Madariaga, Saramago eta Victoria
A Fundaçao José Saramago cumpre o sentido dever de comunicar que (...) faleceu hoje o seu Patrono, José Saramago. (...) deixa tristes os seus inúmeroso leitores e mais pobre a Literatura Portuguesa. Lisboa, 18 de Junho de 2010.www.josesaramago.org.
Andres De Madariaga XVII. mendeko bergararrak 20.000 dukat eman zituen Bergarako Jesuiten elizan bere omenezko harlauza landu bat ipin zezaten elizaren tokirik seinalatuenean. Joan zen zapatuan herriko plazako elizako indusketaren zuzendariak azaldu zuen Madariaga hau Peruko Kontu Auzitegiko kide izan zela bizitza osoan, eta bere ardura Potosi meategiko zilarra Espainiako Erreinura helaraztea zela. Kargu inportantea Bergarako seme honena. Indusketaren zuzendariak adierazi zuen baita ere Madariaga “Orden de Calatrava”ko kidea zela, eta horretarako frogatu behar izan zuela kristau zaharra zela (ez konbertitutakoa), familia onekoa, eta orbaingabeko portaera zela berea. Auskalo nola frogatu ote zuen jatorri guztiz garbia Antzuolako Madarixa baserriko seme honek!
Madariaga morroiaz informazio gutxi dago. Bere karguak, aberastasunak, gizartean zuen posizioa baino ez dira ezagutzen. Eta bere nagusitasun hori hil ondoren ere erakutsi nahi izan zuela, horretarako ordaindu baitzuen sorterriko elizan toki nagusi bat. Datu horietatik hurbildu ahal gatzaizkio pertsonaiari.
Pertsona batengana hurbiltzeko moduak baina anitzak dira. Saramagok “Memorial del convento” liburuan bestelako bat proposatzen du (itzulpena, nirea):”- ama, hau nire andrea da, Blimunda de Jesús du izena. - Nahikoa izan beharko litzateke hau, bati buruz esatea nola duen izena eta bizitza osoa itxaron zein den jakiteko, baldin eta jakitera iristen bagara, zeren izatea ez da izandakoa izatea, baina ohitura hori da, galdetzea zeintzuk izan ziren bere gurasoak, non jaio zen, zein adin daukan, eta honekin uste du batek gehiago, edo batzuetan dena, dakiela”.
Igandeko egunkariak erregetxe bateko kide baten ezkontzaz koloreztatuta etorri zaizkigu erabat. XXI. mendean, bertako eztei gonbidatu gehienak estatuburu dira familia jakin batekoak izatea baino beste meriturik ez dutela.