Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Libertario. Desobedientzia zibilaz

Markos Zapiain 2009/10/02 09:04

Michel Onfrayk uste du Thoreau libertario bat izan zela. “Littré” hiztegiko definizioari ondo egokitzen zaio Thoreauren aiurria: libertarioa “askatasun indibiduala mugatzea inolaz ere onartzen ez duena da, ez gizarte kontuetan, ez politikan.” Nola jokatzen du libertarioak bere buruarekin, besteekin, munduarekin?

Beregain duzu Thoreauren jakintsua, gai da bakarrik bizitzeko, badaki bere buruaz pozten, ez ditu besteak behar. Azken batean, besteren zoriona ez dut neuk sentitzen, gehienez ere horren lekuko izan ninteke, baina bakoitzak bere aldetik gozatzen du. Hagineko mina ere, nork berea. Bakarrik egiten dugu amets. Eta inor ezin da nire ordez hil. Gure bakardadea metafisikoa dela onartu beharra dago; baina libertarioak maite ere egiten du bakardade hori. Lagunen bisitekin, esan bezala, Thoreau pozik; bisitarik gabe, pozago.

Besteekiko harremanari dagokionez, izan ere, gizakioi trikuari neguan bezalaxe gertatzen baitzaigu: hurbilegi, elkarri eztena sartu, nahi gabe ere elkar zauritu; urrutiegi, berriz, erabateko bakardadean, inolako komunikaziorik gabe, hotzak hilzen gaitu. Libertarioa distantzia egokia aurkitzen saiatzen da.

Munduak, azkenik, ez dio ardura Thoreauri. Mundu osoaren deuseztea zuzenean ikusi ahal izateko ez luke alboko kale-kantoira joateko lanik ere hartuko. Are, munduaren suntsitzea eragoztea bere esku balego, ez omen luke egingo.

Bestalde, Thoreau libertarioari pairagaitz zaio otzantasuna, domestikotasuna, bai abereengan eta bai gizakiengan, piztia basatiak basati behar du eta patetikoa da otsoa etxabere bilakaraztea. Hiriak patologia indibidual eta kolektiboak eragiten ditu; naturarekin harremanik ez izateak enkoniadura eta goibelaldia dakar. Aitzitik, naturak bakea eta sosegua pizten ditu. Naturaren baretasuna ezagutu dutenek sekula ez dute etsipena, tirania edo menpekotasun espiritual zein politikoa sorrarazi.

Thoreauren gisako libertarioak bizimodu soila bilatzen du: ez lanik, ez sendirik, ez aberririk; ez inoren ez ezeren menpeko; joan, etorri, alde egin, gura legez: inori azalpenik eman behar ez; ez obeditu, baina ezta gidatu ere, dizipulurik eta eskolarik ez; dagokizun unean bizi eta zure denboraren jabe izan; harremanak, soilik nahi duzunarekin eta, nahi izatean, harremana eten; zure naturari entzun, zure joerak bete, zure baitako bizi indarrak nahi duena onartu; eta ametsak bizi, bizitza amestu, arte-lan bilakarazi.

Edozein gisaz, Thoreauk bere buruari bezperako iritzien kontrakoei eusteko askatasuna ere ematen dio, libertateak zure atzoko usteen menpean ez bizitzea eskatzen baitu. Eta zenbait berezilariren ustez, Thoreauren azken urteetako jarrera politikoa filantropikotzat jo liteke, “Walden”en nabari den misantropiaren aurkakotzat. Gogora dezagun konbertsio antzeko hori Anthony Burns eta John Brownen aferek erabaki zutela: gobernuak lege bat aldarrikatu zuen esklabo iheslariak salatzera behartuz eta Thoreauk hori Estatuaren gerra-aldarrikapen gisa hartu zuen beraren aurka (aurretik ere iheslariak lagunduak zituen eta bere etxean aboliziozaleen batzarrak eginak… “misantropo” deitu garaian!).  Estatuaren erabaki doilor horrek bere onetik atera zuen, naturaren ikuskizunaz patxadaz gozatzea eragotzi, txangoak eta hausnarketak arranguratu…

DESOBEDIENTZIA ZIBILAZ

Michel Onfrayk dioenez libertario bat izan zen Thoreau, bai, baina ez anarkista. Ez zuen proiektu komunitario, komunista, berdinzale edota sozialistarik. Ez zuen iraultza politikoan sinesten, baizik iraultza espiritualean. Anarkistek eta liberalek ez bezala, ez zuen Estatua abolitzeko militatu. Zerga jakin batzuk ez zituen ordaintzen, baina ez zuen zergen sistema arbuiatu. Hiritar zintzotzat zuen bere burua, gustura ordaintzen zituen herri-bideak egin ahal izateko zergak. Esklabotza eta Mexikoren aurkako gerra sendotzeko zergak ordaindu beharra izan zen inolaz ere onartu ez zuena, eta horrixe egin zion zehazki uko.

Thoreau ez dator bat anarkisten baikortasun ireniko aingerutarrarekin, ez du uste Iraultza Handiaren ostean gizakia hobetuko denik, jabetza pribatua deusezteak jelosia ere desagerraraziko duenik; aldiz, libertario pragmatiko gisa dihardu. Estatuaren kontra borrokatuko da baina ez beti eta nonahi, Estatuaren ideia absolutuaren aurka, soilik Estatua gizabanakoaren bizimoduari poxelu zaion heinean. Libertarioak badaki Estatuak ez duela definizioz askatasuna trabatzen; zenbaitetan babestu eta bermatu ere, egin dezakeela. Anarkismoaren katekesian nekez kabitzen da halakorik.

Sosegu filosofikoa aztoratu ziolako ekin zion beraz Thoreauk Estatuaren aurkako indarkeriarik gabeko borrokari. Gizabanako gisa galarazi zioten patxada berreskuratzeko asmoz murgildu zen politikan. Bere bizitzako azken urteak eman zizkion, batez ere azkeneko zortziak, turbekulosiak jo ostekoak.

“Desobedientzia zibilaz” 1849an argitaratu zen. Oso laburra da, filosofia politikoko beste maisulan batzuk bezala (“Borondatezko morrontzaren diskurtsoa”, Printzea”, “Alderdi Komunistaren Manifestua”). Onfrayk dioenez, “Walden” etikari zaiona zaio “Desobedientzia zibilaz” politikari.

Liburuko lehenbiziko ideiaren arabera, gobernurik onena gutxien gobernatzen duena da; eta gobernu perfektua, bat ere gobernatuko ez lukeena litzateke.

Bestalde, gobernuek agintea ezartzen dute ez zilegizkoak direlako, baizik indarraren jabe direlako, Weber-ek “indarraren monopolio” deituko zuenaren jabe, armadaren, epaitegien, espetxeen eta polizien jabe. Thoreauri erantzun geniezaioke egoera demokratiko batean gobernuari hauteskunde garbiek zilegitasuna ematen diotela; Thoreauk ihardukiko zigukeen Estatuaren funtsa, edozein gisaz, ez dela zilegitasun hori, baizik indarra, polizia eta legea ezartzeko bide irmo eta bulartsuak.

“Printzea”n Machiavellik politikariari aholkatu zion helburu politikoa lortzeko lehoi bortitz zein azeri maltzur bilaka zedila, komenentziaren arabera; nolanahi ere, politika, proiektu politikoa, Italiaren batasuna, etikaren gainetik jarri zuen; Thoreauk, ostera, aurrena etika jarriko du, gero politika. Zuzentzat duzuna egizu; ez duzuna, aldiz, legala izan arren, ez egin. Legeren bat ez bazaizu morala iruditzen, ez ezazu bete, ez obeditu lege inmoralei, kontzientzia legearen gainetik baitago, eta lehenago gara gizaki hiritar baino. 

