Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Gai beraren gaineko bariazioak

Gai beraren gaineko bariazioak

Elena Laka 2008/06/07 23:51
Asteleheneko Goienkaria

 

"Obamak eta Clintonek bukaera adiskidetsu bat negoziatzen dute aurrez-aurreko historiko baterako. Bi senatariak isilpean elkartu dira Washingtonen etorkizunaz berba egiteko. Zalantza barik, bere bizitzako egunik ziragarri eta zoriontsuenetariko bat izan den horren ondoren, Barack Obamak asteburua libre hartzea erabaki du, bere emazte Michelle afaltzera eramateko, eta bere bi alabekin bizikletan ibiltzera joateko".  El Pais, 08-6-7

 

Beltz bat eta emakume bat norgehiagokan demokraten hautagaitza lortu nahian, Amerikako Estatu Batuetako lehendakaritzarako.Tradizioz boteretik kanpoko bi presidente izateko lehian. Beltza, duela berrogei eta hamairu urte oraindik autobusean zuriei tokia laga behar ziena. Emakumea, duela hirurogeitazortzi urte arte botorik ere eman ezin zuena. Bi kasuetan, berritasun itxaropentsua guztiontzat, inperioak katarroa harrapatzen duenean, guztiok estulka hasten garelako.

Laburra baina zoriona behartsuaren etxean. Arraza eta generoaren arteko berdintasunean urratsa emanda zegoelakoan geundenean, Espainiako progresiaren egunkaririk serioenak diosku Obamak bere andrea afaltzera “eramateko” hartu duela asteburua libre. Txakurra bailitzan, “eraman”. Obama eta Michelle ez doaz elkarrekin afaltzera, ez, andreak senarra behar du afaltzera “eraman” dezan. Txatxarra aurrera pausoa.

Moskeoa oraindik pasatzeke, banoa zapatuko periodikoan aurrera, eta Cristina Garmendia Zapateroren ministro donostiarrari egindako elkarrizketarekin egiten dut topo. “Seme-alabek eta senarrak, nola hartu dute zu ministro izatea?” “Lortzen duzu familia eta lana bateratzea?”. Zergaitik ez dut irakurri sekula Moratinosen andreak zer irizten dion gizona ministro izateari? Noiz galdetu diote Felipe Borboiari nola uztartzen dituen alaben zaintza eta lana?

Arnasa hartu du irakurleak, eta pentsatu du, kontsolamenduz, beste mundu batean bizi dela. Behintzat afaltzera joateko ez daukala inork atera beharrik, eta lanean ere sekula ez diotela galdetu familia eta lanaren arteko bateratzeaz. Arnasak txikia baina, zere egunkaritik burua altxa, eta lagun neska batek kontatu dio joan zen egunean telefonozko inkesta batean galdetu ziotela ia gizonak etxeko lanetan laguntzen zion. Eta hori “vascas y vascos” esapideaz bandera egin duen agintariaren menpeko erakundearen inkestan. Inguratuta gaude.

 

Elena
Elena dio:
2008/06/09 18:04

Morroi?

Luistxo
Luistxo dio:
2008/06/10 11:46

Morroi gutxi ikusiko duzu umezaintzan, ez familia kontserbadoreetan, ez progresistetan.

Elena
Elena dio:
2008/06/19 02:32

Tradizioz emakumeek egin dituzten lanak lanbide bilakatu direnean, emakumeek segitu dute lan horiek egiten. Horregaitik garbitzaileak, ospitaleko laguntzaileak, erizainak, eta zaharren eta umeen zaintzaileak emakumeak dira. Lanbide horiek prestigio piska bat hartu dutenean, gizonekin izan da: sukaldariak, ile-apantzaileak, jostunak...

Luistxo
Luistxo dio:
2008/06/09 17:40

Felipe printzeak uztartzen du alaben zaintza eta lana, Letizia printzesak uztartzen duen bezalaxe: neskameekin. Neskame terminoak ba ote maskulinorik?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.