Lehendakaritarako ikasten
"Patxi lehendakaria oratoria ikasten Polonian.- Polonian, TV3 telebista kate Katalaneko umore programan, alegia. Handik hartutakoa duzue esketx hau. Patxi Lopezek José Montilla, Kataluniako presidentearengana jotzen du laguntza eske, Euskaraz diskurtsoak egiten ikasteko. Maiatzaren 5ean Lehendakari izendatuko dutela kontuan hartuta, hamar egun besterik ez ditu gure Patxik". http://zuzeu.com/2009/04/25/patxi-lehendakaria-oratoria-ikasten-polonian/
Txantxa bat da, Kataluniako telebista programa bateko txantxa bat. Zeren Patxi Lopez, Euskadin bizi garen bi milioi luze biztanleon kargu gorena izango denak, guk dakigula ez da ezer ikasten ari. Tira bai, lehendakari izateko botuak lotuta dauzkala jakin zuenetik, astean behin euskarazko klaseak hartzen omen ditu. Baina nire lagun Elik esaten duena: bera ere astean behin joaten da gimnasiara, eta horregatik ez du lortu tripa jaisterik.
Baina zer estudiatu behar du batek lehendakari izateko? Bistan da ikasketa aldetik, jakintza erakutsi aldetik, eskatzen den maila ez dela altua. Lehendakari izateko nahikoa da hauteskundeak irabaztea. Batzuetan, zeren beste batzuetan nahikoa da arerio politikoarekin hitzartzea lehendakari izango zarela. Hori bai, horrek behar du barrenak jateko gaitasuna izan dezazula aurkari politikoarekin argazkia ateratzen duzun bitartean, ikusten duzunean berak harro eta ironia arpegia duela, eta zu, bigarren planoan, ardi-irribarrearekin euri-jasari eusten zabiltzala, horixe, barrenak jaten. Baina argazkia unetxo bat da, eta lehendakari lau urtetan izan zaitezke, prezioa txikia da. Bestalde, konpentsazioak ez dira makalak, ala ez al da sari itzela Athletic kopa finalean palkotik animatzea, Erkidegoko Lehena zarela jakinda? Pentsatze hutsak listuz betetzen du ahoa.
Gatozen baina ikasketetara. Lehendakari izateko ez da ikasi behar. Futbolari izateko ere ez, baina behintzat futbolean ona izan behar duzu. Lehendakari izateko, ez da hori ere. Izan zaitezke sekula lanbiderik izan ez duzuna, ikasketa barikoa, hizkuntz eskakizunik gabekoa, hizkuntza bakarrean diskurtso bat tajuz lotzeko laguntza behar duzuna. Hitz batean, tipo mediokre bat zeure kabuz lan duin bat nekez topatuko zenukeena. Berdin dio. Alderdia daukazu, aholkulariak dauzkazu, eta inportanteena, zeren kontra egin nahi duzun argi daukazu. Zertarako gehiago. Lehendakaritza izan daiteke berez karrera. Ibarretxeri behintzat, EGA ateratzeko balio izan dio.