Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ortozik / AEBetako Kongresuko Txosten "negazionista"

AEBetako Kongresuko Txosten "negazionista"

Asier Arregi 2024/12/28 14:26
Orain arte Covid-19 gaitzari buruz egin den ikerketa ofizial handienaren arabera, hartu ziren neurriek oinarri zientifikorik ez dute

Askorentzat inuzente eguneko bromatxoa izan daiteke, baina ez, egia da. Ikerketa honen arabera, konfinamenduak, pertsonen arteko distantziak eta musukoaren erabileraren derrigortzeek oinarri zientifikorik ez dute izan.

Hau da, beste hitz batzutan derrigortze hauek ez dutela osasun arrazoirik izan. Politikoki, arbitrarioki derrigortuak izan zirela.

Derrigortzeak zeuden garaian berdina esaten genuenok negazionistak ginen mundu osoko komunikabideen doktrina inposatuaren arabera. Orain zer? Komunikabideek gezurretan jarraituko al dute?

Hemen jeitsi dezakezue ikerketaren pdf dokumentua: Report on “After Action Review of the COVID-19 Pandemic: The Lessons Learned and a Path Forward.” AEBetako kongresuko weborrian dago.

Amatiño
Amatiño dio:
2024/12/28 21:35
Irakurri ostean, nik ez dut arazorik txosten osoa onartzeko. Eta zuk ere... osoa?
Asier Arregi
Asier Arregi dio:
2024/12/28 23:09
Ezin ganoraz erantzun, ez daukat zure bixkortasunik eta. Ez ditut oraindik irakurri txostenaren 520 orriak.

Baina segurua da osorik onartzen onartzen ez dudala, nik pentsatzen dudana ere oso osorik onartzen ez dudan heinean.

Normalean benetako izaera zientifikoz guztia zalantzan jartzeko joera edo ohitura daukadalako. Esaterako, froga zientifikoei begira, kontagio fisikoaren teoria bera ere zalantzan jartzen dut eta. Eta are gehiago, Covid-19aren sintomatologia SARS-Cov-2 birusak sortzen ez duenaren hipotesiak indar asko daukalako irakurri, ikusi, ikertu, bizi eta landu dudan informazioaren arabera.

Edozein modutan, eskertzekoa zure aldetik Covid-19aren inguruan zalantzan jartzea arbitrarioki hartu diren eskubide eta askatasunen murrizketen eraginkortasuna eta zilegitasuna, txostenean azaltzen de eskoletako neurrien desastrea eta abar. Gauza ilun asko egon dira eta txosten honek nahiko epel bada ere horietako batzuk agerian jartzen ditu.
Amatiño
Amatiño dio:
2024/12/29 00:30
Arrazoi duzu. Izan nadin zehatzago. Nik ez dut arazorik Brad Wenstrup DPM txostenaren chairmanak, laburpen gisa, sinatzen dituen ondorio guztiak onartzeko. Eta zuk?
Asier Arregi
Asier Arregi dio:
2024/12/30 13:58
Pozten nau zuk laburpena bederen osorik onartzeak, tartean itxialdien zilegitasunik eza eta eskolen itxierak. Oso interesgarriak ere laburpenean azaltzen ez diren komertzio txikiari egindako kaltea, OMEren txosten kutreak, distantziamentuen oinarri zientifikorik eza, musukoak eragindako kaltea (onura baino handiagoa), txerto-pasaportearen oinarri zientifikorik eza, Biden-en gobernuak txertoen onurak neurrigabe puztu izana, gobernuak emandako informazio faltsuak (ivermectina zaldi eta behientzat zela soilik), txertoek sortutako miokarditisen konpentsazio ordainetan irregulartasunak eta zenbait portaera mafioso.

Ezkutatzeko potolegiak dira portaerok, FMIko datuetan 2017 eta 2018an daude-eta estatuen arteko Covid-19rako PCR-en salerosketa transakzio millonarioak. Edozein modutan, kritika minimo bat egite hau pausu haundi bat dela uste dut, horrelako informazioa pandemian oso era bortitzean zentsuratu egiten baitzen.

Gure estatuan Epaitegi Konstituzionalak ere legez kanpokotzat jo zuen itxialdia, baina gure politikariak ixilik. Erantzunkizunik inork ez.

Txertoei buruz "Operation Warp Speed" programaren onuretaz ez daukat inongo daturik (puntu honegatik egiten didazula galdera suposatzen dut), eta txostenean ere ez ditut aurkitu. Baina bai hasieratik zentsuratutako ahotsek esan izan duguna: Covid-19 txertoen mandatuek ez dutela izan oinarri zientifikorik, txostenaren 336 orrian argi azaltzen duenez ("COVID-19 Vaccine Mandates Were Not Supported by Science.
Not only did COVID-19 vaccine mandates cause many unintended consequences, but they were also not based in science. In President Biden’s September 9, 2021, announcement of the federal workforce mandate, he cited the notion that the vaccines protect against infection as the first example for why the mandate was necessary"). Wenstrup chairmanak berak Covid-19 jasan zuen Pfizerreko bi zaztada hartu eta gero.

Eskura dauzkagun datuak aztertuta txertoek onurarik sortu dutena gezurra da. Osakidetzako datu hotzen azterketa eginda, Covid-19ari buruzko datuena, gezur monumentala da. Eta hori iktus, tronbo, kirolari gazteen heriotza, bihotzeko eta minbizi galopanteen igoera ikaragarria aztertzeko datuak ezkutatuta edo albo batera lagata.

Urte askoan kazetari profesionala izanda, ados al zaude garai hauetan ezarri den zentsurarekin?
Amatiño
Amatiño dio:
2024/12/30 16:41
Begira. Zuk ekarri duzu hona AEB konkresoaren erabakia, Meditarraneoa deskubritu izan bazenu bezala, eta zure tesien aldekoak balira bezala. Gero, nik ondorioak onartu, eta zuk ez. Hanka egin.

Ondoren, adiskide, hitz gehiegi erabiltzen duzu, ezer gutxi esateko. Beti zirkuan ari zara, ez dakit pailazo, malabarista ala trapezista. Beti, esne-berbetan.

Azkenik, ni ados al nagoen garai hauetan ezarri den zentsurarekin. Arazorik gabe erantzungo dizu, bai ala ez. Batere beldurrik gabe. Baina lehenik zehaztu, non, noiz eta zertaz ari ote zaren.

Zuk ez duzu eztabaidatu nahi. Zu ari zara beti, XIX. mendeko euskal apologistak bezala, zure aurreiritziak baietsiko dituzten frogen bila. Eta, gainerakoak ez dituzu ikusi ere nahi. Ez baleude bezala. Hemen, sinesgarritasun gutxi duen aurrena zeu zara. Eta ez zara, nonbait, konturatzen. Edo ez duzu jabetu nahi. Ez zaizu komeni-eta. Ez dago beste misteriorik.
Asier Arregi
Asier Arregi dio:
2024/12/30 21:42
Nahiko harrituta, esan behar, zure erantzunaren maila eta tonuarekin.

Idatzitakoak irakurri ezkero edo nire blogeko sarrerak irakurtzen badituzu txosteneko zerekin ez nagoen ados oso errez asma zenezake: birusaren hipotesia bera eta Warp Speed programa horren onura (datu eta frogekin oinarritutako baieztapenik ez baitut ezagutzen). Hauek zalantzan beraz. Beste guztiarekin (edo orain arte 520 orrietatik irakurritako guztiarekin) ados eta pozik, lan mardula delako eta itxura baten objektibotasun askorekin. Ez dut inora hanka egiten.

Egiten duzun AEBtako Kongresuko txosten honen onarpena eta zentsurarekiko adostasunari baldintzatutako erantzun eza dira mezu trukaketa honetan dauden esne-berbarik esnetsuenak. Izan ere, benetan onartuko bazenu, haserre tonua nerekin baino, arras logikoagoa litzateke gure haurren eskolak moztu zituztenekin, itxialdia behartu zutenekin, musukoaren absurdoa ezarri zutenekin, txerto-pase-nazia ezarri nahi zutenekin, zer zentsuratu erabaki eta gauzatzen dutenekin; pertsonen arteko distantzia, mugimendu mugak, komertzio eta negozio txiki pilo bat pikutara bidali dituzten politikak eta abar... oinarri zientifikorik gabe derrigortu dituzten horiekin erabiltzea.

Ikuspegi zientifikoa daukat, zientzia maite dut eta zientzia zalantzatik elikatzen da. Inoiz ere ez dogmatik. Dogma zientziaren erabilera erlijosoa da. Zientziak hau dio edo bestea dio eta zuek artaburuok, obeditu.

Non, noiz eta zertaz ari naizen nire Covid-19ari buruzko aurreko sarreratan argi idazten dudala uste dut. Baita garbi adierazi ere, berriro blogean idazteko akuilua gai honi buruzko zentsura beldurgarria izan zela.

Aspaldi eman nion nire buruari iritziz aldatzeko askatasuna. Behin askatasun hori aitortuta, nire aurreiritzien apurketak egiten ditut behin eta berriro. Hau da nire buruaren barne-politikaren zatirik beharrezko eta garrantzitsuena. Pertsona burujabea izateko bide bakarra. Zure nirekiko tesia oso ahula da zentzu horretan.

Ez da Mediterraneoa bezain garrantzitsua baina AEBetako Kongresoaren txosten hau aurrera-pauso ikaragarria da. Izan ere, ikerketa txosten ofiziala izaki, mundu osoan derrigortu diren eskubide eta askatasun murrizketen zientzia-oinarririk eza agerian jartzen du. OMEren zientzia oinarririk eza. Bide batez, aurrerantzean holakorik ez errepikatzeko bidea lagundu.

Hartu ziren neurriek oinarri zientifikorik ez zutela esatea edo idaztea zentsuratua izan da gure komunikabideetan. Orain, baieztapen hau AEBtako Kongresuko txosten honetan dago, punto.

Eztabaida da eskatzen ari naizena, behin eta berriro.

Eztabaida zientifiko publikoa egiteko proposamena EITBk espreski ukatu zuen behin baino gehiagotan. Eztabaida egiteko aukera bera zentsuratua izan da gure gertuko komunikabideetan.

Ikusi nahi omen ez ditudan froga horiek zeintzuk diren jakiteko desiatzen nago. Aurrera, bota.

Eta baita prest ere gai honi buruz eztabaidatzeko, informazioa elkarbanatzeko, datu eta iturri desberdin dexente erabili ditudalako eta gehien bat eremu elektromagnetikoei buruz dagoen zientzia mahai gainean jartzeko, grafenoaren gaia eta abar agertzeko. Baina Euskal Herrian baditugu Covid-19ari buruz egokiagoak, gai hauek era oso sakonean landu dituzten pertsonak. Esaterako:

- Jon Ander Etxebarria, biologoa. Osakidetzako datu ofizialak zorroztasunez aztertu dituena. "Pandemia de la Covid en Euskadi: Historia de un fracaso científico y sanitario" liburua ere idatzi du eta aztertutako datu guztiak Eusko Jaurlaritzakoak dira. Ez da sartzen beste inolako hipotesitan.

- Juanjo Martinez, zirujaua. Covid-19ari buruz zientifikoki publikatu den guztiari jarraipena egin diona, txertoak, musukoak, tratamentuen eraginkortasuna, albo-ondorioak...

- Silvano Baztan, medikua. OMEko aferak jarraitu ditu eta informazio asko landu du.

Zergatik ez ETBn eztabaida publiko sakon bat, hauek eta mandatu ofizialak defendatu dituzten aditu edo zientzialarien artekoa? Ez al daukagu informatuak izateko eskubiderik?

Ez al daukagu ezer ikasteko eta hausnartzeko guk estatubatuarrek bezala?
Amatiño
Amatiño dio:
2024/12/31 13:10
Aurren-aurrenik, barkatu orain hurrengoan esandakoengatik, edo esanegatik baino, esateko moduagatik. Gauza berbera esan zitekeen inor mindu gabe eta harrokeria-punturik gabe. Zenbait ordu gutxi barru zortzigarren hamarkadan sartuko den agureak jakin beharko luke honezkero horrenbeste.

Bi damu ditut.

Lehen damua, presaka eta harrapataka idatzi izana, erlojupekoan, artez arte, jarioa etorri ahala, eta birritan pentsatzeke botoia sakatu izana. Gero gerokoak.

Bigarren damua, inondik ere bat etorri ez arren, nirea ez den larrainean sartu izana, beste zereginik ez banu bezala.

Damutu dut, barkatu. Ez da gehiago gertatuko.
Asier Arregi
Asier Arregi dio:
2024/12/31 17:12
Eskerrik asko zure barkamen eskaera zintzoagatik eta tonua biguntzeagatik, Amatiño, pailazo izateko prest banago ere.

Zinez eskertzekoa da horrelako elkarrizketetan autokritika egitea eta eztabaida sano bat bideratzeko prestutasuna erakustea, nahiz eta lehenago latzak bota eta bide horretatik gutxieneko errespetua haustean elkarrizketa pikutara ez joateko malabarista lanak trapezioan igota egin behar.

Egia izango da zirkoarena, egungo zirkoa futbola bada ere.

Bestalde, oraindik ere zalantza bat argitu gabe geratzen zait: egon den zentsura bortitza justifikatu izan duzun inoiz, justifikatzen ote duzun, edo ote zenuen eta orain ikusitakoak ikusita (eta txosteneko muina oso osorik onartuta) iritziz aldatzeko aukerarik eman ote diozun zure buruari.

Eta horrela balitz, zer planteatuko zenuken 2020tik hona gai honekin (beste gai batzuk ere badaude gaur egun guztiz manipulatuak daudenak) zentsurarekin egindako kaltea konpondu edo xuabetzeko. Zehazki, maila handiko zientzialari batzuek beren iritzi eta informazioak publiko egitean topatu dituzten oztopoak, mehatxuak eta presioak, OME edo OMSen ikuspegiarekin kontraesanean zeudelako, zilegi iruditzen zaizkizun ala ez.

Euskal prentsarena itzela izan da, Berria, Deia, Gara, EITB... denak ofizialismo gezurti eta manipulatuarekin lerrokatuta, alderdi politiko guztiak bezala. Eskerrak tartean Independentea.eus sortu zaigun. Latza gero, garai hauetan eta gai hauetan Espainia mailan prentsa aske bakarra "ElToro TV" eta horrelakoak izatea. Hor bai apurtu behar izan nituela nire aurreiritzi eta aurrejuzguak.

Euskal prentsak egin duena: zentsura aplikatu, eskubide eta askatasun murrizketak arrazoi gabe arrazoitu, milaka euskaldunen manifestazioen ez-ikusiarena egin eta gizarteari, orain txosten honek berretsi duen bezala, oinarri zientifiko gabeko informazio bat eta bakarra inposatu, Zientziaren izenean amen.

Horretarako findutako Goebbels-en propaganda teknikak erabiltzen gainera, "negazionista" zakuan diktadoarekin bat ez zetozen guztiak sartuz, esaldi berdinak behin eta berriro errepikatzen mundu osoko massmediatan (irudi eta koloreak barne), osasun diktaduraren aurkako iritziak ezkutatu edo agerikoa zenean burla eginez, nahiz eta bere jakituria eta zerbitzua eskeintzen zuena Nobel sariduna izan edo maila oso altuko zientzialari edo medikua.

Orain, txosten hau onartu ezkero, ez lukete ba hauek ere ("gure" prentsak) gizarteari zuzendutako benetako barkamen eskaera egin beharko? Egindakoari autokritika egin edo argitu zeintzuk diren eta nola gauzatzen diren zentsura mekanismoak?

Politikariengan ez daukat esperantzarik, galdutzat ematen ditut... Hauek bai ez ditudala barkamen eske ikusten, batzuk behintzat, Covid-19 aferan egin dutenagatik kartzelara joan behar luketenean. Ezin ahaztuta zahar-egoitzatako gerontozidioa. Eta ikaragarri gustatuko litzaidake oker egotea eta nire hitzongatik ni izatea barkamen eske letorkena. Hala ere nire hitzak min gutxi egitekoak dira, eta azala gogorra izateko trebatuengan gutxiago.

Seguruenik, kazetari zein politikari (edo sistemaren mediku) txosten honi ez-ikusiarena eginez denbora pasatzen utziko dute, iragana lausotuko den esperantzaz sortutako disonantzia kognitibo erraldoiaren olatua luzatzen saiatzen.

Beste kontu bat da, ze maila gorenera heldu diren burmuinen manipulazio teknikak. Txertatutako kristauei txertatubako hereje baten presentziagatik beldurtzera iritsi ziren, nahiz eta gabon-gaba afariko senitartekoak izan denak. Hankarik, bururik eta enborrik gabekoa ere, zintzo eta xuxen onartzerainokoa.

Bukatzeko, azpimarratu nahiko nuke eztabaida honen funtsa ez dela iraganeko akusazioetan edo iritzi-borroketan murgiltzea, baizik eta iragana ulertu eta etorkizuneko erabakiak hobetzeko bidea lantzea.

Guztiok, norabide desberdinetatik bada ere, helburu bera izan beharko genuke: informazio gardena eta eztabaida zientifiko zabala sustatzea, inor isildu gabe.

Edozein modutan, eskerrik asko zure jardunagatik, eta nirea ere, zalantzatik eta elkarrizketa eraikitzailearen aldeko ikuspegitik ulertzea espero dut.

Blogeko koadro hotz honetan berba egiten jarraitu barik gustorago egingo nuke mahai baten bueltan, bazkaritxo batekin edo.

Urtebetetze ederra eta urte berri on ona opa dizkizut, eztabaida aberasgarriak eta argitasuna ekarriko dizkigula esperoan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Asier Arregi

eibartarra, 74an jaioa, nekazaritza ingeniaria, geobiologoa, bioeraikuntzan eta elektromagnetismoan aditu eta aritua, geometria zalea, edo auskalo zer...kurrikulumek ordea ezer gutxi balio dute oraina bizitzerako orduan. Beraz, gustoren jarriko nukeena, orainzale, baina hori...ikasteko.