Artxiboa Maiatza 2007
To Malatesta!
Errepikatzen digute arazoei buruz hitz egiteak arazoak konpontzeko orduan gehiago laguntzen duela isiltzeak baino, komunikazioa eta kontsentsua laudatzen dizkigute: Habermasen zaleen eta psikologo askoren eraso orokorraren aldeetako bat da. Ordea, alemanek dioten bezala, mintzatzea zilarra da, baina isiltzea urre.
Bikotearekin bizitzeko orduan bestearen mugak ezagutzea, eta norberarenak, ez da erabaki, itun edo solas baten ondorio izaten, baizik eskarmentuaren.
Etengabe komunikatu beharrak arazo artifizialak asmatu eta puztea dakar, sarritan ez baitago komunikatzeko gauza handirik.
Komunikazioak baino gehiago laguntzen du bikotekidearen sekretuenganako begiruneak.
Gure artisten artean bikotekideen arteko komunikazioa eta inkomunikazioa ausardia eta zehaztasun handienaz aztertu duena Ramon Saizarbitoria idazlea da, bereziki “Hamaika pauso”, “Bihotz bi” eta “Gorde nazazu lurpean” liburuetan.
Garrantzi handia ematen dio egiaren adierazpenari. Zenbaitetan protagonistak sentituko du bikotekideari egia garaiz esan ez izanak usteldu duela harremana.
Beste batzuetan berriz egia desorduan edo lekuz kanpo esateak dakar hondamendia.
“Bi bihotz, hilobi bat”en, “La comunicación en la pareja: claves del éxito” irakurri ondoren, bikote protagonistak erabaki du papertxo batean idaztea bestearengan ezatsegin zaiona baina artean aitortzen ausartu ez dena.
Gizonak, ondorioen beldur, orokorkeriak eta lelo kurtsiak baino idazten ez dituen bitartean, andreak gogor joko du iltzea: “nazka ematen didate zure hortzek, zikinak diruditelako”, edota “me da asco cuando me tocas las tetas y me besas en el cuello”.
Era berean, “Bihotz bi”n, bikotea bolada eder bat igarotzen ari dela, besteari egia esateko zinak Florari aitorraraziko dio biok bakarrik egin zuten bidaia ofizialki zoragarri batean, Italian, autobusean zihoazela, zutik, gizonak Florari Malatestako gazteluaz azalpen historiko jantzi bezain luzeak ematen zizkion bitartean, italiar bat Florarengana atzetik hurbildu eta zakila ipurdian itsatsi ziola, eta Florak gustura bertan goxo utzi.
Protagonistak aurrerantzean ezingo du burutik uxatu berak emazteari datu interesgarri horiek ezagutarazi bitartean italiar maltzurrak ziur aski bere baitarako “To Malatesta!” errepikatuko zuela barrez.
Saizarbitoriak dioenez, “idealizatu ohi da egia, eta batzuetan ez da errepide ertzean lehertutako arratoi bat baino.”
Lunbago maite
Lehengo txandan Bilbo inguruan lan egiten duen detektibe pribatu batek kontatu zidan orain dela hamar urte batez ere bikotekidea zertan ote zebilen kontrolatzeko ordaintzen ziotela. Oroitzen zen behin batean harakin bati harategian bertan erakutsi behar izan zizkiola emaztearen infideltasunaren frogak, argazkiak. Egundoko ikara pasa zuen, harakinak garrasika labana eta zerra hartu eta dena txikitzeari ekin ziolarik, eta saltxitxak eta san jakoboak hormaren aurka jaurtitzeari.
Orain dela bost bat urtez geroztik ordea infideltasuna ez omen da inolaz ere kezka nagusia. Orain detektibe pribatuei batik bat langileen bajak egiazkoak ote diren kontrolatzeko eskatzen diete. Bai baitira lunbagoa bezalako eritasunak, gaixoaren hitza dutenak berme bakar. Horregatik zabaldu da horrenbeste “lumbago, la enfermedad del vago” esamoldea.
Gure gizartea nekatzen ari dela adierazten ote du aldaketa horrek?
Ez dut uste.
Egia da desleialtasunari dagozkionak oro har komedia kutsuko kontu bizi-biziak izaten direla (halaber barregarriak, protagonistentzat izan ezik), eta maitaleei kemen handia eskatzen dietela.
Baina lunbagoa asmatu eta eri itxurak eginez enpresaren detektibeari arrastoa galarazteko ere bizi indar handia behar da…
Edozein gisaz sintesia da inongo ahulezia zein atsedenik onartzen ez duena, sintesia, hots, amoranteaz luzaro gozatu ahal izateko asmatzea lunbagoa eta eustea iruzurrari.