Jarrera honen aurka gure artean Arantxa Azurzak eta Joseba Arregik jo izan dute. Bi-biok aldarrikatzen dute legea edozein kasutan bete beharra, eta, bidegabetzat joz gero, adostasunean eta gehiengoetan oinarrituta aldatu beharra. Kristautasunari estu loturiko heziketa nozitu dute, eta baliteke horregatik agertzea beren ikuspuntuan legea aura sakratu antzeko batez apaindurik.

Thoreau ez zegokeen ados. Eta, Thoreauren jarrerak, Azurza eta Arregirenak ez bezala,  faxismoaren aurkako erresistentzia ahalbidetzen du: nazien eta Vichykoen lege antisemitak legezkoak ziren, baina erresistentziak zorionez ez zituen etikotzat onartu eta borrokatu egin zituen. Gaur egun Frantzian lege-agindu bat aldarrikatu nahi omen dute, hiritarra paperik gabeko etorkinak salatzera behartzeko; aise irudika liteke Thoreauri zer irudituko zitzaiokeen eta zer jarrera hartuko zukeen.

“Desobedientzia zibila”k dakarren beste ideia interesgarri bat: bidegabekeriaren eta injustiziaren laguntzaile bilakatzen zara, ez badituzu salatzen, ez bazara haiek abolitzeko borrokatzen. Maila berean jartzen ditu Thoreauk lege zitalen bultzatzaileak eta lege horien aurka ezer egiten ez duten hiritarrak, lege bidegabeak desaktibatzen edo oztopatzen ahalegintzen ez direnak: erantzule, kolaboratzaile eta errudun.

Thoreauk gainera azpimarratzen du Estatuak automatikoki etsaitzat jotzen duela obeditu aurretik bere kabuz zalantzatzen eta hausnartzen duen edonor.

Eta ez dago arrazoi egokirik esklabotza aldezten duen gobernu bat deusetan ere onartzeko. Errepideak eta eskolak xarmanki egin ditzake gobernu horrek, baina badira bete beharreko gutxienekoak. Ezin da inondik inora bat egin esklabismoa zilegitzen duen Estatuarekin. Kontzesiorik ez.

Thoreaurentzat, ongi da esklabotza amai dadin eskatzea, manifestuak izenpetuz eta abar. Baina are zuzenagoa da intsumisioa, desobedientziazko ekintza; esaterako, zergak ez ordaintzea.

Lege bidegabeak ez dira bete behar, bistan da; eta, gobernu bidegabearen aurkako kontrabotererik eragingarriena, gizabanakoen ekintza da. Estatuaren injustiziaren aurka borrokatzeko ez duzu Alderdiak zer egin erabaki arte itxaron behar, edo zure taldexkak. Ez duzu zertan Iraultza Handiaren zain egon, baizik eta zerorrek, gizabanako zehatz horrek, orain bertan egin beharko zenuke zerbait, albait arinen iharduki. Egia bada ere lan guztia ezin duzula zeuk bakarrik egin, zerbait egin beharko zenuke lehenbailehen.

Gutxi garateke hasieran; baina, Thoreauren ustez, gutxiengoa garaitezina dateke, bidegabekeria eragoztera serioski deliberatzen delarik.Talde txikiek ondorio handiak ekar ditzakete, blokeoa erabakimenez bilatzen dutelarik. Ez duzu gehiengorik behar erabakigarri bilakatu ahal izateko; gutxiengo batek Estatua eragotzi dezake: bidea Estatuari aurre egiteko elkartzea da, intsumisoen antzera sareak eratzea, Onfrayk “Lilliput-hastapen” deritzonaren arabera, Gulliver erraldoia sareztaduran harrapatu eta ibilgetzea lortu zuten txikerren omenez. Behin desobedientzia hedatuz gero, Estatuak ezingo dituenez desobedientzialari guztiak espetxeratu, bere burua amore ematera derrigortua ikusiko du, makurtu egingo da azkenean. Eta, Estatuak atzera egin eta borroka uzten duenean, iraultza egina dago, iraultza baketsua.

Tolstoi, Luther King, Gandhi, Sabino Ormazabal eta Jose Bovék Thoreauren maisutza aitortu dute. Thoreauren pentsamenduek ondorio nabarmenak izan dituzte historian eta gizabanako askoren jokabidean. Maiz amaitzen du desobedientzialariak espetxean itxirik. Adibidez, militarren aurkako Bovéren ekintzek lau hilabete igaroarazi zizkioten presondegian; McDonalds-en aurkakoek, berriz, hiru hilabete. Azkenik, Bovérentzat, transgenikoak badira legalak, baina bere etikak ez dio bidezkotzat hartzea baimentzen, eta, horrenbestez, bere buruari transgeniko-plantazioak erretzea zilegitu zion, ondorioz presondegia pairatu beharko zuela jakin arren, zigor-kode frantziarrak ekintza kriminaltzat jotzen baitu. Oraingo honetan hamar hilabete barruan.

Emerson espetxera joan omen zitzaion bisitan Thoreauri, eta galdetu zion: “Baina zer dela-eta zaude zu hemen?” eta Thoreauk erantzun: “Eta zer dela-eta ez zaude zu hemen?” Alegia, zinez harrigarria, bere burua zintzotzat duenak legedia injustuari beste barik men egitea da. Borrokak espetxeratzea badakar, espetxera. Norbera gainera, bizilaguna zertan ote dabilen jakin guran ibili gabe.

Desobedientzia zibila eragingarria izaten da maiz, eta, besteak beste, Espainiak derrigorrezko soldadutzari dagokionez eta Frantziak transgenikoen aferan atzera egin eta jarrera aldatu behar izan dute. Luther King eta Gandhik ere arrakasta lortu zuten. Hori bai, asesinatu egin zituzten biak.

 

 

 

Askatzen jarraitzeko bost gogo-jardun

Markos Zapiain 2009/10/01 13:12

Harri pusketa amorfo bat gara jaiotzean. Thoreauk zure burua estatua gisa zizelkatzera akuilatzen zaitu, eta bost gogo-jardun proposatuko dizkizu barne estatua ederra xede, lotura barik eta libre bizitzea xede: zure burua aztertu eta ezagutzea; ametsak bizitzea; bizitza maitatzea; bizimodua sinpletzea; eta gorputz perfektu bat eratzea. Banan-banan aztertuko ditugu.

Hawaira goaz oporretan, aurki ilargira, baina hurbilen duguna, gure burua, ez dugu ezagutzen. Emersonek zioen bidaiatzea tentelen paradisua dela. Thoreaurentzat kanpoko munduranzko norabidea beharrean gure baitara daramana behar dugu jorratu, gure baitako kontinente ezezagunen Kristobal Kolon bilakatu, gure barruko mapetan ezkutuan datzana desestali, gure bihotzeko alde ilunak argitu, horiek erabakitzen baitute sarritan egun argiko gure jokabidea.

Bestalde, zuhurtzia estu batek oinak lurrean finkatzeko agintzen digun arren, Thoreauk ukatu egingo du gure desirak errealitatetzat hartzeari ukoa, zibilizazio modernoan gailen, eta gure ametsengana abiatzera gonbidatuko gaitu, irudimenaren alde egingo du argiki eta garbiki. Aurrena, airean eraiki behar dira gazteluak, asmo liluragarriak egikaritu; soilik ondoren etorriko da zeruko gazteluari oinarri bat emateko lana. Amaieratik hasi beharra dago, eta hasieran amaitu. “Errealitate” deitua bigarren mailan utz dezakegu. Naturak gure bitartez sortzen dituen ametsei konfiantza osoz eman behar diegu bide, normaltasun sozialak ezartzen dizkigun mugak gorabehera. 

Hirugarrenik, Thoreauk bizitza maitatzeko aholkatzen dizu. Ez du gustuko kristauen zenbait jarrera: jatorrizko bekatua, sufrimendua bertutetzat hartzeko masokismoa. Uste du gure ohiturak, santuekiko harremanen ondorioz, usteldu egin direla, martirologioak-eta mina bertute gisa saldu baitigute. Konfiantza eduki behar duzu zaren animaliarengan, naturak zuregan dioena aintzat hartu. Eliza jende txepel eta odolbakoak osatutako nahaste-borraste bat iruditzen zaio, eta apaizak, berriz, gonak janzten dituzten emagizonak, pentsamendurik ederrenak gonapean dauzkatenak. Koruen kantua Elizan baino, ederragoa ei da igelena basatzetan.

Thoreauk maila berean ipintzen ditu Biblia, Homero eta Shakespeare, Yahve eta Thor, Jesus eta Zoroastro. Guztiak goraipatzen ditu. Baina gogor joko du Elizaren zenbait inplikazio politikoren aurka: kasu, esklabotza iraunarazteko tema.

Thoreauk gorroto du filantropia, ez du hurkoa maitatzeko agindu kristaua maite, ongintzak eta errukiak injustizia iraunarazten omen baitute: erremusina emateak, adibidez, txiroa laguntzara ohitzea dakar. Errukiak ezabatu beharreko sistema iraunarazten du. Dena den, sistema ere ez zaio larregi axola. Anarkistek ez bezala, Thoreauk iraultza espirituala laudatzen du, gizabanako bakoitzarena: ez gara gizateria salbatzera etorri, baizik bizimodu filosofiko indibidual bat asmatzera.

Laugarren gogo-jardunak gure bizitza sinpletzea dakar, bizilekua, janzkera, elikadura eta zereginak arintzea. Thoreauk dioenez, bizitza irabazteko ahaleginaren ahaleginez, azkenean galdu egiten dugu: dauzkagun gauzek lotuta gauzkate, gure jabetza eragozpen zaigu eta traba, gure menpekoen menpeko baikara. Bizimodu sinpleak libreago egiten gaitu.

Aurrena, bizilekua sinpletu: ahal bezain soila izan dadila, apaingarririk ez. Antzina bezala, eguraldi txarretik eta piztiengandik babesteko aski eta kito. Horixe bilatu zuen Thoreauk Walden-eko txabolan.

Bestalde, nork bere etxea eraikitzea litzateke komenigarriena. Eskolan irakatsi beharko ligukete etxea egiten, ezdeuskeriak irakatsi beharrean; horrela ez ginateke beti hipoteken eta alokairuen menpe biziko.

Hurrena, janzkera ere sinpletu beharko genuke: janztea eguraldiaren erasoetatik babesteko balio baitu, eta lotsariak estaltzeko. Aski genuke soineko sinple, funtzional, erabilgarri, iraunkor eta merkea. Arropa zaharra ahal bezain luzaro erabili beharko genuke, adabakiak eta edonolako konponketak lagun.

Moda perbertsio barregarri bat da, eta modaren arabera janztea zure burua kako-altzari edo pertxerotzat hartzea. Gure gizarte txotxoloak gaizki hartzen du “desegoki” janzten den pertsona, edo usain naturala dariona; ondo, berriz, zornea darion arima zikina.

Hirugarrenik, elikadura sinpletu: jateak galdutako indarra berreskuratzea du xede nagusi; beraz, modu sinple, osasungarri eta merkean jan dezakegu, baratzea erabiliz, nork bere garia erein eta ogia eginez… Eskura dauzkagu, halaber, arrantza, ehiza, uzta bilketa.

Apeta garestia eta mizkinkeria baztertu beharrekoak dira. Azukrea, esaterako, beterrabak dakar berez; dena den, azukrerik gabe ere bizi gintezke. Kafea, tea eta alkohola, alferrikako pizgarriak zaizkio; aski dugu ura. Okela ere ez zaio beharrezko Thoreauri. Ez da barazkijale peto, baina badu joera. Thoreauren elikadura-aszesia egoki kokatzen da bere bizi-aszesi orokorrean.

