Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Zerbitzu publikoen kostua

Zerbitzu publikoen kostua

Elena Laka 2010/03/21 22:58
Asteleheneko Goienkaria

"Gobernuak osasun zerbitzuen kostua jakitera emango die gaixoei. Fakturak egingo ditu, baina ez ditu kobratuko. Osasun Ministeritzak eta Kontseilaritzek hitzarmen bat egingo dute osasunaren inguruan. Hitzarmen horren baitan,  botiken arrazoizko erabilera bultzatzeko informazio bideak garatuko dituzte, eta osasun zerbitzuen kostuak jakinaraziko dizkiete herritarrei, “itzalpeko fakturen” bitartez, hau da, zerbitzuen fakturak egingo dira baina ez dira ordainduko".  El economista, 10-3-19.

 Eskerrak eman ditut osasun sistema publikoaren erabiltzaile izatea egokitu zaidan bakoitzean. Anbulatorioan, larrialdi zerbitzuetan nahiz ospitaleko egonaldietan, gaixoa ni ala inguruko bat izanda. Beti eskerrak eman dizkiet bertan atenditu nauten profesionalei, eta eskerrak baita ere patu ala den delako demiurgoari, nire erditzea lehen munduko herrialde aberats batean kokatu zuelako.

Edozein gaixotasun, osasun gorabeherarik txikiena, eta beti daukazu mediku bat gertu. Eta zentru bat, eta baliabide batzuk, makalaldian lagunduko zaituzten bitarteko guztiak. Edozein profesional behar duzula, edozein azterketa, botika, ebakuntza, protesi, tratamendu… Guztia eskura, erraz, gertu, eta eraginkor. Osasun sistemako langileek, medikuek, erizainek, laguntzaileek… beti tratatu naute ondo. Eta jaso dudan zerbitzu bakoitzari eskerrak emanez erantzun diot.

Ulerkaitza deritzot osasun zerbitzuak erabiltzerakoan beti marmarka dabilen jende horri. Larrialdi zerbitzuetan uste baino gehiago itxaron behar izan dutelako, edo mediku batek beste batera bidali dituelako. Osasun zerbitzuak baditu hobetzeko puntuak, baina bakoitzari berea, onartu beharko dugu osasun zerbitzu publiko, dohako eta unibertsala gizateriaren konkista handienetako bat dela.

Behi mehen garaian gaude ostera, eta agintariek gureizeak atera dituzte zerbitzuen gastuak murrizte aldera. Osasun sistema, pribilegio garesti bat, jomugan ipini dute, eta asmoa da herritarrak jakin dezala zenbat gastatzen duen sistemaren erabiltzaile denean, horren jakitun, gehiegikeriarik gabe erabil dezan. Gastuak kontrolatuko ditugu baldin eta kostatzen zaigunaz jabetzen bagara.

Halako ideia bikaina, ordea, zergaitik aplikatu bakarrik osasun zerbitzuaren erabiltzaileei? Aurrekontu publikoak kontrolatzeko helburuarekin, goazen jakitera zenbat kostatzen zaizkigun beste zerbitzu batzuk: zenbat kostatzen zaigu irratian edo telebistan aurkezle batek botatako sasi.informazio propagandazkoa? Zenbat Borboien bidaiak? Zenbat politikariek ipintzen dituzten kereila judizial txoropito bakoitza? Hauteskunde kanpainak? Agintarien lanorduak? Eta lanik egiten ez duten orduak? Zenbat balio du ertzain talde batek kentzen duen pankarta batek? Eta erakunde publiko batean jasotako langile baten purrustadak? Zenbat ordaintzen dugu probintziako futbol talde famatuaren gol bakoitza?

Zeren, agian kostu guztien informazioa daukagunean, erabakiko dugu zerbitzu batzuk zentzuz erabiltzea, edo erabakiko dugu zerbitzu batzuk, zuzenean, ez erabiltzea.

 

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.