Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Zoriona

Zoriona

Elena Laka 2008/03/30 21:46

Asteleheneko Goienkaria

 

“Nik ez dut zoriontasunean sinisten, egia esaten badizut. Ezinegonean baino ez dut sinisten; hau da, sekula ez naiz erabat zoriontsu, beti behar dut beste gauza bat egin. Baina onartzen dut bizitzan badaudela hamar segundu edota ordu erdi irauten duten zoriontasunak, adibidez, nire lehen semea jaio zenean bezala; une horretantxe zoriontsu izan nintzen. Baina une labur-laburrak dira. Bizitza osoan zoriontsu dena ergel bat da. Horretxegaitik, nahiago dut zoriontsu izan baino, geldiezina izan”. Umberto Eco, EPS 08-3-30.

 

Gizakiaren oinarrizko helburua bizitza honetan zoriontasuna bilatzea ei da. Horretan ados, besteak beste, filosofari grekoak, budistak, Amerikako Estatu Batuetako sortzaileak. Kristautasunaren arabera, zoriona gizakiak Jainkoarekin bat egiterakoan emango da, bizitza honetan ala bestean, baina zoriona azkenik. Kontzeptua zer den argi jakin gabe ere, denok nahi dugu zoriontsu izan.

 

Zorion maila ezberdinak daude. Ez baita berdin laneguna ondo bete ondoren etxeratzean familia maitagarriarekin topo egiten duenaren zoriona, edota espetxean luze egon ondoren askatasuna eskuratzen duenarena; azken hilabeteetan gorputza erasotu dion gaixotasuna menderatuta daukala esaten diotenarena; urteetan administrazioarekin borrokan ibili ondoren, paperak lortu dituen etorkinarena.

 

Sarritan zoriona gauza materialek ematen dute, eta kontrakoa dioenak, gezurti galanta: erostea, ametsetako kotxea, etxe bat, liburu bat, txupa bat, korrika egiteko zapatilla zoragarri horretxek… Baita ere bidai bat edo afari eder bat egitea. Gauzen bitartez zoriona nola ikutzen den ikusita, bitxia deritzo herrialde pobreetara bidaiatzen duenak bertako jendea zoriontsu izatea, bueltan topiko bihurtu baita azpimarratzea ze gauza gutxi dituzten, eta hala ere, zelako zoriontsu diren. Gure zorionaz galdetzera behartzen ote gaitu horrek.

 

Gertakizunek ere eman diezaigukete zoriona, eta ez txikia: su-etenaren aldarria, euriborraren jaitsiera, eguraldi onaren iragarpena, futbol-taldearen garaipena. Bakoitzak bere interesen arabera, jakina.

 

Zorion mota guztien artean, ni Ecoren zoriontasun horrekin geratzen naiz. Fitxatuta dauzkat hamar bat segundutik hamar bat minutura iraun dezaketen zorion uneak. Suntsikorrak, eta aldi berean, bortitzak. Gauza oso txikietan gehienak, oso goi mailako helburuetan gutxi batzuk. Eta zorion-uneak bukatzen direnean, Ecok bezala, ezinegona, mugikortasuna. Dabilen harriak goroldiorik ez.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.