Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Albisteak / Eibartarrak zerrenda, 10 urte

Eibartarrak zerrenda, 10 urte

Luistxo Fernandez 2008/04/18 09:08
Duela hamar urte, mezu hau bidali nuen posta elektronikoz: "Gauza bat aurkitu dut Interneten: posta-zerrendak doan sortzeko makina!" Eibartarrak zerrenda jaio zen egun hartan. Hamar urteren buruan, martxa bizian segitzen du, eta Eibar.org elkarte eta webgune hau ere zerrendaren jardunari zor dizkiogula esan daiteke.
Eibartarrak zerrenda, 10 urte

Zerrendako mezu-trukearen adibidea, 2008ko apirilean

Findmail eta Makelist izeneko bi zerbitzu paraleloren gainean sortu zen Eibartarrak zerrenda 1998 urteko apirilean. Zerbitzu aldaketa batzuen ondoren, 2004. urtean Postaria zerbitzura igaro zen zerrenda, eta Gmane izeneko artxibatze sistemara migratu genuen ordura arteko artxiboa. Migrazio horretan, zenbaketa eta data-nahasketa batzuk gertatu ziren, baina lehen mezuen haria hauxe da.

Lehen mezuaren data okerra da, baina 2. erantzunetik aurrera, apirilaren 18ko data ikusten da. Ez nago seguru lehen mezua egun horretakoa izango zen, ala lehenagokoa, baina tira, har dezagun apirilaren 18a zerrendaren jaiotza-egun gisa.

Ez zen izan Eibartarrak euskarazko lehen posta-zerrenda. EKBren eskutik, EuskaraZ zerrenda sortua zen 1996. urtean Eusnet elkartearen eskutik. Baina ibilbide gorabeheratsu baten ondoren, zerrenda hura desagertua dago aspalditik. Lehenago oraindik, Interneteko lehen euskal baliabidea Basque-L zerrenda izan zen, 1993ko abenduan sortua, eta nagusiki ingelesez funtzionatzen zuena aurreko hamarkadan. Ez nago seguru Basque-L bizirik dagoen ala ez, ezta ere hara harpidetzeko modurik baden.

Eibartarrak zerrendak hastapen isil eta aspergarri samar batzuk izan zituen, baina 6 hilabeteren buruan animatzen hasi zen, eta geroztik martxa eta interes biziarekin jarraitu izan du. Gaur egunean 99 harpidedun ditu (bat falta zaigu ehun izateko, hemendik eman izena, benga), eta zerrenda gehienetan bezala gehienak entzule isilak dira.

Arau sinpleak ditu zerrendak funtzionamendurako:

  • jarduna euskaraz da
  • jarduna publikoa da (artxiboak sarean daude, denen bistan, adi beraz han esaten duzuna edozeinek argitara baitezake)
  • partaidetza publikoa da: izena emateko, zeure burua aurkeztu behar duzu.

Sinpleak izan arren, eztabaida zentzuzkoa eta mamitsua euskaraz bideratzeko faktore inportanteak dira. Eibartar talde bat dago hor, baina herritik kanpoko astronautarik ez da falta.

Teknikoki, Findmail eta Makelist haiek laster eGroups bihurtu ziren. eGroups horrek bat egin zuen OneList izeneko beste zerbitzu batekin (han zegoen ordutik ere martxa bizian dabilen beste zerrenda bat, ItzuL, asmo profesionalekoa). Yahook erosi zuen konpainia gero eta Yahoo Groups izendatu ondoren, nahiko tratu eskasa eman zioten zerrenda-kudeaketari, apenas berrikuntzarik edo hobekuntzarik ezarriz. Halako batean, artxibo mamitsu batzuk Yahooren eskuetan betiko geratu baino lehen, atera genuen gure artxibo osoa Yahooren tripetatik, Postariaren zerbitzua hartu genuen Mailman sistema euskaratua erabiliz, eta artxiboak Gmane leku ireki eta praktikoan ezarri genituen.

Teknikatik harantzago, Eibartarrak zerrendako lagunak elkartzeari ekin zioten hasi eta berehala. Urtean pare bat afari egiten dira, eta elkartzen gara koadrilatxo bat. Afari haietako batetik, sortu zen elkarte bat sortzeko ideia, eta Eibar.org jaio zen horrela, Internet eta teknologia berrien erabiltzaileen elkarte bat. Herriaren inguruko webgune gisa sortu zen orduan Eibar.org. Bilatzaile bat etorri zen gero (Aurki, gaur egunean jario agregatzaile bat dena), Euskal Herriko lehen blog komunitatea duela 4 urte, eta webgune eraldatu bat duela hilabete gutxi.

Komunitateak, software soziala, sare sozialak... Asko egiten da berba horretaz. Duela 10 urte ere bazegoen bidea komunitateak sortzeko Interneten, eta sortu genuen. Posta-elektronikoa besterik ez da behar, funtsean. Orduan harritu ninduen, eta gaur ere harritzen naiz nola ez den gehiago erabiltzen aukera hau euskaldunen artean.

Gonbidatuta zaudete, Eibartarrak zerrendara etortzera. Edo hobeto oraindik: zuek, zuen herrian edo zuen interes partikular edo kolektiboaren inguruan, berdina egiten saiatzera.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: