Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Teknosexua / Santa Kurutz ermita Eibarren

Santa Kurutz ermita Eibarren

Gari Araolaza 2009/01/30 07:34
Toki bat aukeratu beharko banu, gustora eta lasai egoteko, ez nuke gehiegi pentsatuko. Eta ez dut asko pentsatu ere azkeneko urteetan. Santa Kurutz ermita da tokia.

Eibartarrok sarritan entzun behar izaten dugu Eibar zatarra dela. Edozein aukera erabiltzen dute aurpegiratzeko, lotsatzeko moduko zerbait balitz moduan edo herri baten interes edo balioa neurtzeko faktore bakarra balitz bezala.

Baina hori horrela balitz ere, gezurra da Eibar zatarra denik. Eibarrek txoko ikusgarri asko ditu, eta baita estetika tradizionalaren parametroetan zatarrak izan daitezkeen beste inguru asko ere, Jose Roncok bere "Tailer hiria" liburuan erakutsi zigun moduan.

Baina estetika tradizionalari jarraitzen badiozu ere, baduzu zer bisitatu Eibarren: Sosola nekazalturismoa , Arrate , Armagintzaren museoa , baserri auzoak edo beste txoko guzti hauek.

 Nire gustoko txokoa aldiz, hauxe da:

Argazkiak.org | Santa Kurutz ermita, Eibar © cc-by-sa: garaolaza

Irudi osoa 360 gradutako argazkian

Santa Kurutz ermita Gorosta bailaren tartean dago, muino txiki batean. Autoa gidatzen ikasi nuenetik errekurtso erraza izan da, arratsalde tonto bat neukanerako, eta hara eraman izan ditut tokia ezagutzen ez zuten lagun asko. Tartean neskalaguna, hainbeste aldiz, azkenean han ezkontzea erabaki genuela.

360 graduko argazkiak egiten ikasi nuenean ere, hara joan nintzen aproba egitera. Martin lagun alemaniarra etortzen zenean ere hara joaten ginen denborapasa.Beste eibartar batzuk ere ados daudela dirudi, adibidez Mendicute edo Asier Sarasua.

Tokiak niretzat daukan karga pertsonalaz aparte, toki ederra da, are gehiago duela zenbait urte konpondu zutenetik. Autoz ia bertararte iritsi daiteke, eta Arraterako bidean geldialdi polita da. Handik ikusmira ederra dago, batetik Arrate eta Karakate mendia ikusten dira, parean Aizkorri eta jarraian Egoarbitza, Udalaitz eta Anboto. Gertuan, ermitari laguntzen bezala, Urko mendia. Pinuek uzten dutenean Eibarko hiriguneko nahastea ikusten da.

Santa Kurutzeko jaia maiatzaren 3an ospatzen da eta inguruko baserritarrak elkartzen dira meza, dantza, kirol joko eta omenaldiekin

Hauxe da Debabarreneko nire txokorik gustokoena zozketarako partehartzea.

etiketak: debabarrena, eibar, turismoa
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

naiz. Teknogauza guzti hauetaz idazteko sortu nuen bloga, baina orain gai eta maiztasun librean nabil.

Mastodon