Ospelak
Amama María Iriondo Azpiazu ia ez nuen ezagutu, berak ni bai, hiru urte neukala hil zen. Ezagutu ditut bere sei ahizpak, guztiak txikiak, ipurterreak, langileak eta fundamentu handikoak, irribarrea galdu gabe, jeniodunak beharrezko zenean.
Abuela Carmen Torrecilla Rioja gehiago ezagutu nuen. Hau ere txikia eta fundamentuzkoa, hamar seme-alaba aurrera ateratzeko modukoa. Etxean eta kanpoan lan mordoa egindakoa, beti umore onez, beti ingurukoak pozik edukitzeko ahaleginetan.
Udaberriak ekarri dizkit aurten ospelak. Urtero hatzamarretan ospelak irteten zaizkidanean, nire bi amonez gogoratzen naiz.
Beste denbora batekoak diruditen ospelek, elkartu egiten dute nirea den denbora hau, bestela bat ere zerikusirik ez duen amonen denborarekin.
Nire haurtzaroa gogora ekarri dit. Umeak giñenean bai nik eta nire anaiak ospelak izaten genituen. Eta horrela izaten zen urtero, neguan, nerabeak izan arte, koxkortu arte.