Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Gorria

Gorria

Elena Laka 2010/06/21 21:19

Semeak futbol partida ikusten daude telebistaren aurrean. Arineketa batean afalarazi didatenez, ordenagailura erbesteratu naiz.

Gorritu barik dihardute Espainia animatzen. Arrazoia, Marx gorriak esandako herriaren opioaren hori: Espainia kanporatuz gero, ez da mundial gehiago izango ordainbariko telebistan. Ergo futbol barik larrugorritan ez geratzeko dohaineko telebistan, hobe Espainiako Gorriak irabazten badu. Bestela ume gajoek futbol barik gorriak ikusiko lituzkete. Miseria gorria gure aitarena, horren beste urtetan Espainiako futbol ekipoaren kontra egonda, ilobak Espainiaren aldeko irten.

Gorriak erbesteratu nauela, duela hilabete batzuk irabazi genuen errekurtso bat etorri zait gogora. Jar dezagun bezeroak Mohamed zuela izena. Espainiak espainiar nazionalitatea ukatu zion, nahiz eta berak behin eta berriro espainiartasuna eskatu. Errekurtso landu bati eta bere peorako bizilagun guztiek auzoko ona zela egiaztatzen zuten sinadurei esker, Espainiar nazionalitatea lortu genuen. "Badaukat nahi nuena, Laka", esaten zidan meloi zatiaren pareko irribarreaz, "amesten nuen pasaporte gorria, honekin munduan libre ibili ahal izango naiz".

etiketak: ume, gorria, gorri, futbol, Espainia
Elena
Elena dio:
2010/07/01 14:50

Mikel, askotan ez dakigu baloratzen zer dugun (pasaporte gorria, munduan zehar trabarik barik ibiltzeko), eta batez ere, zer ukatzen diegun besteei (alde batetik bestera libre ibiltzeko eskubidea). Ala baten batek imajinatzen du bere burua peora barruan etxez-etxe joaten, ate bakoitzean tinbrea jotzen, eta bizilagun bakoitzari eskatzen sina dezala agiri bat esaten duena pertsona zintzoa zarela, sekula ez duzula auzokoekin iskanbilarik eduki eta auzoan dituzun obligazioak ganoraz betetzen dituzula? Auzo lotsa ere ematen du zure bizilaguna horrelako trantze batean ikusteak.

Mikel Elorza
Mikel Elorza dio:
2010/07/01 14:27

Zorionak Elena (eta batez ere Mohammed). Nik ere badut bezero bat, demagun Mohamed izena duela, trantze antzekoan, nazionalitate espainola lortu nahian. Zertarako nahi zuen, galdetu nion. Berak aurrena broma, ea euskalduna eskatu behar ote zuen, eta Iñaki izena jarri. Nik ezetz, euskalduna ere ez, Afrikako berearekin ez ote zuen nahikoa. Eta orduan serio: Afrikako nire herrira igual-igual joango naiz pasaporte gorriarekin, eta ostera balioko dit lan bila munduan (batez ere Europan) ibili ahal izateko. Bere herrian lana lortzeko oso baliotsua omen pasaporte europar bat, plus izugarri bat. Arrazoi du, noski. (eta semeek gorria animatzeaz, futbola gehiago ikustearen arrazoiaz gain, nire inguruan bestelakoa ere badago, nolabaiteko "hurbiltasuna". Hainbat helduk garbi adierazten ez duena; haurrek, nireek eta bere lagunek, inolako pudorerik gabe adierazten dute Gorriaren alde daudela.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.