Uda berriro ere
"Gaur abiatzen den “irteera operazioa”n, lau milioi joan-etorri baino gehiago egingo dira. - Oporrak gaur hasten dira espainiar askorentzat, eta urtero legez, euren autoak hartuko dituzte Espainia osoko kostaldetara edo herrietara joateko. Uztaileko lehen astebururako aurreikusita dauden 4,3 milioi joan-etorrietarako, Trafikoaren Zuzendaritza Nagusiak (DGT) udako oporretako operazio bereziari hasiera emango dio". El Diario Vasco, 08-7-4.
Uda iragartzen duten egutegiaren orriak jausten doaz: San Juan suaren txingarrak itzaldu dira, San Martzial parranderoak biharamona du Bergaran, Elgetako astoei hurrengo urterarteko bakea eman diete, eta gaur, San Fermin. Eguzkia eta tiranteak apenas ikusi ditugun arren, urtero errepikatzen diren ekintzek udan gaudela adierazten digute. Topikoetan topikoena, artaldearen exodoa, irteera operazioa. Oraingoan, bardulia menderakaitz honetan gehien irakurtzen den berripaperak operazioaren nondik norakoa ederto zedarritzen digu: Espainiarren oporrak Espainiar lurraldean barne. Ez da marea gorriaren ondorengo txapapotea, Kontxako badiako berezko kresala baizik. Ahal dute.
Diotenez, topikoak beharrezkoak dira, horrexegaitik ote ez gaituela harritu gazteleraren aldeko manifestuak kaleratzea (indar arau guztiak bere alde dauzka-eta), eta ostera, euskararen erabilera bermatzeko dekretu apal bat argitaratu behar izatea. Zeren esan ohi da urterokoek segurtasuna ematen digutela, gauzak bere tokian izatearen bermea ematen digutela. Eta topikoak topiko, udan gaude berriro, zorion uneren bat topatzeko urtaro aproposenean. Hortaz, horixe opa dizut, San Fermin eguneko zutabe honetara arrimatu zaren irakurle horri: izan dezazula uda honetan zorion une bat, gutxienez. Ze buelta gogorra izango da, topikoz beteta, baina latza: lanari eusteko zortea dutenek 65 ordura gerturatuko dira astean, “what crisis”ak gogor jipoituko gaitu, interneteko dohako deskargak bukatzear egongo dira, eta antzoki politikoak (hori bai topiko!) orain arte bezala aspertu arte astinduko gaitu. Hori “orain erbesteratu egingo naute, orain botua ematen utziko didate”- “interesen arabera erabiltzen naute” etorkinak ez garenontzat. Lehen munduan oporrak izateko zortea dugunontzat.
Zorion unearen lagungarritxo bat: “Antzararen bidea” irakurri. Topikoak alde batera lagatzen eta disfrutatzen lagunduko dizu.