Nola egin abesti berri bat (1)
Gogoa duzu eta ez dakizu nondik hasi. Erridikuluaren beldur ere izan zintezke.
Badaude hor zehar abestiak egiten ikasteko ikasketak, baina nik jolas moduan proposatzen dizut.
Musikazalea bazara, abesti pila bat entzun dituzu, beharbada jo eta kantatu ere bai haietako batzuk.
Hasi egingo gara. Testutik ala musikatik hasi?
Biak batera ere etor daitezke, sarritan gurutzatu ere egin daitezke, baina zatika azaltzen badizut hobeto ulertuko da.
Atal honetan testuarekin hasiko gara eta hurrengoan musikari helduko diogu.
Abestiaren bi testu-parterik garrantzizkoenak zerrendatuko ditut:
Bertsoak, non istorioa edo, kontatu nahi dena azaltzen den eta leloa, gaztelaniaz "estribillo", ingelesez "chorus" deitzen dena.
Jolasa testurako ideiak bilduz hasten da. Paperean edo mugikorreko oharretan idatziko dituzu ideia guztiak: leloak, “estribillo”, izan daitezkeenak, hitz jokoak, kantarako motibazioak… Ez baztertu ezer, ez gorde ezer golkoan, idatzi hor. Egunean behin gutxienez. Noiznahi, beti, etengabe.
Poliki-poliki, burua hartara jarri eta sortzeko erraztasuna, sormena, garatuko duzu.
Gero bakanketa, entresaka, egiteko unea iritsiko zaizu, edo… agian, arrantzan egingo duzu, ideia pila horretatik bat edo beste hartu eta abesti forma emateko asmoz.
Jolasaren hurrengo maila idazketa da, hau da, hasi idazten aukeratu duzun gaiaz, silaba kopuruari, ezta errimei ere erreparatu gabe, idatzi eta idatzi. Hor benetan adierazi nahi duzuna askatu behar duzu. Idatzi eta utzi alde batera pausatzen. Hurrengo egunean begiratu ea zer deritzazun. Eta horrela.
Hirugarren fasea poliki-poliki buruan zegoen horri, egunak pasa eta oraindik liluratzen zaituen horri forma ematea da.
Hortik aurrera, zeuk zeure aldetik edo ikasteko iturri formalagoren baten laguntzaz ikasiko duzu, jolas horretan diharduzun neurrian.
Hurrengoan musikari helduko diogu.
Bob Dylanek The Philosophy of Modern Song aterako du azaroan, 352 orrialdeko lan mardula.
Gogoangarria litzateke audiobooka, Dylanek prosaz idatzitakoarekin batera aipatzen eta aztertzen dituen kantuak berak ere ekarriko balitu.
Itxaron behar.
Berehala igarotzen da urte erdia.