Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Elkarrekin bizitzeko plana

Elkarrekin bizitzeko plana

Elena Laka 2010/04/25 22:16
Asteleheneko Goienkaria

“La polémica (en ocasiones, sobredimensionada) que en las últimas semanas se ha generado en torno al Plan de Convivencia Democrática y Deslegitimación de la Violencia hacen obligada una explicación de por qué queremos sacar adelante esta iniciativa y qué es lo que le diferencia de la anterior”. Patxi Lópezen bloga, 10-4-24.

 

Errege Borboia paperean irakurtzen dituen diskurtso luze hutsetan mintzatzen da; Aita Santua, latinezko izenburua daukaten entzikliketan; ETA, esaldi subordinatuz betetako esaldi amaigabeko komunikatuetan; eta Patxi Lopez, berak idazten duela sineztarazi nahi digun gaztelera hutsezko blog osatu batean.

 

Aitortzeko moduko perbertsioen artean daukat horiei guztiei irakurraldi bat ematea. Noizean behin, gehiegikeria bizioa da. Horrela jakin nuen zapatuan, Patxi Lopezen blogaren bidez, hiru zutoineko plana dela diseinatutakoa ikastetxeetan aplikatzeko: elkarbizitza demokratikoaren sustapena, biktimen oinarrizko papera indarkeriaren deslegitimazioan, eta euskal gizartearen deslegitimazioa indarkeriaren aurkako borrokan.

Irudipena daukat hezkuntzan ezarri nahi duten Elkarbizitza Demokratikorako eta Indarkeria Deslegitimatzeko Plan honetan ez ote diren larregi tematu. Ez ote duten, kosta ala kosta, bandera bat sortu finean ikur hutsean geratzeko.

 

Zeren, bat: martxoko Ikastola aldizkarian irakurri nuen James S. Colemanek duela 46 urte egindako ikerketa: gazte batek lortzen dituen emaitzen gainean, eskolak  %20-25eko erantzukizuna baino ez dauka. Estatu Espainiarrean eragina txikiagoa omen da oraindik, %15.

 

Zeren, bi: nik ezagutzen ditudan ikastetxeen helburuen artean daude ikasleak giza baloretan heztea, elkarrekin bizitzeko, eta berdintasunerako eta aniztasunerako heziketa.

 

Zeren, hiru: besteok ere balore horietan hezi gintuzten, ikastolan nahiz etxean, indarkeriaren kontrako jarreran. Ikasi genuen, kasu, inor jipoitzea ez zela zilegi, horretarako jipoitutakorik ikasgelatik pasa ez bazen ere.


Zeren, lau: ikasi genuen etxean, eta ikasi genuen ikastolan, eta gero gauzak entzun genituen, eta hasi ginen irakurtzen, eta inguruan begiratzen eta adi egoten. Eta ikasitakoaren ondoren, eta batez ere, ikusitakoaren ondoren, ekin genion norbere iritzia eratzeari Ez baitago eginez erakusten dena baino ikasgai hoberik. Ekin bekio Jaurlaritzak elkarrekin demokrazian bizi izateari eta indarkeriari zilegitasuna kentzeari, berak ekin, eta ikusiko du Lehendakariak nola eskola-ume eta ikasleek, berari jarrai.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.