hemen Gipuzkoarena. Eta eskaera guztien erantzunak jaso ditut informazioa publikoa delako (aipatutako kasuetan hainbat Lege edo Dekretuk zehazten dute administrazioak informazio hori izan behar duela), eta eskaerak ez duelako inoren beste eskubiderik urratzen.

Ondorioak

Ulertu behar dugu gu ere administrazioa garela, eta administrazioaren jarduna publikoa denez, guk ere eskubidea dugula administrazioak darabilen informazioa edukitzeko.

Beraz, noizbat administrazioak emandako informazioarekin zalantzarik baduzue galdetu lasai: zehaztu zein den nahi duzuen informazioa eta eskatu. Horrela bakarrik aldatuko du administrazioak pentsamoldea eta benetan herritarren zerbitzura dagoen zerbait izango da tramiteak egiteko epeak eta paperak eskatzetik harago joanda, informazioa era txukunean kudeatu eta zabaltzeko beharra ikusi beharko du.

 

Gari A.
Gari A. dio:
2019/07/06 07:23
Crack bat zara Mikel eta administrazio publikoaren alferkeria tradizionalaren aurkako pertsona arriskutsu bat. Mila esker enpeinuagatik. Galdera, tramite guztiak euskaraz egin dituzu?
Mikel Larreategi
Mikel Larreategi dio:
2019/07/06 09:10
Bai, dena euskaraz eta erantzun guztiak ere horrela jaso dittut.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Larreategi

Mikel Larreategi Arana

(Eibar, 1981). Informatikaria ikasketa eta ofizioz, CodeSyntaxen egiten dut lan Eibar.ORG bezalako webguneak egiten. Ikastolan nengoela xakean jokatzen hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut.