Hizkuntza-teknologietako aplikazioen inguruko ikastaroak Eibarren
Gaur egun gizarte eleanitzak hizkuntza batetik bestera egin behar izaten dituen joan-etorrietan aritzeko konputagailua ezinbestekoa du. Alor honetan trebatzeko urtarrilaren 24an hasiko den ikastaro-zikloa antolatu du HIZTEKeko Batzorde Akademikoak.
Badira hiru urte UEUk Eibarren ematen duela HIZTEK masterra, graduondoko unibertsitate-mailako ikasketa bat. Aurtengo ekitaldian, gainera, aukera egongo da ez master osora matrikulatzeko, baizik eta bere modulo osagarrietako batean izena emateko. Hau da, sei modulo dira, batzuk bi egunekoak eta besteak 4 egunekoak, eta plaza libre batzuk daude denetan, 5 eta 7 lagun artean, modulo espezifiko batean interesa duenarentzat. Ikastaro hauek Markeskuan ematen ditu UEUk.
Honako hauek dira moduloak.
- Informazioaren bilaketa (Iñaki Alegria- urtarrilak 24 eta 26)
- Ediziorako tresnak (Xabier Arregi- otsailak 1 eta 3)
- Itzulpen automatikoa (Joseba Abaitua eta Kutz Arrieta- otsailak 8 eta 10)
- Hizketaren tratamendua (Inmaculada Hernaez eta Karmele Lopez de Ipiña- otsailak 15, 17, 22 eta 24)
- Lokalizazioa (Luistxo Fernandez- martxoak 15 eta 17)
- Hizkuntzaren irakaskuntza (Montse Maritxalar eta Arantza Diaz de Illarraza- martxoak 1, 3, 8 eta 10)
Tartean, Eibar.org-eko partaide eta blogari Luistxoren ikastaroa dago, beraz.
Ikastaro bakoitzean saio presentzialez gain lan praktiko tutorizatua ere izango da. Ikastaroak arratsaldez izango dira 16:00etatik 19:00etara UEUren Eibarko ikastetxe nagusian (Markeskoa).
Prezioak:
- 2 egunetako ikastaroak: 53.5 EUR (UEUko bazkideak, 45.5 EUR)
- 4 egunetakoak: 107 EUR (UEUko bazkideak, 91 EUR)
Ikastaroa gainditzerakoan UEUren ziurtagiria emango da.
UEUk dioenez, Talde txikiarentzako prestaturiko ikastaroak dira, plaza kopurua mugatua beraz... Anima zaitez eta matrikulatu lehenbailehen! Informazio gehiago UEUren webgunean eta zuzenean kontaktatuz:
Ainhoa Latatu 943 82 14 26 titulazioak [a bildua] ueu.org