Giristiano izateko manerak
Joan zen Aste Santuko oporretan Oierrek sekulako matraka eman zigun Ronaldoren kamiseta bat erosteko. "Zer Ronaldo?", esaten nion nik, "hori ez da aspaldikoa, Ronaldiño ala zer?" "Ez ama, Ronaldo Manchesterrekoa, Cristiano Ronaldo".
Oporretako herri osoa miatu genuen kamiseta bila. Ni ez nengoen gertu 40 euro ordaintzeko etxean sartzen den futboleko enegarren kamisetarengaitik. Bueltak ematen aspertuta, azkenean, txinodenda batean topatu genuen guretako moduko bat: Manchesterreko kamiseta bat atzean Cristiano Ronaldoren izenarekin, frakak eta galtzerdiak, dena prezio majo baten truke.
Umea poz-pozik egunak pasa zituen Ronaldo jantzita, nahiz eta konturatu zen eskudoan ez zuela jartzen Manchester United, Manchester Sporting baino. Gurasoek garrantzia kendu genion: gure garaian ere eraman arazten ziguten Levisa frakak.
Atzo badatorkit mutikoa esanez Ronaldo Real Madridera doala. Atentzioa ipini albistean eta fitxajearen kopuruari erreparatu nion lehen aldiz: 93 milioi euro. “Hori diru asko da”, esan nion umeari, nahiz eta nik zehatz-mehatz ere ez jakin zenbat. “Ama, zenbat? Zenbat txokolatina erosi leizke diru horrekin?”. Esan nion nik 300 urtetan lan eginda ere ez nuela hori irabaziko (segituan konturatu nintzen, beste behin, zelako txarra naizen bapateko kalkulu matematikoan). Umeak orduan begiratu zidan bere ama langile txiro miserable bat baino izango ez balitz bezala, baina ezer ez esateko tentu ona izan zuen.
Segundu batzuetara baina erantzun zuen: “orain ezingo dut Manchesterreko kamiseta erabili, ze Ronaldo ya Madriden dago”. Ez da zaila hurrengo zer etorriko den asmatzen: Ronaldoren Madrideko kamiseta erosteko kaparrada.
Futboleko kamisetak oso praktikoak dira (amendako) gurasoendako, oso erraz garbitzen eta sikatzen dira, eta ez dira plantxatu behar. Hurrengo kamiseta zuria baldin bada, bentaja gehiago: lejiatan sar daiteke orbanak kentzeko :-)