Laugarren, zereginak sinpletu: bizimodu korapilatsuak baitakartza asperdura, kezka, tristura, melankolia, depresioa eta larridura. Diruari begira lan egiten dugunez, lan gehiegi egiten dugu. Zinez ezinbesteko zaiguna ekoizteko baizik ez bagenu lan egingo, nahikoa genuke astean lan-egun bakarra. Gainerako seiak, atseden. Aisialdia indartu behar genuke, natura sakonkiago bizi ahal izateko: maizago ibili (lau orduko ibilaldia egiten zuen Thoreauk egunero); gogoeta eta kontenplalaritzari denbora luzea eman (orduak eta orduak igarotzen zituen naturari begira estasian).

Bestalde, irakurri bai, komeni da, baina ez literatura zibilizatua, baizik basatia, bizitzako arazo gordinak arakatzen dituen literatura: Homero, Eskilo, Shakespeare… Ez dira hamar liburu baino gehiago behar, baina denak tentuz aukeratuak eta apartak, eta ez literatura entretenigarria, edo ihes egitekoa, baizik norberaren bizimodua libreago bilakarazten laguntzen duena.

Egunkariak saihestu behar dira: oso gogor epaitzen ditu Thoreauk kazetariak, salbuespen gutxi batzuk gorabehera. AEB gobernatzen duten tirano berriak direla dio, gizakion alderik zitalena pizten omen dute. Kazetariek ez dute idazten ordaintzen dietenek irakurri nahi dutena baizik, eta desinformazioaren bidez nazioaren iritzia formateatzen dute. Tenteldu egiten dute irakurlea txutxu-mutxuen eta zurrumurruen bidez. Garrantzi handiegia ematen diote gertaerari, ez dakarte behar bezalako analisirik. Eta behin-behinekoan dabiltza beti plisti-plasta, irauten duenaz ezaxola; baina, ia dena errepikatzen denez, atzoko eta biharko egunkariak ez dira batere desberdinak. Labur: egunkari-irakurlea bere goitikinera itzultzen den zakurraren antzekoa da.

Bosgarren gogo-jardunak gorputzaren perfekzioa ahalbidetuko digu. Aurreko lau gogo-jardunen bitartez sinpletasuna, arintasuna eta neurritasuna lortzen da, gorputz osasuntsu, garbi eta aratza; hortaz, arima akasgabea ere bai. Horrela, Thoreauren jakintsua ez da ez hotzaren beldur, ez beroaren edota euritearen beldur. Gose-egarriek ere ez dute izutzen, ezta asperdurak edo basoan galtzeak ere, edota tristurak, etsipenak eta angustiak. Libre da, libertario bat izan daiteke, loturatik gabe bizi eta aske. Heldu da Estatuari desobeditzeko ordua.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
Georges Brassens (1921-1981) kantari ... Amatiño, 2026/06/11 14:50
Mila esker, Urko! Irakurri ditiat Mastodonen gai ... Markos Zapiain, 2026/06/10 21:03
Txillardegik eta Jorge Luis Borgesek hizkuntzari ... Urko Azpitarte Zubizarreta, 2026/06/09 18:42
Beharbada bai, Amatiño. Hori bai, ... Markos Zapiain, 2026/05/28 07:35
Ebidentziaren bost paradigma horiek egia ... Amatiño, 2026/05/27 18:16
Arrazoia, Amatiño, kar-kar-kar.   Josu Goikoetxea ... Markos Zapiain, 2026/05/02 22:56
Von Neumannek, matematiko eta informatiko ... Amatiño, 2026/05/02 12:11
Euskal abeslari ospetsu batek pertsona ilegabeen ... Markos Zapiain, 2026/03/12 17:55
Andoni Ortuzar zara? Markos Zapiain, 2026/01/07 17:50
Kaixo Markos, Oso sarrera interesgarria. ... Party S.A., 2026/01/05 22:35