Jon Etxabe ekintzaile eta euskaltzalea, EibarOrg elkarte honetako blogaria, hil egin da
Jon Etxabe eta beste presoei ongi-etorria Eibarren, 1977ko apirilean. Ezkerretik, antolakuntzako aurkezle Mikel Usobiaga eta ondoan preso askatuak: Josu Ibargutxi, Enrike Gesalaga, Jon Etxabe bandera gorriarekin, Patxi Jaka eta Andoni Arrizabalaga.
Elgoibarko Altzola auzoan jaioa zen Jon Etxabe, baina gazte apaiztu zelarik, Eibarko Azitaingo elizako abade izan zen eta harrezkero bere bizitza Eibarrera lotuta egon zen. Elgoibarren eta Etxarri Aranatzen ere bizi izan zen, baina azken urteak berriro Eibarren bizi izan zituen, bere emazte Maria Luisa Ruiz Aranarekin.
1960ko hamarkadan, abade zela bitartean, ETAko kide batzuei laguntzen hasi, eta erakundean sartu zen Txabi Etxebarrieta hil eta gutxira, 1968an. Hurrengo urtean atxilotu zuten, eta 1970ean Burgosko prozesuan epaitu zuten, bertan 50 urteko espetxealdia ezarri ziotelarik.
Zazpi urtez egon zen preso Zamorako apaizen kartzelan. Eibarko beste errepresaliatu batzuekin askatu zutenean 1977an, etorrera omenaldia jaso zuen herrian (argazkia ordukoa da).
Kartzelaldiko esperientziak kontatu zituen Jon Etxabek Zamorako Landan liburuan (2014, Intxorta 1937 elkartearen argitaraldia), eta hango zenbait abaderen esperientzia kontatzen duen Apaiz Kartzela film dokumentalean (2019) ere agertu zen.
1977an irten zen espetxetik eta, apaizgoa utzita, zenbait jarduetara dedikatu zen: LKIn eta presoen aldeko taldeetako militantzia, pedagogia eta irakaskuntzan...
2016an bloga ireki zuen hemen Eibar.org komunitatean, Mispillibar. Bere bidaiak, bizipenak eta irakurketak deskribatu izan ditu bertan, azken unera arte. Uztailaren 25ekoa da azken sarrera, bidaia baten kontakizuna.
Gugan bego Jon.