SALBA GAITZAZU, NANOBOT
Tomateak gero eta karratuagoak dira, kaxetako espazioa hobeki aprobetxatzeko, eta dirudienez laster izango dira zeharo karratuak.
Ildo berean, atzo Eneko Astigarragak bere blogean iragarpen txundigarri baten berri eman zigun (http://www.eibar.org/blogak/prospektiba/52): 2020 urte inguruan, ordenagailuak ez ditugu mahai gainean jarriko, ez digute tokirik kenduko, kanpoan beharrean barruan eramango baititugu, edo eramango gaituzte, burmuinetan itsatsirik, garunarekin bat eginik. Sakonagoa izango da gure neuronen harremana "Nanobot" konputagailuarekin, gure jainkoekin, amaginarrebarekin edo telebistarekin baino.
Halaber, 2030 urte inguruan erdietsiko da alde biologiko handirik izan ez dadin hogeita hamar urteko gizaki baten eta ehun eta hogeiko baten artean: giza gorputzaren biokimika birprogramatu ahalko dugu.
Halako miragarriak entzunda eszeptizismoa nagusitu ohi da, telebistaren, koheteen eta interneten iragarpenen aurrean bezala behinola.
Hala ere, Astigarragarentzat sinesgarri samarrak dira eta Astigarraga bera ere sinesgarri samarra da.
Ondorioetako bat: Mendebaldean luzaro ezagutu izan dugun lehia gogorrak, hitzezko sendabideen eta pilulen artean, buru gaixotasunak, depresioak eta halakoak sendatzeko buruzagitza eta lehentasuna lortzeko, pilulen alde egingo du, baina itxuraldaturik. Geroak euskarri materialari eragingo dio, gizakiaren eta makinaren arteko fusioarena eta manipulazio genetikoarena izango da. Horrek mutazio txundigarri eta izugarriak ekarriko dizkio giza endari.
Bazen ordua!
Nik behintzat "Nanobot" bat lehenbailehen erosi eta nire barne-muinari aplikatuko diot, ea interesanteago bihurtzen naizen.
Beno, hitz jokoak aparte utzita, uste dut seguru interesatzen zaizun eztabaida filosofiko garrantzitzua dagoela honen inguruan.
Erabili daiteke teknologia gizakiak, gizartea, giza enda, hobetzeko? ona da hori egitea?
Ez nago oso murgildua horretan, baina, besteak beste, gaur bertan ailegatu zaidan erreferentzia bat:
http://www.wmaker.net/tendencias/index.php?action=article&id_article=81711