Altxa burua!
Burua makurtzea, menpekotasuna onartzeko jarreratzat hartu izan da historian zehar kultura ezberdinetan. Orain smartphone delakoekin, segapotoa alegia (egokiagoa beharbada), era automatiko eta masiboan gorpuzkera sumisoa, subditoa, menpekoarena behartzea lortu dute.
Gainera, telefonoa bera smart da, azkarra, argia, inteligentea, baina erabiltzaileak ordea... Historian lehendabiziko aldiz belaunaldi berrien inteligentzia koefizientea (neurtzen denetik) bere gurasoena baino okerragoa dena baieztatzen duen ikerketa ere badago. Horregatik, Europa iparraldeko eskolatan pantailak ikasgelatatik ateratzen ari dira.
Zenbait herritan Altxa burua mugimendua ari da eratzen, telefono mugikorra nerabeentzat benetako modu inteligentean erabiltzeko edo adin batera arte ez erabiltzeko helburuarekin. Berriki Durangoko Azokan aurkeztu da Nerabeen Garrasia, Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabalen lan bikaina. Argi agertzen da nerabeen osasun mental arazoen areagotze esponentziala, besteak beste.
Auzi honetan, edukiagatik eta erabileragatik arazo asko sortzen dira. Eduki desegokiak, adikziozko erabilerak, wasap taldeen bitartez egiten diren bazterketak, irainak... Eragin larriak sortuz, bai nerabe eta bai berauen familietan, sarritan gurasoak arduradun zuzenak direlarik. Esaterako, 16 urtera arte, ez da legezkoa wasap erabiltzea.
Eraginak areagotzen ordea, badaude faktore gehiago eta batipat osasunean zuzenean eragiten dutenak. Alde batetik konposatu neurotoxikoak eta bestetik, eremu elektromagnetikoak.
Konposatu neurotoxikoak ugaldu egin dira eta era oso deigarrian, txertoetan daude, aluminio hidroxido eta aluminio oxalato edo fosfato moduan. Seguruak direla diote baina 24 ordutan gernutik bota ezean biometagarriak dira, eta non eta gure garunetan.
Eremu elektromagnetikoen efektuei buruz esateko asko dago. Informatu nahi izan ezkero begiratu Bionitiative elkarte zientifikoaren weborria. Beste efektu askoren artean frogatuak daude nerbio-sisteman eraginak, loaren kalitatean eragina (melatoninaren segregazioa kaltetuz) eta baita, mintz hematoenzefalikoan zulotxoak eragiteko efektua ere (Yuri Grigoriev-en taldeak efektu hau dela eta mugikorra 18 urtera arte ez erabiltzeko gomendioa luzatu zuen Errusiako Erradiazio Ez Ionizatzaileen Babeserako Erakundearen bitartez). Garunetan fisikoki kaltea egoteko, toxiko ezberdinek mintz hau gurutzatu behar dute.
Higiene elektromagnetiko neurriak behar beharrezkoak dira: erabilera denborak mugatu, interneta kable bitartez erabiltzen ikasi (routerraren Wifia deskonektatu daiteke eta kable bitartez erabili mugikorra, tableta edo portatila hegazkin moduan erabilita), hegazkin moduan manipulatu eta idatzi luzeak egin, gauean mugikorrak, tabletak eta abar itzali edo hobeto, logelatatik kanpora atera, eta abar.
Lau-buru Teknologiako sortzaile naizen aldetik, urte asko daramatzat gai hau ikertzen eta ezinbestekoa ikusten dut gure haurren eta geronen zaintzan, neurriak hartzea.
Burua argi.