Galdera berriak belaundaldi berrientzat
“Protesta egiten dugu ez dugula gure gurasoak baino gaizkiago bizi nahi”.- Estudiante frantsesek arrazoi hau ematen dute erretiroen legearen aldaketaren aurka kalera zergatik ateratzen diren azaltzeko. Pentsioen aldaketaren aurkako beste protesta egun jendetsu batek Sarkozy itotzen hasi da. El País, 2010-10-16
Amaren amak harrizko garbitegi batean garbitzen zituen arropak, etxetik laurehun bat metrora, uda eta negu ur hotzarekin. Amak garbigailu batean, xaboiarekin garbitu bai, baina eskuz aklaratzea eskatzen zuena. Nik arropak makinan sartzen ditut, eta lanean nagoen bitartean arropak bakarrik garbitzen dira. Historia emakumeen aurrepausoetatik idatziko balitz, garbigailu automatikoa testuliburu guztietan agertuko litzateke aurrerakuntza guztien ikur. Horri eta beste txikikeria batzuri esker, gure belaunaldiak gutxienez aurreko biak baino hobeto bizi izatea lortu du.
Amonari sekulako aurrerakuntzak begitantzen zitzaizkion emakumeentzako prakak janztea, estudiatzea eta autoak gidatzea. Eta bikinia. Eta hori ez genuela antisorgailuez hitz egiteko aukerarik izan! (hamar seme-alaba erditu zituen). Ostera, erretiratu ostean pentsio bat jasotzea, hori ez zitzaion bitxia iruditzen, nahiz eta berak bizitza guztian kotizatu bariko lanetan ibilita, sekula ez zuen bere pentsiorik izan.
Bitxia da, gaur egun ezagutzen dugun erretiro-sistemak ehun urte bainoa gehixeago dauka, eta hala ere ez zaigu iruditzen berrikuntza bat denik gure bizitza aldatu duena, gaztetakoa zein zahartzarokoa. XX. mende hasieran ezarri zen sistema iraultzailea: lanean dabilen bitartean soldataren kopuru bat kentzen zaio langileari, eta horrekin zahar garaian pentsio bat bermatuta dauka. Mekanismo sinple bezain eraginkorra. Izan ere XX. mendeko kontua da belaunaldi bakoitza aurrekoa baino hobeto bizi izatea (gerra garaiak kentzen baditugu), eta honez gero denok barneratu dugu ongi-izatean egiten den aurrerakuntza gauza naturala dela, ez dagoela atzerapausurik.
Horrela izan da orain arte, arropa garbiketaren adibidean moduan. Baina krisi garaiak galdera berriak ekarri dizkigu. Behar bada ez da axioma unibertsal bat belaunaldi berriek bere gurasoak eta aiton-amonak baino hobeto bizi behar dutenik. Agian belaunaldi berri bakoitzak ezin ditu gurasoen eskubideak oinordetzan hartu eta gainera hobetu, horretarako lanik egin ez badu. Gure aiton-amonek umezaro gordina izan zuten, eta zahartzaroa berriz, goxoa. Kotoietan hazitako belaunaldiei, zer udazken egokituko zaie, setazkoa?
Oso ona artikulua: zorrotza, fiña eta mortala, estiletian antzera.