Denon Reala
Kontu Publikoen Euskal Epaitegiak berriro ere zartakoa eman dio Gipuzkoako Diputazioari, 2003 urtean Real Sociedad taldeari 9 milioi euroko dirulaguntza ematea erabaki zuelako ( ). Ondorioztatzen du dirulaguntzei dagokien arautegia betetzen ez duela, eta kontsignatutako aurrekontu gabe eta arauaren kontrako prozedura bidez eman zela. El Pais, 05-11-12.
Albiste batzuk hauts alerik txikiena harrotu gabe argitaratzen dira. Gipuzkoako erakunde gorenak mila eta bostehun milioi pezeta eman zizkion orduan Astiazaranen menpe zegoen enpresa pribatuari. Bi urte beranduago talde berak dirulaguntza halako hiruko zuloa dauka, eta hilabete batzuk beranduago, Kontu Publikoen Epaitegiak irregultartasunak antzematen ditu dirulaguntza-emate erabakian. Ura joanda, presa egin, esaten diote horri nire herrian. Kontuen Epaitegiak ebatzi du, baina ez du konturik eskatu. Ez berak, ez beste inork, guk dakigula. Gastatutakoak gastatuta, bueltak amari?
Kontutan izanda zenbat euro atera den Gipuzkoako zergapeko bakoitzaren patrikatik konturik bariko irregultartasun hau ordaintzeko, baten batek, sikiera, emango al digu azalpenik? Konturik ez, erantzukizunik ez. Garbi asko adierazi du Clemente guruak: futbolean iraganak ez dauka ia baliorik. Ahor klabea. Joanak joan, 2003 urtea iragana da, guztiok ortzemuga berrira begira. Reala guztiona, Gipuzkoa-arena da.
Arrazoia zuen abade hark gaur egun ateorik ez egoteaz kexu zenean. Batzuk behintzat, hankabaloia dute Jainko. Pekatu gutxiko erlijioa. Dena zilegi, dena aurrera. Lastima gipuzkoarrondako apostasiarako aukera barikoa izatea. Saiatu bestela hurrengo zerga deklarazioan dirulaguntza irregular bat eskuratzen. Eta gero iraganak ia baliorik ez duela erantsi. Zergapekoen zorren zuloaren zorabioan zaramatzakete.
"9 milioi euro eman dizkiegu gure Realari eta orain tonto jartzen da Epaitegia".
"Nor daukagu hor?"
"...."
"Telefono dei bat egin beharko dugu".
"Eta arartekoari ere dei egin beharko zaio".
"Zergatik?"
"Errauskailuaren inguruan esan dituenagatik".
"Non bazkalduko dugu gaur?"
"Juan Mariri egingo diogu bisita".
"Nire kontura".
Oharra: nire kontura esaten denean, irakurri gure kontura. Beti.