Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Izan eta Esan / Bergara, jaietan jai

Bergara, jaietan jai

Elena Laka 2010/05/23 23:08
Asteleheneko Goienkaria

Herriko jaietan murgiltzeak, krisiaren albisteengandik, argitaratzen diren tontokeriengandik edo gatazka guztiengandik urrundu gaitu. Festaren izpirituak oasi (edo ispilukeria) bat sortu du, jai giroak zutabegilearen bihotza bigundu, eta behingoz bada ere, eztena gorde, eta zorroztailea limurtzaile bilakatu da. Jaietan dabilen herriaren omenez, hona hemen Bergaratik gustatzen zaizkidan hamar gauzen zerrenda:

 

1. Euskaraz bizi den herria izatea. Eskertzen dut kalean, lagunartean, dendetan eta erakundeetan euskaraz normal berba egitea, estimatzen dut gure semeak arlo guztietan modu naturalean euskaraz haztea.

 

2. Zazpi-zortzi urteko ume bat herri osoan zehar patinete gainean bakarrik ibili ahal izatea, umearen autonomiaren eta gurasoen lasaitasunaren mesedetan.

 

3. Kalean, azokan, dendetan  jendeak nire izenez agurtzea eta zer moduz nagoen galdetzea. Eta nik gauza berbera egitea, despistatzen ez banaiz behintzat. Atsegin dut  gertutasun hori.

 

4. Herrian bizi den musika zaletasuna, zenbat herritarrek hartzen duten parte musikarekin zerikusia duten ekitaldietan, eta mota askotako jendea izatea kantuan egin edo instrumentu bat jotzen duena. Musikak nola duen presentzia herriko bizitzan.

 

5. Elizkizunetako eta bereziki hileta-mezetako musika, koroa eta organua. Santuseko “ossana” aurretik organuak jotzen duen akordea lehen aldiz entzun nuenetik, erabaki nuen  soinu bakar hori entzuteak ondo merezita daukala meza bat.

 

6. Nire ezkon familia osoak eskaini didan maitasun baldintzagabea, gutxienez azken hirurehun urteotan Bergaran edo Antzuolan jaio ez den lehen famili kidea izanda ere. Bihotz bihotzez, eskerrik asko.

 

7. Santa Ana parkea. Maite dut txoko hori edozein urtarotan, espazioa, uraren soinua, zuhaitzak eta erakinak. Agintariren bati bertako elizan kristaldegi handiko kafetegik bat ipintzea otuko balitzaio, nire hilarteko botua eskuratuko luke.

 

8. Zerbait urrun dagoela adierazteko erabiltzen den esamoldea: Pikunittan egon. “Noraino joan zara, Pikunittaraino ala?”. Pikunitta Bergaran baina ia Aizpurutxon dagoen baserria da, herri barruan baina azken mugetan. Bereziki apreziatzen dut umeren bati entzuten diodanean.

 

9. San Martzial eguneko jaia, Bergarako festarik onena zalantza barik.  Dena gustatzen zait: idi parea, dultzaineroak, ardo-barrikotea, dantza, giroa, erromeria, lagunartea... Festaren alaitasuna eta alkohola lagun, bergararren alderik dibertigarriena eta atseginena ateratzen da egun horretan.

 

10. Bergara herriaren kokapena. “Bergaritis herrititis” eraso zorrotz bat eman, eta halako batean hiri haizea arnasteko premia sentituz gero, hiru ordu laurdenean Bilboko, Donostiako zein Gasteizko erdigunean egon zaitezkelako, hartu ufada, birikak bete, eta buelta.

 

Bergarar bizikideok, debagoiendarrok, pasaiuez ondo jaixak!

etiketak: jaiak, Bergara
asier
asier dio:
2010/05/24 17:03

Mekauen! Neuk be bergarar izan nahi dot! Bittartian, pentsauko dot nere DNA laurdena Bergara-Antzuola ingurukua dala. Horrekin konformau biharko gara ;-)

elena
elena dio:
2010/05/25 01:07

Asier, Eibarkoak badakizu: nahi dogun tokikoa izan gaittezke.

Oier, ez dot ezagutzen programa hori, baina entzun behar dot.

oier g
oier g dio:
2010/05/24 23:25

Iñork Bergarako gaztien idiosinkrasixian gaiñian zeozer jakin nahiko baleu, Txapa irratiko saio bikain bat dago interneten: http://haundikeittan.blip.tv/posts?view=archive&nsfw;=dc Euren iritzixekin bat egon zeinke edo ez, baiña dudarikpe etorrixa dakela mutillak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Elena Laka. Elena. Elenalaka. Elen. Helen. Ama. Letrada. Señora Laka. Horretxei erantzuten diet. Horretxetatik abiatzen naiz.