ortozik nago
Ortozik, oin hutsik, oin biluzik egotea eta ibiltzea munduko millaka milloikaren egunerokoa da. Gehien-gehienak halabearrez, baina badira naturari erantzuten dion logika aplikatuz egiten dutenak ere. Esaterako, ortozik egoteari zerbait gehitzeko xedez honekin egin dut topo.
Nirea ez da horrenbesterako, baina ezta bloga egiteko erabiltzen dudan izen hutsa ere. Metaforak alde batera utzita, asko dirakela, horiek baino gehiago ere bada apurtxo bat...Duela urte bat baino gehiagotik hilean behin gutxienez, gure baserritik gertu dagoen Kalamua mendia igotzen dut, ortozik.
Egun baten Miquel Colomer lagun eta errefrexologoaren aholkuz, froga moduan zein mailara arte posible den ikusteko ibiltzen hasi eta ordu erdira neukan totontorra jo nuen (bidetik kanporako sailak pasatuz). Ordutik, errepikatu, ibili eta bizio bihurtu da. Behar, ia. Gogaitua edo nekatu xamar nagoen garaitan bueltatxoa falta zaidala somatzen dut. Masajea musutruk, eta gehiago...
Behin, baserriko obra-erropa zaharrak jantzita abiatu nintzen, eta beharbada, aste bateko bizarrarekin. Ordu arrarotan joaten naiz eta ohikoena inorekin topo ez egitea da. Baina eguraldi traketseko astelehen batez, bidez kanpora nindoala hogei bat metrotara pertsona bat agertu zen. Begiratu, eta “bueltia hartu eskumatara” (gure tomtomak bezala) egin zuen. Beldurtu egin nuen...uxatu edo, nire uneko aurpegi lotsatiz.
Inoiz, eguraldi onarekin, jendearekin gurutzatzean agur ixil samarrak jaso ditut (jazkera txukunagoz, ordea).
Mendian beti agurtzea betiko ohitura da. Mantendu beharreko ohituren taldekoa.
Ortozik ibiltzea, probatu beharrekoen taldekoa.
Eta askorentzat, ni, txoroen taldean sartzekoa...bai, mendian topatu nuen harentzat bai seguru.
Baina orain ere ortozik, blogari nago.