Esperientzia
Esperientzia polita eduki dut aste honetan eta aurrekoan: Debabarreneko Esperientzia Eskolan zuzenbideko klaseak eman ditut, hiru goizez. Hogeitalau ikasle, hogeita bi emakume eta gizon bi. Gazteenak, ni baino hogei urte gehiago. Hasierako bi klaseetako gaiak neuk aukeratu nituen, zuzenbidearen sarrera bat eta oinordekotzak. Hirugarren klasekoak, beraiek: jabetza horizontal. Gerturako sudurreko anteojoak jantzita zituztela, adi-adi entzuten zuten, apunteak hartzen zituzten eta ulertzen ez zutena galdetu egiten zuten. Patxadan, lotsabako, umoretsu. Kafealdian beraiekin berbetan, kontatu zidaten pozik zegozela klaseekin. Gai ezberdinak lantzen dituzte. Neurearen bezperan generoko klasea eduki zutela. Emakumeen eta gizonen rolak jorratu zituztela.
Esan zidaten nola generoko lehen klasean bakoitzak adierazi behar zuela emakumea hitza entzuterakoan zer zetorkion burura. Itxura denez, gehien atera ziren hitzak sacrificio eta abnegación izan ziren. Harridura arpegia ipini nuen, seguru, ze segituan argitu zidaten: zu beste belaunaldi batekoa zara.
Bai, beste belaunaldi batekoa naiz:
- berrogeitamapiku urterekin auskalo klaseetara joateko moduan egongo naizen
- ikusiko dugu orduan zer dugun edade horretara iristen diren baby-boomeko belaunaldikoontzat
- emakume hitza aipatzerakoan bururatzen zaizkidan bi mila hitz eskatuta ere, sekula ez nituzke zerrendan sartuko sakrifizio eta pairamen berbok.