Arartekoa Bergaran
Joan zen ostiralean Iñigo Lamarka Arartekoak hitzaldi bat eman zuen Bergaran UNEDeko ikasturte hasierako ekitaldian.
Jende dexente elkartu ginen Udaletxeko aretoan hura entzuteko. Zenbait agintari eta politiko (beraiek desberdintasun hori egin zuten, nire ondoan eserita zegoenari pero si es lo mismo atera zitzaion), titulua jaso behar zuten zenbait ikasle, irakasleren batzuk eta herriko jende soltea.
Lamarkaren hitzaldiak, herriaren defendatzaileen figura eta egitekoari buruzkoak, zenbait gogoeta sortu zizkidan:
- Formaren aldetik: ordu erdi inguruko diskurtso guztiz irakurria, pasarte batzuk gazteleraz, beste batzuk euskaraz. Testua irakurtzeko pentsatuta zegoen, aldizkari batean argitaratzeko idatzi bat izango balitz bezala, erabat idatzizko forma eta egitura zeukan. Begitantzen zait komunikazioaren, zappingaren, publizitatearen, irudiaren aroan, ezin zaiola irakurritako diskurtso tradizionalari eutsi. Nire iritziz, diskurtso horren mamiaren %75 airen galdu zen, ez zen entzuleengana iritxi. Komunikazioaren aldetik, gogora ekarri zidan Anjel Lertxundik sermoien inguruan idatzitakoa.
- Edukiaren aldetik: Diskurtsoaren testuaren irakurketa lasaiak behar bada galdu nituen zehaztasun mordoek besterik erakutsiko lidaketen arren, entzun nuenaren komentario bat egitera ausartzen naiz:
- Lamarkaren tesia zen herriaren defendatzailearen figura demokraziari kalitatea emateko sortua dela, giza eskubideak berma daitezela zaintzen baitu, eta beraz Arartekoaren zeregina horixe dela, berme horren jagole izatea.
Hala ere, Arartekoa Legebiltzarreko komisionatu independiente dela kontutan izanda, eta horrela azpimarratu zuen behin baino gehiagotan, faltan bota nuen Administrazioarekiko kritika bat.
Alegia, Arartekoaren lana bai da giza eskubideak berma daitezela zaintzea, baina baita ere herritarra Administrazioaren agintekeriatik eta boterekeriatik defendatzea, eta zentzu honetan Administrazioaren jardunarekiko kritika bat faltan bota nuen. Bazirudien bermatu nahi diren eskubideen urraketa ez dakit zein ente abstraktori eskatu behar zitzaiola.
Era berean falta bota nuen kontrol legal eta judizialaren funtzionamendu hobe bati buruzko iruzkin bat, nahiz eta ulertzen dudan behar bada ordu erdiko diskurtso batean ez zegoela halako uretan sartzerik, eta baita ere Arartekoaren erabakien lotesletasunik ezaren ondorioei buruzko iruzkin bat.
- Bermatu beharra dagoen eskubideen zerrenda bat egin zuen, eta atentzioa eman zidan bi aldiz gutxienez aipatu zituela transexualen eskubideak. Ondo derizkiot transexuelek sentitzen duten sexura egokitzeko eskubidea izatea, eta badakit zein bandera darabilen Arartekoak, badakit banderak beharrezkoak direla maiz.
Baina iruditzen zait baita ere eskubide kontuetan badagoela gradazio bat, eta ez zitzaidan iruditu, adibidez, horren beste azpimarratu zuenik langileek lanean duten bizitza-eskubidea, horren beste aldiz urratua.