Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Albisteak / Eibartarrak posta-zerrendak 15 urte bete ditu

Eibartarrak posta-zerrendak 15 urte bete ditu

Luistxo Fernandez 2013/04/19 14:34
15 urte bete berri ditu Eibartarrak posta-zerrendak. Eibar.org elkartearen sorburua, eta bere jardunaren muin nagusia, zerrenda horrek gorpuzten du. Azken aldi honetan ez da jende berri asko gehitzen... Ba, gaizki egina: eibartarra bazara, jardun interesgarri batean sartuko zara, posta elektronikoarekin bitartez. Animatu eta izena eman.
Eibartarrak posta-zerrendak 15 urte bete ditu

Lehen mezuaren irudia artxiboan gaur. 1998ko apirilaren 18a izan zen.

Egun bategatik pasatu zait data, baina tira, atzo bete ziren 15 urte Eibartarrak posta-zerrenda sortu zela. Lehen mezu-trukearen arrastoa hemen (lehen data okerra da, erantzunena zuzena) eta hemen irakur daiteke (ziber-arkeologiaren ajeengatik, artxiboa kontsultatzeko modu bat baino gehiago dago).

Posta-zerrendak sortzeko sareko sistema bat aurkitu nuenean, probatzea erabaki nuen, eta uste dut azierto handi bat izan zela Eibarko lagun batzuekin ekitea.

Egun batzuen buruan parte-hartzeko formula definitu genuen, eta hori ere egoki ezarria egon dela esan dezaket gaur. Printzipio hauekin funtzionatzen du zerrendak:

  • Jarduna euskaraz da
  • Parte-hartzea librea da, baina ez edonorentzat: zure burua aurkeztu behar duzu, ezin da anonimotasunetik jardun.
  • Mezuak publiko daude artxiboetan, beraz, esaten duzuna hortik zehar ager daitekeela kontuan izan.

Eibartarrak zerrendak bide oparo bat egin du urte hauetan. Haren ondorio bat da Eibar.org elkartea, eta baita Eibarko blog komunitatea, sareko lehen blog komunitate euskalduna. Inportaneta izan da halaber, batzuei baluio izan digulako ahots propioz gauzak esan eta komunikatzeko "boteretzeaz" jabetzeko, ez bakarrik unean unean nahi duguna esateko (pertsonalki, inongo dependentziarik gabe, hedabide izateko aukera), baita ere besteek esaten duten kontuetan dialogo batean sartzeko (zerrenda honi esker sare sozialen esperientzia duela 15 urte daukagu batzuek, ez atzo bezperatik).

Nola eraldatu zerrenda, erakargarritasuna berreskuratzeko?

Hala ere, dena ez da urre kolorekoa. Neurri handi batean, hasierako urteetan gehitutako jende multzo baten inguruan funtzionatzen jarraitzen du. Apenas gehitzen den jende berririk, hori da egia. Eta zaharragoon Interneteko jardun sozialean ere, jaitsi egin da parte-hartzea, agian Twitter edo Facebook-en gehiago gabiltzalako.

Nola bideratu hori jende gehiago erakartzeko? "Kanpaina" eginez? ala moldaketa tekniko batzuekin? Ez dakit, tarteka jartzen naiz pentsatzen, baina ez oso sakon eta oraingoz ez daukat erantzunik, konponbiderik.

Agian beste eraldaketa teknikoren batekin egin zitekeen hori. Izatez, halakorik izan du zerrendak lehen ere. Sortu zenean, sareko doako tresna batzuk erabiltzen genituen (Findmail/Makelist izeneko sistema, gero bilakatu zen eGroups, gero elkartu zen Onelist sistemarekin, eta gero Yahook erosi zuen eta izan zen YahooGroups), baina 2003an Mailman sistema libre eta euskaratura igaro ginen (eta artxiborako, Gmane sistema paraleloa ere badarabilgu).

Beste aldaketa tekniko bat orain? Igual ez da txarto etorriko...

Zerrendak oinarrizko tresna praktikoak dira, sinetsi

Posta-zerrendak sekulako tresnak dira. Eta harritzen nau, orduan bezala orain, 15 urte hauetan, nola jendea ez den jabetzen honetaz. Barne-kudeaketarako intranet bat asmatu guran datozkizu bezeroak... 30 pertsona edo talde ekimen batean koordinatzen saiatzen ikusi ditut dozenaka eta dozenaka "eragile" eta kudeatzaile, To alorraren erabilpen multipleaz aparte beste ezer bururatu ez zaienak. Ikusi ditut nola osatzen diren "foroak", sei hiletik behin bilera presentzial bat antolatzea beste elkarrizketa-tresnarik ez daukatenak... Horiek guztiak errazten ahal dira di-da! Sortu posta-zerrenda bat eta aurrera!

Batzuetan konspiranoiko ere jartzen naiz eta bururatzen zait posta-zerrenden kontrako aurriritziek agintzen dutela bazterrotan. Euskaldunek nahiago dutela konbertsazio pribatuetan (eta ahal bada, idatzizko aztarnarik laga barik) gauzak "kudeatu" eta ez posta-zerrenda batean, partaideen arteko berdintasunean eta mezuak gordetzen dituen artxibo baten lekukotasunaren bermearekin.

Ba ote esperantzarik, Whatsapp-eko taldeetan, posta-zerrenden ideia behingoz heda dadin? Finean, mugikorretako tresna horrek berdintsu funtzionatzen du, taldeak antolatzen dituzunean, koadrila edo familia baten inguruan: mezuak toki batera bidali, denok jaso, eta erantzunak ere denontzakoak. Ideia errazago zabaltzeko balio beharko luke, teorikoki behintzat. Baina, tira, pesimista samarra naiz.

Eibartarrak zerrendak aurrera jarraituko duela uste dut. Posta elektronikoz jarduten segitzen, eraldaketa tekniko marabillosoren bat norbaiti okurritzen bazaio, eskertuko nituzke pistak. Beste hainbat posta-zerrenda ere erabiltzen jarraituko dut nik, lanean eta gainerako alorretan, eta tresna honen aldeko proselitismoa egiten ere bai. Ea ba.

Izena eman nahi zerrendan? Hemendik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: